Aines Dufau: “Irudi du Frantzia mendratuak dituen herrien beldur dela”

2023-05-23

Ikas euskal pedagogia zerbitzuak 25 urte bete ditu, eta lemazain nekaezina eduki du urte hauetan guztietan: Aines Dufau. Amikuzeko (Nafarroa Beherea) familia euskaldun batean jaio, eskolan frantsestu eta 17 urterekin erabaki zuen erdaldun izateari utzi eta euskaldun bihurtzea. Geroztik, euskalgintzan murgildu eta Ikasen dihardu. Ikasek euskara eta euskarazko irakaskuntza hedatzen laguntzea dauka xedetzat, bai eta euskal ondarea eta kulturaren ezagutza ikastetxeetan bultzatzea ere, hainbat bide erabiliz: Uztaritzeko bere egoitzako mediatekan mota guztietako dokumentuak kontsultzatzeko edo mailegatzeko aukera eskainiz, pedagogia saileko animazioak eta ikerkuntza landuz, irakasleen formakuntza eta informazio saioak antolatuz, eta ikasmaterial berriak sortuz eta hedatuz. Irakasleen beharrei eta hizkuntza politikei beha bizi da Dufau.

 

 
 
Aines Dufau: “Irudi du Frantzia mendratuak dituen herrien beldur dela”

Ikase euskal pedagogia zerbitzuaren ibilbidean zure izena nahitaez aipatu beharrekoa da. 30 urte egin dituzu bertan lanean, euskalgintzan aritzeko hautua egin zenuelako. Zerk bultza zintuen hautu hori egitera?

Lehen lana legelari baten kontsultan egin nuen, eta lan interesgarria zitzaidan. Aldi berean militante edo laguntzaile gisa ari nintzen euskalgintzan: AEKn, Euskal Herrian Euskaraz elkartean, Maiatz argitaletxeko hedapen lanetan, halaber Euskaldunon Egunkaria abiatu zelarik ere. Euskalgintza pixka bat ezagutzen nuen eta 1991n jauzia egin nuen euskaraz bizitzeko xedez.

Baina, oroz gainetik, zerbait konpondu beharra nuen, gorputzeko atal bat —euskara— falta baitzitzaidan. Eta horrek manatu du nire ibilbidea.

 

Gorputzean zerbait falta zenuela diozu, euskara, alegia. Ipar Euskal Herrian familia euskaldun batean jaioa izan arren, euskara falta zitzaizun. Nola da posible? Zer gertatu zen?

1960ko hamarkadan sortua naiz, Amikuzeko herri txiki batean. Euskaraz aritzea debekatua zitzaigun eskolan, eta beraz, haurridetarik lehenak erdara ekartzen zuen etxera. Ni bigarrena nintzen, ahizpa gehiena baino urte bat gazteagoa. Beraz, frantsesa jaso nuen ttipitan eta ez naiz oroit euskaraz mintzatu izana. Alta, ingurumen guzia baserrikoa eta euskalduna zen; gurasoak, familia eta auzoak, denak errotik euskaldunak. Gurasoak euskaraz mintzo zitzaizkigun baina haurrek arrapostua frantsesez ematen genien. Euskaldun hartzailea baizik ez nintzen.

Euskaraz ezin mintzatuz, hein batean ene gorputz-atal baten falta sentitzen nuen. Gainera herritar zahar batzuek ohartarazten zidaten ez nintzela gai euskaraz aritzeko, trufa edo berdin erreprotxu aire batekin. Hori ere euskalduntzeko akuilu gisa bizi izan nuen.

Baionako lizeoan lotu nintzaion euskarari, euskara lantzeko hautua izan nuenean. Hizkuntza ene saila zen, hizkuntzak nituen maite. Ordu arte frantsesez, gaztelaniaz, ingelesez eta errusieraz mintzatzeko gai nintzen; ez, ordea, euskaraz. 

Zenbait urteren buruan, aitamekin euskaraz mintzatzen hasi nintzen eta gero, euskaraz. Euskaldun puskatua nintzela sendi bainuen, urteak eman ditut berrosatzen, eta bide horretan nabil oraino.

 

Eta berrosaketa horretan Ikasek ireki zizun bidea.

Euskalgintzan sartzeko aukera izan nuenean, deliberatu nintzen. 1991n norbait bilatzen zuten denbora erdiz aritzeko Euskaltzaindian eta beste denbora erdiz Ikasen, egoitza berean, Baiona Ttipian. Parada baliatu nuen eta geroztik Ikasen nabil.

 

Hamarkadetako ibilbidea egin du Ikasek euskarazko ikasmaterialgintza ekoizten eta euskararen eta euskal kulturaren transmisioa egiten. Zein izan dira ibilbide horretako mugarriak?

Ikas 1959an sortu zen kultur elkarte gisa, eskola publikoetako eta giristinoetako 200 bat irakaslek bultzaturik. Garai hartan hiru andere aitzindari izan ziren: Madalena Jauregiberri eta Janamari Malharin irakasleak, eta Marijane Minaberri haur literatura saileko idazlea. 1970eko hamarkadan bazen herri ttipien aldeko eta arteko askapen mugimendu handia eta hori ageri da Ikasen orduko artxiboetan: ikasmateriala egiten zen, baita kultura eta hizkuntza gutituen aldeko koordinazio lana ere Frantzia mailan. Ikasen lehen idazkaria Manex Goihenetxe historialaria zen, eta elkarteburua Jean Haritxelhar.

1991n Ikasen eta Euskaltzaindiaren langile gisa hasi nintzenean, Danièle Albizu euskal irakaslea eta Urruñako hautetsi abertzalea zen Ikaseko elkarteburua. Bestalde, Jean Haritxelhar zen euskaltzainburua eta Piarres Xarriton Euskaltzaindiaren Iparraldeko ordezkaria. Biekin anitz ikasi dut Euskaltzaindian egon naizen bost urteetan. Biziki baliatu zait Euskaltzaindian ikasia, eta haren bidez ezagutu eragileak, bereziki Hegoaldekoak.

1993tik 1996ra halako bihurgunea gertatu zen Ipar Euskal Herrian, orduan landu baitzen lurraldearen antolamendua, hainbat sailetan: besteak beste azpiegituretan, mugaz gaindiko harremanetan, laborantzan, turismoan, kulturan, hizkuntza politikan, eta abar, hori guzia Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren ardurapean. Testuinguru horretan, Ikas kultur elkartea oraingo Ikas pedagogia zentro bilakatu zen. Baiona Ttipitik lekutu zen eta Uztaritzen plantatu.

 

Nolakoa izan da hizkuntza politika?

Iparraldeko hizkuntza politika nolakoa den ageri da azken hogei urteetako inkesta soziolinguistikoen emaitzei behatuz: euskararen gainbehera ez dela gelditzen. Daturik ohargarriena erabilerarena da:
% 5ez petik da gaur egun.

Euskararen Erakunde Publikoa 2004an sortu zen hiztun osoen egiteko helburuarekin eta gazteak lehentasunezko xede gisa finkaturik. 2014an, Iparraldeko hautetsiek berek erran zuten Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua bikoiztu behar zela, bakarrik hiru milioikoa baitzen orduan, eta euskara biziberritu behar zela Iparraldean. Erran, baina ez egin. Gaur egun, EEPren aurrekontua lau milioikoa da eta funtsezko aitzinamendurik ez da egin. 2017an sortu den Euskal Elkargoak badu rol handia jokatzeko, nahi badu... 

Oraingo hizkuntza politikak euskara itzaltzeko bidean uzteaz gain, euskalgintzako eragileen egoera kordokan ematen du. Hori goraki diote garai honetan Iparraldeko AEKk eta aisialdiaz arduratzen den Uda Leku elkarteak.

Irakaskuntza da gehienik aipatzen eta hor ere datuak argi dira: lau ikasletarik hiru frantsesezko sailean eskolatuak dira. Murgiltze sistemak ikasle guztien % 7 baizik ez ditu biltzen.

Eta eskolatik kanpoko ingurumena azkarki aldatzen ari da: urtero 3.000 bat jende heldu delarik kanpotik Iparraldera bizitzera. Denentzat, erran nahi baita heldu berrientzat eta euskaldunentzat, hobeki litzateke euskararen herrian direla ohartarazten bagenie, eta araberako harrera egiten, gure kultura eta hizkuntza ezagut eta ahalaz estima dezaten.

Baina herri mugimenduak ez dezake hori bakarrik eraman. Handia da gure erakundeen ardura!

Iduri du Frantzia mendratuak dituen herrien beldur den, eta euskara bezalako mintzairak traba zaizkiola. Zergatik hainbeste tema itzaltzeko bidean ezarri dituen mintzairen kontra? Euskara mintzatzen den artean, batzuk gaizki dira, Parisen, eta hemen berean ere. Gure mintzairak denen aberastasuna izateko partez, hastial zaizkie eta kito, ene iduriko.

 

Ikasek nolako harremana du administrazioarekin?

Frantzian ez da elkarte moduan antolatua den egiturarik ikasmaterialgintzan, salbu Ikas. Beste guztiak Hezkuntza Nazionalaren adarrak dira: bretoiak, okzitaniarrak, korsikarrak eta itsasoz haraindiko uharteetakoak. 

Oraixtian aipatu dudan lurralde antolamenduari buruzko gogoetaren karietara, Iparraldeko hautetsiek baieztatu zuten lehengo Ikas kultur elkartea pedagogia zentro bilakatuko zela,  Hezkunde Nazionalaren pareko eginkizuna ukanen zuela eta beharren araberako dirua pedagogia tresnen sortzeko. Baina dirulaguntza bozkatzeko unean, frantses estatuak ezetz erran zuen: dirua ematekotan, bere usaiako zerbitzuek zutela jaso beharko, eta Ikas azpikontratatu gisa ariko zela. 

Sokatira partida bortitza izan da 2000. urtetik 2009.era arte. 

Frantziako Hezkunde Nazionalak Ikasen lana oztopatzen zuen eta dirulaguntza Ikasi itzala egin ziezaiokeen beste elkarte bati ematen. Jazarpenak iraun du eta Ikasen irudia prentsan ere zikindua izan da. Biziki gaizki bizi izan dut, nahiz irakasle batzuek etengabe sostengua ekartzen ziguten, eta halaber Ikasen euskalgintzako elkarteek, euskal unibertsitarioek eta euskaltzainek.

Ikasek nolabaiteko sinesgarritasuna lortu zuen lehen matematika liburuak, hizkuntza saileko tresna batzuk eta haur literatura obrak plazaratzean.

2009an hautetsi batek ararteko lana egin zuen eta azkenean Hezkunde Nazionalak ikerketa bat eginarazi zuen Ikasen jarduna aztertzeko. Ehun bat pertsona elkarrizketatu ziren eta ondoren txosten bat egin zuten. Ikerlariak ondorioztatu zuen Ikasen labela kalitatearena zela, argitalpen sailean, pedagogia sailean eta hizkuntza sailean. 

2010az geroztik harreman normalak dauzkagu Hezkunde Nazionalarekin. Gure eginkizunen betetzeko mediorik aski ez baldin badugu ere, azken hiru urte hauetan egoera hobetu zaigu, bereziki Bigarren Hezkuntzako materiala sortzen hasten ahal baikara, azkenean. 

 

Ikasen ikasmaterialgintza jardunari begira jarrita, itzulpen lanez gain, sorkuntza lanak gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira, ez da hala?

Bai, preseski. Duela 25 urte, dena egitekoa baitzen eta bakarrik bi langile baikinen, lehenik irakasle boluntario batzuekin euskararen lantzeko tresna zenbait sortu genituen, euskaraz irakasteko hiztegiak finkatu (matematiketan, historia eta geografian, zientzietan...) eta euskaraz irakasteko materiala frantsesetik itzultzen hasi ginen.

Matematiken irakasteko liburuek eta fitxategiek arrakasta handia bildu zuten. Oso material ona zen, parte handi batean euskaraz ongi jantzia zen Iban Harluxet matematikariak ekarri laguntzari esker. Liburuok irakasle askori aldatu diete bizia, hala erran digute. 

Gaur egun, Lehen Hezkuntzako proiekturik handiena, hats luzekoa, mailaz maila hizkuntzaren lantzeko metodoa dugu, proposamen aberatsa ekartzen duena didaktika sailean, kultur edukietan eta euskarrien ikuspegitik ere. 

Bigarren Hezkuntzako historia eta matematika sailetan, sorkuntza lana egiten ahal dugu, gai bakoitzean irakasle bat denbora erdiz libratzen baita ikasmaterialaren sortzeko.

Gertatu zaigu, bestalde, Seaskako hiru irakaslek sortu fisika eta kimika liburuen argitaratzea. Biziki estimagarria da irakasleek denen faboretan egina, nola ez!

 

Euskal Herriko ikuspegia txertatzen duzue materiala sortzerakoan.

Ikasen denbora erdiz ari diren irakasleak esperientzia handikoak dira eta badakite norentzat ari diren. Ikasleen hizkuntza maila kontuan hartzeaz gain, gure ondare naturala eta kultura balioztatzen dute. Hori begi-bistakoa da euskara eta literatura sailean, eta posible da euskaraz irakasten diren gaietan ere.

Historia saila munta handiko gaia da kultura transmititu nahi denean. Aurten Maite Urmeneta lankideak XIX. mendeari buruzko liburua plazaratuko du eta hartan Euskal Herri osoko dokumentuak azaltzen ditu. Ikustekoa da! 

Matematika nozioen lantzeko, ingurumen hurbilean aurki daitezke adibideak, hala nola Donibane-
Lohizuneko badiaren zabaleraren kalkulatzeko bideak. 

Zinez pozgarria da denbora erdiz Ikasera heldu zaizkigun euskara, historia eta matematika sailetako irakasleek ekartzen dutena, oraingo praktiken araberako tresna erakargarriak sortzen baitituzte, hori guztia talde lana eramanez Ikaseko lankideekin. 

Aurten euskal irakasle guztiei ezagutaraziko diote sortu berri duten materiala, nork bere sailean, eta jakin-minez gaude pedagogia tresna horiek nola hartuko eta erabiliko diren ikastetxeetan. Izan ere, materiala argitaratu aitzin, ikastetxe zenbaitetan probatzen da, irakasleen laguntzaz.

 

Ikasmaterialaz gain, zuen egoitzan liburutegia daukazue eta irakasleak etor daitezke. Horrek haiekiko harremanak estutzen laguntzen du?

Bai, eta hori biziki inporta zaigu. Gainera, bi aukera dauzkagu irakasleekin hitz egiteko: irakasleak mediatekara etortzen direnean, eta bestalde, Ikasek argitaratzen duen materialaren bila heldu direnean. Askotan irakasleak bien bila heldu dira: Ikasen titulu berrien hartzera eta mediatekako dokumentuen mailegatzera.

Beraz, bi aukera dauzkagu irakasleekin solas egiteko. Gure lankideek, bai dokumentalistak bai banatzaileak, biek dituzte harreman jarraikiak irakasleekin, eta horrela hartzen dute haien egoeraren eta beharren berri.

 

Zuen zerbitzua Ipar Euskal Herri osoko irakasleei irekia al da? Sare guztietako irakasleengana iristen al da?

Bai, eginkizun publikoa betetzen dugun ber, Iparraldeko euskal irakasle eta ikasle guztientzat ari gara. Lehen Hezkuntzako irakasleak dira gehienik heldu Ikasera, haientzat euskarri materialeko tresna anitz gehiago baitugu eskaintzeko. Bestalde, pedagogia egunetan zuzenean irakasleekin harremanetan gaude. Hitzordu horiek beharrezkoak zaizkigu, dudarik gabe.

Bigarren Hezkuntzari doakionez, luzaz urrun sentitu ditugu irakasleak, tresna guti baikenuen haiei eskaintzeko: oroz gainetik frantsesetik itzuli materiala. Orain hiru irakaslek lan egiten dute ikasmaterialgintzan, denbora erdiz eta horrek hobekuntza handia ekartzen du. Bidenabar, ikasmateriala sortzen ari diren irakasleek lotura egiten dute beren saileko lankideen eta Ikasen artean. 

Bestalde, Hezkunde Nazionaleko ikuskari batzuk, hain zuzen Ikasen kontu ari diren irakasleen sailetakoak, euskal irakaskuntzaren aldekoak dira. Haiei esker, Ikasek parte hartzen ahal du antolatzen dituzten irakasleen mintegietan, eta hartan biltzen dira sare publikoko, sare giristinoko eta Seaskako irakasleak. 

Biziki inporta du jendeen arteko harremana izatea. Komunikazio digitala baino askoz goxoagoa eta eraginkorragoa da!

Harreman zuzen horiek oso motibagarriak dira Ikaseko talde osoarentzat. Denak oso gogotsu ari gara eta denek ahal bezain ongi lan egiten dugu, zerbitzu publikoaren eginkizuna ongi bete nahian, orduan gure zerbitzu hartzaileekilako harremanak gogotik hartzen ditugu, bistan da.

 

Sare desberdinetako irakasleek beren artean harreman ona al dute?

Bai, eta hori ikusten dugu irakasleen mintegi edo elkarretaratzeetan. Azkenean, erronka berberak dituzte: ikasleak aitzinarazi behar dituzte, mailaz maila segi dezaten euskal irakaskuntzan. Ikasleen eta gurasoen gogoa suspertzen segitu behar dute. Seaskaren eredua azkarrena izanik ere, denak elkarren beharretan dira irauteko eta garatzeko. Masa kritikoa denen artean baizik ez da egiten ahal.

Eta sareen arteko elkartasuna are beharrezkoagoa da haizea ez delarik alde: Frantziako Gobernuak errepikatzen du beti frantsesa dela errepublikaren hizkuntza eta horrez gain, lurralde hizkuntza gutituak ingelesarekin eta espainolarekin lehian ematen. Nabari da 2019an egin zen Batxilergoko erreformaz geroztik. Nahi ala ez, horrek ere irakaskuntza goitik behera hunkitzen du.

Ez da harritzekoa beraz euskalgintzan hiru sareek bat egitea euskalduntzen duen hizkuntza politikaren eskatzeko. Hala gertatu zen 2021eko maiatzean, Molac legearen testuinguruan, murgiltze sistemaren kontrako erasoari buru egiteko; 9.000 lagun bildu ziren Baionan, eta besteak beste hiru sareetakoak. Eta hala gertatu da apirilaren 22an Baionako karriketan, Azterketak euskaraz, euskarari trabarik ez! lelopean egin den manifestaldi jendetsuaren karietara.

 

Zer harreman duzue Hegoaldeko erakundeekin eta elkarteekin?

1990eko hamarkadan, Ikas oraino kultur elkartea zelarik, ez oraingo Ikas zentro gisa antolatua, harreman jarraikiak bagenituen Hegoaldeko elkarte zenbaitekin. Mugaz gaindiko dirulaguntzak baliatzen genituen proiektu batzuen elkarrekin eramateko, adibidez astebeteko egonaldiak Hegoaldeko eta Iparraldeko ikasle eta irakasle multzoentzat, denak elkarrekin Bakaikun. Oroitzapen ederrak ditut. 

Harreman iraunkorrak josi ditugu bibliotekonomia sailean 1997az geroztik. Ikasen mediatekaren antolatzeko, Hegoaldeko dokumentazio sailetako arduradunengana jo genuen, eta halako sare bat antolatu zen orduan Iparraldeko eta Hegoaldeko dokumentalisten artean. Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia sortu zuten Ikas, Koldo Mitxelena kulturunea, HABE, Euskaltzaindia eta beste partaide batzuetako liburuzainek. Garai batean euskal liburutegi nazionalaren ametsa ere izan da…

Euskararen Erakunde Publikoa sortuz geroztik, diru beharretan oinarritzen ez diren harremanak baditugu Euskal Herri osoko elkarte eta erakunde zenbaitekin: Euskaltzaindiarekin, bistan da, gure argitalpenen gainbegiratzailea izateaz gain, Ikasen partaide historikoetarik baita, halaber UEUrekin, Kepa Sarasola zuzendari ohia dela medio lotura atxikitzen dugu beti, eta nola ez Hik Hasirekin: 25 urte hauetan, luzaz Joxe Mari Auzmendirekin eta orain Ainhoa Azpirotzekin.

Batasunen ibilbidea polita da jendeen arteko harremanez ehuntzen baita, denek helburu bera dugularik!