Miren Azkarate: “Liburuarekin, ikusezin izateari utzi diogu erbesteratuen seme-alaba askok”
Bere historia pertsonaletik abiatu eta Kuba, Venezuela, Suitza, Cabo Verde... mundu zabalean zehar barreiatuak dauden euskal erbesteratuen seme-alabei ahotsa eman die Miren Azkarate Badiolak, euren historiak ikusezintasunetik argitara atera baititu 'Ikusezinak. Erbesteratuen seme-alabak' liburuan. Harrera beroa izan du Garak argitaratu duen lanak, eta bigarren edizioa egingo dute. Bere arantza propioa ez ezik, ehunka lagunena atera du liburuak.
Euskal iheslarien, errefuxiatuen edo deportatuen seme-alaben historiak jaso dituzu, tartean zeure historia. Kasu asko dira, baina ezezagunak gizarte zabalarentzat. Zer arantza kendu nahi zenuen liburuarekin?
Arantza hori tituluak esaten duena zen: ikusezin sentitu izan naiz haurtzarotik gaur egunera arte, liburua kaleratu den arte. Gure gurasoen silueta beltz horrek ahalbidetu zuen haiek ez izatea izen-abizenik, eta horrekin batera, ahalbidetu du gu ere, beraien seme-alabak, ez existitzea. Arantza zen nitaz ez dela inor gogoratu, eta ikusi dut, nitasunetik, arantza pertsonal horretatik abiatu eta liburua osatu dudanean, denok genuela arantza hori. Iheslarien, deportatuen edota errefuxiatuen seme-alaba guztiok sentitu gara ikusezin, denok errepikatu dugu hitz hori. Beste aldea hutsune politikoari zegokiona da. Politikoki ere gu ez gaituzte kontuan izan. Arantza zen esatea “hemen gaude, hemen egon gara eta oraindik hau ez da amaitu”. Horregatik ekarri dut Uraitz Txapartegiren kasua. Adin txikiko bat, Europako bihotzean, pasaporterik gabe, ama iheslaria izan duelako.
Egoera desberdinak ekarri dituzu, lekuak ere bai, Cabo Verde, Kuba, Venezuela… Baina historia guztietan haurtzaroan bizi izandako beldurra eta gezurra errepikatzen dira. Zein dira zuen historien ezaugarri komunak?
Batez ere bi horiek. Gure haurtzaro guztia gezur erraldoi bat zen, bere kontraesan handienarekin: haurtzaroan gehien errepikatzen dena da ez dela gezurrik esan behar. “Hau ezin duzu esan”; “hona ez gara etorri”; “hau ez duzu ikusi”; “zure aitak ez-dakit-zertan egiten du lan…” Den-dena zen gezurra. Zapiraindarren kasua, aita hamar urtez etxean ezkutatuta izate hori, icebergaren punta da, baina denok geneukan atzean gezur bat, eta horrek ikaragarrizko beldurra eragiten zuen. Beldurrak aurpegi ugari zituen: batetik, gure gurasoei zerbait gertatzeari beldurra genion. Haur batek ikusi behar ez dituen gauza asko bizi izan ditugu: hilketak, hilketa saiakerak, lagunen desagerketak, espetxeratzeak, deportazioak… Nire kasuan, nire ama haurdun zegoela, aitaren pisukidea hil zuten GALekoek; aita izan zitekeen. Beldur nagusia zen gure gurasoei eta familiari zerbait gertatzea. Eta familia zabalaz ari naiz, niretzat familiaren terminoa, familia nuklearretik harago, askoz ere zabalagoa izan da. Nik ama asko ditut, aita asko ditut, anai-arreba asko ditut, eta denak nire berdina bizi izan dutenak dira, eta hor egon direnak, haientzat ez naiz ikusezina izan. Geure artean eremu aske bat bagenuen, non libre ginen eta gezurrik ez zegoen. Haiei zerbait gertatzea zen gure beldurrik handiena, eta beste beldurra hanka sartzearena zen. Gutako batek hanka sartzen bazuen, ondorio larriak izan zitzakeen: atxiloketa, deportazioa... Oso txikitatik ardura handiegia jarri zitzaigun gainean.
Eta ardura horri nola egiten zaio aurre?
Haurtzaroko xalotasunean, guri gure bizitza oso normala iruditzen zitzaigun. “Hau da denek biziko dutena”, pentsatzen genuen. Hori izan da guk ezagutu duguna, eta uste genuen hori zela haurra izatea. Gerora, nik uste dut ez garela gelditu pentsatzera zer suposatu duen horrela hazteak. Agian orain, hitz egin ahal dugula, gauzak bestela izango dira. Orain arte ezin izan dugu hitz egin, anai-arreben artean ere ez, gure gurasoen mundua hain tabua izan da eta hain isilik egon behar genuen, anai-arreben artean ere ez dugula hitz egin gaiaz. Orain badirudi hasi garela gaiaz hitz egiten, liburuaren harira.
Familia zabalaren bizipena da historia horietako ezaugarri positiboetako bat.
Oso zoriontsu izan ginen gure gerra txiki handi horren barruan sartuta. Guk jaso genituen balioak oso garrantzitsuak izan dira, batez ere amek transmititu dizkiguten balioak handiak izan dira. Eman diguten maitasuna ere ikaragarria izan da, ez bakarrik amak, inguruan izan ditugun emakume horiek guztiek eman digutena, ezin da hitzez esplikatu. Nik hori ez nuke inondik inora aldatuko. Amek egin zutena ikaragarria izan da
Amen papera nabarmentzen duzu liburuan, lehenengo pasartetik. Zer esan nahiko zenuke?
Ama bereziak dira, egin duten guztiagatik. Ama hauek euskal gatazka deitu dugun horretako beste ikusezin batzuk dira. Ez dut ezer asmatzen, mundu mailako edozein gerratan, lehen lerroan gehienetan gizonezkoak daude eta atzeraguardia deitu dugun horretan emakumeak, haurrak eta jende heldua dago. Bata bestea gabe ez da gerrarik irabazten, baina lehenengo lerro horri buruz asko esan da, egin dira filmak, liburuak... eta bigarrenari buruz, ezer ez. Eta Euskal Herriko gatazka ez da salbuespen bat. Amek dena egin zuten: zaintza, borroka, dena. Liburuan parte hartu duten guztiek amaren figura merezi duten lekuan jartzen dute.
Aldiz, aitak ez dira idealizatzen kontakizun hauetan, bereziki zure pasartean.
Aitarekin harreman handiena eduki dutenek ere, ez dute horrela ikusten. Nahiz eta harreman handia izan, ez dugu ezagutzen pertsona hori. Aldanatarren kasuan, adibidez, urtero joan dira hiru hilabetez aitarekin bizitzera eta, hala ere, sentsazioa da ez zutela ezagutu. Nik, nire kasu pertsonalean, sentsazio bera daukat: pertsona arrotza da. Nire bizitzan bost aldiz ikusi dut Kuban, gero hona etorri da eta zerotik hasi beharra izan dugu.
Historia hauek idaztea zer izan da zuretzako?
Azken 60 urteetan, Euskal Herrian 2.500 iheslari egon direla kalkulatzen da. Hortik batez besteko bat ateratzen badugu, ehunka bagara maletadun haurrak. Herrialdeak oso anitzak dira eta erradiografia oso zabala da. Hortik kasuistika ezberdinak hartu nahi nituen: batzuk Hego Euskal Herrian jaio dira eta gero Ipar Euskal Herrira joan dira; beste batzuk Kuban jaio dira eta han bizi dira… Gure artean ere mundu bat dago. Hori ordenatu nuenean ate joka hasi nintzen eta denek baiezkoa eman zidaten. Euren lehenengo hitzak “eskerrik asko” izan ziren; “eskerrik asko hau kontatzeagatik”; “eskerrik asko gurekin gogoratzeagatik”. Orduan hasi nintzen konturatzen maletadun haurren historiak kontatzeko beharra zegoela. Idazteko prozesua oso emozionala eta sentimentala izan da, enkontruak hala izan direlako.
Eta idazten ari zinela zeure aita itzuli zen Kubatik.
2021eko apirilean bertan jakin nuen etorriko zela. Gehien kostatu zaidan errelatoa izan da, inork ez baitzizkidan galderak egiten. Baina, era berean, eserialdi batean egin nuen botaldia izan zen, eta horrela bidali nuen. Muga politiko batzuk mantendu beharra neuzkan, baina nik ez nizkion muga humanoak jarri behar liburu honi, banekien hori zela bere balio handiena.
Harrera ikaragarria izan du liburuak. Katarsi bat izan da liburua argitaratzea?
Liburuarekin, ikusezin izateari utzi diogu erbesteratuen seme-alaba askok. “Beharrezkoa zen” eta “bazen garaia”, esan dit jendeak. Politikoki ere aitortu didate liburua beharrezkoa zela. Harrera ona izaten ari denaren erakusle da bigarren edizioa ateratzekoa dela. Ez nuen uste nik neukan arantza hainbeste jendek zeukanik. Liburu hau maletadun ume horien guztien lagina izatea nahi nuen eta jendeak esan dit, nahiz eta beraiek ez izan elkarrizketatuak, liburuan aurkitu dutela euren burua. Hori entzute hutsarekin gustura nago. Urte asko izan dira gurekin inor akordatu gabe.
Guraso zara eta baita liburuko asko ere. Halako haurtzaroak nola markatzen du gurasotasuna?
Gutako askok argi duguna da ez dugula gezurrik esango. Nire seme-alabek badakite aitona non egon den orain arte, beraiek duten adinaren ulermenaren arabera joango gara gauzak azaltzen, baina gezurrik gabe. Gure haurtzaroak markatu gaitu, jakina. Momentuoro etxetik alde egiteko prest bizi izan dira gutako batzuk, eta horrek markatu egiten du. Beldurra izango nuke berriro egoera aldatu eta orain gure seme-alabek guk bizi izan genuena bizi beharko balute. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua historia jasotzea, memoria egitea.