Kukulaisi aisialdirako topaguneak Hezitzaileentzako II. Jardunaldiak egingo ditu urtarrilaren 28an

2023-01-24

Ermuko Izarra zentroan izango dira jardunaldiak, Nahi dugun aisialdi eredura jauzi! lelopean. Topaguneko Sendi, Uema eta Urtxintxa izango dira hizlariak, ezagutzak elkarbanatzea saretzearen lehenengo pausoa dela uste baitute. June Furundarena zuzendariaren hitzetan “Aisialdiariko topagunearen bazkideak batera elkarlanean indartsuagoak dira”.

 
 
Kukulaisi aisialdirako topaguneak Hezitzaileentzako II. Jardunaldiak egingo ditu urtarrilaren 28an

Ermua aisialdi arloko eragileek elkarrengandik ikasteko topagune bihurtuko da. Formazio egun aberats eta aberasgarri bat izatea da asmoa, eta oraingoan hitzaldiak baino, tailer dinamikoak, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko abagunea ematen dutenak izango dira protagonista. Hizkuntzen trataera eta hezkidetza, bereziki harreman sexu-afektibo eta botere-harremanetan fokua jarriz, dira landuko diren bi gai nagusiak.

Izan ere, Kukulaisik aisialdi euskaldun, hezitzaile eta berritzaile batean sinesten du, eta horretarako aipatutako bi ardatzak jorratzea ezinbestekotzat jotzen du.

 2021ean sortu zen Kukulaisi elkartea eta egun 16 bazkide ditu: Txatxilipurdi, Jardun, Elgoibarko Izarra, Geu, Karrikaluze, Noaua, Dobera, Hitzaro, Bizarra Lepoan, Berbaro, Berbaizu, TTakun, Pil-pilean eta Euskarabentura. Balio eta izaera komunak dituzten aisialdiko elkarteak dira, Euskaltzaleen Topagunekoak denak, urteetako esperientzia metatzen dute, beraz, Kukulaisiko bazkideek eta beren helburua nazio mailako aisialdi proiektu hezitzaile eta euskaldun bat osatzea da: herriz herriko lana oinarri izanda, elkarrekin saretuz, Euskal Herriko Aisialdi Elkarteen Taldea eratzea.

“Aisialdi tradizionaletik (udalekuak, tailerrak, gazte txokoak, etab.) abiatutako elkartea gara —dio June Furundarena Artesanok, Kukulaisi Aisialdirako Topagunea elkartearen zuzendariak—,  eta gure egitekoa hori indartzea bada ere, berrikuntzan sakonduz indartu nahi dugu aisialdi euskalduna. Norabide horretan, Kukulaisik kirola eta aisialdi digitala ditu lan ildo estrategikotzat”

.

Hain zuzen, lan ildo horiei begirako Hezitzaileentzako II.jardunaldiak antolatu ditu urtarrilaren 28rako, Ermuan (10:00-18.00): goizean hizkuntza-aniztasuna eta euskararen erabilera eta hizkuntza-gatazkak landuko dira (aisialdi euskaldun kalitatezkoa garatzeko) eta arratsaldean harreman afektiboak eta botere harremanak (aisialdi hezitzailea) izango dute mintzagai.

EGITARAUA

10:00: Jardunaldien hasiera.
10:30: Hizkuntzen topagunea, aniztasuna. (Euskaltzaleen Topaguneko Sentsibilizazio lan-taldea)
11:30: Atsedenaldia.
12:00: Aisialdi euskalduna, hizkuntzaren arnasa (UEMA).
14:00: Bazkaria.
15:30: Aisialdi hezkidetzailean hazi eta hezi: nola kudeatu harreman sexu-afektiboak (Urtxintxa Aisialdi Eskola).
17:30: Agurra.

Bazkideentzako doan izango da, bazkaria barne.

Kukulaisiko bazkide ez direnentzako 4 euro, bazkaria barne.