Abortuaren korapiloa askatzeko beharra
Asko dira euren bizitzan zehar aborturen bat izan duten emakumeak, baina gaiak tabua izaten jarraitzen du, hala ere. Lau emakumetik batek izan du nahi gabeko aborturen bat eta kasu askotan isilpean gordetzen dute bizi izandakoa. Errua, porrota eta ezina bezalako sentimenduak egon ohi dira isiltasun horren atzean. Dolua egoki egiteko eta korapiloak askatzeko tresnak izatea ezinbestekoa da.
Lau emakumetik batek izan du nahi gabeko aborturen bat. Haurdun geratu diren emakumeen laurdenak bizi izan du halako esperientziaren bat eta, hala ere, abortuaren gaiak tabua izaten jarraitzen du. Kasu horiei, haurdunaldia nahita eten dutenen kasuak gehitu behar zaizkie. Elisa Valenzuela Mendoza osasun perinatalean formazioa duen gorputz psikoterapeutak azaldu duenez, ordea, zifrak nabarmen aldatzen dira nahita eragindako abortuen kasuan: “Espainiako Osasun ministerioak emandako datuen arabera, 2020 urtean mila emakumetik hamarrek eten zuten haurdunaldia nahita. Baina kasu guztiek badute zerbait komunean: edozein abortu motari buruz ari garenean, tabua hor dagoela beti”.
“Nik abortua korapilo baten modura ikusten dut. Hariak nahastuta dituen mataza baten modura. Ez dugu ukitu ere egiten beldurragatik, ezjakintasunagatik… Batzuetan, besterik gabe, nondik hasi ere ez dakigulako. Solte dagoen haria aurkitzea eta hitz egiten hastea lagungarria da”, dio Valenzuelak.
Mataza askatzen
Hainbat hari izaten ditu mataza horrek: hari bat errua izango litzateke. Beste hari bat gizartearen espektatiba izan liteke, hainbat ideia bultzatzen direlako: emakumea berdin ama, familia berdin seme-alabak, haurdunaldia berdin jaiotza, umea berdin zoriona… Eta lotura horiek, batzuetan, ez dute errealitatearekin zerikusirik.
Horiez gain hari gehiago aipatu ditu Valenzuelak: “Patriarkatua ere hor dago, amatasuna modu erromantikoan ikustea… Eta dolua da mataza horren hari potoloetako bat. Desiratzen genuen bizitza horren galera, irudikatzen genuen haurtxo horren galera eta taupadak egiteari utzi dion bihotz horren galera. Gugandik emakume gisa espero den zerbaiti uko egitea bezala bizi liteke abortua. Galerak eta doluak milaka forma eta izen dituzte. Bizipen bakoitza indibiduala da”.
Pixkanaka hari horiei buruz hitz egiten ari dela eta bizipenak partekatzeko eta espektatibak, beldurrak eta mamuak leuntzeko espazioa agertzen ari dela uste du Valenzuelak, baina haurdunaldia nahita eteten duten emakumeen kasuan, estigma handiagoa dela dio.
Pertsonaren testuinguruak pisu handia du, baina ohikoa da ulermen gutxiago topatzea emakumeak bere gorputzaren gainean kontzienteki erabakitzen duenean, enbrioia edo umea nahi gabe galtzen denean baino: “Alde batetik, ume guztiak desiratuak direla pentsatzen dugu, eta bestetik, heriotzari buruz hitz egiteko beldurra dugu, eta bizitzaren eta heriotzaren artean erabakitzeko gaitasuna izateari ere beldurra diogu”, dio Valenzuelak. Eta jarraitu du: “Orokorrean eta egoera bakoitza bakarra dela ahaztu gabe, pertsonak entrenatuago gaude heriotza naturalak onartzeko, eta gainerakoa ulertzea gehiago kostatzen zaigu. Berdin dio istripua, abortua edo lagundutako heriotza den. Eta ez dugu ahaztu behar lagundutako etenaldia aspaldi existitzen den arren, legez kanpokoa, klandestinoa, izan da luzaroan”.
Ondorio psikologikoak
Emakumearentzat abortuak dituen ondorio psikologikoei buruz galdetuta, abortuaren esperientzia pertsonaren eta egoeraren araberakoa dela dio Valenzuelak: “Bizipen bakoitza bakarra da, baina abortuei buruzko kontakizun gehienetan bi esperientzia psikologiko agertzen dira: alde batetik, antsietatea agertzen da, suminkortasuna, apatia, ezertarako gogorik eza, loaren edota pentsamenduaren alterazioa… Eta, bestetik, errua agertzen da”.
Abortua bizi izan duten emakumeei laguntzeko garrantzitsua da haiei entzutea, esperientzia oso bestelakoa izan litekeelako errespetuz eta entzunez laguntzen bada. Albistea ematen den unetik bertatik alternatiba medikuei buruz hitz egiteak eta edozein erabaki hartu aurretik emozioak ager daitezen espazioa uzteak dena alda dezake. “Halako uneetan enpatia oinarrizkoa da eta denbora faltak eta osasun sistemak duen langile faltak amesgaizto bihurtzen diren istorio asko uzten dizkigu. Izan ere, abortua berez ez da traumatikoa, nola laguntzen den izaten da traumatikoa. Zorionez, errespetatua eta babestua izatearen garrantzia nabarmen uzten duten istorio asko daude”, adierazi du Valenzuelak.
Pertsonari bere hautua egiteko aukera ematea gakoa da: abortua etxean edo erietxean izatea nahiago duen, gertuko norbaitek laguntzea nahi duen ala ez, beharrezkoa badu agurrerako erritua egiteko espazioa eskaintzea, eta bere burua nola zaindu nahi duen erabakitzeko espazioa eta denbora eskaintzea.
Normalean oso inbaditzaileak ez diren eta ondorio gutxiago uzten dituzten esku hartzeen alde egiten da, eta horrek errekuperazio fisikoa arintzen du. Era berean, prozesu horretan pertsona gero eta aktiboagoa izan, bere errekuperazio psikologikoa ere, hobea izango da.
Prozesu emozionala zaintzeko beharra azpimarratu du Valenzuelak: “Uste dut beharrezkoa dela giza kalitatea izango duen diziplinarteko talde-lana eta psikologoa edo psikiatra perinatala egon daitezela, prozesu medikuez gain prozesu emozionala eta pertsona bakoitzaren beharrak segurtatzeko. Era berean, uste dut oso onuragarria dela hitz egiteko espazioak eskaintzen dituzten hainbat elkarte eta laguntza taldeen lana”. Horrek guztiak, abortua isilpean gordetzen den bizipen bakarti eta arraroa izan ez dadin laguntzen du.
Egokia izango litzateke egunerokora ezer gertatu ez balitz bezala ez itzultzea. Batez ere, ezkutatzeagatik egiten denean, bizitakoa ez kontatzeagatik egiten denean. Geure burua entzuteko eta bizi izandako guztiaren ondoren geure beharrak deskubritzeko denbora hartzea garrantzitsua da: “Geure barnean zerbait gertatu da eta horrek geure gorputza eta geure bizitza zeharkatzen ditu. Espazioa eta denbora behar dira hori barneratzeko. Prozesuan zehar eta prozesuaren ondoren gure beharrak aintzat hartzen badira eta errespetuz eta entzunez laguntzen bagaituzte, garapena errazagoa izango da. Laburbilduz, laguntza eskatzen jakitea, geure burua zaintzea eta geure burua entzutea edozein errekuperazio prozesurako lagungarri izango dira. Geure burua zaintzeaz ari garenean ez dugu soilik terapiaz hitz egiten, baizik eta hitz egiteaz, laguntza taldeetan parte hartzeaz, nork beretzat denbora hartzeaz…”.
“Gorputz psikoterapeuta gisa uste dut gorputza gure tresnarik onena dela. Geure gorputzean bizi gara; geure gorputzean bizi dira geure burua, geure bihotza, geure erraiak eta geure esperientziak. Uste dut ez dela soilik tabuaz hitz egin behar, baizik eta tabu hori dantzatu behar dugula, astindu, kalera atera, erritualak egin… Bizipen guztiak desberdinak eta berdinak izan daitezela, aniztasuna eta normaltasuna batera bizi daitezen”, jarraitu du Valenzuelak.
Garrantzitsua da gaia naturaltasunez lantzea dolua baldintza egokietan egiteko. Edozein gai naturaltasunez hartzeak korapiloak askatzen laguntzen du eta denborak bidea prestatzen du etorkizunean bizipen horiek edo antzeko bizipenak izango dituzten emakumeek, abortuari aurre egiten jakiteko modua izan dezaten.
Denbora eman
Abortua izan ondoren geure buruari denbora eman behar diogula dio Valenzuelak: “Denok ulertzen dugu ebakuntzaren bat egiten digutenean edo lesioren bat dugunean, errekuperatzeko denbora behar dugula eta beharrezkoa izanez gero errehabilitaziora joan beharko dugula. Baina bizipena gorputz emozionalean ere gertatzen denean, ez dugu hori hain garbi ikusten. Gainera, abortuaz hitz egiten ez duen eta maiz gaia ezkutatzen duen kultura batean bizitzeak, dena zailtzen du”.