Ikasle zaurgarrientzat, neurriko erantzuna

2023-05-10

Ez da erraza ikasle nerabeak sei orduz eskolan edukitzea, are zailagoa egoera zaurgarrian bizi direnak. Lasarte-Oriako Oriarte BHIn egoera zaurgarrian dauden ikasleei beste era bateko arreta emateko proiektu bat daukate, absentismoari aurre egin eta ikasle horiek ikasten jarrai dezaten. Arreta emozionala, gainean egotea eta eskola praktikoak eskaintzea du oinarri.

 
 
Ikasle zaurgarrientzat, neurriko erantzuna

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasle asko ezinean dabiltza, kostata jarraitzen dituzte ikasketak, errepikatuz, motibaziorik gabe iristen dira eskolara, etxeko egoera desegituratuak ez die batere laguntzen eta emozionalki gabezia nabarmenak dituzte. Hitz bakar batean esateko, egoera zaurgarrian iristen direla esan daiteke. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Oriarte BHIko hezitzaileek adarretatik heldu diote egoerari eta Ongizate proiektuaren bitartez egoera zaurgarrian dauden ikasleei laguntzen diete.


Iaz jarri zuten martxan proiektua DBHko 1. mailako 8 ikaslerekin eta 2. mailako11 ikaslerekin, eta aurten 2. mailako 10 ikasle dituzte. Xedea ikasle horiei arreta eta laguntza beste modu batera ematea da. Maria Luisa Garmendia proiektuaren koordinatzaileak argi ikusten zuen hainbat ikaslek beste era bateko arreta behar zutela: “Lasarte-Oria herri handia da, testuinguru sozioekonomiko zaila dute hainbat familiak, kanpotarrak dira asko, familia desegituratu asko dago... eta ikasle askok akademikoki zailtasunak dituzte, mailak errepikatuta iristen dira DBHra, arazo eta hutsune emozionalak dituzte, familiaren aldetik arreta falta nabaria dute, absentismoa ere handia da, pandemiak eragina izan zuen... Ikasle horiei beste mota bateko arreta emateko eta beste modu batera laguntzeko sortu genuen Ongizate proiektua”.


Beste modu bateko eguna
Ikastetxe handia da Oriarte, Lasarte-Orian DBH ikasten duten nerabe guztiak hartzen dituena. Herri erdiguneko eraikinean DBHko 1. eta 2. mailakoak elkartzen dira, eta herriaren goialdean dagoen eraikinean, DBHko 3. eta 4. mailakoak eta Batxilergokoak. Zortzi lerro dituzte beheko eraikinean eta bospasei goikoan, eta guztira 850 ikasle biltzen dira.


Proiektuan parte hartzen duten ikasleak gainerakoen moduan iristen dira goizeko 8:00etan ikastetxera eta errefortzuko irakaslea atean izaten dute harrera egiten, etorri diren edo ez ikusten, “zer moduz zaude gaur?” galdetzen, emozionalki gaizki etorri baldin badira zer duten galdetzen... eta gelara laguntzen. Harrera egitearekin batera, lotura emozional bat eskaintzen die errefortzuko irakasleak.


“Lehen hiru saioetan (8:00-10:45) gela arruntetan egoten dira gainerako ikasleekin batera; lau gelatan banatuta daude, gela bakoitzean bi. Eta denbora horretan erreferentziazko taldearekin egokitzen zaien ikasgaia lantzen dute eta errefortzuko irakaslea taldez talde ibiltzen da ikasle horiei jarraipena egiten eta laguntzen”, azaldu du Garmendiak. Normalean ikasgai praktikoenak jartzen dituzte lehen orduetan: Gorputz Hezkuntza, Teknologiako tailerra, Musika... “Gero, jolasgaraiaren ondoren, hurrengo hiru ordutan, beste gela batera etortzen dira eta proiektuko hamar ikasleak bertan elkartzen dira bi irakaslerekin. Irakasle batek eremu zientifikoko ikasgaiak irakasten dizkie eta besteak hizkuntzen eremukoak. Talde arrunteko ikasgai berak dituzte, baina gutxieneko edukiak lantzen dira. Eta horrez gain, modu praktikoagoan lantzen saiatzen gara: tailerrera joanez, ariketa gehiago eginez eta abar. Fitxak, eskola tradizionalak, liburuak eta apunteak alboratu eta modu praktikoagoan eta erakargarriagoan egiten saiatzen gara. Esate baterako, atomoak lantzeko kartoiak, poliespana, pintura eta guraizeak hartu ditugu eta matematikan zatikiak autozuzenketak egiten dituen aplikazio batekin landu ditugu. Saiatzen gara, ahal den neurrian, arloa modu erakargarriagoan lantzen. Zerbait praktikoa emanez gero, oso erraz lotzen direla konturatu gara”.


Gainerako ikasleentzat ere modu praktikoago hau egokiagoa edo erakargarriagoa izango ote litzatekeen galdetuta, Diego López-Zuazo zuzendari albokoak baietz dio, “eta egiten da; DBHko 3. mailan, esate baterako, zelula lantzeko maketa bat osatu dute eta zelularen muntaia egiten dute. Proiektuka lan egiten dugu gainerako ikasleekin ere, baina, horrez gain, badaude landu behar diren alderdi teoriko batzuk. Esan bezala, Ongizate proiektuko ikasleekin minimoa lantzen da, baina beste ikasle batzuek goi mailako ikasketak egingo dituzte eta horiei ere dagokiena eskaini behar zaie”.

Arreta da gakoa
Hamar ikasleko taldea eta bi irakasle; horrela egoten dira Ongizate proiektuko ikasleak eskolako garaiaren bigarren zatian. Talde txikian, beraz, eta ezagunak eta gertukoak diren irakasleekin. “Gertutasuna oso garrantzitsua da ikasle horien kasuan. Batzuk ohiko taldeko ikasleak baino bi urte zaharragoak dira, nahiko desmotibatuta daude... eta talde arruntean —beste 23 ikaslerekin eta irakasle batekin— galdu egiten dira. Arreta behar dute, etengabeko arreta, eta gela arrunteko irakasleak ezin du haien gainean egon”, dio Garmendiak. Zenbait egunetan gela arruntetik antsietateak jota eta negarrez ateratzen dira ikasle horiek. “Kasu horietan, dena utzi eta arreta ematea da lehentasuna, ikasleen behar emozionalei erantzutea”.


Horregatik erabaki zuten jolasgaraiaren ondoren denak batera bi irakaslerekin jartzea. Horrela, gainean egoten dira eta jarraipen estua egiten diete. “Ikasle horiei, gainean inor ez baldin badute, lanean hastea kostatzen zaie. Oso gainean egonda lortzen da zerbait egiten hastea, agenda antolatzea, eguneroko lana aurrera ateratzea, antolaketa hobetzea... Eta harrigarria da ikustea zer egitea lortzen duten. Arreta pertsonalizatua eskainiko ez bagenie, ez dakigu non egongo liratekeen”, gaineratu du proiektuaren koordinatzaileak.


“Haien ongizate emozionala zaintzea da gure helburua, arreta ematea, horrek laguntzen dielako nolabait hezkuntza sistemaren barruan jarraitzen. Absentismoa indartsua izaten da, eta ikasle horiek hezkuntza sistematik at geratzeko arriskua dute. Gu harro gaude goizeko 8:00etan hona etortzen direlako eta 14:00ak arte geratzen direlako. Lorpen bat da”, dio Oriarteko zuzendari albokoak.

Sare zabala elkarlanean
Proiektuko ikasle gehienek familian arazoak dituzte, “arrazoi bat edo beste izan, familiaren aldetik babes falta dute, utzita daude”, dio López-Zuazok. “Gogorra da familientzat ere, agian egun osoan lanean jardun behar baitute. Guk ikusten duguna da kasu batzuetan umeak bakarrik daudela egun osoan. Batzuetan heldu-erreferenteak falta zaizkie bidelaguntza emateko, zer den ona eta zer den txarra esateko. Normalean emanda etortzen zaiguna ez daukate ume hauetako batzuek. Guk ez dugu imajinatzen gure familia ez denik guretzat hor egongo eta gu izango garenik oso gaztetatik zer egin erabakiko dugunak. Kasu batzuetan hori gertatzen da, umeak edo nerabeak dira haien bizitzako erabakiak hartzen dituztenak”. López-Zuazok egitura baten falta dutela azpimarratu du. “Segur aski haientzat eskola da euren bizitzan egitura bat daukan gauza bakarra”.


Familiekin ere lan egiten saiatzen dira, nahiz batzuekin ez izan erraza komunikatzea eta ikastetxera etorraraztea. “Ikasle batzuen kasuan esku- hartze familiarra edo terapia familiarra egiteko beharra ikusten dugu, gurasoekin arazoak, liskarrak edota gorabeherak dituztelako”, erantsi du Garmendiak. “Gizarte Zerbitzuekin, Lasarte-Oriako Berritzegunearekin eta nerabeei arreta ematen dieten zenbait erakunderekin ere lan egiten dugu, ikasleei eta familiei hainbat orientazio emateko”.

Bide berriak irekitzen
Iaz 2. mailan egon ziren 11 ikasletatik 9 DBHko 3. mailako dibertsifikazio gela batera joan ziren, alegia, ikasketekin jarraitu zuten Oriarten bertan. Ondoren Lanbide Heziketako erdi mailako ziklo bat egin dezakete. “Ikasleak gustura ikusten ditugu. Jolasgaraia bukatutakoan Ongizateko gelan sartzen dira, inork ezer esan gabe. Gustura dauden seinale”, dio Garmendiak. “Ikasle gazteak dira, 12-15 urte dituzte, eta guk lortu nahi duguna da eskolarekin pixka bat lotzea, etorraraztea, babesa ematea, arreta eskaintzea, jarraipena egitea eta ez gelditzea kalean edo etxean, kaleko kontsumo arriskuarekin... Proiektuaren helburua laguntza ematea eta ibilbide akademikoarekin jarraitzea da”, gehitu du López-Zuazok.


Proiektu pilotua da eta datorren urtean ere jarraipena emateko eskaera egingo dute. Ikasleen alderdi emozionalari erantzuna ematen asmatzen ari dira, helduleku sendo eta goxo bat eskainiz, ikasketekin jarraitu dezaten eta bizitzaren norabidea okertu ez dakien.