Juanjo Falcó: “Ikastetxeen arteko konpetentzia gainditu daiteke guztion ongiaren ideia ikusaraziz”

2023-01-11

Une honetan Lleidako Udaleko alkatetzako aholkularia da Juanjo Falcó eta hezkuntzan ibilbide oparoa eginda iritsi da bertara. Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa aritu da urte askotan, eta geletako lana bulegoetako zereginekin eta ardurekin osatu izan du. Generalitateko Hezkuntza Saileko kide izan zen 2004an, Kataluniako Hezkuntzako Itun Nazionalean parte hartu zuen eta baita LOEren negoziaketetan ere. Kataluniako segregazioaren aurkako itunaren egileetako bat izan zen eta haren ondoren idatzi zen Ikasleen Onarpen Dekretuaren erredaktoreetako bat ere bai. Lleidako Udalak segregazioaren aurka ekitea lehentasuntzat du eta bultzatzaileetako bat da Falcó, herriekitatiboagoa eta orekatuagoa lortzea xede dutelarik. EH Bilduk abenduaren 6an Bilbon antolatu zuen hezkuntza konferentzian hartu zuen parte.

 
 
Juanjo Falcó: “Ikastetxeen arteko konpetentzia gainditu  daiteke guztion ongiaren ideia ikusaraziz”

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Akordioan eskola segregazioaren aurkako itun bat egitea adostu eta aurreikusi da. Katalunian gauza bera egin zenuten 2019an. Zer lortu nahi izan zenuten akordioarekin?

2018. urtean gobernu aldaketa egon zen, Esquerra Republicana de Catalunyak hartu zuen Hezkuntza Sailaren ardura, eta legegintzaldi hartako hezkuntza programaren puntuetako bat eskola segregazioaren aurkako ituna bultzatzea izan zen. Sailaren eta Sindic de Greuges-en artean bultzatutako itunaren helburua hiru beharrei erantzutea zen. Hasteko, eskola segregazioari erantzun beharra zegoen. Hau da, eskola segregazioa egoera natural eta saihestezin gisa ez bizitzea lortu nahi zen, baizik eta injustizia sozial moduan onartzea eta horren inguruan kontsentsua lortzea. Aukera berdintasunari egiten zaion atentatu erradikala da eta ondorio negatiboak dituena ez hezkuntza sisteman soilik, gizarte osoan baizik. Eskola segregatu batek kohesiorik gabeko gizartea sortzen du. Eta gainera, hezkuntza sistema segregatua ez da sistema eraginkorra, oso garestia delako eta emaitza txarrak dituelako. Beraz, gure erronka kontsentsu bat lortzea zen, mundu guztiak eskola segregazioa hezkuntza sistemaren arazo nagusitzat edo nagusienetakotzat har zezan.

Beste kontsentsu bat ere behar genuen: hezkuntza zentroak azpifinantzatuta daudela onartzea, publikoak zein itunpekoak, batez ere herritar zaurgarrienak jasotzen zituztenak eta dituztenak, horiek hezkuntza konplexutasun handiagoa dutelako eta sistemak ezartzen dituen ohiko bitartekoekin ez dutelako nahikoa.

Eta hirugarren beharra LEC Kataluniako Hezkuntza Legeak 2019an segregazioaren aurka ezarritako neurriak martxan jartzea zen. Legea onartu ondoren zentro-eskuineko gobernua jarri zen eta eskola segregazioa gehitu zuten neurriak hartu zituen, adibidez irakasleen lan baldintzak okertzea, zeinak eragin negatiboagoa izan zuen zonalde zaurgarrietan. Ondorioz, 2016ko egoera 2008koa baino okerragoa zen eta gure herrialdean eskola segregazioaren arazoa genuela onartzeko eta berau soluzionatu beharra geneukala onartzeko beharra geneukan.

 

Zer-nolako akordioa lortu zenuten? Zein dira, zure ustez, itunaren gako nagusiak?

Hezkuntzan eragina zuten eragile sozial guztiak mahai baten bueltan elkartzen eta puntu askotarikoen inguruan eztabaidatzen hasi ginen. Urtebete edo urte eta erdi aritu ginen horretan eta azkenean bederatzi eremuko, 30 ekintza-planeko eta 189 neurriko ituna sinatu genuen.

Edonola ere, nire ustez hiru puntu nagusi ditu. Lehendabizikoa, eta niretzat garrantzitsuena, guztiok ados jarri ginela ikasleen onarpen dekretu bat egin behar zela esatean, batez ere segregazio egoerari irtenbidea emateko, ikastetxeen finantziazio urriari arreta jartzeko eta legeak segregazioari aurre egiteko planteatzen zituen neurriak martxan jartzeko. 

Bigarren puntua edo alderdia finantziazioarena da. Hezkuntza sistema gaizki finantzatuta dagoela onartu genuen eta 2006ko LOE legean aurreikusita zegoen ekintza bat aurrera eramatea erabaki zen: eskola plaza batek zenbat balio duen jakiteko azterketa bat egitea. Eskola plaza batek zenbat balio duen jakin arte nekez jakin dezakegu zein gaizki finantzatuta dagoen hezkuntza sistema. Azterlana egin ondoren sistema publikoaren eta kontzertatuaren defizita zenbatekoa zen adostu genuen, eta oso elementu garrantzitsua izan zen onarpen dekretuaren gaineko adostasunera heltzeko. 

Eta hirugarrenik —eta hau ere elementu garrantzitsua da— jarraipen eta ebaluazio sistema bat aurreikusi zen. Itunak ongi daude, kosta egiten da egitea, baina behin eginda, prozesua lideratzeko borondate irmorik ez baldin badago —kasu honetan Hezkuntza Sailaren aldetik— paper errea bihur daiteke.

 

Behin akordioa eginda, zein izan zen hurrengo urratsa?

Berariazko bizpahiru lantalde sortu ziren eta hori ere funtsezkoa eta oso garrantzitsua izan zen. Taldeek ez zuten dekretua idatzi, baina kontseilariari ituna helarazi zioten zer erabaki zuten eta zer egitea nahi zuten argi adieraziz. Ni neu lantalde horietan nengoen eta dekretua itunetik idatzi genuen, gauzak nola egin behar ziren erabakitzeko gutxieneko kontsentsu batera iristeko asmoz.

 

Prozesuaren emaitza Kataluniako Hezkuntza Zerbitzuko ikastetxeen hezkuntza eskaintzaren programazioaren eta ikasleen onarpen prozesuaren Dekretua izan zen, 2021. urtean. Dekretuaren zein alderdi nabarmenduko zenuke? 

Niretzat, asko laburtuta, udalen rolean eragin handia duen alderdi bat dago: onarpenaren eta hezkuntza eskaintzaren programazioaren arkitektura instituzionala. Hau da, hezkuntzako eragile desberdinek programazioan eta onarpen prozesuan parte hartzeko organoak sortzen ditu.

Bestalde —eta niretzat alderdi hau ere oso aipagarria da—, ekitateari buruzko kapitulu bat dauka. Eskola segregazioa zer den, banaketa orekatua zer den eta hezkuntza premia bereziak zer diren definitzen du. Azken puntu hori iraultzailea iruditzen zait, ordura arte hezkuntza premia bereziko ikaslea egoera sozioekonomiko kaltegarrian zegoen eta hezkuntza laguntza behar zuen ikaslea zelako, eta Onarpen Dekretuaren ondoren definizioa aldatu egiten da: hezkuntza premia sozioekonomiko bereziak dituen ikaslea da bere hezkuntza baldintzei dagokienez desabantaila ekonomikoan dagoena, horrek bere eskola arrakasta arriskuan jartzen duelarik. Dekretuak gehitzen du pobrezia egoerak edo pobrezia jasateko arriskuak ikaslearen eskola ibilbidea arriskuan jartzen duela. Eta hori hala da, ebidentzia zientifikoa da: pobreziak beste hezkuntza egoera batean jartzen ditu ikasleak pobrezian ez dauden ikasleekin alderatuta. Eta, beraz, pobrezia desberdintasun eragile bat da. Definizio aldaketa honek zenbakiak aldatzea ekarri du; lehen hezkuntza premia bereziak zituzten ikasleak 70.000 zenbatzen baldin baziren, gaur egun 225.000 dira.

Onarpen Dekretuan garrantzitsua den beste alderdi bat ere nabarmenduko nuke: hezkuntza programazioa kuantitaboki eta kualitatiboki arautzen duela. Kuantitaboki, orotara zenbat eskola plaza behar diren kalkulatzen da ikasle bakoitzari plaza bana emateko, eta kualitatiboki —eta hau da berrikuntza— non jartzen diren plaza horiek. Izan ere, leku batean jartzen baldin badira segregazioa sor daiteke, eta beste leku batean jarrita ekitatea sor daiteke. Dekretuak programazioa nola egin behar den esaten du, ekitatera eta banaketa orekatura bideratuz. Taldeak kendu behar baldin badira, ongi arrazoitu behar da zergatik kentzen diren talde batzuk eta ez beste batzuk.

 

Dekretuak aurreikusten duena martxan jartzeko arkitektura instituzionala eraiki dela aipatu duzu. Zein dira arkitektura instituzionala horren atalak udaletan?

Hasteko, hezkuntza eskaintza programatzeko planifikazio mahaiak sortu dira udaletan. Aurretik ere bazeuden, baina modu informalean, arautu gabe. Dekretuan zehaztu egiten da: 10.000 biztanle baino gehiagoko herri eta hirietan planifikazio mahaiak izan behar dituzte. Gero beste kontu bat da mahaiak zer indar eta lan egiten duen, proaktiboa den edo ez. Kontsulta organoak dira, eta Hezkuntza Sailaren eta udalaren artean planifikazioak egiteko eta erabakiak hartzeko guneak dira. Mahaien zereginak dira, besteak beste, hezkuntza eskaintza programatzea, hezkuntza zonaldeak zehaztea eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eskuratzeak bideratzea.

Beste organo bat onarpena bermatzeko batzordeak edo eskolatze batzordeak dira. Udaleko ordezkari batek parte hartzen du batzorde horietan eta zeregin nagusia onarpen prozesuak eta matrikulak kudeatzea da. Dekretuak konpetentzia asko ematen dizkio matrikula bizien kudeaketarako eta udaleko ordezkariak matrikula bizien jarraipena egin dezake. Biziki inportantea da gestio hori. Lleidan, esate baterako, iazko ikasturtean 1.000 ikasle matrikulatu ziren ikasturten zehar.

Gero, udal bulegoak daude. Aurretik ere bazeuden, baina dekretuak egokitu eta indartu egin ditu, parte hartzeko borondatea duten udalek aukera izan dezaten familiak informatzeko eta laguntzeko. Bulegoak familientzat erreferentzia gune izan daitezen lortu nahi da, herrira iristen diren familiek bulegora jotzea informazio eta laguntza bila, eta ez ikastetxeetara. Ez da derrigorrezkoa udal bulegoak izatea, baina dekretuak erraztu egiten du bulegoak sortzea horretarako laguntza ekonomikoak emanez.

Orain artekoez gain, programazioan parte hartzeko batzordea dago. Hemen udalak ez du parte hartzen, jada planifikazio mahaian parte hartzen duelako. Batez ere ikastetxe pribatuetako patronalek eskaintzaren planifikazioaren gainean iritzia eman zezaten sortu ziren batzorde horiek.

 

Lleidan zer neurri zehatz jarri dituzuen martxan?

Lleida 140.000 biztanleko hiria da, Haur eta Lehen Hezkuntzako 44 zentro ditu eta Bigarren Hezkuntzako 24. Eskola mapa berrikusi dugu eta ondorioz, hiritik kanpo dagoen ikastetxe bat ixteko beharra ikusi dugu, ez baitu zentzurik hiritik 15-20 kilometrora dagoen eskaintza egiteak. Lleida erdigunean dagoen eskola segregatu batek bi eraikin ditu eta bat ixtea eta bestea indartzea erabaki dugu. Beste neurri bat jaitsiera demografikoa baliatuz ratioak nola gutxituko ditugun erabakitzea izan da, ikastetxeak ixtea saihesteko, gaineskaintza ekiditeko eta banaketa hobeto egiteko.

Herri mailako eskola segregazioa prebenitzeko ituna ere egin dugu, gure herriko ekitatea nola hobetuko dugun adosteko. Sozioekonomikoki hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak detektatzeko lan mardula egin dugu eta horri lotuta Ekitate Puntua sortu dugu. Eskolatze bulegoetan bitarteko berezi batzuk bideratzen dira ikasturtean zehar datozen familiei informazioa eta bidelaguntza emateko eta sozioekonomikoki ikasle horien hezkuntza premia bereziak detektatzeko eta eskolatze orekatua bultzatzeko. Ekitate Puntua ezarritako lehendabiziko urtean matrikula bizian etorritako ikasleen % 60k zituen hezkuntza premia bereziak eta % 80ra iristen ari gara. Praktikan ikasturtean zehar iristen diren ikasle guztiak dira hezkuntza premia bereziak dituztenak. Eta hori identifikatzea oso garrantzitsua da, gero plazak erreserbatzeko.

 

Udalek zer laguntza ekonomiko jasotzen dute arkitektura instituzional hau sortzeko?

Dekretuak memoria ekonomiko bat du eta hor aurreikusten dira organo horiek sortzeko eta mantentzeko dirulaguntzak. Biztanle kopuruaren araberako dirulaguntzak daude eta udal handiek urtean 40.000 euro jasotzen dituzte. Hezkuntza Sailak berriki dirulaguntza bat sortu du mahaiak dituzten udalentzat. Halere, udalek ordaindu behar dituzte langileen gastuak edota espazioak bilatu. Ziur ez daudenek ez dute egiten.

 

Apustu politikoa ere bada, beraz.

Bai, alkateak nahi duen edo ez da gakoa, haren politikan lehentasuna duen edo ez eskola segregazioaren aurka egiteak. Lehentasuna baldin badu, gauzak egiten dira. Ez baldin badu, ez da mahairik sortuko, kostua baitu bi edo hiru pertsona hartzeak.

Udalak egin behar duen apustua da. Lleidan ERC udalera iritsi zenean lehentasunezko gaitzat hartu zen eta lana eginda egoera aldatzea lortu dugu. Egin behar dena egiten bada, emaitzak ikusten dira. Zeren segregazioa ez da zerbait naturala. Eskola segregazioa politika jakin batzuk aurrera eramatearen edo ez eramatearen ondorioa da.

 

Egin behar den hori egiteak, batzuetan sozialki popularrak ez diren neurriak hartzea ekarriko du.

Oso garrantzitsua den kontu bat dago: udalak ekitatearen gaineko diskurtso bat sortu behar du. Neurri horiek gaizki bizitzen dituen jendeak eskola jakin batean nahi izaten du plaza, normalean eskari handia duten zentroak izaten dira, eta plazarik ez dutela esaten zaienean edo hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat lau plaza erreserbatu direla esaten zaienean, eskubidea dutela diote eta gure diskurtsoa xenofoboa eta klasista dela. Kosta egiten zaie gure neurriak onartzea, mobilizatzeko gaitasun handia dute eta mobilizatu egiten dira, udaletxe aurrean edo bulego aurrean manifestazioak antolatzen dituzte... Alkate batzuek presioa jasaten dute eta beste batzuek ez. Konbikzio osoa behar da. Oso argi baldin baduzu, ekitatearen eta guztion ongiaren gaineko diskurtsoa zabaldu behar duzu plaza kendu diezula esaten duen eta guztion ongia ikusten ez duen jendearen artean.

 

Non geratzen da guraso batzuek aldarrikatzen duten aukeratzeko eskubidea?

Aukeratzeko eskubidea ez da eskubide absolutua. Gure legeak ongi laburbiltzen du: Sailak egiten duen eskaintzaren arabera zure lehentasuna adierazteko eskubidea da aukeratzeko eskubidea. Dagoen eskaintzaren arabera, niri nora joatea gustatuko litzaidakeen, baldin eta lekurik baldin badago. Nahikoa lekurik ez baldin badago, baremoa aplikatzen da eta egokitzen zaionari egokitzen zaio. Lekua baldin badago, inork ezin dizu esan ez joateko.

Ikastetxea hautatzeko eskubide absolutua ez da existitzen. Eta hori da alderdirik gatazkatsuena. Zenbat eta gehiago zabaldu ikastetxearen aukeraketa, orduan eta segregazio gehiago sortzen da. Eskaintza eta eskaria bat etorri behar dira.

 

Nolakoa da ikastetxeen arteko harremana Katalunian? Ezer aldatu al du dekretuak?

Katalunian ikastetxeen artean konpententzia gogorra egon da; kontzertatuen euren artekoa, publikoen euren artekoa eta kontzertatuen eta publikoen artekoa. Zergatik? Denak matrikularen ehizara zihoazelako. Kontzertatuari matrikula gehiago edukitzeak kontzertua mantentzea dakarkiolako eta publikoari matrikula gehiago edukitzeak plantilla gehiago edukitzea dakarkiolako. Ondorioz, konpetentzia handia zegoen.

 

Nola gainditu daiteke konpentzia?

Pedagogia asko eginez. Ikastetxeei guztion ongiaren ideia ikusaraziz. Konpetentziak segregazioa dakarrela ikusaraziz, eta segregazioa herriarentzat eta herrialdearentzat txarra dela jabearaziz. Zuzendaritzetan hori guztia aurrera eramateko buruz ongi jantzitako jendea baldin badago, ez dago ezer esplikatu beharrik.

Esate baterako, udalen ardura da matrikulazio kanpainak egitea. Udal batzuek ikastetxean jartzen dute indarra eta horrek presioa sortzen du. Aldiz, gure udalean, Lleidan, matrikulazio kanpainak auzoetan oinarritzen dira. Karteletan “eraman ezazu zure haurra auzoko eskolara” jartzen dugu. 

Udalen rola oso inportantea da. Lan asko egin behar da. Badago udalentzat beste erronka bat ere: hezkuntza proiektuak berdintzea. LECek autonomiaren eta hezkuntza proiektuen aldeko apustua egiten du eta ongi dago. Baina badu bere arriskua ere: hezkuntza proiektuen arteko berdintasunik ez baldin bada sortzen, segregazioa sor lezake. Beraz, udalen zeregina izango litzateke bitartekoak eskaintzea hezkuntza proiektu desberdinak egon arren gutxieneko batzuk bermatuta egon daitezen. Alegia, aukera berdintasuna bermatua egon dadin hezkuntza proiektua edozein delarik ere.

 

Zer dio dekretuak eskolaz kanpoko jardueren gainean? Udalek paper garrantzitsua izan dezakete arlo horretan ere.

Bai, zalantzarik gabe. Eskola barruan desberdintasunak sortzen ari dira, baina eskolaz kanpo gehiago. Normalean eskolaz kanpoko jardueretara joateko aukera gehiago izaten dute ordaindu dezaketen familietako umeek. Beraz, udalek aukera berdintasuna bermatzen ahalegindu behar dute eta dekretuan horri buruzko kapitulu bat dago.