Hezkuntza ez-formala, elkarbizitza eta hizkuntza erdigunera

2022-12-21

Seaskako ikastoletan garatutako proiektua da 'Haurrak euskaraz loratzen lagundu'. Seaskan lanean ari diren irakasleei eta hezitzaileei kezka sortu zitzaien alde batetik, euskararen erabilera nabarmen apaltzen ari zelako, eta, bestetik, elkarbizitza arazoak gero eta ugariagoak zirelako. Egoera hori aintzat hartuta abiatu zuten egitasmoa. Seaskako hezkuntza taldeko kideekin batera, euskararen erabilera sustatzeko eta aukera berdintasunean zein moduludikoan hezteko testuinguruak eraikitzeko ahaleginean ari dira Zirimola Aisialdi Taldeko kideak.

 
 
Hezkuntza ez-formala, elkarbizitza eta hizkuntza erdigunera

Kezka handia sortu zen Seaskan ikastoletako aisia eremuaren bilakaerarekin. Ikasleek zituzten harremanek eta hizkuntzaren erabilerak kezkatu zituen, bereziki, hainbat gune kutsu frantsesa hartzen ari zirelako. Eremu euskaldunenetan ere behera egiten ari zen euskararen erabilera eta, bitartean, gora zihoazen elkarbizitzarekin lotutako arazoak: haserreak, bazterketak, adin ezberdineko ikasleak ez ziren elkartzen, mutilak mutilekin ibiltzen ziren eta neskak neskekin… Arazo horiek hainbat ikastolatan antzeman zituzten eta Seaskako hezkuntza taldearekin batera zer-nolako egitasmoak bidera zitzaketen aztertzeari ekin zioten. Aritz Bereziartua, Seaskako Gorputz Hezkuntzako irakasle eta Ikastolen Elkarteko Zirimola aisialdi taldeko kideak hainbat esku-hartze egiten hasi zirela azaldu du: “Hainbat jolas eta joko proposatu genituen, hizkuntzaren gaineko lanketak egin genituen… Baina adabakiak ziren, unean uneko arazoak konpontzeko hartzen genituen neurriak baino ez, eta gaiari errotik heldu behar geniola ohartu ginen. Are gehiago kontuan hartuta ikasleek euren denboraren % 40 pasatzen dutela aisia-esparruko guneetan eta haien arteko komunikazioaren  % 80 hizketa informalean izaten dela: goizeko zaintza dela, jolasgaraiak direla, bazkal aurreko edo ondorengo ordua, arratsaldeko zaintzak, eskolaz kanpoko ekintzak...”.


Benetako murgiltzea bermatzeko eta hezkuntza proiektuak osotasunean garatzeko, hezkuntza ez-formala erdigunean jartzea ezinbestekoa zela ikusi zuten, eta gela barneko jardunaren maila berean jarri behar zela ondorioztatu zuten.

Jolasa ardatz, kultur eragile eta sortzaile
Gorputz Hezkuntzako saioetan egin zuten lehen egokitzapena Bereziartuak azaldu duenez: “Bizijolas egitasmoaren baitan 2012. urtetik ari gara Seaskako ikastoletan Gorputz Hezkuntzako saioak bideratzen. Saio horietan hainbat jolas eta joko egiten ditugu, baina gure helburua harago doa: euskal curriculumaren barnean eraikitako hainbat sekuentzia diseinatzen ditugu eta sekuentzia horien amaieran, konpetentziak ebaluatu behar ditugun unean, sorkuntza fasea deitzen duguna proposatzen dugu. Ikasleei zenbait bizipen eskaintzen dizkiegu eta, ondoren, egindako jolas eta joko horietan oinarrituta, taldean euren jolasa sor dezaten eskatzen diegu. Gela bakoitzean lauzpabost jolas sortzen dituzte eta gustukoena aukeratzen dute. Ondoren, ikastolako jaialdia antolatzen dugu gela guztietan sortutako jolasekin zein jokoekin. Azken urratsa ikastolen arteko topaketa izaten da. Ikastola bakoitzak gainerako ikastolei bere proposamena aurkezten die eta taldeak nahasiz, guztiak elkarrekin aritzen dira”.


Gorputz Hezkuntzaren bitartez eta jolasa hari gisa hartuta, eremu formala eta ez-formala lotzen dituzte, beraz. “Ikasleak aisialdian ahalduntzeko eta esperientzia gozagarriak euskaraz bizitzeko testuinguruak eskaintzea oso aberasgarria da”, dio Bereziartuak.

Hainbat egitasmo
Aisia-esparruari hezkuntzan merezi duen lekua eskaintzeko, bertan diharduten hezitzaileak aintzat hartzea beharrezkoa da, gehienetan ez baitituzte lan-baldintza duinenak izaten Bereziartuak adierazi duenez: “Aitortza zor geniela sentitu genuen eta hezkuntza proiektuak eta hizkuntza proiektuak garatzeko haien hitza jasotzea ezinbestekoa zela ikusi genuen. Beraz, lantalde bat osatuta, 2018-2019 ikasturtean Haurrak euskaraz loratzen lagundu izeneko egitasmoa abiatu genuen. Bi xede nagusi zituen: alde batetik, hezitzaileei hezkuntzan merezi duten aitortza egitea, eta bestetik, hizkuntz portaeran zein elkarbizitzan eragitea, ikasleei oinarrizko ezagutzak eta hainbat tresna eskainiz”.


Bidean aurrera eginez, 2019-2020 ikasturtean, haurrak erdigunean jarri zituzten eta haien kultura sustatzeko helburua duen Gure jolastegia proiektua jarri zuten martxan: “Kanpo espazioak fisikoki aldatzeko interesa genuen, futbol zelai batean edo eremu estandarizatu batean baloi bat uztearekin batera, hainbat jarrera, portaera zein balio eta harreman eredu jakin batzuk sustatzen ari ginela ikusten genuelako. Erronka ez zen makala, errealitate hori Seaskako errealitatera egokituta irauli behar baikenuen: gogoa ehun, baliabideak zero”, dio Bereziartuak. Komunitate osoaren inplikazioa eta elkarlana azpimarratzekoak izan ziren eta hezitzaileen zein irakasleen esanetan, ikasleengan izan duen eragina biziki positiboa izan da. Ortzaizeko ikastolan abiatu zuten egitasmoa, eta Itsasuko Arrokagarai ikastolan eta Donapaleuko Amikuze ikastolan gauzatzen ari dira gaur egun.


Ikasturte honetan, berriz, Kanpo tenoreak kudeatzen egitasmoa abiatu dute Senpereko Zaldubi, Sarako Olhain, Ziburuko Kaskarotenea eta Lekorneko Baigura ikastolekin batera. “Bi ikasturteko ibilbidea izango duen ekintza-ikerketa izango da. Helburua, ikastola bakoitzak daukan errealitate soziolinguistikotik, fisikotik, materialetik eta pertsonaletik abiatuz, aisia esparruko une eta gune bakoitza euskalduntzeko eta gune horiek hezitzaile bihurtzeko testuinguruak berrantolatzea da. Hainbat baliabide nola uztartu eta nola kudeatu aztertzea, alegia. Hori guztia jolas askea oinarri gisa hartuta eta ikasleen autonomia sustatuz”, azaldu du Bereziartuak.
Eta horrela jarraitu du: “Gure ametsa ikasleak euskal hiztun oso izatea da, euskalduntzean eragin nahi dugu, haurrek euskara modu espontaneoan erabil dezaten. Hezkuntza eta hizkuntza xedeak erdiesteko, ahalegin berezia egin behar da hezkuntzan aisia esparruak indartuz eta Euskal Herri osoan ikasleei euskal kulturan oinarritutako bizipen positiboak izateko aukera anitzak eskainiz”.
Aisia ezinbesteko esparrua da hezkuntzan eta garrantzitsua da gela barruko zein gela kanpoko curriculuma maila berean jartzea. Horrek guztiak Euskal Herriko Ikastolen Elkartean aisiari buruzko marko orokorra sortzea bultzatu du: “Marko horretan oinarrituko da Zirimola aisialdi taldea Euskal Herri osoan hainbat esku-hartze bideratzeko: Aisiola begirale eskola, udalekuak, egonaldiak, hezitzaileentzako formakuntzak, jolas eta joko topaketak, Pulunpa egitasmoa… Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Araban, Gipuzkoan, Nafarroa Garaian eta Bizkaian aisialdirako ipar gisa hartu nahi dugun markoa da”.