‘Hobetzeko prest!’ jardunaldia: LH-ko eraldaketarako gakoak

2023-05-19

Badator eraldaketa pedagogikoa Lehen Hezkuntzara. Ikastetxe batzuk dagoeneko murgilduta daude berrikuntzan, beste batzuk sartu berriak dira eraldaketaren gurpilera, eta beste batzuk, nahi ala ez, sartu beharko dira, eraldaketa ezinbestean datorrelako. Lehen Hezkuntzako berrikuntza pedagogikoa gauzatzeko gako batzuk jarri zituen mahai gainean Hik Hasik iragan apirilaren 22an, EHUren Donostiako campuseko HEFA I-en egin zuen 'Hobetzeko prest!' jardunaldian. Kataluniako esperientziatik hainbat gako ekarri zituen Caiev Eskola Biziaren Ikerketa eta Bidelaguntza Zentroko Jordi Mateu Zorita irakasle eta formatzaileak. Huhezitik praktika gogoetatsuaren berri eman zuen Miker ikerketa taldeko Karmele Perez Lizarralde irakasleak, eta praktika gogoetatsuaren bidez egindako eraldaketaren esperientzia aurkeztu zuten Iruñerriko San Fermin ikastolako Edurne Apalauza, Ainhoa Iribarren eta Julen Zamorano irakasleek.  

 
 
‘Hobetzeko prest!’ jardunaldia: LH-ko eraldaketarako gakoak

Eraldaketa pedagogikoa prozesu bat da. Katalunian urteak daramatzate hezkuntza berrikuntzako prozesuan eta Jordi Mateu hezitzaile eta formatzailea ikastetxe berritzaile askoren bidelagun izan da eraldaketa prozesuetan. Caiev Eskola Biziaren Ikerketa eta Bidelaguntza Zentroa gidatzen du eta Kataluniako esperientziatik Lehen Hezkuntzan eraldaketa prozesu bat egiteko hainbat gako eman zituen Hobetzeko Prest! jardunaldian. Bezperan Otxandioko eskolan izan zen Joxe Mari Auzmendi bekaren baitan bidelaguntza eskaintzen. “Azken urteetan hezkuntza berrikuntza prozesua bizi izan dugu Katalunian. 2000. urtean hasi ziren hainbat ikastetxe eraldaketarantz mugitzen. Haurrekin zerbait ezberdina egiteko gogoa zuten ikastetxeak ziren, sistemaren bazterretan zeuden ikastetxeak. Universitat Oberta de Cataluñaren bidez, Escola Nova 21 izeneko mugimendua sortu zuten [500 ikastetxe batu zitzaizkion mugimenduari], eta azken urteetan egin ziren lanak, eraldaketari begirako formazioak eta bidelaguntza batu zituzten”. Mateuk adierazi zuenez, eraldaketa prozesu horrek hiru eremutan eragin du batez ere Katalunian: “Batetik, material pedagogikoetan; bigarrenik, proiektu pedagogikoetan eta lanaren planifikazioan, antolakuntza eta egitura pedagogikoak birpentsatzea eragin baitu, eta, hirugarrenik, espazioen erabileran eta ezaugarrietan, hala nola, espazioaren banaketan, estetikan, altzarietan…”.

 

Katalunian bizi izan duten berrikuntza pedagogikoak, batez ere, egitura pedagogikoen antolaketan eragin duenez, Mateuren ikuspuntutik, sakoneko eraldaketa baino gehiago, azaleko berrikuntza izan da. “Ez diet garrantzirik kentzen azaleko deituta, baina uste dut ez diela galdera konplexuagoei erantzuten, hala nola, zein da hezkuntzaren helburua? galderari. Zer ari gara bilatzen? Zer da heztea? Nola kokatzen gara haurrekin? Zein da familien rola? Zer-nolakoak dira kalitatezko harremanak? Galdera sakon horiei erantzun behar zaiela uste dut. Aldiz, honako galdera hauei erantzun die [Kataluniako prozesuak]: nola egingo dugu ezberdin? Nola antolatuko dugu gela? Nola egingo dugu zerbait errespetuzkoagoa? Baina giza harremanak ez dira aldatu”.

Mateuren aburuz, oinarritik ekin behar zaio eraldaketari prozesu bat abiatzeko, eta horretarako, sakoneko galdera egin zion bere buruari formatzaileak: zein da hezkuntzaren helburua? Ikastetxeei berrikuntza pedagogikoan bidelaguntza eman dienean, galdera horri erantzutean hiru kolektibo handi bereizten direla ikusi du: 

- Hezkuntzaren helburua integrazio soziala dela irizten diotenen kolektiboa: “Hezkuntzaren helburua haurrak sistema kapitalista honetako lan mundura txertatzeko prestatzea dela pentsatzen duen kolektiboa da. Talde honen barruan bi azpitalde daude: batetik, eszelentziarako eskolak sortu behar direla pentsatzen dutenen kolektiboa, hezkuntza akademizista oinarri duena. Eta, bestetik, lan munduan txertatzeko prestakuntza hori ikasketa aktiboaren bidez egin nahi dutenak. Hezkuntza gisa horretan ulertzen dutenen taldea da handiena eta hegemonikoa”.

- Helburua eraldaketa soziala dela uste dutenak: “Gizarte despareko eta injustu batean bizi garela eta eraldaketa prozesu bat beharrezkoa dela irizten diote eta uste dute eskolak eta hezkuntzak rol garrantzitsua daukatela eraldaketa horretan”.

- Hezkuntzaren helburua garapen pertsonala dela irizten diotenen kolektiboa: “Hirugarren kolektiboan uste dugu hezkuntzaren lehen helburua bizitza prozesuei bidelaguntza eskaintzea dela, gizakiok gizaki helduago, bizitzarekin konektatuago eta giza hazkuntza prozesuarekin sintonian gara gaitezen”.

 

Norbanako bakoitzak zeren arabera hautatzen du hezkuntzari helburu bat ala bestea esleitzea? Mateuk dio bakoitzaren ideologiari, bizi esperientziari, izaerari, interesei eta elementu subjektiboei buruz hausnartzea beharrezkoa dela hezkuntzaren helburuaren atzean dauden sinesmenak eta balioak ulertzeko. Baina are sakonagoko galderak ere egin zituen: “Zer da bizitza? Zein da bizitzaren helburua? Zein da errealitatearen esentzia? Zein da giza kontzientziaren esentzia? Nola gertatzen dira gizarte eraldaketako prozesuak? Galdera horiek oinarrizkoak dira, eta geure buruari egiten ez badizkiogu, gainerako guztia erlatiboa izango da, ez baitauka abiapunturik”. Mateuk, Biologia eta Filosofia eskutik hartuta, bizitzaren helburua bizitzea dela dio: “Organismo baten helburua bizirautea da. Eta bizirauteko hazi, garatu eta bere barne potentzial guztia zabaldu behar du. Geure potentziala —potentzial emozionala, erlazionala, espirituala eta kognitiboa— garatzea da bizitzaren helburua”.

 

Eskolak haurrei zer eskaini behar dien pentsatzeko eta prestatzeko, galdera horiei erantzun ostean, honakoa itauntzen du Mateuk: Zer da ikaskuntza? “Biologiaren arabera, baldintza neuronalak dira; estimulu berriak aurrez daukagun horrekiko harremanetan jartzean garatzen da ikaskuntza. Ikastea barrutik kanpora/ kanpotik barrura erlazioen arabera gertatzen da beti: kanpotik datorren estimulu/informazioak nola eragiten dio nik aurrez barruan dudanari? Hori ulertu nuenean ulertu nuen eskolak ez duela izan behar ez gidatua ezta ez-gidatua ere”. Begirada horretatik ikasteko modu asko daudela adierazi zuen: 

  • Asimilatuz edo geure eginez ikasten dugu.
  • Imitazioz: behatu eta errepikatuz, hau da, kopiatuz asko ikasten da eta ez da ikaskuntza pobrea.
  • Esperimentazioz eta praktikaren arabera.
  • Norbaitek irakasten digulako ikasten dugu.
  • Elkarrizketaren bidez.
  • Proiektuak egitean, egituraketa mentalaren bidez. 
  • Auto-behaketaren bidez.
  • Kalitatezko harremanetatik ikasten dugu, plazera eta eraikuntza kolektiboa eskaintzen dizkigutelako.

 

Eskolaren lau helburuak  

 

Galdera guztiak ordenatuta, berriro planteatu zuen hizlariak, zein da hezkuntzaren helburua? Jordi Mateuren arabera, eskolak lau helburu ditu, eta helburu guztiak zaindu eta orekatu behar dira eskainiko ditugun proposamenetan eta egitura pedagogikoetan:

Haurrei bizitzen ikasten laguntzea. Komunikatzen ikastea, entzuten ikastea, taldean norbere lekua aurkitzen ikastea, hautematea, adierazten ikastea, emozioak sentitzen ikastea, erregulatzen ikastea, emozioak modu egokian adierazten ikastea, gatazkan bizitzen ikastea…

Munduari ateak irekitzea. “Munduaren zatiak eskolara ekarrita lortzen da bigarren helburua: matematikak, historia, yoga, antzerkia, aroztegia… eta baita haurrak mundura eramanda  edo eskolan espazio bereziak eraikita ere, hala nola, aroztegi bat, joko sinbolikorako txoko bat… Kanpotik barrurako ikasketa esperientziak dira horiek, heldua baita proposamenak egituratzen dituena”.

Haurraren barne beharrei erantzutea. “Barrutik kanporako mugimenduari laguntzeko gune gisa ulertzen dut eskola, haurrak gara ditzan eta konekta dadin bere interesekin, beharrekin eta nahiekin. Euren beharrekin eta nahiekin konektatuta daudenak izango dira gizaki sanoak; bere barruan sentitzen duen beharra asetzeko momentua den ala ez kudeatzeko gai den pertsona hori izango da pertsona osasuntsua, ez bere barnearekin deskonektatua dagoena. Beraz, barrutik kanporako mugimendu horri leku egin behar dio eskolak”.

Haurrek kulturaren kodeak ikastea. “Gure gizartean harreman sozialak garatzeko beharrezko diren oinarrizko konpetentzia akademikoak eurenganatzeko aukera eman behar die eskolak haurrei. Gaitasun linguistikoak garatzen lagundu behar du, adibidez; irakurketa-idazketa oinarrizkoa da”.

 

Egitura pedagogikoak, eskolaren helburuen arabera

 

Hezkuntza eraldatzeko, beraz, galdera asko egin behar ditu irakasle taldeak, Mateuren aburuz. Eta egingo diren aldaketa txikiek eta eraldaketa handiek, hartara, oinarri sendoa izango dute. Abstraktutik konkretura, teoriatik praktikara, ikastetxeetako egitura pedagogikoek behar esentzialei eta hezkuntzaren helburuei nola erantzuten dien galdekatu zuen ondoren. “Ikastetxeetara noanean, antzeko gauzak adierazteko hitz asko erabiltzen ditugula ikusten dut: espazioak, txokoak, gelako ehuna, prozesuak, proiektuak, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza, interes-guneak, borobilak, tailerrak… Egitura pedagogiko horiek zer-nolako ikaskuntza-esperientziak eskaintzen dituzten aztertzea komenigarria da, barrutik kanpora edo kanpotik barrurako ikaskuntza eskaintzen duten aztertzea, oreka bila dezagun. Egitura pedagogiko bakoitzean helduaren rola zein den hausnartu behar dugu, nolako taldekatzeak egiten ditugun eta taldekatze horiek haur guztiekin eta bakoitzarekin kalitatezko harremanak izateko zer aukera eskaintzen duten hausnar dezagun…”. Egiturak ez dira helburu, Mateuren arabera, “baizik eta eskolaren helburuetara iristeko tresna”. Zirkulazio librea jarri zuen horren adibide: “Tailerraren helburua haurrak esperientzia berrietara irekitzea baldin bada (2. helburua), zirkulazio libreko guneen helburua barrutik kanporako mugimenduak garatzea da, hau da, haurraren autoerrealizazioa, autonomia eta autoerregulazioa garatzen laguntzea. Baina kontuan izan behar dugu zirkulazio libreko guneetan haurren arreta fokalizatua egotea eta kalitatezko ikaskuntza gertatzea oso konplexua dela; ikaskuntza sentsorio-motriza, erlazionala eta sinbolikoa nahiko erraz garatzen da zirkulazio librearen bidez guneetan, baina konplexutasunezko ikaskuntzak egitea ez da erraza Lehen Hezkuntzan. Konplexutasun hori ongi ulertzea beharrezkoa da kaosean eror ez gaitezen. Zirkulazio librea ez da helburua, ez da helburua haurrak gune ugarietatik libreki zirkulatzen ibiltzea. Egitura pedagogikoak ez dira helburu, bidelaguntza egokia lortzeko tresnak baizik. Egitura batzuk ala besteak erabiliko ditugu taldearen eta ekipo pedagogikoaren arabera, baina garrantzitsua da argi izatea zer lortu nahi dugun”. Gisako hausnarketak buruan, egitura pedagogiko bakoitza eskolako lau helburuekin lotzeko ariketa egin zuen Mateuk: 

Borobila: “Bizitzen ikastearen helburua lortzeko egitura pedagogiko paradigmatikoa da, entzuketari eta adierazpenari laguntzen dio, eta nola sentitzen garen ulertzen laguntzen du”. 

Guneak eta zirkulazio libreko guneak: “Autoerrealizazioaren helburuari erantzuten dio egitura pedagogiko horrek”.

Tailerrek edo zuzendutako proiektu bidezko ikasketek esperientzia berriei ateak irekitzeko helburuari erantzuten diote.

Kultur kodeak eurenganatzeko helburuari erantzuten diote konpetentzia praktikoak lantzeko tailerrek. “Batez ere proposamen dibertsifikatuekin proposatzen direnean, tailerrak egitura pedagogiko egokia izan daitezke konpetentzia akademiko estrategikoak eurenganatzako, hala nola, irakurketa-idazketarekin eta matematikarekin zerikusia dutenak”.

Eraldaketa: lauzpabost urteko prozesua

  

Hasieran planteatutako oinarrizko galderei erantzunez eta egitura pedagogikoak aztertuz has liteke Lehen Hezkuntzako eraldaketa pedagogikoa, Mateuren aburuz. Prozesu bat izango dela nabarmentzen du, urtetako prozesu bat: “Lauzpabost urteko eraldaketa prozesuaren bidez, nola irits gaitezke kanpo-barruaren arteko oreka duen eskola eredu batera? Nola lor dezakegu haurrek zer eta nola egiten duten erabakitzeko aukera dugun eskola? Eduki estrategikoak eurenganatzeko denborak ezarriak dituen eskola, aukera berriei ateak zabalduko dizkiena eta taldeko denborak ere eskainiko dizkiena? Nola iritsi momentu horretara? Nola lortu guneetan ekintza autonomoa egotea, tailerrak edo proiektu zuzenduak egotea, borobilerako denborak egotea…? Prozesu bat egin behar da horraino iristeko. Prozesu horretan, lehendabiziko urtean, adibidez, tailerrak landu ditzakegu: nola egiten ditugu tailerrak? Beha dezagun zer den haurrentzat esentziala tailer horietan eta ea gure eskaintzak asetzen duen euren beharra… eta hurrengo urtean beste egitura pedagogiko bat birpentsatuko dugu”.

 

Kataluniako esperientziara itzulita, eraldaketa prozesuak oso konplexuak direla azpimarratu zuen. “Itsasontzi bat zaharberritu nahi dugunean, itsasotik atera, tailer batera sartu eta lan egiten dugu. Itsasontziak aurrera jarraitzen duen bitartean egin nahi izaten dira eskoletan eraldaketa prozesuak. Nora goazen erabaki behar dugu; irakasle guztiak ontzian ote doazen behatu behar da”. Mateuk argi utzi zuen eraldaketa ez dela erraza, “ezin gara gauetik goizera tailerretatik zirkulazio librera pasa, umeak bidean galdu gabe”. Era berean, eraldaketa prozesuak oso baldintzatuak daudela nabarmendu zuen: “Aldaketak tentsioa ekarriko du, hasteko aldatu nahi ez duten irakasleengan, batzuk gustura daudelako egiten dutenarekin; eta beste batzuk beldurra eta ezjakintasuna dutelako. Tentsioa eragingo die aldatu nahi bai, baina nola aldatu ez dakitenei ere. Horrek guztiak energia asko eskatzen du eta beharrezkoa da talde-lana, antolakuntza ona eta bidelaguntza eskainiko duen esperientzia, bestela oso mingarriak izan daitezke prozesuak”.

Praktikaz gogoeta egin, praktika hobetzeko

Huheziko Miker ikerketa taldeko Karmele Perez Lizarraldek irakaslearen praktika gogoetatsuaren eredua aurkeztu zuen, eraldaketa egiteko metodologia gisa. Teoriaren analisi partekatua eta gelako praktikaren autokonfrontazioa uztarten ditu ereduak.

Lehen Hezkuntzako eraldaketak —beste edozein hobekuntza prozesuk bezala— metodologia behar du prozesua garatzeko. Hik Hasik eraldaketarako oinarriak eskaini asmoz, Huheziko Miker ikertaldeko Karmele Perez Lizarralde irakaslea gonbidatu zuen praktika gogoetatsuaren metodologiaren berri emateko. Hizkuntzaren didaktikaren alorrean garatu du hobekuntzarako eredua Mikerrek. 

 

Prestakuntza gogoetatsuaren muinean Schön autorearen 1983ko Praktikari gogoetatsua liburua dago. Irakaslea bere praktikaz eta ekintzaz gogoetan jartzea proposatu zuen Schönek, “praktikaren aurretik, praktikan eta praktikaren ondoren gogoeta egitea”. Schönek marko teorikoa ezarri bazuen ere, Perez Lizarraldek adierazi zuen ez zuela “pistarik” eman gogoeta hori egiteko, eta hain zuzen ere Tardif izan zen 2012an gogoeta hori nola egin “pistak” eman zituena. Tardifen hainbat gogoeta ekarri zituen irakasleak: “Gogoeta esperientzia soziala da, ez jarrera indibiduala; kritikoa izatea norbere sinesmenak sistematikoki aztertzeko eta segurtasunak, aurreiritziak eta interesak zalantzan jartzeko gai izatea da”. 

 

Irakaslearen praktika hobetzeko prozesuak proposatzen ditu Miker taldeak Schön, Tardif eta beste hainbat autoreren lanak bilduz: “Oso modu kokatuan, gela bakoitzean eta eskola bakoitzean eraiki behar den prozesu bat da. Irakasleari berari aitortzen diogu ezagutza; inor baldin bada aditua, bera da. Praktika gogoetatsuaren helburua ez da ebaluatzea, baizik eta ulertzea zer ari den gertatzen, eta lanbidearen kontzientzia eta garapena sustatzea. Kontua da zer egiten duen irakasleak gela horretan, nola eta zergatik. Zein dira baldintzatzaileak hori horrela gerta dadin? Goazen elkarrekin ulertzera eta hobetzera”. 

 

Praktikaren analisia (bideoz grabatu eta berau banaka eta taldean autokonfrontatuz) eta teoriaren analisi partekatua uztartzen dituen prozesua proposatzen du Mikerrek irakasleen praktika hobetzeko. Horrek, hobekuntzaren abiapuntuan ezarri duten gaia (Mikerren kasuan hizkuntza didaktikari lotua) hobetzeaz gain, praktika orokorra hobetzea ekarriko du. Norbere eta irakasle taldearen praktika aztertu, ulertu eta hobetzeko modu indibidual eta kolektiboak bilatzen baitituzte: “Modu dialogikoan aritu behar dira, talde-lanean. Praktikaren eta teoriaren arteko solaskidetza behar da”. Huhezikoek gidaritza eskaini ohi dute prozesuan, erraztaileak izango dira, baina prozesua ikastetxeak egiten du: “‘Konturatu naiz’ horretara iristen lagundu behar diegu irakasleei. Eta hortik, irakaslea eta eskola izango dira beren errealitatea eraldatzeko gai izango direnak”.