Euskara ardatz, elkarbizitza helburu
Zaldibian (Gipuzkoa) euskararen erabilerari eutsiz jatorri ugaritako familien arteko elkarbizitza zaintzeko prozesua egiten ari dira Lardizabal herri eskolan, Huhezirekin eta Uemarekin elkarlanean. Euskara eta kulturartetakosuna zainduz, udalerri euskaldunetako hezkuntza komunitateetan eragiteko prozedurak ezarri dituzte Zaldibian.
N
ola uztartu eskola-komunitateko familia guztiek eskolan parte hartzea eta, aldi berean, euskara babestea? Nola uztartu euskaraz bizitzen jarraitzea eta familia guztiek informazioa jasotzea, elkarrekin komunikatzeko aukera izatea eta parte hartzeko aukerak edukitzea? Zaldibiako Lardizabal herri eskolan korapilo hori zeukaten, “urtero errepikatzen zen korapilo bat zen, gero eta handiagoa egiten ari zena”, adierazi zuen Eider Amundarain eskolako zuzendariak, abenduaren 2an Huheziren Eskoariatzako kanpusean egindako Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetako hezkuntza-komunitateetan. Zaldibiako esperientzia jardunaldian. Arazoak konponbide “magiko eta sinplea” izango zuela espero zuen eskolako zuzendaritzak, baina berehala ohartu ziren halakorik ez dagoela. Bidea da konponbidea: “Bilera bat deitu genuen, eta guraso askok parte hartu zuten, korapilo hori askatzeko gogo handia zegoela ikusi genuen eta lanean hasi ginen”.
Euskara ardatz izango duen elkarbizitza testuinguru bat bilatzeko konponbide magikorik eta sinplerik ez zegoela ikusirik, agente asko elkartu dira Zaldibian, eta euskara eta kulturartekotasuna lantzeko prozesu aitzindaria jarri dute martxan. Jendaurrean aurkeztu zituzten orain arteko emaitzak Huhezin. Eskolako zuzendaritzak (Amundarain zuzendariak bereziki) zein Ausa Gaztelu Guraso Elkarteak parte hartu dute prozesuan, baita hainbat familiak ere, autoktonoek zein migrariek. Adituen laguntza ere izan dute, hala nola Huhezirena (Karmele Perez eta Amelia Barquin ikerlari eta irakasleena) eta Uemarena. Udalak (Eztitxu Mujika alkateak) eta etorkinei harrera egin eta herritarren arteko harremanak sustatzen diharduen Etxekonekok elkarteak ere prozesuan parte hartzen dute.
Zaldibiako ezaugarriak
Zaldibia izatez herri euskalduna da, euskararen arnasgune bat, eta hala izateko borondatea dute herritar gehienek. 1.600 biztanle inguru ditu eta ikastetxe bakarra dauka herriak: Lardizabal herri eskola. Uema Udalerri euskaldunen mankomunitateko kide da Zaldibia. Haatik, azken urteetan herriaren egoera soziolinguistikoa aldatzen ari da aldaketa demografikoaren ondorioz, migratzaile asko etorri dira herrira euskara ez den beste hizkuntza batzuekin, nagusiki Marokotik, Errumaniatik eta Pakistandik. Zaldibiaren egoera nahiko berezi egiten duen ezaugarria da etorkinek euskara ez ezagutzeaz gain, gaztelania bera ere ez dutela ezagutzen etorri orduko, eta are gutxiago eskolako haurrek. Goierri eskualdeko herri txikien artean etorkin gehien hartu duen herria da Zaldibia, eta populazioaren ia % 15ak beste herrialde bateko nazionalitatea dauka, 2021eko datuen arabera.
Testuinguru horretan, korapiloa sortzen hasi zen euskara ez jakiteagatik hainbat familia eskola-komunitateko bizitzatik kanpo gelditzen hasi zirenean, hala bileretara joateari utzi ziotenean, nola merendolen berri ez zutenean… Beraz, bi planotan eragin behar zuten, eguneroko ekintza txikietan zein plano teorikoagoan.
2020an ekin zioten bideari. Hasteko, bi lan-talde eratu zituzten prozesua aurrera eramateko:
Talde eragilea: (talde operatiboa). Ikastetxeko zuzendaria eta irakasleez gain, Huheziko bi irakasle, Udaleko ordezkaria, guraso elkarteko ordezkaria, Etxekonekok elkarteko ordezkaria eta Uemako ordezkaria elkartzen ziren taldean. Baina osaera baino gehiago, izaera nabarmendu zuen Barquinek: “Talde honen atzean aktibismoa eta militantzia dago”. Egitekoa hau izan zuen; prozesuak definitzea, proposatzea, gidatzea eta koordinatzea. “Ez dute parte hartu ordezkari zirelako baizik eta gaian interesa zutelako”.
Talde hedatua edo zabala. 15 kidek osatzen dute eta kontraste-lana egin dute. Talde eragilearen proposamenak kontrastatzea, aztertzea eta osatzea da bere egitekoa.
Ondoren, eskolako testuinguruko egoera komunikatiboak aztertu zituzten eta eragin handia duten aldaketa txikiak egiten hasi ziren. Guraso bileretatik hasi ziren, “korapiloa” une horietan nabarmentzen baitzen: guraso guztiek bilera berdinetan parte hartu ahal izateko, adibidez, xuxurlari lanak sustatu zituzten. Gasteizko Errekaleor auzoko esperientzia ezagututa, haiek bezala, Telegram kanalaren bidez hasi ziren euskaratik gaztelaniara itzulpenak egiten. Xuxurlariaren itzulpena aurikularren bidez entzuten dute ordutik hala behar duten gurasoek, baina guraso guztiak gela berean biltzen direlarik. Era berean, gurasoen telefonozko mezu bidezko komunikazioak Whatsapetik Telegram kanalera pasatu zituzten, kanal libre horrek euskara batuan idatziz gero, behar dugun hizkuntzara itzulpen zuzena egiteko aukera eskaintzen baitu unean-unean, gaztelaniatik pasa beharrik gabe.
Beste urrats batzuk ez dira hain zehatzak, teorikoagoak baizik, baina beharrezkoak: “Ikusi genuen garrantzitsua dela gurasoekin eta irakasleekin irizpide soziolinguistiko batzuk partekatzea”, azaldu zuen Barquinek. Familia etorkin batzuek, diglosiaren berri izan gabe eta azalpenik jaso ezean, ez dute ulertzen zergatik ez diren bilerak gaztelaniaz egiten “guztiok baldin badakigu”. “Azaldu egin behar zaie zein den gure hizkuntzaren egoera”, adierazi zuen Barquinek, “eta behin egoeraren berri izanda, ondoren, oinarriak partekatu egin behar dira. Zergatik da garrantzitsua euskaraz bizitzea? Oinarriak konpartituak izan behar dira euskaldunon eta euskaldunak ez direnen artean”.
Marko bat ezarri eta prozesuan parte hartuko duten guztiek berau partekatzea funtsezkotzat dute Huheziko adituek. “Lehenengo markoa edo ikuspegia konpartitu behar dugu, eta horren gainean egingo ditugu ekintza txikiak. Ekintza handietan pentsatzea oso zaila da eta jaitsi eta elkarrekin adostu behar ditugu urratsak. Baina, lehendabizi, begirada konpartitu behar da”. Besteak beste, honelako argudioak erabili zituzten familia guztien ulermenean eragiteko:
Euskara hizkuntza minorizatua da eta jakinarazi behar da normalizazio prozesuan dagoela. Azaldu egin behar da ofiziala dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta Nafarroako “eremu euskaldunean”.
Euskara ezagutzen ez dutenek jakin behar dute euskararen etorkizuna ez dagoela bermatua.
Azaldu egin behar da erabileran dagoela gakoa; ezagutza ez da aski eta erabilera hori da suspertu behar dena. “Esan egin behar zaie gauza guztiak euskaraz egiten tematzea ez dela kapritxoa”.
Euskarak euskal elebidunak behar ditu.
Arnasgune izatea zer den azaldu egin behar da.
Motibazioa, enpatia eta
komunikazioa
Motibazioaz gain, prozesua egiteko hitz gakoa enpatia izan dela adierazi zuen Barquinek, eta, era berean, pedagogia egiteko premia ere nabarmendu zuen irakasleak: “Guztiei azaldu behar zaie aldaketak egongo direla eta zergatik egingo diren aldaketa horiek”.
Komunikazioa ere funtsezkoa izan da, eta asko zaindu dute prozesuan zehar. Talde eragileak eman du ibilbidearen berri, uneoro, eskola barruan zein kanpoan, eskolako komunitateari zein herri osoari. “Egiten ari ginen urratsen berri emateko, eskolako zuzendariak idazten zuen eta Udaletik albisteak zabaltzen ziren: bileraren argazkiak eta informazioa zabaltzen zuten”. Alkateak adierazi zuenez, lehen unetik ikusi zuen Udalak prozesua eskolaren eskutik egin behar zuela. “Zer gutxiago! Udalaren jarrera, hasieratik, elkarrekin joatearena izan da. Etorkinen egiten zaien harreran, ematen zaien informazioan... hezkuntza komunitatea eta Udalak ezin dituzte bide desberdinak egin. Bideari garrantzia ematen diogu, prozesua ez da perfektua, baina zergatia ongi azaltzea oso garrantzitsua da”.
Inplikazioa da beste hitz gako bat. Prozesua emaitzak ematen ari baldin bada, talde eragilearen “inplikazioagatik eta lan itzelagatik” izan dela adierazi zuen Barquinek: “Ez dago konponbide perfektutik, hori izan da hasieratik gure izpiritua, baina probatzeko prest geunden eta beldurrik gabe ekin diogu bideari eta horrek emaitzak eman ditu. Zaldibian ausardia egon da: ‘goazen probatzera orain arte egin ez diren gauzak’”.
Bidean ikasitakoak
Balorazioa positiboa izan da kolektibo guztietan, bai zuzendaritzarentzat, bai guraso autoktonoentzat zein etorri berrientzat, Etxekonekok elkartearentzat, Uemarentzat eta Udalarentzat. Bidea oraindik luzea bada ere, dagoeneko zerrendatu dituzte ikasitako lezio batzuk, Barquinek laburbildu zuenez:
Eragile inplikatuak behar dira. Ordezkaritzagatik baino gehiago, parte hartzaileen inplikazio handiarekin egin da bidea. Eskola komunitateaz gain, Uema ere asko inplikatu da prozesuan eta berau finantzatzeko bideak bilatu zituen, era horretan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantziazioa eman zuen prozesua aurrera eramateko.
- Giroa zaintzea oso inportantea da.
- Telegram kanala oso erabilgarria izan da, eta doakoa da.
- Prozesuari berari eman behar zaio garrantzia, formatuari baino gehiago. Eta unean-unean aztertu eta egokitu behar da zerk funtzionatzen duen eta zerk ez.
- Talde eragilean guraso etorkinak egon behar dira, nahiz eta oso erraza ez izan. “Puntu hori oso garrantzitsua da —nabarmendu zuen solasladian Barquinek—, eta guraso elkarteak ere egon behar dira. Gai hau ezin dugu garatu beraientzat, baizik eta elkarrekin egin behar dugu. Normalkuntza herritarrentzat, ikasleentzat... egitetik, -kin egitera pasa behar dugu, elkarrekin”.
“Bazen garaia!”
Zineb El Ghautoi El-Gharradik jatorri arabiarra du, 15 urterekin etorri zen Euskal Herrira eta gaur egun Lardizabal ikastetxeko gurasoa da. Aspaldian sentitzen zuen korapiloari konponbidea bilatzeko beharra. “Bazen garaia” zioen, elkarbizitzako bilerak abiatu zituztenean. “Gonbidatu gintuztenean, ikusten nuen kezka zutela euskararen harira, baina sentitu nuen gu mehatxua ginela. Nire ustez guztiz kontrakoa da. Euskal Herrikoak ez garenok euskara ikasiz gero, euskara zabaltzen lagundu dezakegu”. Bera da horren adibide, euskara ulertzeko gai da eta euskaltegian ari da bertako hizkuntza ikasten, neurri handi batean, prozesu honek eraginda: “Nahiz eta beste hizkuntza bat hitz egin, errespetua diogu euskarari”.
Bileretan parte hartzea eta egoeraren berri izatea garrantzitsua izan da El Ghautoirentzat, lehenik ikuspegia aldatzeko: “Ulertu nuen ez ginela mehatxua, baizik eta konponbide bat bilatu behar zela euskaraz ez zekiten gurasoekin komunikatzeko”. Horrez gain, baliabideak eta hizkuntza politika egokiak aldarrikatu zituen, Euskal Herrira etorri zenean eskolaratze garaian bazegoen ere artean, ez baitzuen euskara ikasteko aukerarik izan, eta aldiz, gaztelaniarako ateak ireki zizkioten: “Zer egiten da kanpotik datorren jendeari euskara ikastea errazteko? Nirekin nahastu egin dira: ni euskaraz hitz egiten egon nintekeen oraintxe, arazorik gabe”.
Eñaut Agirre izan da prozesuan parte hartu duen gurasoetako bat. Komunikazioak izan duen garrantzia nabarmendu zuen Agirrek, prozesuak aurrera egin badu elkar zaindu eta elkar entzun dutelako izan dela irizten dio, besteen lekuan jarriz: “Arazo bat ikusten denean, hitz egin behar da; prest egon behar dugu gure lekutik pixka bat mugitzeko”. Elkarbizitzaren alde eta euskarak “guztien beharra” duelako inplikatu zen Agirre prozesuan. Guraso guztientzat egoera ez zen berdina, Agirre jabetzen zen euskaldunentzat erosoagoa zela: “Oso erraza zen euskalduna izanda eskolan funtzionatzea”. Hasierako erosotasunetik mugitu eta kontzesioak egin beharra izan dituzte prozesuan, eta Agirrek aitortu zuen ez dela guztientzako erraza izan: “Hasieratik argi ikusi genuen: hemen denok jan beharko dugu zaporen bat. Jarrera naturalak badakigu zein diren: bi pertsonak hizkuntza bera badakite hizkuntza horretan hitz egitea. Kasu honetan lortzen ari gara batzuetan euskaraz ulertzen dutenek erdaraz hitz egitea eta beraiei euskaraz hitz egitea. Hori naturalizatzea lortu da”. Bat egiten du Agirreren ikuspegiarekin Amaia Sasiain gurasoak: “Txip aldaketa lortu dugu denongan, kanpotik etorri direnengan eta gugan. Denok daukagu zerbait galdu beharra denok hobeto sentitzeko”.
Felicia Tomak, jatorri errumaniarreko gurasoak, ezinegonetik eta haserretik abiatu zuen prozesua: “Ez zen bidezkoa: eskolako bizitzan parte hartu nahi nuen, baina ezin nuen”. Bidean aurrera eginda, ahaleginak merezi izan duela ikusten du: “Lehenengo bilera lau ordukoa izan zen. Kaskoekin entzuten ari nintzela pentsatzen nuen ‘ez da inoiz amaituko!’, baina merezi izan du. Bada emaitza bat eta ongi sentitzen naiz, zoriontsu bileretara joateko eta parte hartzeko aukera dudalako. Umeek galdetzen didatenean ‘joango zara bilerara?’, baietz erantzuten diet, pozarren”.
Beste bost herritan
Zaldibiako prozesuak bide bat ireki dio Uemari hainbat herritan baitute antzeko egoera, Garikoitz Goikoetxea Uemako kideak adierazi zuenez: “Testuinguru erdaldunagoetan komunitatean guraso erdaldunak edukitzea ez da gauza berria, baina, Zaldibia eta gisako herrietan alderantzizkoa ari da gertatzen, gero eta guraso gehiago daude euskaraz ez dakitenak, eta arazoa sortzen ari da euskaraz bizitzeko eskubidea eta bizikidetza nola uztartu”. Bide berriak urratzen ari dira beste bost herritan: Aizarnazabal, Ibarra eta Zestoa (Gipuzkoa), Leitza (Nafarroa) eta Ondarroa (Bizkaia).