Barnetegia, bizipen eta ikaspen aberatsez betetako etxea

2023-03-21

Iparraldean euskarazko eskaintza duen lizeo bakarra dago: Baionako Bernat Etxepare lizeoa. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleak joaten dira, eta distantziak kontuan hartuta, ikasle gehienek ezin dute etxetik lizeorako joan-etorria egunero egin. Horrela, lizeoko barnetegian geratzen dira astea pasatzen. Gisa horretako barnetegi bakarra da Euskal Herrian, eta ikasleek bizitzako esperientzia gogoangarria dela azpimarratzen dute.

 
 
Barnetegia, bizipen eta ikaspen aberatsez betetako etxea

I

parraldeko Seaskako ikasleek 14-15 urterekin bukatzen dituzte kolegioko ikasketak eta euskaraz ikasten jarraitu nahi baldin badute, aukera bakarra daukate: Seaskaren Baionako Bernat Etxepare lizeora joatea 2. maila, 1. maila eta Terminala edota Lanbide Heziketako Merkataritza Saila eta Animazio Saila egitera. Lanbide Heziketako gainerako eskoletako eskaintza frantsesez da eta baita beste lizeoetakoa ere. Iparralde osoko ikasleek euskaraz jarraitu nahi badute, Bernat Etxeparera jo behar dute.

 

Zuberoako Sohütatik edo Urdiñarbetik ordu eta hogei minutuko bidaia dago Baionara; Nafarroa Behereko Eiheralarretik edo Bankatik ordubetekoa; eta Lapurdiko Hendaiatik ordu erdi pasatxo. Ez dago autobusik bertako ikasleentzat, eta horrexegatik eskaintzen zaie lizeo aldamenean dagoen barnetegia: astelehenetik ostiralera barnetegian gelditzen dira eta asteburutan sartzen dira etxera.

 

Ikasturte honetan 136 ikasle dira barnetegian, gehienak xiberotarrak eta baxenabartarrak, lapurtarrak eta ingurukoak aski gutxi. Urtetik urtera, ikasle kopurua eta eskaera igoz doan heinean, lehentasuna xiberotarrek eta baxenabartarrek dute, bistan denez. Distantziaz gain, Baionan kirola egiten dutenek ere lehentasuna izan ohi dute, nahiz eta lapurtarrak izan. Beraz, 136 ikasle dira astelehenetik ostiralera barnetegian elkarrekin bizitzen; euskalkien nahasketak dakarren aberastasuna dastatzen; eta Iparraldeko gazte euskaldunen topaguneaz kontzientzia hartzen. Euren nortasunean marka uzten duen bizi esperientzia da barnetegikoa, eta une honetan bertan dauden bost ikasleren testigantzak bildu ditu HAZI HEZIk.

 

Aurrera, euskaraz

Zuberoako eta Nafarroa Behereko ikasleei etxetik urrundu eta astea barnetegian igarotzea dakarkie kolegiotik lizeorako aldaketak, baldin eta euskaraz ikasten jarraitu nahi baldin badute. “Nik ttipitatik argi nuen kolegioa bukatu ostean Baionako Etxepare lizeora etorriko nintzela, eta horrek barnetegira etortzea esan nahi zuen; naturalki hartu nuen erabakia”, dio Eiheralarreko (Nafarroa Beherea) Araitz Etxegarai Arakamak. “Niretzat ez zen beste opziorik: Etxepare eta besterik ez. Bagenekien hastapenetik hona etorriko ginela”, gehitu du Otxanda Etxart Sarasola Urdiñarbeko ikasleak. “Halere, lanbide profesionala egin nahi dutenek zailago dute hemen jarraitzea. Etxeparen ez dira Lanbide Heziketako sail guztiak proposatzen, eta beraz, batzuek gertuko beste lanbide eskola batzuetara joaten dira eta, tamalez, haietan frantsesez ikasi behar izaten dute”. 

 

Etxetik urruntzea

14-15 urterekin etxetik urruntzeak emozio ugari sortu ohi ditu ikasleengan. “Nik beldur nuen, ez urruntasunagatik, ez Baionan zelako; astebetez familiaren uzteagatik zen gehiago. Ez nuen sekula utziko hainbeste denboraz familia eta horrek beldurtzen ninduen. Baina gero, segidan hemen oso ongi sentitu naiz eta beldur guztiak joan dira”, dio Etxartek. Etxegaraik, berriz, gogoa zuen: “Beste batzuei entzuna nuen eta gogotsu nintzen. Eta etorri ondoren biziki ongi”. “Ni berdin”, dio Intza Casamajou Elkegarai Sohütako (Zuberoa) ikasleak. “Nire ahizpa handia hemen zen nire aitzin eta beti entzun izan dut Etxepareko barnetegia bikaina zela. Zinez beti gauza onak entzun ditugu eta zinez nahi nuen etxetik joan. Aski nuen eta biziki gogotsu etorri nintzen”. Gauza bera berresten du Maixa Igoa bankarrak. Unax Egiguren Aizpiolea hendaiarra ere barnetegian geratzen da, baina 2. mailan ez zen hala izan. “Barnetegiko jendeak kontatzen zidana entzuten nuen eta 1. mailan barnetegian sartu nahi nuen bai ala bai. Lortu nuen eta oso pozik nago”.

 

Urtez urte ikasleek elkarri kontatzen diotenak eta anai-arreba zaharragoek esandakoak pisua hartzen dute “eta denei ematen digu gogoa barnetegian izateko”, dio Casamajouk. “Nire ustez, ez da  barnetegia bakarrik, lizeoa da”, gehitzen du Egigurenek. “Elkarren ondoren daude biak eta oso ongi moldatzen gara denok. Edozer gauza egin dezakegu elkarrekin maila guztietakook: elkarreratzeak, ekintzak, bestak... Giroa ezinhobea da”.

 

Bizikidetzaren zaporeak

Barnetegiak hiru solairu ditu; behean Terminalekoen gelak daude, 1. solairuan 2. mailakoenak eta 3. solairuan 1. mailakoenak. Denentzako kantina beheko estaian dago. Sei hezitzaile egoten dira ikasleekin, solairu bakoitzean bina. Normalean launaka egoten dira ganberan, “baina batzuetan bost ere bai, gero eta ikasle gehiago baikara barnetegira etorri nahi dugunak”, dio Etxartek.

Kantina goizeko zazpietatik zortzietara irekitzen dute gosaltzeko. Lizeoan goizeko zortziak eta erdietatik arratsaldeko bostak bitartean egoten dira eta handik ateratakoan itzultzen dira barnetegira. Arratsaldeko bostetatik zazpiak arte libre izaten dute. Ondoren, iluntzeko zazpietatik zortzietara, afaltzeko ordua izaten dute eta gauean hamarrak arte egon daitezke.

 

Lizeoko eskolak bukatu eta afaldu arteko denbora ikasle bakoitzak antolatzen du. “Bigarren mailakook estudioa dugu lizeoko gela batean arratseko seietatik zazpietara asteazkenetan izan ezik. Gure lanak aitzinatzeko laguntza ematen digute lizeora iristen garen lehen ikasturtean: laguntzeko, barnetegia usatzen hasteko eta lanak finatzeko. Hurrengo bi mailetan geuk bakarrik kudeatzen dugu, autonomia handituz”, azaltzen du Igoak.

“Kiroldegia ere irekita da eta baita Informatika gela ere”, gehitu du Egigurenek. “Han ordenagailuak, inprimagailuak eta edozer gauza eskura dugu eta lanak egiteko bikaina da”. “Ordu horietan kanpora ateratzeko baimena ere badugu”, dio Casamajouk.

 

Bizikidetzak harremana estutzen du eta barnetegian antolatzen dituzten hainbat jarduerek ere bai, hala nola mus txapelketak edo kutzu kaxak. Kutzu kaxa edonork idatzizko mezuak uzteko kaxa da, eta mezu horiek asteburuan herri bateko bestetan gertatu den zerbait kontatzeko izan daitezke, pertsona bati beste bat gustatzen zaiona errateko, norbaiti mezu bat helarazteko... Gero, kaxa hartu eta mezuak irakurtzen dituzte irri eta konplizitate artean.

 

Ikasketak eta bizitza uztartzen dira barnetegian, eta bistan denez, elkarbizitza, batzuetan goxoagoa eta bestetan zailagoa da. “Denbora anitz pasatzen dugu hemen, etxean baino gehiago, eta beraz, ikasten dugu besteekin bizitzen, badakigu zein diren besteen usaiak... harreman estua dugu”, dio Casamajouk. “Bigarren familia da barnetegikoa”, gehitzen du Etxegaraik. “Egiazki 24 ordu dira 24 orduren gainean, ez dugu momenturik bakarrik izateko, eta egiazki elkarrekin bizitzen ikasten dugu”, baieztatzen du Etxartek. “Iristen da momentu bat non esan behar diozun lagunari ‘utzi bakean, mesedez, bost minutu behar ditut bakarrik egoteko’”, dio erdi barrez Egigurenek. “Bai, zeren beti elkarrekin gara, asteburuetan ere elkarrekin, besta elkarrekin, barnetegia elkarrekin, dena elkarrekin. Eta beraz, batzuetan nik ere sentitzen du sobera dela eta jateko garaian beste mahai batera joaten naiz”, dio Casamajouk. Neurria bilatu behar zaiola azpimarratzen dute, oreka, badakitelako nork nola erreakzionatuko duen, elkar ongi ezagutzen baitute.

 

Jatorduak ez dituzte prestatzen eta arropa etxera eramaten dute asteburuetan garbitzeko. Garbiketaz, ordea, bai, arduratzen dira eta zeregin horretan sortzen diren xextrak eta konplizitateak kontatzen dituzte umorez eta irribarrez. “Gure ganberan nehork ez zuen egin nahi garbiketa eta azkenean txandak egin ditugu. Aste honetan ni naiz eta ondoko astean gelakide bat izanen da”, kontatzen du Etxartek. “Ganbera batzuetan maite dute biziki txukuntzea, eta gurea, adibidez, ez da zikina, baina denak ados gara errateko ez gaituela trabatzen gauzak lurrean edukitzeak”, dio Casamajouk. “Gurean, berriz, denak ados gara txukun edukitzearekin. Nik maite dut ordena izatea eta maite dut ganbera garbi delarik”. Igoak dio arazo batzuk sortu izan zaizkiola, “nire ohea hegalean dagoelako eta kexak izan ditut puskak bildu gabe uzten ditudalako”.

 

Goizean jaikitzeko garaian erritmo desberdinek talka egiten dute ganberetan. “Niri goizeko zazpiak aldera esnatzea gustatzen zitzaidan, presarik gabe ibiltzeko. Beste batek nahiago zuen zazpiak eta laurdenetan, beste batek zazpiak eta erdietan...”, kontatzen du Egigurenek. “Ikasturte hasieran goizeko zazpietan hasi ginen alarma jartzen eta orain zazpiak eta hogeitabostean jartzen dugu. Iratzargailua zein ordutan jarri adostu dugu, bat esnatzen denean besteak ere esnatu egiten direlako”. “Gure ganberan goizeko zazpietan jaikitzen gara bi eta ahal bezain emeki prestatzen gara beste biak ez iratzartzeko. Haiek zazpiak eta erdietan iratzartzen dira. Ez da arazorik alde horretatik”, dio Etxartek. “Gurean ere batzuek lo egin nahi dute anitz, beste batzuek ez, eta azkenean bakoitza usatzen da bere erritmora, ez ditugu besteen alarmak entzuten, beraz, ez da arazorik”, gehitzen du Casamajouk. “Ikasi dugu argiarekin ere lo egiten bai goizetan eta bai gauetan”, dio irribarrez Etxegaraik.

 

Barnetegitik ateratzean

Casamajou eta Egiguren Terminala egiten ari dira eta datorren urtean ez dira ez lizeoan ez barnetegian izango, azken ikasturtea dute. “Barnetegia bikaina da eta zinez kontsideratuko nioke edonori. Baina hiru urteren ondoren arribatzen gara bukaerara eta aski dudala sentitzen dut. Iristen garenean askatasuna sentitzen dugu barnetegian, baina Terminal bukaeran ohartzen gara oraino askatasun gehiago nahi dugula, askatasuna izan arren muga ere badugulako”. “Nik errango nuke hiru urte aski direla, gero beste urrats bat egiteko garaia iristen dela”, dio Egigurenek.

 

Hiru urteko bizipenekin eta 18 urteren bueltan, jada unibertsitateko edo Lanbide Heziketako ikasketak egiteko unea dute barnetegiko gazteek eta Hegoaldera begira jarrita daude batzuk. “Nire arreba duela hiruzpalau urte joan zen EHUra ikastera, Bilbora. Nik ere Bilbora edo Gasteizera joan nahi nuen, baina nik ikasi nahi dudan gradua Donostian dago eta pisukideak aurkitzen baldin baditut eta ez bada garestia, hara joango naiz seguraski”, kontatzen du Egigurenek. “Nik ere Hegoaldera joan nahiko nuke, euskaraz ikasten segitu nahi dut”, dio Casamajouk. “Goi mailako heziketa ziklo bat egin nahi dut, baina guretzat zaila da eskolak atzematea. Ez digute batere aurkezten horrelako ikasketarik hemen, beraz, gure baitatik asmatzeko ere zaila da. Badakit Arrasaten badela euskaraz nik ikasi nahi dudana eta horretan pentsatzen ari naiz. Angelun ere bada frantsesez eta izena emango dut. Zinez gogoeta luzea da”.

 

Garbi dutena da ez dutela etxera itzuli nahi. “Barnetegia ukan eta gero ez dut sartu nahi berriz aitamekin bizitzera aste osoan. Gainera, ene etxetik hurbil (Sohüta) ez da ikasketarik. Beraz, bai ala bai, pisura”.

 

Zailtasunak zailtasun, urtetik urtera gero eta ikasle gehiagok ikasten dute Hegoaldean, eta aitortzen dute, gainera, Hegoaldeak halako erakargarritasun bat baduela haientzat. “Badugu, ene ustez, Hegoaldearen idealizazio bat, eta aurreko urteetan joan direnek erran digute ez dela uste bezala. Uste dugu Hegoaldean jendea anitz bizi dela euskaraz, eta ez da horrela, hemen bezala da”, aitortzen du Casamajouk.