“Amok are gehiago sumindu behar dugu”
Mara alaba jaio zenean, 2013an, horma batekin egin zuen topo Diana Oliver kazetariak (Madril, 1981): nola egingo dugu hau? Nola uztartu zaintza eta lana? Ezinezkoa zela ohartu zen. Esperientzia hartatik abiatuta 'Maternidades precarias' liburua idatzi zuen. Donostian izan da, Emaginek gonbidatuta '(Ez)amatasunak ikuspegi feministatik' jardunaldietan, lehenengo mahai-inguruan parte hartzeko. ARG: Emagin
Zergatik diozu amatasuna prekarioa dela, edo bederen izan daitekeela?
Amatasuna esperientzia prekarioa da, dena kulpaz zipriztindua eta ikaragarrizko nekearekin egiten dugu, buru osasuneko gaixotasun ugari sortzeraino. Hiper-exijentzia bizi dugu amatasunaren inguruan, handia da bai kanpotik datorkigun exijentzia eta baita geuk geure buruari ezartzen diogun exijentzia maila ere. Badirudi gaur egun inoiz baino askeago garela seme-alabak noiz, nola eta norekin izango ditugun aukeratzeko, baina gero, arazoa da ez daukagula batere erraza ama izatea. Prekarietatea menderatzeko bide bihurtu da, amatasunaren desioa bera ere guztiz baldintzatzen du prekarietateak. Seme-alabak eduki eta familia bat osatzeko erabakia hartzea —dena delako familia osatzeko hautua egitea— oso konplexua bihurtu da, baldintza pertsonal, laboral eta ekonomiko duinak lortzea oso zaila baita.
Zergatik? Zein da amatasuna prekarizatu duen faktore nagusia?
Kapitalismoak gure desioei buruz erabakitzen du, gure denboren gainean ere erabakitzen du. Noiz nola… hori guztia kapitalismoak erabakitzen du. Horregatik, nire ustez, emakume askok, ama bilakatzen garenean, errebelazio baten modura bizi dugu, horma bat aurkitzen baitugu parean, ordura arte ikusten ez genuena: konturatzen gara gaur egun bizi dugun sistema ez dela bateragarria hazierarekin. Hazierak beste denbora batzuk dauzka, beste exijentzia batzuk ditu, sistemak eta merkatuak dituzten interesen kontra daudenak, eta gaur egungo bizimoduarekin bateragarriak ez direnak.
Kapitalismoak denbora azkartu du, produkzioaren izenean. Haurrak zaintzeak, ordea, denbora geldoa eskatzen du. Prozesuak berak denbora eskatzen du. Haur jaioberrietatik hasita, denbora geldotu egin behar dugu, beste denbora eta erritmo batzuk behar baitituzte, eta niretzako horixe da ama izatean jasotzen dugun lehenengo danbatekoa.
Zer danbateko gehiago nabarmenduko zenituzke, horiei aurretik neurria jarri ahal izateko?
Amok bizi dugun sustengu falta jarri nahi dut mahai gainean. Ez soilik maila politikoan eta instituzioen aldetik; sare aldetik ere bakardade handia sentitzen dugu emakume askok ama izatean, ezezagutza handiarekin egiten dugu topo eta erreferente falta esanguratsua da. Nik uste dut horrek guztiak ama izateko testuingurua konplikatu egiten duela.
Batzuetan amatasunari buruz hitz egiten da amatasuna arazo bat balitz bezala. Badirudi amatasuna dela emakumeoi beste helburu batzuk lortzea oztopatzen digun arazoa, edo beste gauza batzuk egiteko aukera kentzen diguna. Aldiz, nire ustez, fokua beste leku batzuetan jarri beharko litzateke: prekarietatea egiturazko arazo gisa hartu beharko genuke, dena zeharkatzen baitu prekarietateak. Horren aurrean, geuregan daukagun indargunea ikusarazi nahiko nuke, oso garrantzitsua da nola elkar laguntzen dugun amatasun esperientzietan. Goazen amak izan ditzakeen behar erreal horiei kasu egitera.
Zer behar erreal dituzte amek?
Petra amatasun feministen elkarteak dio Espainiako Estatuan emakume gehienen arazoa ez dela kristalezko sabaia famatua apurtzea, emakume gehienon arazoa zoru likatsutik ateratzea dela. Lan eta ekonomia sistema prekarioak ezikusiarena egiten die emakumeen errealitateari eta haurtzaroari, are eta txiroagoak egiten gaitu egunetik egunera. Hainbat emakumek, lan sistemaren egoera prekarioa dela-eta, zabor kontratuak bata bestearen atzetik josten dituzte eta beste emakume batzuek, berriz, kontraturik gabe lan egiten dute epe batez, era horretan lan puntualak konbina ditzaketelako euren seme-alaben zaintzarekin. Haatik, egoera horietan ez daukate egonkortasunerako aukerarik ezta prestazioak jasotzeko aukerarik ere. Hori da errealitatea. Baldintza horiei guztiei gehiago begiratu beharko genieke, horiek dira bizitza duin bat bizitzea galarazten diguten baldintzak eta baita amatasun duina bizitzea galarazten digutenak ere, ez haurren haziera edota zaintza bera. Aldiz, amatasuna bera ari gara beste guztiaren sorburuko arazo balitz bezala kokatzen.
Zergatik da hain zaila eta konplexua haziera?
Oso zaila da ume bat haztea testuinguru honetan, gizarte erabat helduzentristan. Gure gizarte eredua heldu jakin batzuentzat soilik dago pentsatua, eta adinekoak eta haurrak ez dira kontuan hartzen. Gizarte honek, gainera, ez ditu aintzat hartzen haur baten beharrak, bere erritmoetatik hasita. Entzungor egiten dio zaintzak, hazierak eta amatasunak daukan balio sozialari, produkzioa beste guztiaren gainetik jartzen baitu. Horregatik guztiagatik, oso zaila da haur bat zaintzea, baita, eta agian lehendabiziko puntu gisa jarri beharko genuke, haur baten hazierak dakarren kostu ekonomikoagatik ere; Save the Childrenen arabera, 2022an hazieraren kostua hilabeteko 672 eurokoa izan da. Prekarietate testuinguru honetan, eta familiak sustengatuko dituzten politika errealak falta diren honetan, oso zaila da haurrak edukitzea planteatzea bera ere. Eta behin edukita, haztea ez da erraza, lehendik prekarioa baldin bazen guraso horien egoera, are gehiago prekarizatuko delako hazierarekin. Egoera konplexu bat are konplexuago bihurtuko da. Hori, nire ustez, haurtzaroaren eskubideen urraketa da, eta zer esanik ez familien eskubideen urraketa. Plataforma infancia-ren arabera, Espainiako Estatua da Europako Batasuneko herrialdeen artean haurren eta familien babes sozialean gutxien inbertitzen duen estatua, eta ez da soilik neurri gutxi daudela, eta gehienetan ez zaizkiela iristen gehien behar dituztenei, baizik eta are larriagoa dena, ez dagoela prestazio ekonomikorik hazieran laguntzeko. Europako beste herrialde batzuetan badaude laguntza ekonomiko unibertsalak, benetan behar dutenengana iristeko.
Emakume askorentzat txirotzea dakar ume bat hazteak. Eta puntu horretan zaintzearen pribilegioaz hitz egin behar dugu.
Zeri deitzen diozu “zaintzearen pribilegioa”?
Zuk zeure seme-alabak zaindu nahi baldin badituzu, zaindu ahal izateari buruz ari naiz. Hau da, zaintza hori kanpora bideratu nahi ez duten gurasoen kasuan, batzuek soilik egin dezakete hautu hori, pribilegio bat bihurtu baita gaur egun nork bere umea zaintzea. Ukoei buruz hitz egiten da, baina nork egin dezake uko? Nork eska dezake, gaur egun, lan jardunaren murrizketa? Nork eska dezake eszedentzia baimen bat? Nork galdu dezake lanpostua? Emakume askok ezin dute erabaki ere egin lanpostua utzi ala ez… Ez daukate lanpostu horretan jarraitzea beste aukerarik. Askotan emakumeon karrera profesionalei buruz hitz egiten da, baina emakume guztiek ez daukate karrera profesional bat, lanpostu mota asko daude gure gizartean eta errealitate asko daude diskurtso horietatik kanpo.
Zaintza kanporatzea aukera bakar gisa ezartzen zaigu askotan. Horrek, nire ustez, hainbat kontraesan jartzen dizkigu mahai gainean: lehenik eta behin, ez dut uste zaintza guztiak kanporatu daitezkeenik. Eta horrez gain, ez dut uste emakume guztiek kanporatu nahi dituztenik euren seme- alaben zaintza lanak. Kontraesan batean sartzen gara: sistemak bultzatzen gaitu ekoizten jarrai dezagun, eta aldiz, testuinguruan ez dugu erabaki horri eutsiko dion erreferenterik. Emakume askok euren buruari galdetzen diote ez ote diren “hain feminista” euren seme-alabak zaintzea erabaki dutelako lanean jarraitu ordez. Askotan esaten da patriarkatuak irabazi duela emakume batek bere seme-alabak zaintzea erabakitzen duenean, baina nire ustez, patriarkatuaren benetako garaipena emakumeok ezin erabaki izana da, lanean jarraitu ala ez, zaindu ala ez erabaki ezin dugunean, eta gurpil-zoroan jarraitzera behartuak gaudenean, edo gure borondatearen kontra zaintza kanporatzera behartuak gaudenean, orduan bai irabazi duela benetan patriarkatuak, eta baita konbentzitu gaituztenean egiten ari garen zaintza lanak ez daukala baliorik, balioa daukan bakarra etxetik kanpo egiten den lana delako gizarte honetan. Funtsezkoa da zaintzari balioa ematen hastea.
Amagandiko guztiaren debaluazioa bizi dugu, eta guk geuk ere balioa kentzen diogu, “ama besterik ez naiz”, “orain zaintzen beste ezertan ez naiz ari”… Hori bera lan handia eta garrantzitsua da eta geronek gutxiesten dugu askotan. Zaintza lanak ikusezinak dira. Ibone Olza psikiatrak behin elkarrizketa batean honakoa esan zidan: “Amatasunari buruz patriarkatuak kontatzen diguna soilik dakigu, patriarkatuak ama izateari buruz jakitea nahi duguna”. Amei bizkarra ematen dien gizarte batean bizi gara, boterea kentzen digu eta balioa kentzen die amek egiten duten lanari. Beraz, amatasunari buruz oso gutxi dakien gizarte bat da: alde batetik idealizatua saltzen digu amatasuna, eta gero entzungor egiten die amen benetako beharrei.
Haur bat haztea asko zailtzen duen beste puntu bat, eta zure liburuan jasotzen duzu, interdependentziaz jabetzea da.
Haur bat daukagunean, inoiz baino kontzienteago egiten gara izaki guztiz interdependenteak garela gizarte indibidualista batean, denbora guztian autonomiara bultzatzen gaituen gizarte batean bizi gara. Oroz gain independentzia balioesten duen gizarte eredu batean oso zaila da onartzea izakion arteko interdependentzia. Kapitalismoak eta indibidualismoak oso gogor egiten dute autonomia ideiak bultzatzeko, eta ideia horien bueltan, gizarte osoak erritmo frenetikoan jarraitzen du eta amak ezinean eta bakardade beldurgarrian aurkitzen dira, une horretan euren errealitatea guztiz aldatu baita. Puntu honetan ez naiz soilik haurraz ari, ez dut esan nahi soilik haurrak zaintzaileak behar dituela, ama horrek ere beste pertsonen beharra dauka, hasteko, bikotea baldin badu, bikotekidea behar-beharrezkoa da haziera sustengatu ahal izateko. Baina bikotea ez da aski; haur bat zaintzeko jende asko inplikatu behar da.
Prekarizazio honek guztiak nola eragiten die haurrei?
Kontuan eduki behar da honek guztiak, nola hazten dugun, zer baldintza ditugun haurrak zaintzeko, eta hori nola egiten dugun, eragina duela haurrengan, haurren osasun fisikoan eta buru- osasunean eragiten du, estresean eta antsiteatean. Euren gurasoekin denbora gutxi pasatzen duten umeak dauzkagu. Badirudi, haur txikiek gero eta denbora gehiago pasa behar dutela familiatik kanpo, lana eta zaintza bateragarri egiteko ditugun zailtasun guztiengatik, eta etengabe urratzen ditugu haur txikien eskubideak. Gurasotasun positiboaren ausentziak eragina dauka, haurrek haziera sosegatuagoa eta sustengu sendoagoa behar dute, eta gizarte eredu honek eragina dauka euren osasunean. Haurrak zaintzeko funtsezkoa da familiak zaintzea, eta amak zaintzea.
Gorputza aipatu duzu, baina oso ikusgarritasun gutxi du, adibidez, erditu berri den gorputz batek. Berehala eskatzen zaigu “lehengora” itzultzeko, baita fisikoki ere.
Gure prozesu sexual eta erreproduktiboak ikusezin bihurtzen dira. Ez da kontuan izaten emakumeok haurdunaldia, erditzea, erditze ostea eta esterogestazioko etapa bizi ditugunik, eta etapa horiek ez daude ez onartuak eta are gutxiago sustengatuak. Ikusezinak dira gizarte honetan eta lehenbailehen eskatzen zaio emakumeari eta bere gorputzari “lehengora” itzultzeko, ezer gertatu izan ez balitz bezala, “guztia” pasatu denean. Eraldaketa ikaragarria da haurdunalditik erditze ostera eta hori ez da ikusgarri egiten. Garai horretan buru osasunari arreta berezia eskaini behar zaio.
Egoera prekarioa da, beraz. Zer egin genezake amatasuna duintzeko?
Amatasun duin eta pozgarri bat bizitzeko amatzeko eta zaintzeko eskubidea aldarrikatu beharko genuke. Errealitateak erakusten digu ama izatera iristea ez dela batere erraza, zeren ama izateko desioak beste desio askorekin lehiatu behar du. Ama izateko desioa dagoenean ere, ez da erraza betetzea. A matasuna beti lortu dezakegun zerbait dela saltzen digute, eta hori alde batetik positiboa izan daiteke, norberak denborak kontrolatzea baikorra izan daitekeelako emakumeontzat. Baina horrek ere badu bere ifrentzua.
Zer gertatzen da kapitalarentzako subjektu produktibo izateari utzi nahi diogunean eta pertsona zaintzaile bihurtu nahi dugunean? Zer aukera daude? Guztia merkantilizatzen duen sistema honetan, zaintzaile bihurtzen garenean, doan zaintzen bukatzen dugula. Amatasunaren inguruko diskurtsoak kontziliazioaren inguruan zentratzen ditugu, lan arloaz eta ordutegiez ari gara hizketan, baina ahaztu egiten dugu historia asko daudela errealitate horretatik kanpo; kontraturik gabe lan egiten duten emakume asko daude, aitortzarik ez duten lanetan ari diren emakumeak, behar bereziak dituzten emakumeak, behar bereziak dituzten haurrak dituzten emakumeak… Hori guztia kontuan izan behar dugu.
Amatasun duin bat bizitzeko haurrekiko begirada aldatu beharko genuke, etorkizunean izango diren pertsona heldu gisa begiratu beharrean, gaur egun dagoeneko badiren pertsona bezala begiratu beharko genieke; amatasuna baliabidez hornitu beharko genuke, prestazio unibertsalak behar ditugu, lan arlotiko laguntzak behar ditugu, haurraren jaiotzagatik eta zaintzagatiko laguntzak handitzea beharko genuke… Eta bereziki begirada aldatu behar dugu ama izateari buruz eta haurtzaroari buruz ditugu ideietan.
Amaz aritu zara, amen zaintzeko eskubideari buruz. Eta zer esango zenuke aitei buruz eta aiten zaintzeko betebeharrari buruz?
Alde batetik, argi daukat gizarte osoa amatu beharko genukeela, amago izan beharko genukeela denok, zaintzaileago. Munduari ama begiradatik begiratu beharko genioke, ez soilik emakumeok, baita gizonezkoek ere. Baina hor agerikoa da kontraesana: zergatik izan behar dugu beti emakumeak gizonak hezi behar ditugunak gai honekiko? Badirudi animatu ere egin behar ditugula. Benetan? Zaintza oso gogorra da, denbora eskatzen du, dedikazio handia exijitzen du, eta amak izan behar ote dugu aitei errieta egin behar diegunak? Eurak izan beharko lirateke iniziatiba hartzen dutenak.
Eta egiten ez dutenean? Gizonezkoek zaintzaren ardura hartzen ez dutelako, emakumeok zamatzea edo zaintza kanporatzea ote da soluzioa?
Emakumeok ezin dugu eta ez dugu nahi zaintza eta etxeko lanen ardura guztia geure bizkar gainean hartu, baina gure bikotekideak gizonezkoak diren kasuetan eta haiek euren zatia beren gain hartzen ez dutenean, ez dugunez bikotean liskarrik nahi, kanporatu egiten ditugu zaintza eta etxeko lanak, eta beraz, prekarizatu egiten ditugu lan horiek. Baina hori, etxe askotan haurrak izan aurretik ere gertatzen ari da. Nora ari gara iristen?
Andreontzat gehiago exijitu behar dugu, ezinbestekoa da gizonak mugitzea. Exijitu egin behar dugu: gu ari gara zaintzen, beraz, bikoitza dagokigu. Eskatu, erregutu eta hezi beharrean, exijitu egin behar diegu gizonei eta sistemari zaintzan parte hartzeko. Amok are gehiago sumindu behar dugu.
Gizartean slogan ari da bilakatzen zaintzak erdigunean jartzea. Baina zer esan nahi du benetan horrek? Zaintzak kanporatzea? Gizonak heztea? Nire ustez familiak baldintzaz hornitzea izan beharko litzateke, lehendabizi.
Zaintzak erdigunean bai, baina ez zaintzak emakumeon bizitzaren erdigunean. Zaintzak gizartearen erdigunean jarri beharko genituzke, ezta? Zehaztapen garrantzitsua da, ezta?
Noski, gizartearen erdigunean jarri behar dugu. Amatasuna ez da soilik emakumeon gaia, eta are gutxiago zaintza. Amatasuna gai kolektiboa da. Gizarte indibidualista honetan amatasuna ere gai pertsonal gisa ikusten dugu, nirea neurea da. Guztiok geure egin dugu amets amerikarra, botere kotetan gora egiteko ametsa, baina jende gehiena ez gaude hor, bizirauten ari gara, ahal dugun moduan bizirauten.