Eredu berria aldarrikatu dute Ikastolek

2022-11-22

113 ikastoletako ordezkariek eredu berria aldarrikatu dute Euskal Hezkuntza Sistema propiorako bidean. Irailaren hasieran Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza legearen lehen zirriborroa aurkeztu ondoren, hori aztertzeko eta ikastolen premiak eta nahiak zehatzeko eztabaida prozesuak ireki dituzte ikastoletan. Gogoeta horrek utzitako ondorioen berri eman dute gaur goizean Donostian.

 
 
Eredu berria aldarrikatu dute Ikastolek

 

Zazpi dira gogoeta horretatik ateratako ondorio nagusiak:

  1. Legeak Euskal Herriko Hezkuntza Sistema eraldatzen lagundu behar du.
  2. Ikastolak dira euskal lurralde osorako proiektu bakarra eta administrazio ezberdinek bete ezin dituzten hainbat hutsune betetzen dituzte beren jardunarekin.
  3. Hezkuntza sistema propioa da Ikastolen Elkartearen helburua. Ezinbestekoa ikusten dute publiko-pribatu dikotomia gainditzea eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ardaztuko duen sistema arautzea.
  4. Segregazioa eta euskara eta euskal kulturaren transmisioa erronka handiak dira. Horiei herri gisa erantzun beharra ikusten dute.
  5. Ikasleak izan behar du ardatza.
  6. Zerbitzu publikoa dute ardatz, baina herritarra, udalen parte hartze zuzenarekin. Komunitateak erabakietan parte hartuko duen ereduaren alde egiten dute.
  7. Espainiako edo Frantziako eskema dualean sartzera behartzen gaituztela diote baina une honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan marko dual hori puskatzeko aukera ikusten dute eta baita Euskal Herriko ikastetxeen arteko proiektu komunak abiatzeko ere. Era berean, ez dute alde batera utziko Iparraldeko eta Nafarroako ikastolekin duten konpromisoa.

Eskaera hirukoitza ere egin dute agerraldian: “Lehenik, zehaztu ditzagun Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan parte hartzeko ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak eta izango dituzte eskubideak zein betebeharrak. Bigarrenik, bultza dezagun sistema euskalduna, integratzailea eta ikastetxeen autonomia erreala bermatuko duena. Eta azkenik, balia ditzagun orain arte izan diren esperientziak eta errealitateak”.

Euskal Hezkuntza Sistemarako bidean batasunerako deia egin dute ikastolek eta Euskal Autonomi Erkidegoan lantzen ari diren Hezkuntza legea bide horretan urrats garrantzitsu gisa ulertzeko beharra azpimarratu dute.