EAEko Hezkuntza Lege proiektuak "arreta berezia" eskainiko dio euskal kultura ezagutzeari

2023-04-28

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Hezkuntza Lege proiektu berria onartu ondoren,
Legebiltzarrera bidali du eta hango eztabaida prozesua abiatuko da orain. Legea onartu aurreko azken fasea izango da eta testuari emendakinak eta ekarpenak egiteko baliatuko dute alderdi politikoek eta hezkuntza eragileek.

 
 
EAEko Hezkuntza Lege proiektuak "arreta berezia" eskainiko dio euskal kultura ezagutzeari

Apirilaren 25eko Gobernu Kontseiluaren bileran onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege proiektu berria. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman zuten prentsaurrekoan, Bildarratz sailburuak “prozesu mamitsu eta trinko bati” amaiera eman zaiola adierazi zuen, eta lege proiektua garatzen eta osatzen modu aktiboan parte hartu duten alderdi politikoei, hezkuntza eragileei, sindikatuei, norbanakoei, herritarrei eta Eusko Legebiltzarrari esker ona helarazi zien. “2022ko apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrak erakutsi zigun desberdintasun guztien gainetik beharrezkoa dela batzea gure hezkuntza hobetzeko”, azpimarratu zuen, egun horretan onartutako Hezkuntza Akordioari erreferentzia eginez eta mugarri garrantzitsua izan zela baieztatuz, Legebiltzarraren % 90ak baino gehiagok eman baitzion baietza akordioari eta datozen urteetan garatu beharreko 43 neurriei.
Lege proiektu berri honek Hezkuntza Akordioaren edukia eta espiritua errespetatzen dituela azpimarratu zuen eta helburua “Euskadiko ikasleei ahalik eta hezkuntzarik onena eskaintzea” da: “Kalitatezkoa, integratzailea, aukera berdintasuna eskaintzen duena, euskalduna, eskola publikoa funtsezko zutabe duena eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egiten duena”.

Jasotako hainbat gako
Irailean aurkeztutako lehen zirriborroak kritika asko jaso zituen eta Hezkuntza Sailak hezkuntza eragileen aldetik ekarpenak eta proposamenak jaso zituen. Lege proiektuan aldaketa batzuk onartu dira eta beste batzuk ez.


Hizkuntzen aferari dagokionez, esate baterako, murgiltze eredua ez da aipatzen eta A, B eta D ereduak ere ez. “Euskal Hezkuntza Sistema eleaniztuna da, euskararen inguruan artikulatua, eta bi hizkuntza ofizial eta atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ditu hezurduratzat”.


Ikasleek hizkuntza horietan lortu beharreko maila zehazten da: “Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 maila lortu beharko da bi hizkuntza ofizialetan, eta gutxienez atzerriko hizkuntza batean B1 maila”. Hizkuntzaren ezagutzaz gain, eta euskararen erabilera indartzeko xedez, “arreta berezia eskainiko zaio euskal kultura ezagutzeari”, gehitu dute testu berrian.


Helburuak lortzen direla bermatzeko, “ikasleen ardura beren gain duten irakasle-taldeek ebaluatuko dute gutxieneko helburu horiek betetzen direla” eta horretarako, “hezkuntza arloko eskumena duen sailak beharrezkoak diren ebaluazio-tresnak arautuko ditu, irakasle- taldeek berek lortu diren emaitzak balora ditzaten”.


Xedeak lortzeko, ikastetxeek derrigorrezkoa izango dute hezkuntza proiektuaren osagai gisa hizkuntza proiektu propio bat egitea. Eta hori, euskal hezkuntza sistema osatzen duten ikastetxe guztiek egin beharko dute, hau da, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa osatuko duten guztiek.
Halaber, lege proiektu berrian, aurreko zirriborroan ez bezala, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren parte izateko ikastetxe guztiek oinarri gisa printzipio hauek izango dituztela zehazten da: “Diskriminaziorik eza; gardentasuna; irabazi-asmorik eza; ikasle zaurgarriei eta ikasleen aniztasunari arreta ematea; hezkuntza formalean inplikatutako sektoreen parte-hartze demokratikoa; segregazioaren aurkako konpromisoa eta inklusioaren, ekitatearen eta aukera-berdintasunaren aldeko konpromisoa; Eusko Jaurlaritzak ezarritako curriculumarekiko eta ebaluazio-mekanismoekiko begirunea; euskara hezkuntza sistemaren barruan lehenestea, hezkuntza-jardueran zein harreman profesionaletan, baita ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan ere, eta ezarritako hizkuntza-helburuak betetzea; sexu- eta genero-askatasuna eta laikotasuna bermatzea. Era berean, hezkuntza proiektuaren lidergo demokratikoa bermatuko duen ikastetxeen gobernantza eta tokiko hezkuntza proiektuetan parte hartzea sustatuko da, eta baita langileak kontratatzeko prozesu gardenak ere. Ikastetxe horiek doako eta kalitatezko irakaskuntza bermatuko dute hala dagokion mailetan”.


Segregazioari aurre egiteko proposamenen artean 28. artikulua gehiago garatu da, hainbat puntu gehituz, besteak beste, ikasle zaurgarrientzat plazak gordetzea, zaurgarritasun indizea jartzea eta dagokion administrazioak diruz laguntzea.

 

Adierazpenak

“Uste dugu nahikoa oinarri badagoela eztabaida parlamentarioari ekiteko eta legegintzaldi honetan lege on batera iristeko”
EH Bildu

“Kezka dugu egungo hizkuntza eredua gainditzeko bidea ireki dezakeelako”
PSE

“Osoko zuzenketa jarriko diogu denak berdin jarraitzearen aldeko apustua delako”
Elkarrekin-Podemos

“Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoa sare publikoa eta itundua parekatzen dituen erakunde gisa izendatzen hasi da”
Steilas

“Egungo sistema betikotzea du helburu”
ELA

“Legea hobetzeko, eragiten jarraitu nahi dugu”
LAB

“Testuak euskara gehiago behar du eta zehaztasun gehiago ere bai”
Kontseilua