LIZARRA ikastola, Lizarra: Euskara herriratzen dakiena

1995-06-01
Hogeita bosgarren urteurrena ospatzen ari diren une honetan badute harro egoteko motiborik.

Garai hartan, 1970ean, lizartarren euskara ezagutza ia hutsa bazen ere, gaur egun kaleko erabilpenaz EKBk egin berri duen datu bilketen arabera, 14 urtetik beherakoek % 33a eta 15-24 urte bitartekoek % 25eko emaitza eman dute.

Euskara ezagutzen duten Euskal Herriko zenbait herritako erabilpena dexente murritzagoa da askotan.

Gertakari honen arrazoiak ezagutu asmoz beraiengana jo dugu
 
 
Kaleko erabilpena izugarri igo da

VIÑ‘UALES, Koldo

Zuzendaria



Gure Ikastolaren oinarria hizkuntz proiektua da, euskara. Horren babesean hezkuntz proiektua eraikitzen da eta guzti honi edukia emanez eskola proiektua edo ikasgaiena dagoela esan dezakegu, eta ez alderantziz askotan ikusi ahal izan dugun bezala.

Euskalduntzea nortasun bat sortzea, euskal kulturan bideratzea eta bere burua euskaldun bezala sentitzea da. Euskalduntzea sentimenduen ildotik. Ikasleek ezin dute zenbait arrazonamendu egin, sentitu, bizi egin behar dute. Euskara ikasten eta bizitzen zoriontsuak izatea lortu behar dugu. Beti, lotura positiboak bilatuz, umeengan euskararen aldeko trebetasuna, ohiturak eta espontaneitatea sortzen da.



Bultzatzaile nagusiak irakasleak

Proiektuaren inguruan irakaslego egonkor, motibatu eta motibatzailea biltzea zaila da, baina lortu beharrekoa eta lortzen dena.



Profesional ona izatea eta gehiago

Denbora libre bat dedikatu. Abantailak: a) Eskolaren proiektuaren aberastasuna eta iraunkortasuna establea bilakatzen da. b) Motibatzaileak eta motibatuak emaitza positiboak ikustean. Prozesuan denok ez gaude egoera berdinean eta gora-beherak egoten dira, baina bakoitzak ahal duena jarriz aurrera ateratzen da.



Gurasoen inplikazioa

Gurasoak erdaldunak dira, beste galaxiatik eroritakoak eta buru-belarri inplikatzea komeni da. Zaila, euskal hizkuntza eta kultura gehienek bizi izan ez dutelako. Guk hasieratik gure eskola proiektua garbi uzten diegu: zer nahi dugun seme-alabentzat, nolako partaidetza eskatzen diegun gurasoei, ikastolara umeak ekartzea ez dela bertan aparkatzea. Beraiek, ikasleak izan behar dutela protagonistak eta neurri berean umeen heziketa aberatsa eta egokia lortzeko gurasoen inplikazioa beharrezkoa dela.

Une honetan gizartean eman den balore galerak kezkatzen gaitu. Gurasoak aldatu dira, desberdinak dira. Gaurkoak materialista eta berekoiagoak dira. Elkartasun defizita nabarmena da. Horregatik, elkartasuna, auzo-lana landu beharra daukagu; bestela, proiektuan inplikatzea zaila egiten da.

Gurasoen heziketa lantzea ezinbestekoa da, autoestima, partaidetza.

Nola jokatu garbi izan. Baliabideak eta estrategiak aukeratzea, sailkatzea eta ebaluatzea. Ekintza estraeskolarrek garrantzi handia dute proiektuan.



Baikortasuna

Ezkorra, tremendista eta kixoteekin ez goaz inora. Helburuak garbi izanik, zer egin ongi sailkatuz gero, mugak gainditzen dira.

Gure heziketa sistemaren errepresioa edo zigor bideek zentzurik ez zutenez, umeen ilusioa, fantasia, ametsak, emozioa eta jolasen mundu sinbolikoa erabiliz, euskararekiko portaerak sortu, errefortzatu eta behin betirako finkatu genituen.



Bigarren hezkuntzari begira

Edukin mailan ez da arazorik izango. Eta euskararen aldeko jarrera, indartu eta sustraitu egingo da.

Gure ahaleginen porrota institutuan dago erabilpen aldetik.

Erronka:

- Umeengan emandako urratsa gazteekin aberastea.

- Kolektiboaren sendotzea.

- Sartaguda eta Lodosarekin harreman onak izatea 2. Hezkuntzaren irtenbidea.

- Euskal kultura eta balore batzuk sendotzeko balio behar digu.



Herri mailako lorpenak

- Euskararekiko jarrera aldatu. Euskara teknikaria. Kalea bi hizkuntzatan. Elizan larunbatetan meza euskaraz. Jaunartzea euskaraz? Zenbait elkartek: txartelak bi hizkuntzatan ateratzen dituzte.



IKASLE izatetik IRAKASLE izatera

GOMEZ, Idoia

Irakaslea



Lehenengo promoziotako ikasle izatetik gaur egun ikastola bereko irakaslea izatera pasatu da, azken lau urte hauetan langintza honetan dabilelarik.

Hastapenak gogorrak nonbait, eta Idoiak euskararen aurkako kaleko giro hura gogoratzen du.

"Euskaraz entzunez gero habla cristiano esaten ziguten eta gu lotsa-lotsa eginda geratzen ginen. Horretan jarrera aldaketa izugarria eman da".

Hasierako hiru taldeak euskara maila eskasaren jabe zirela irten omen zuten ikastolatik.

"Euskara ordu gutxitan eta irakasle aldaketa handia".

"Ondorengo taldeek, aldiz, hiru urterekin irakasleekin hitz egitea lortzen dute; lau urterekin beraien artean ikastolan eta bost urterekin azkenik, ikastolan beraien artean eta kalean hitz egitea lantzen dugu."

Bere euskara maila hobetzeko, Institutu eta Magisteritza ikasketak erdaraz egin eta gero, Lazkaoko Barnetegian urtebetez euskara landu zuen. Azkenik, Lizarrako AEKn titulua lortu zuen arte.

Ikasle garaiko oroitzapenez zera dio: "Euskara ongi menperatzen ez nuenez, irakasleekin elkartzerakoan gaizki hitz egiteko beldurra izaten nuen eta hori dela medio, erretxazoa ere sortu zitzaidan. Bestalde, gurasoak oso ilusionatuak zeuden eta bizi zen batasuna, partehartzea edota zuk erabiltzen zenuen mahaia beste guraso batek egin zuela jakiteak, une eta gogorapen onak dakarzkit".



Lizarra ikastola

ETXANIZ, Pello

Euskal Departamenduko arduraduna



Erdalerrian euskaraz hitz egiteko guneak ezinbestekoak dira eta Ikastola espazio motibagarria da, hitz egiteko ohitura sortzen duelako. Horretarako, giro egokia sortu behar da eta paretek ere hitz egin behar dute, mezu adierazgarriak emanez



Neska-mutilentzat garrantzi han-dikoak diren jaialdiak prestatu ditugu euskaraz bizi ahal daitezen, horregatik kaleratu ditugu hainbat ekintza:

Mikel Deunaren eguna; Ikasle ohien festa; Olentzero; Santa Ageda; Inauteriak; Euskaraz Bizi eguna; Urbasan ikasturte bukaera festa; Lizarrako jaiak...

Euskal Departamenduak urteko plangintza prestatzen du. Hau da Ikastolako Departamendurik garrantzitsuena, bertan ziklo guztietako ordezkariek parte hartzen baitute. Hala nola;

-Hiruhilabetero, astebeteko kanpaina antolatzen dugu Ikastola guztia inplikatuz. Azkena, pailazoen kanpaina izan zen; denok pailazoz jantzita, helburu hauek lortu nahirik.

- Txikien motibazioa: 3/6 maila bitartean zuzenketak eta egiturak landu.

- Helduek skechak antzezten dizkiete txikiei egunero.

- Jokoak irakatsi esaldi aproposak aukeratuz, beraien artean jolas egin dezaten.

- Ongi pasatzeko abesti bat asmatzen dugu, denok lantzeko.

- Tarteka, taldekako ekintzak familia giroan sartzeko. Adib., ETB ikus dezaten; Euskadi Irratiko haur programak entzun ditzaten; guk bidalitako esaldi errazak erabil ditzaten; seme-alaben arteko euskal giroa erraztea, Ikastolatik dakartzaten abestiak, antzezturiko ipuinak etab., adi-adi entzun ditzaten...

Hau da, edozein jai kanpaina bilakatzen da; KORRIKA, herriko jaiak...

Gerla aurretik ALDABIKA izenez ezaguna zen pertsonaia berreskuratzea lortu dugu. Duela sei-zazpi urteko inauterietan atera genuen eta orduz gero urtero kaleratzen dugu.



TRUKEAK

Euskal familia giroan bizitzea du helburu. Euskal Herria ezagutzen joatea eta, bidenabar, ikasturte horretan herrialde hori lantzen dugu.

Adib., 3. mailan Etxarri, 4. mailan Hondarribia, 5. mailan Laudio, 6. mailan Azpeitia, 7. mailan Ondarroa eta 8. mailan Iparraldea.

Beste irteerak: Barnetegia, Zerainen. Gauek garrantzi handia dute. Ikasle-guraso-irakasleen artean giro ezin hobea sortzen da, gerorako harremanetan bere pisua dutelarik.

Lau ikastola, 10 egun: "Euskaraz Bizi proiektuko sortzaileak (Laskorain, Toki Eder, Paz de Ziganda, Lizarra).

Udan: Lekeition 15 egun (3-4. mailakoak).

Burgin kanpamendua (5-6. mailakoak).



Ikasle ohiak mintzo dira

LARUNBE, Egiarte

PINILLOS, Mikel



"Nahiz eta gurasoak erdaldunak izan etxeko giroak garrantzi handia du."

"Gurasoen aldeko jarrerak, seme-alabek egiten dutena baloratzeak, izugarri motibatzen du."

"Dena den, badago euskarari eusteko adin zail bat, gure kasuan hamalau urterekin ikastolatik irteterakoan gertatu zitzaiguna. Beste ikastetxeetako ikasleekin harremanetan sartzeko, moda... euskara erabiltzeari uzten zaio eta 18 urte duzunean edo, erabilpen jarrera berreskuratu egiten duzu."

"Maila aldetik ez dago arazo handirik. Guk batxilergoa erdaraz ikasi dugu eta Egiarteren kasuan Zuzenbide ikasketak Zaragozan bukatu ditu, baina hala ere edonorekin hitz egiteko ez dugu inolako zailtasunik."

Hau nahikoa al da?

"Erabilpena lantzeko ikasle ohien elkartea sortu dugu eta lokal horretan ekintza desberdinak antolatzen ditugu.

Bestalde, irakasleekin izandako harreman goxoak utzi digun zapore on hau izan da jarraipen honen klabea."



25 Urtemuga ospatzen

REPARAZ, Josu

Zuzendari ordea



Egunik garrantzitsuena Irailaren 30a izango bada ere, helburua, urtean zehar ospakizun xeheak eta partehartzaileak antolatzea izan da.

"Nafarroako 41 artista ezagunek euren lanen erakusketa eta salmenta gure esku utzi dute."

Ikasle ohiak protagonista diren ekintza ugari antolatu da, adib.: logotipoaren hautaketa; goi mailako kirolak, hala nola: txirrindularitza, pilota, euskal kirolak, etab.; musika kontzertuak; dantzariak; Vals saioa; orfeoia; abesbatza; dantzariak; antzerkia; afari herrikoi pare bat eta ikastolaren historiaz eginiko liburua.



Gurasoak partehartzaile zuzenak

CRESPO, Mariano; SORAVILLA, Antonio; ABAIGAR, Alberto (lehendakaria)



Gurasoen partehartzeari heltzen diogu hasteko. "Asanbladak hartzen dituen erabakiak, zuzendaritza eta langileen artean zirkulu dinamikoa osatzen dugu. Guk gestioa eta administrazioaren ardura dugu batez ere, eskolaz kanpoko ekintzetan partehartze zuzena dugularik". Nahiz eta gizartea aldatzen joan den heinean barne dinamikan ahultze nabarmena jasan dutela onartzen duten.



"Gida Batzordeak ikastolaren izpiritua transmititzen dio kolektibo osoari eta ahultze egoera honetan Batzordearen lanak garrantzi handiagoa hartzen du, bideak bilatzeko gurasoak mugi daitezen.

Lizarra Ikastolaren arrakasta kalitatean eta pluraltasunean oinarritzen dela diote. Kalitatean... D ereduak emaitza onak ematen dituela nafar prentsak ere onartu du, hemengo prentsa nolakoa den jakinda". Pluraltasunean..."Azken urte hauetan zentsoaren % 50a matrikulatzen ari da, abertzaleen botoa

% 25-30a denean. Hemen, alderdi guztietako gurasoen seme-alabak daude".

"Giltzarria, proiektu politikoa eta kulturala bereiztean datza. Guk Euskal Herria kontzeptua erabiltzen dugu eta ez Euskadi. Esperientzia aberatsa da eta aldi berean konplikatua, baina merezi duena."

Herriari, euskararekin harremana normalizatzen lagundu badiote, ikastolaren ekarpena ere beste maila batzuetakoa izan dela nabarmenki adierazten dute...

"Guk ezarri genuen lehendabizikoz Eskolaurrea, neska-mutilek elkarrekin ikas zezaten, eskolaz kanpoko ekintzak, jangela (nahiz eta subentziorik ez jaso), ingelesa 4 urteko ikasleentzat, frantsesa (optatiboa) etab."

Irakaslegoari buruz, aldiz, zera diote: "Irakaslegoa kontzientziatua eta dinamikoa dugu eta Ikastolaren motorra denez, trena beronen erritmoan doa. Azkar badoa, denok azkar eta frenatzen badu, nabarmena da geldiera.

Ikaslegoa irakaslegoak sartzen du dinamika batean, eta bi hauen artean, gurasoen partaidetza bultzatzen dute, inplikatuak sentiaraziz."

Administrazioarekin beti izan dituzte beren gora-beherak. "Administrazioa ez da aurrerakoia, ez doa aurretik, beti ebidentziak onartzen ditu. Eta ez ginateke batere harrituko, gure izaera errespetatu gabe eta baldintza egokirik eman gabe, gu publifikatzeko maniobraren bat prestatuko balu."

Eta etorkizunari begira ildo hauek egoki bideratzea ezinbestekotzat jotzen dute:

- "Ekonomikoki biabilitateari eustea, kuotak igo gabe. Austero izaten ohituta gaude."

- "Datorren ikasturtean ezarriko dugun Bigarren Hezkuntza ongi lantzea, oferta egokia zabalduz."

- "Guraso bakoitzak bere buruari galde diezaiola zer egin dezakeen euren seme-alaben heziketa hobe dadin... Eta aporta dezala ahal duen hori, batipat, horretara dedikatuz.