Mendigoitiren eraldaketa

2023-06-06

Lau lerroko ikastetxe gisa sortu zen 2000. urtean Mendigoiti D ereduko eskola publikoa Iruñeko Mendillorri auzoan. Jaiotze-tasaren beherakadagatik, ordea, 2014-2015. ikasturtean zortzi haur berri soilik hartu zituen. Desagertzeko zorian, eraldaketa pedagogikoa egitea erabaki zuen zuzendaritzak, lehendabizi Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntza osoan ondoren, haurrak benetan euren hezkuntza prozesuko protagonista bilakatuz eta Mendigoiti ikastetxe aktibo bihurtuz. Neurozientzian oinarrituta, IDU ikuspegitik eta Diziplina Positiboa ardatz hartuta, hainbat estrategia pedagogiko baliatzen ditu hezkuntzaren XXI. mendeko erronkei erantzuteko, hala nola, Montessori filosofia, Proiektu Bidezko Ikaskuntza, TBL, Ikaskuntza Zerbitzua, Arteen Bidezko Ikasketa… HIK HASIk egun bat igaro du Mendigoitin Ane Arribillaga zuzendariarekin eta David Castrillo ikasketaburu eta Neurohezkuntzan adituarekin. 

 
 
Mendigoitiren eraldaketa

B

estelako hezkuntza erantzun bat posible da”, behin eta berriz errepikatzen du esaldi hori Ane Arribillaga Mendigoiti ikastetxeko zuzendariak. Hausnartu, erabakia hartu, formatu eta gauzatu, hala egin dute eraldaketa pedagogikoa Iruñeko D ereduko eskola publikoan. 2.000. urtean ireki zituen bere ateak Mendigoiti ikastetxeak, lau lerrorekin, Iruñeko ekialdeko Mendillorri auzoaren hazkuntzari erantzuteko. Alabaina, hazkuntza eten eta beheranzko joera hartu zuen auzoko jaiotze-tasak, eta 2014-2015 ikasturtean zortzi haur berri soilik matrikulatu ziren. “Egoera haren aurrean hiru aukera ikusi genituen orduan eskolan geunden irakasleok: gauzak berdin egiten jarraitu eta desagertu; beste ikastetxe batera lekualdatu; edo gauzak desberdin egiten saiatu”. Ordurako hezkuntza tradizionalak, “memoristiko, produktibo eta instruktiboak” zalantza handiak sortzen zizkien bertan gelditu ziren irakasleei, eta begirada pedagogikoa aldatzea erabaki zuten. Haurra “benetan” bere hezkuntza prozesuaren protagonista bilakatu nahi zuten lau emakume haiek zuzendaritza taldean sartu ziren eta Mendigoiti pedagogia aktiboetara gerturatzen hasi zen; Wild, Stern, Aucouturier, Freire, Malaguzzi, Montessori... berrirakurri, ikastetxeak bisitatu… “eta Haur Hezkuntza eraldatu genuen. Hurrengo ikasturtean 42 haur berri matrikulatu ziren eta argi ikusi genuen eraldaketa pedagogikoa zela gure bidea, eta haurrek eta familiek benetan behar zutena”. 

 

Mendigoitin sartze hutsa aski da bestelako hezkuntza erantzun bat benetan posible dela ikusteko, eta ez soilik HHn, 3 urtetik 6ra, baita LHko bi zikloetan ere. Hasteko, haur guztiak etxeko txapinetan dabiltza barrenean. Dekorazioa ere etxekoa da, egurrezko altzari ederrak, sofak, kortinak, argiteria goxoa… Gela irekiak, girotan antolatuak, ohiko mahai eta aulki berderik gabe; pantaila digitalik ez, plastikorik ez; horien ordez, material naturalak, zurak, landareak… Haurrak korridorean Kapla eraikuntzekin lanean, besaulkian eserita irakurtzen… Eguna 90 minutuko hiru ordu-tartetan banatzen dute Mendigoitin, 8:50etik 14:00etara (sarrera malguarekin, baita LHn ere). Eskolako ia laurehun haurrak hiru komunitatetan daude banatuta: txikien komunitateko ikasleak bi korridoretan banatzen dira, beheko solairuan 3 urteko taldeak daude eta bigarren solairuan 4 eta 5 urteko taldeak. Talde bakoitzak hainbat giro ditu aukeran, eta haur bakoitzak libreki erabakitzen du bere interesen eta motibazioen arabera, zein proposameni erantzungo dion egunean zehar. 4 eta 5 urteko haurrek tinkering giroa dute; argi giroko proposamen multisentsorialeko giroa, katxarreria eta Hezkuntza Sortzaileko giroa, eraikuntza eta esperimentazio giroa, Lego giroa eta Zurgintza giroa. Lau haur elkarrizketan ari dira, babes betaurrekoak eta eskularruak jantzita aroztegian, batek iltzeak mailuz sartzen dituen bitartean bestea zerrarekin xafla bat mozten ari da. “Esperimentazioa eta proposamen multsisentsorial ugari dituzte aukeran, hortik sortzen da jakin-mina; konkretutik abstraktura egiten da ikasketako bidea”. Ertainen komunitatean, LHko 1., 2. eta 3. mailak elkartzen dira eta handien komunitateak LHko 4., 5. eta 6. mailako haurrak biltzen ditu. Talde bakoitzak bere mailako erreferentzia gela dauka, baina elkarrekin eta nahastuta, komunitate ikuspegiarekin egiten dute lan, proiektu bidez, tailerretan edo giroetan, ordutegiaren arabera. Ertainen eta handien komunitateek proposamen dibertsifikatuekin eta mailakatuekin hasten dute eguna, IDU Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren gakoan bikoteka, eta ondoren, asteko lau egunetan giroak eta tailerrak dituzte aukeran, eta azkenik gelako proiektuak eta programa sozioemozionalak garatzen dituzte. Ostiraletan metakognizioari tartea eskaintzen diote, astean egindakoa errepasatuz, banakoaren eta taldearen ikaskuntza prozesuez jabetzeko.

 

Neurozientzia, IDU eta Diziplina Positiboa

 

“Erraz esaten da ‘haurra bere hezkuntza prozesuaren protagonista’ egin nahi dugula. Baina hori nola egiten da? Nola konkretatzen da?” galdetu zioten euren buruei 2014-2015. ikasturteko inflexio puntu hartan. “Beste eskola bat eraikitzeko asmoarekin gelditu ginen lau maistrak inspirazio bila ikastetxe asko bisitatu genituen, eta azkenean geure proposamena egin genuen: Mendigoitirena. Montessori eskolen kutsua dauka —bereziki filosofian—, baina baita Waldorf eskolena edota Reggio Emiliako estetika zaindu hezitzailea ere… Oso argi geneukan eskola biziarekin eta aktiboarekin lerrokatzen ari ginela, eta era berean, inklusioarekin lerrokatzen ari ginen”. Zazpi urtean neurozientziaren eta Diziplina Positiboaren gainean ardaztu dute hezkuntza erantzunaren oinarria, eta IDU ikuspegitik, ikasle guztientzako hezkuntza eredua eskaintzen dute, “eguneroko erronka” pentsamendu zientifikoaren kultura sortzea delarik. David Castrillok eman dio “neuro” ikuspegia Mendigoitiri, lehenagotik Ane Arribillaga eta zuzendaritzakoak egiten ari zirenari. Castrillo egun ikasketaburua da, eta horrez gain, Neurohezkuntzan aditua da. “Eskolan egiten dugun guztia ebidentzietan oinarritzen da. Guztia ikertua dago dagoeneko, neurozientziak erakutsi digu garunak —hau da umeak— nola ikasten duen. Bada, hobea dela frogatu den erreminta hori eskaintzen diegu haurrei. Irakasleok, oro har, ez daukagu ikerketari eta ebidentzia zientifikoei begiratzeko ohiturarik, baina ezinbestekoa da neurozientziak dioenari erreparatzea guztiz gidatua den egitura pedagogikotik atera eta aurrera egin nahi bada, ikaskuntza prozesuak lagunduz”. Mendigoitin ebidentzia zientifikoak barneratuak dituzte: “Ebidentziek esaten digute ikaskuntza esperientziak aberatsak izan behar direla, aukerak eskaini behar dizkiegula haur guztiei aurrerapenak egin ahal izateko. Eta dagoeneko ikertua dago zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, eta funtzionatzen duen horren prozedurak ere, adibidez, ikaskuntza kooperatiboa edo irakurketa dialogikoa, guztiz pautatuak daude”. “Montessori edo Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza ez da ezer berria, baina ebidentziek erakusten digute lan egiteko bi molde horiek, adibidez, bat datozela berez burmuinak ikasten duen moduekin, aberatsagoa dela haurrarentzat; beraz, ezin dugu beste aldera begiratu eta betiko egiteko modu gidatu eta tradizionalean jarraitu”, gehitu dio Arribillagak.

 

Neurozientziarekin eta IDU ikuspegiarekin batera, Diziplina Positiboak ematen dio osotasuna Mendigoitiko proiektu pedagogikoari. “Diziplina Positiboa da gure eredua. Eskola biziaren ideiak oso barneratuak genituen, baina haurrekin erlazionatzeko ereduan beste buelta bat behar genuen, eta hori Diziplina Positiboak eskaini zigun —azaldu du Arribillagak—. Gu ere harreman bertikaletara ohituak geunden irakasle gisa, baina argi geneukan ez genuela autoritate eredu horretan sinesten eta hori ez zela haurrak behar zuena. Diziplina Positiboak erakutsi digu nolako bidelaguntza eskaini haurrari, zigorrik eta saririk gabe, harreman horizontalak sustatuz, kolaborazioa eta kooperazioa bilatuz”. Diziplina Positiboaren adibide praktiko dira, ertainen eta handien komunitateetako geletan ikasleek eurek adosturik eta idatzirik ikus daitezkeen arauak: “Arauak ez ditu irakasleak jartzen; gelan sortu eta adosten dira —azaldu du zuzendariak—. Hiru pauta jarraitzen dira arauak konkretatzeko: zer egiten da gela honetan, zer ikusten da eta zer entzuten da elkar errespetatzen dugunean? Zer egiten da, zer ikusi, zer entzun eta esaten da ikasten ari den gela batean? Zer ikusten da, zer esaten da, zer egiten da dibertitzen den gela batean?”.

 

Mendigoitik “XXI. mendeko erronkei” erantzuteko neurozientziak babestutako hainbat estrategia pedagogiko baliatzen ditu, guztiak koherentzian eta elkar osagarriak direnak: Montessori pedagogia, ikaskuntza kooperatiboa, TBL Pentsamenduaren kultura; irakurketa dialogikoak eta eztabaidak; Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza eta Ikaskuntza Zerbitzua; Arteen Bidezko Ikasketa; Hezkuntza Sortzailea (Arno Stern), Music Learning Theory (Edward Gordon), antzerkia; ikaskuntza kutxak; ikaskuntza paisaiak; ebaluazio hezitzailea eta programa sozioemozionalak (gaitasun sozioemozionalak lantzeko baliabideak dira, batez ere mindfulnessa erabiltzen dute eta jarduera finkatuak dituzten programak baliatzen dituzte; meditazioa eta kontenplazio zientzietan oinarritutako jarduerak emozioen inguruko autoerregulazioa eta autonkontrola sustatzeko). Estrategia pedagogikoei buruz informazioa dute irekian euren webgunean: mendillorri- mendigoiti.educacion.navarra.es. 

 

HHko proiektua, eskola osoko proiektua

 

Beste ikastetxe askotan bezala, eraldaketa HHn hasi zuten Mendigoitin ere: “Haur Hezkuntzan giroetan lan egiten hasi ginenean, paretak bota eta espazioak konkistatzen hasi ginenean, adin desberdinetako haurrak nahasten hasi ginen. Ordutik aurrera, erabaki genuen HHtik zetorrena izango zela eskolako proiektu pedagogikoa. Giroka egingo genuela lan eskola osoan, proposamen dibertsifikatuak eskainiko genizkiela haurrei, adinak nahastu eta komunitateka funtzionatuko genuela, eta ondoren LHn pixkanaka testuliburuak, etxerako lanak eta azterketak kendu eta proiektuka hasiko ginela lanean, hasteko ikaskuntza kutxak eskainiz eta ebaluazio hezitzailearekin”. Eraldaketa egiteko ezinbestekoa izan da irakasleen formazioa. “Trantsizio garai hartan eta orain prestakuntza oso garrantzitsua izan da. Lehendabizi zuzendaritzakook eta kontzientziatuak geunden irakasleok prestakuntza sendo bat jaso dugu ondoren eskolan ezartzea proposatuko genuen estrategia pedagogiko berri bakoitzaren gainean. Gure maxima argia izan da: ez diegu irakasleei ezer berririk proposatuko aurrez talde eragileak gaiaz prestakuntza jaso ez badu, eta ondoren eskolara bertara ekarri izan ditugu adituak gure irakasleak alor bakoitzean formatzeko”. 

 

Eta zer gertatzen da Mendigoitira irakasle berriak etortzen direnean? “Gaur egun hona etortzen diren irakasle guztiek jakin behar dute hemen beste modu batera lan egiten dela, eta gutxienez, ikastera irekita egon behar dute. Ikasturte berriko lehendabiziko egunetan ezagutza eta talde kohesioa sustatzeko dinamikak egiten ditugu eta praktika onak ezagutarazten ditugu, ardatzak diren oinarri pedagogikoetan, izan diziplina positiboa, Montessori, pentsamenduaren kultura (TBL)…”. Eskolako oinarri pedagogikoen berri emateaz gain, horiek garatzeko estrategia pedagogikoei buruzko informazioa ematen zaie irakasleen harrera koadernoan “eskolako marko kontzeptuala modu konkretuan gauzatzeko pautak izan ditzaten”, horrez gain, irakasle berriek izendatuak dituzte komunitate bakoitzean irakasle laguntzaileak. 

 

Ez dute egiten gogoko dutena,
egiten dutena gogoko dute

 

Ertainen komunitateko haurrak binaka ari dira lanean irakasleak eskainitako proposamen dibertsifikatuetan. LH 2ko bi haur alfonbra gainean biderketak egiten ari dira Montessoriren taula batean; beste bikote bat erregeletekin ari da lanean beste alfonbra batean eta irudi geometrikoak marrazten ari dira beste bi. Ondoan Ingeleseko irakaslearekin liburu bat irakurtzen ari da bikotearen zain dagoen beste haur bat. Eguna hasi orduko lanean ari dira guztiak. 50 haur daude espazio berean, baina lasaitasuna da nagusi. Bi haur horman eskegita dagoen plano baten aurrean, irakaslearekin hizketan ari dira. “Planoak programazio funtzioa dauka; irakasleak hainbat proposamen eskaintzen dizkie hamabost egunerako. Proposamen horiek IDUaren ikuspegiaren arabera prestatuak dira, haur batzuek besteek baino andamio gehiago behar dutela ulertuta, aniztasunari eta inklusioari erantzuteko eta haur guztiei presentzia eta progresio aukerak eskaintzeko. Bi eremutako proposamenak dira, eremu matematiko zientifikokoak eta eremu linguistikokoak. Proposamen batzuk gorri kolorez agertzen dira programazioan, ikasle guztiek egin behar baitituzte nahitaez; hori koloreko proposamenen artean hiru aukeratu behar ditu bikote bakoitzak, eta berdeak borondatezkoak dira. Umeak eurak ari dira euren ibilbidea erabakitzen, autonomiaz. Eurek aukeratzen dute zer egin, ez da gogoko dutena egiten dutela, kontua da Mendigoitin haurrek gogoko dutela egiten duten hori”, azaldu du zuzendariak. Proposamenak egin ahala, irakasleekin hitz egiten dute, prozesua bera baloratuz, bakoitza non dagoen ikusiz. “Horretan datza autodeterminazioa eta bakoitza bere ikasketa prozesuaren benetako protagonista izatea”.