“Begiekin marrazten dugu lehenengo, eskuekin gero”

2023-02-17

Marrazkigile definizioaren barruan sartzen omen dira komikigileak, ilustratzaileak eta kartelak eta marrazkiak egiten dituztenak. Beraz, Eñaut Aiartzaguena hortxe koka dezakegu. Txikitatik datorkion afizioa ofizio
bilakatuta, bere estiloa eta ibilbidea egiten ari den marrazkilaria da.

 
 
“Begiekin marrazten dugu lehenengo, eskuekin gero”

Diseinu grafikoan ere aritzen da Eñaut Aiartzaguena (Iurreta, 1988), marrazkilari lanak eta diseinatzailearenak tartekatuz. Denboraren zati bat enkarguz iristen zaizkion lanak egiten pasatzen du, eta beste zati bat Zornotzako akademia batean marrazketa eskolak ematen. Hitzaldiak eta tailerrak emateko ere denbora hartzen du. Eta hortik aurrera, bere sormenari ateak ireki eta barrutik sortzen zaionari leku eginez, paradisuan murgiltzen da; marrazten, alegia.

 

Txikitatik murgildu zinen marrazkien munduan. Egindako lehen marrazkiez gogoratzen al zara?

Bai, txiki-txikitatik aritu izan naiz marrazten. Gogoan dut 6 urte ingururekin idazten ikasten ari ginela, B hizkia idazten ikasteko Bobi botaren ipuina irakurri genuela. Bota berdearen marrazkia egin nuen nire koadernoan eta ikaskide guztiak euren koadernoekin etorri zitzaizkidan haien koadernoetan ere Bobi bota marrazteko eskatuz. Orduan konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala marraztea eta ondo zihoakidala.

 

Gainera, umetatik nuen kontzientzia. Normalean umetan orri baten behealdea hartzen da lurtzat eta hortik hasten gara marrazten. Nik, ordea, gorago egin nuen marra berde bat eta horren gainean kokatu nuen marraztu nuen futbolaria. Eta goian markagailua jarri nion. Umetatik nuen kontzientzia.

 

Zeren kontzientzia?

Nola marrazten den. Gauzei begiratzeko joera nuen. Ez dugu eskuekin marrazten, begiekin baizik. Lehenengo begiratu egin behar da, adi behatu eskua nolakoa den, arropak nola zimurtzen diren, aurpegi bat nolakoa den... Lehenengo begiekin marrazten dugu, gero ikasten dugu anatomia, eskuak zer forma duen, atzamarrak... eta ondoren marrazkia eraikitzen dugu. Baina hasieran begietatik; kontzientzia hori neukan.

 

Eta beti besteen marrazkiei begiratzen nien. Ni gaur egun marrazkilaria baldin banaiz, Asterixengatik da. Ez dakit hori barik marrazkilari izango nintzen, baina badakit hori izan zela hazia eta horri esker naizela marrazkilari. Egin egunkariak Asterixen bilduma osoa argitaratu zuen euskaraz eta denak ditut etxean, baita euskaraz argitaratzen diren ale berriak ere. Ondoren Gabai ere jarraitu nuen eta gerora EITBko marrazki bizidunak, Son Goku eta abar. Manga estiloa ere bai. Gero, estilo hori gainditu, hortik atera eta nire estiloa topatu behar nuela iruditu zitzaidan. Eta poliki-
poliki, nire estiloa eraikitzen joan naiz.

 

Zein dira zure estiloaren ezaugarriak? Nola definituko zenuke zure estiloa?

Irribarrez moduan sinatzen dut eta horri lotuta, nire estiloa alaia, koloretsua, ez oso serioa, ez oso komikoa eta ez oso errealista dela esango nuke, betiere errealitatearen isla bat edukitzen saiatzen naizen arren.

 

Nire marrazkietan natura funtsezkoa da, natura marrazteak arnasa ematen dit eta beti saiatzen naiz modu batera ez bada bestera natura sartzen. Gainera, naturarekin daukagun jarrerari buelta bat eman behar diogula iruditzen zait eta ingurugiroarekiko errespetua ere sustatu behar dugula. Kontzientzia eta nahi hori nabarmenak dira nire estiloan.

 

Kolorea da beste ezaugarri bat: irudi koloretsuak egiten saiatzen naiz. Berdeak eta urdinak presentzia handia edukitzen dute. Eta kontrasteak topatzen saiatzen naiz. Kontrasteak eta alaitasuna irudikatzeko kolore anitzak erabiltzen ditut.

 

Koloreari lotuta kultur aniztasunaren ideia ere lantzen dut. Gaur egun oraindik umeek “pasatu haragi kolorea” esaten didate. Eta zein da haragi kolorea? Esaldi sinple eta sakon horien gainean hausnarrarazten diet.

 

Generoaren arloa da nire estiloaren beste ezaugarrietako bat. Nik bost emakume eta hiru gizon marraztu arren, jendeak galdetu izan dit “Eñaut, zergatik marraztu dituzu zortzi gizon?”. Non ikusten dituzte zortzi gizon? Nola irudikatzen eta hautematen ditugu gizonak eta emakumeak marrazki batean? Zeren arabera? Emakumea izateko bular handiagoak, ile luzeagoa edo aurpegi estuagoa marraztu behar al dizkiot? Pertsona talde bati argazki bat ateraz gero, denetarik egongo da. Beraz, marrazkietan muga horretan kokatzen saiatzen naiz, tarteko eremu hori ere aztertzen.

 

Izan ere, marrazkien mundua oso estereotipatua dago. Azkenean, marrazkia gauzak adierazteko beste baliabide bat da, baina bitarteko hori hausnarketa barik erabiltzen baldin badugu, estereotipo bat da, eta horrek eragina du jendartean. Beraz, egileok hautu kontziente bat egin behar dugu horren inguruan. Umeek komiki bat egin behar baldin badute eta euren protagonista diseinatu edo pentsatu behar baldin badute, horren kontzientzia hartu behar dute. Izan ere, umeek ez dute libre erabakitzen, kanpoko influentzia guztiek itzelezko eragina dute.

 

Zer desberdintasun dago enkargu bat egin edo zeure kabuz marrazten hastearen artean? Nolakoa da marrazketa prozesua kasu bakoitzean?

Enkarguaren kasuan, ideia bat ematen didate eta ideia hori islatuko duen irudia pentsatzen hasten naiz, nire estiloan oinarrizkoak diren elementuak edo ezaugarriak sartuz.

 

Nire sormen lanetan, aldiz, amesten hasten naiz, normalean uda garaian, enkargu aldetik sasoi libreagoa delako. Amesten eta nire proiektuak eta marrazkiak irudikatzen hasten naiz. Zorionez, pasa den urtean akuarelekin mendira joaten hasi nintzen. Mendira joan, koadernoa hartu, jezarri lasai eta akuarelekin marrazten hasten naiz. Niretzat hori paradisua da.

 

Afizioa ofizio bilakatzea erraza egin al zaizu?

Kontua denbora ateratzea izaten da, eta denbora ateratzeko gaur egun finantziazioa behar da: zelan egin errentagarri denbora. Hasieran askotan boluntario ibiltzen nintzen, baina beti borondatezko lanak eginez geure bizitza, geure burua eta geure lan esparrua prekarizatzen ditugu. Komikigileen eta marrazkilarien munduan marrazkilaririk famatuena ere ez da aberatsa. Umeek eta gazteek hitzaldietan askotan galdetzen didate zenbat irabazten dudan. Ez dut asko irabazten, lan honetara dedikatu ahal izateko beste, eta lanera gustura joatea baino gauza hoberik ez dago mundu honetan.

 

Haurrei marrazten irakasten diezunean, nolakoa da irakasteko prozesua?

Umeei irakastea ikaste prozesu ikaragarria da neuretzat. Pila bat ikasten dut nola irakatsi behar diedan pentsatzen. Nik nola marraztuko nukeen pentsatu behar dut, pausoak xehatu, eta ume batentzat edo marrazten ez dakien norbaitentzat modurik egokiena zein izango den pentsatu. Nire joerak deseraiki, oinarrira joan eta nola erakutsi dezakedan pentsatu behar dut, eta hori, ikasteko prozesu bat da.

 

Haurrei irakatsi behar zaie ala euren kabuz libre marrazten utzi behar zaie?

Guk akademian irakatsi egiten diegu, teknikak erakusten dizkiegu. Askotan kritikatu izan gaituzte umeei libre uzteko esanez. Marrazki librea nahi baldin badute, uzten diegu, baina teknikak zein momentutan erakutsi, orduan? Egiten dizkiegun ariketa eta proposamen batzuk pausoak ikasteko dira, eta astiro-astiro kontzientzia hartzen joaten dira pauso horiek zergatik egiten diren: “Horregatik esaten didate ez sakatzeko hainbeste”, “aurpegia marrazteko gurutze bat egiteko esaten didate begiak eta sudurra non kokatu jakiteko”...

 

Sormena eta teknika uztargarriak al dira?

Lehendabizi sormena zer den galdetu beharko genuke. Arazo matematiko baten aurrean problema bat nola ebatzi sormena dela iruditzen zait. Nik uste dut sormena irudimena dela, baina irudimenean sormena edukitzeko problema hori nola ebatzi erabaki  behar da. Problema izan daiteke marrazki bat egitea, kafe bat ordaintzea edo autobus geltokira joatea. Egoera horiek soluzionatzeko modu ugari egon daitezke eta erabakiak hartzeko teknikak jakin behar dira. Adibidez, akuarelarekin margotzeko akuarelaren teknika menderatu behar da; oleoarekin margotzeko oleoaren teknika; autobus geltokira joateko google maps menderatu behar da edo galdetzen jakin behar da, hots, hizkuntza menderatu behar da. Teknika desberdinak menderatu behar dira gero sormena garatzeko edo sormenari bide emateko.

 

Teknikak tresnak dira eta sormena garatzeko tresnak behar dira. Musikan ere sinfonia bat konposatu aurretik notak jakin behar dira. Kontua da zelan egin teknika erakusten dugun bitartean irudimena ez kamusteko, ez mugatzeko.