Inauterietako ospakizunak birpentsatzen
Hainbat herri eta ikastetxe inauterietako ospakizunak aldatzen ari dira. Horietako bat da
Elizondoko eskola publikoa. Haurren parte-hartzea, euskal kultura eta Baztango tradizioak, eskola herriari irekitzea eta ohiturak naturarekin lotzea izan dira eraldaketaren ardatzetako batzuk. Eraldaketa ez da inauterietara mugatzen, eskolako proiektu osora zabaltzen baita.
EIMAk inauterietako baliabideen bilduma egin du.
Norentzako dira inauteriak?” Horra Elizondoko ikastetxe publikoak inauterietako ospakizunak eraldatzeko abiapuntuan ezarritako galdera. “Umeei begira, ala gurasoei begira prestatzen ditugu inauterietako ekitaldiak?”. Gero eta ikastetxe gehiago dira urteko ospakizunen inguruan, eta tartean beraz, inauterien gainean, hausnartu eta aldaketak egiten ari direnak, izan hezkidetzagatik, laikotasunagatik, tradizioagatik, parte-hartzeagatik edo beste arrazoiren batengatik. Hainbat tokitan, egiten diren inauterietako ospakizunek errebisio bat behar dute alderdi horiek guztiak kontuan izanik.
Elizondoko ikastetxeak pandemia garaian ikusi zuen birplanteamendu hori egiteko beharra, Zuriñe Zubillaga Haur Hezkuntzako irakasleak, Maite Etxenike Lehen Hezkuntzako irakasle eta ikasketa buruak eta Josune Ziganda zuzendariak Hik Hasiri kontatu dioten eran: “Beti patroi bera errepikatzen zen: gai bat hartzen genuen ikastetxe osoak, eta gela osoa berdin mozorrotzen ginen; adibidez, zirkuaren inguruan, batzuk pailazoak, besteak magoak, animaliak… Ondoren guztiek irakaslearekin koreografia bat ikasten zuten eta herrian desfile bat egiten genuen”. “Gurasoentzako eta helduentzako erakusleiho bat zen”, gehitu dio Zigandaren azalpenari Etxenikek. “Urtetan egin izan den inauterietako ospakizuna ez zen umeei begira egiten zen zerbait, baizik eta helduentzat egiten genuen zerbait, oso kontziente egiten ez bagenuen ere. Eta inauteriak norentzako izan behar lirateke? Guk argi daukagu: umeentzat. Haiekin zerbait egitera pasa gara orain, haur guztiak parte senti daitezen”. Pandemia garaian, ordea, segurtasun neurriak medio, ezin izan zuten ohiko mozorro desfilea egin Elizondoko herrian, eta gai bati jarraitu ordez, mozorro librea hautatzeko aukera eskaini zieten umeei. “Eta ikasleekin egindako balorazioek eta batzarrek argi erakutsi zuten gai baten araberako desfilea eta koreografia baino nahiago zutela mozorro librea. Nola sentitzen ziren gusturago galdetu genien, zer proposatuko luketen beraiek… eta argi adierazi zuten desfilea, gehienek, ez dutela gustuko. Geletako batzar nagusietan erraten zuten euren inauteririk onena pandemiagatik desfilea egin ez zuten urtekoa izan zela, mozorro librea”, azaldu du Etxenikek.
Tokian tokiko tradizioa berreskuratuz
Haurrak, batetik, kontuan hartuak sentitu dira euren borondatea aintzat hartu eta ikastetxeak inauterien kontzeptua aldatu duenean, eta bestetik, erosoago sentitu dira euren buruarekin, zuzendariak adierazi duenez: “Lehenago, hilabete osoa pasatzen zuten herrian erakutsiko zuten koreografia bat entseatzen, eta asko ez ziren eroso sentitzen; aldiz orain, askatasuna sentitu dute euren mozorroa erabakitzeko aukerarekin. Keinu txikiak dira, baina haurren bizipena guztiz aldatzen dutenak”.
Haurren parte-hartzea izan da inauterietako ospakizunak aldatzeko ardatzetako bat Elizondoko ikastetxean. “Gurasoentzako” zen zerbait, “haurrentzako eta haurrekin” egitera pasatzea izan da ardatzetako bat, baina ez da bakarra izan. “Eskolako proiektu gisa, ardatz bat euskal kultura eta bereziki Baztango kultura eta, ahal den neurrian, Elizondoko kultura berreskuratzea eta eskolako bizitzan txertatzea garrantzitsua da guretzat —azaldu du Zubillagak—. Etorkin kopuru handia duen ikastetxea izanik, ikasle horiek guztiak euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko gozamenetik egin behar genuela argi geneukan. Ikasle etorkinak hemen integratzeko beharrezkoa dugu ekintza integratzaileak egitea, euskal kultura eta Baztango kultura transmititu ez ezik bizitzeko eta gozatzeko aukera eman behar diegu”. Gainera, Elizondon bertan, gazteak hasiak dira Elizondoko inauterien tradizioa berreskuratzen, inauterietako ostiral goizean etxez etxe puskak biltzen, esate baterako, eta herri hezitzaileen filosofiatik, herriari ateak irekitzeko aukera eman dio ikastetxeari, hain zuzen ere, inauterietan Elizondoko tradizioa berreskuratzeko ahaleginak, zuzendariak adierazi duenez: “Askotan herria eta eskola aparte joaten gara, gainera, eskola fisikoki herritik aparte dago eta guretzat garrantzitsua da eskutik joatea, ohiturak integratzeaz eta islatzeaz gain, eskola herriarena izan dadin nahi dugu eta herria eskolarena. Gure ikasleek herritartasun sena landu dezaten herriko gauzak ekarri behar ditugu eskolara eta bueltan eskolako gauzak eskaini herriari”.
Herrian egiten ari diren moduan, beraz, Baztango eta Elizondoko inauterien tradizioa berreskuratzen eta ezagutarazten hasi ziren eskolan pandemia ondotik. “Elizondok ez dauka ez Arizkunek ez ondoko beste herri txikiagoek duten tradiziorik inauteri aldetik, baina bada zer ezaguturik, bai etorkinek baina baita hemen jaiotakoek ere ez dakitenik”, adierazi du Etxenikek. Elizondon bizi den Patxi Larralde txistulari eta folklore ikertzailea gonbidatu zuten iazko inauterien bezperan ikastetxera, Baztango inauterien esanahiaz eta mozorroen tradizioaz ikasleei solasaldia eskaintzera batetik, eta bestetik, ospakizun hauetan egin izan diren hainbat dantza irakastera —lehenengo urtean mozorro-dantza eta aurten sagar-dantza—, eta halaber, Elizondon inauterietako ostegunean ospatzen den Orakunde eguneko eta inauterietako kopla zaharrak irakastera. Ikasitakoa plazara eramango dute ikasleek ostiral goizean, Larralderekin ikasitako mozorro-dantza, sagar-dantza eta zortziko, fandango, zazpi jauzi eta abarrak dantzatuko dituzte Elizondoko plazan, bakoitzak nahi duen gisan mozorrotua.
Mozorroei dagokienez, Elizondon ez da mozorro tradizionala inguruko beste herrietan bezala mantendu eta azken urte luzeetan herritarrek mozorro librearen aldeko hautua egin izan badute ere, aspaldiko garaietan elizondoarrek ere inauterietan negua, hotza eta egun ilunak bukatzear daudela ospatzen zuten sasoi honetan, eta hastear den naturaren ziklo berriari etorrera egiten zioten, zaratarekin hartza bere kobazulotik ernarazi, lurra jo uzta aberats eman dezan… “Eta askotan herritarrek aukeratzen zituzten mozorroak zergatik ziren beldurgarriak azaldu zigun Patxik—kontatu du Etxenikek—, barrenean zeukaten kezka edo beldurra kanporatzen zuten mozorroen bidez, ez baitzekiten etorriko zen uzta ona izango zen ala ez, ez zekiten beraz, janaria izango zuten ala ez”. Irakasleek eta Guraso Elkarteak berreskuratu dituzte Elizondoko tradiziozko mozorroak, eta horiek haurrengana iristea litzateke hurrengo pausoa: “Polita izango litzateke haurrek garai bateko mozorroak berreskuratzea, gaur egun modan dauden mozorro estereotipatuetatik ateratzea —kontatu du Etxenikek—. Oraingoz, geletan eta gurasoei pasa diegu mezua, mozorrorik ez erosteko, etxean dituzten atorra zaharrak, bonetak eta abarkak ateratzeko…”. Urratsez urrats. Inauteriak eta, oro har, urteko ospakizunak hezkidetzaren ikuspuntutik ere errebisatzea beste urrats bat izango da: “Baina hau prozesu bat da —gehitu dio Zubillagak— eskola eta eskola proiektu osoa ukitzen duena”.
Natura eskolako bizitzan
txertatzeko hautua
Pandemiak ekarri zuen abagune zaila aukera gisa baliatu dute inauteriak berriro pentsatzeko, baina aldaketa ez da soilik inauterietako ospakizunetan gertatu. “Inauterietako aldaketan ardatz izan ditugun hainbat gai —haurren parte-hartzea, euskal kultura berreskuratzea, eskola herriari irekitzea, naturarekiko harremanak sustatzea eta abar— ez dira soilik inauterietara mugatzen —azaldu du zuzendariak—. Ikastetxea prozesu batean murgildu da eta horrek eragin du bai beste ospakizun batzuetan, eta baita eskolako bizitzan eta eskolako proiektuan ere.” Inauterien aurretik, hain zuzen ere, lurra ernatzeko ohitura berreskuratu dute, eskola naturari ireki eta, bide batez, natura eskolan txertatzeko Kukuline proiektua baitute, kanpo espazioaren eraldaketa bultzatzeko, non oilategi, baratza, fruta-arbola eta abarrak lantzen dituzte eskolako haurrekin nahiz familiekin auzolanean: “Urteko ospakizunak naturarekin lotzen ari gara, lehengo garaietan egiten zuten moduan, eta eguzki berriarekin lurra agurtu bagenuen, inaute aurrean lurra ernatzeko ikasleak eskolako baratzera joango dira aitzurrekin lurra jo eta kantuz ernatzera, uzta ona eman dezan”, azaldu du Zigandak. Lurra ernatze hori Hik Hasirekin elkarrizketa egin ostean egin zuten, otsailaren 1ean, eta ondotik, lehen haziak landatu zituzten.
Eguberrietako ospakizunak ere eraldaketako filosofia berarekin ospatzen hasi dira azken bi urteetan eta kristautasunaren aurreko ospakizunen esentzia berreskuratu dute, neguko solstizioarekin eta naturaren lo-harraldiarekin lotuz. Horretarako Juan Kruz Igerabide eta Elena Odriozolaren Eguberriak liburuan oinarritu dira, non Eguberriari buruzko bestelako ikuspegi kultural eta antropologiko bat eskaintzen duten, naturari lotuagoa, Zubillagak azaldu duen eran: “Eguberriek ez dute zuzenean Baztango ohiturekin lotura, baina bai euskal kulturarekin, eta lehengo ohitura horiek naturarekin lotuak daude eta hori transmititu nahi izan diegu ikasleei. Liburuko pasarteetan oinarrituta, antzerkiak egin zituzten eta, era horretan eurenganatu zuten bestelako tradizio bat”.
Mozorro tradizionalak bueltan
Elizondoko inauterietan ez da inguruko herrietan eta Nafarroako beste bailara batzuetan bezalako indarrez gorde mozorro tradizionala eta mozorro modernoetara edo mozorro librera jo izan dute herritarrek. Azken bost bat urtetan inauteri tradizionalak berreskuratzeko ahalegina egiten ari dira herriko gazteak eta eskolako irakasleak eta Guraso Elkarteak ere norabide berean ari dira lanean. Argazkian, iazko inauterietan irakasleak mozorro zuriz jantzita.