Super Bat: telebistaren eragina haurrengan

1995-06-01
Gaur egun gure haurrek telebistaren aurrean ordu gehiago ematen dute urte guztian zehar eskolan baino.

Ondorioa garbia da: telebista oso informazio-iturri garrantzitsua da; telebistaren bitartez munduaren bestaldean gertatzen ari denaren berri dugu; telebistak gauza eta leku ezberdinak daudela erakusten digu, etabar. Baina prestaturik al gaude tresna honek igortzen dizkigun mezuak interpretatzeko? Azkeneko galdera honen erantzuna garbia da: EZ
 
 
Telebistaren eragin haurrengan

NAHIA, Luis Mari

EHUko irakaslea



Eskolan ordu asko ematen ditugu irakurtzen eta idazten ikasten, baina normalean gure eskolaratze formalean ikusentzunezko alfabetakuntzari ordu bat ere ez zaio eskaintzen. Hau da aurrean dugun erronka handi bat, eta gure ikasleen heziketa osoa izatea nahi badugu nahitaez behar horri erantzun behar diogu.

Azkeneko urteotan haurtzaroak dituen gaitz guztien erruduntzat jotzen da telebista, eta hori ez da egia: arazoa ez da telebistan ikus daitekeena, baizik eta gure pasibitatea fenomeno horren aurrean eta baita medio indartsu hori nola erabiltzen dugun ere.

Telebistaren aurrean jarrera pasiboarekin esertzen bagara, eta mandoa minutuan hamaika aldiz erabiltzen badugu, edozer gauza sinisteko gauza izango gara, baina telebista piztu baino lehenago egunkaria edo astekaria hartzen badugu eta kate ezberdinetan zer dugun aztertzen badugu eta eskaintza hortatik aukera bat egiten badugu, kritikoak izateko lehenengo pausoa eman dugu. Hau da bidea, eta ez horren zaila, telebista piztu baino lehenago apur bat irakurri eta gero aukera erraza da: botoia sakatu edo ez ...

Bukatzeko, gurasoei eta irakasleei igorritako gomendio berezi bat baino ez:

Guraso: ez erabili telebista haurren aparkaleku bezala, oso informazio-iturri garrantzitsua da eta askotan familia baino askoz erakargarriagoa ere bai, ez utzi haurrak telebista bakarrik ikusten... Zuen familian elkarrizketa bultzatu nahi baduzue, saia zaitezte telebista haurrekin ikusten eta mintzagaia ez zaizue ia-ia inoiz agortuko eta, bide batez, lagun ieaiezue zuen seme-alabei telebistak igortzen dituen mezuak interpretatzen familiaren onerako izango da...

Irakasle: gelan ere telebista erabili, tresna merke, erakargarri eta

aberatsa da; gaztelaniaz dioten bezala "Irudi batek hamaika hitzek baino gehiago balio du" eta horretaz aprobetxatu behar dugu eskolako ohiko ihardueran; aldi berean telebistaren aurrean izan beharreko jarrera kritikoa bultzatu ikasleengan , etorkizuneko gizartea gure esku dago...

Telebista tresna hezitzailea da eta guk behar bezala aztertzen eta erabiltzen ez badugu, panpina bat baino ez gara izango bere esku; hau da guraso eta irakasleok aurrean dugun erronka.



Gehiago jakiteko:

Campuzano, A. (1992): Tecnologías Audiovisuales y educación. Madrid: Akal

Cebrián, M. (1992): La Televisión. Creer para ver. Malaga: Clave Ferrés, J. (1994): Televisión y educación. Barcelona: Papeles de Pedagogía/Paidós.

Mariet, F. (1994): Déjenlos ver la Televisión. Barcelona: Urano.

Pérez, J.M. (1994): El desafío educativo de la televisión. Barcelona: Paidós/Papeles de Comunicación.



Telebista eskolara!

RODRIGUEZ, Fito

EHUko irakaslea



Askotan telebistak duen heziketa-balioa gaitzestea besterik ez zaigu okurritu hezkuntza arduradunoi, bai gurasoak, baita irakasleok ere, telebistaren eraginaz aritzerakoan gainerako hezkuntza baliabideekiko konpetentzia azpimarratu ohi dugu etengabe. Hau da, telebistak sortu omen duen liluraren aurrean bera ikustea galeraztea izan ohi da gehien zabaldutako joera. Beste hitzetan esanda, debekuaren estrategia soila. Edo, nahi izanez gero, telebistaren errazionamendua eta kontrola besterik ez: honako hau ikus daiteke... hori, berriz, ikusgaitza dateke...

Dena den , duela hamaika urte (bere zentzu ertsian baina baita mugagabe gisa harturik ere) Hezkuntzari buruzko Nazioarteko Erakundeek telebistaren gaia jorratzeari ekin zioten .1 Izan ere, heziketaren ardura ingurugiroan antzeman daitezkeen hezkuntza sareei kasu egiten ikastea baldin bada, ezin ukatu egungo munduan hezkuntzaren zereginetarako komunikabideek, eta telebistak bereziki, duten garrantzia. Hala eta guztiz, horrekiko orain arte gehien landu den joera " osagarri " gisa hartzearena izan da. Hau da, bideo edota telebistaren erabilerak osatu eta azpimarratu ohi ditu eskolan emandako curriculumaren edukinak, besterik gabe. Beraz, telebista eskolara eramaten zen laguntza bezala, baina bere egunoroko funtzioetatik erabat kanpo utziz. 2

Erronka, berriz, telebistarekin bizitzen irakastea da. Hau da, telebista ikusten ikasi behar baita , jakin beharra dago bere produktua nola ekoizten den, zertan oinarriturik dagoen, zer-nolako legeen arabera eginik etab, zeren telebistak duen hezi-eragin handiena eskolatik kanpoko eguneroko bizitzan antzematen da eta. 3

Horrexegatik badago egon honi buruz eta irakasleari begira batez ere, bizpahiru aholku kontuan hartu beharrekoak

a.- Telebistaren bidez eskuratutakoa ez dira diskurtso arrazionalak ez eta irudi hutsak ere. Funtsean, irudikapenak dauzkagu. Horrela izanda, beren ondorioak konszienteak baino inkonszienteak dira, eta halaxe diraute. Horregatik, beraiek sortu ohi duten lilura inkonsziente hartatik libratzeko hain zuzen, beren barne funzionamenduaz ohartzea ezinbestekoa izaten da konszientziak behar duen distantzia hartzeko.

Ildo honetatik, telebista estudioak bisitatzea, bertako produkzio mundua barnetik ezagutu eta irudiaren bidezko protagonistak haragizkoak bezala ikusi eta antzeman ahal izatea ere, oso baliagarri suertatuko zaigu.

b.- Gelatan ere telebista ikusteak eta talde naturalarekin horretaz hitz egiteak asko laguntzen du berarengandik jasotzen diren mezuak erlatibizatzen: pelikula honen bukaera ongi dagoen ala beste balizko amaierak posibletzat jo daitezkeen...

d.- Telebistak, bai filmetan baita gainerako programatan ere, errealitateari buruz eskaintzen dituen portaeren artean, dilema gisa harturik, eztabaida sortu eta landu behar du norberaren irizpideak eta ondoriozko pentsamenduak azalarazteko.

Aholkutxo hauek gelatan indarrean jarriz lagungarriak izan daitezkeen telebistak duen hezi-eragina kontuan hartzeaz gain bera ere eskolarako baliagarri gisa erabiltzeko tenorean aurkituko gara.

Postmodernismoaren estetikak honez gero historia bukatuta dagoela dio. Ez dagoela, bada, ezertxo egiterik.

Guk, berriz, historiak abiapuntu asko dituela diogu... bukaera, ordea, egiteke...

Etorkizuna diren belaunaldi berriei telebistak eskaintzen digun mundua ez dela bakarra eta beste bertsioak ere badituela erakusteko gauza izango gara edota bestela jai izango dugulakoan nago. Hona hemen, eginkizun horretarako hain zuzen, burutazio xume hauek. •





1.- Unesco. La educación en materia de comunicación. Paris,1984.

2.- Feria,A. "Contenidos curriculares y medios de comunicación". in Cuadernos de Pedagogía nº 294. 1995ko Martxoa. ( Gaia: Educación y medios de comunicación)

3.- Ferrés,J. Televisión y Educación. Paidos. Barcelona.1994.



Super Bat Fenomenoari buruzko hausnarketak

ARNAEZ, Esteban

SIADECO ikerketa-taldeko partaidea



Haur eta gaztegaiek telebistaz egiten duten erabilpenaren azterketa ezinbestekoa da beren formazio eta sozializazio-prozesua ulertzeko eta beronetan eragiteko. Izan ere, sarri askotan beren denbora telebista-programazioaren arabera antolatzen baitute.

Hain zuzen ere, telebista-kate desberdinen "parrilen" diseinuaz, audientziez eta komunikazio-zerbitzuez arduratzen diren teknikoak telebista-programen arrakasta edo porrota eragiten duten elementuak ezagutzeaz kezkatzen diren bezala, hezkuntza-komunitateak edozein projektu pedagogiko modu egokian garatu nahi baldin badu, arreta handiagoa eskaini beharko dio haur eta gazte-audientziaren eta telebista-programa edo produktuen arteko interakzioari. Eginkizun honetan, leku berezia hartu beharko lukete, behar bada, irakasleek eta curriculumak diseinatzeko ardura dutenek.

Testuinguru orokor honetan kokatu behar da, "Superbat" telebista produktuari buruzko hainbat iritzi elementu eskaintzeko burutzen ari garen hausnarketa.

Haur eta gaztegaien artean "Superbat"ek izan duen edo izan dezakeen arrakasta edo porrota-faktoreen azterketa, bai maila kuantitatiboan eta bai maila kualitatiboan, azterketa soziologiko sakona eskatzen duen fenomeno konplexua da. Azterketa hau, audientzia eta produktuaren arteko interakzioa, bere sakontasunean eta bestelako telebista-produktuen aldean indikatzaile konparagarriak eskainiko lizkigukeen ereduren baten bidez garatuko litzateke honako ardatz hauen inguruan:

Produktuaren nabarmentasunarekin zerikusia duten faktoreak; duen presentzia soziala eta nola adierazten den,..

Fideltasun-maila: zein maiztasunez ikusten den; aipatu maiztasunaren motibazioak...

. Balorazio arrazional eta bapatekoa ...

. Hala nola audientzian betetzen dituen funtzio psikosozialak...

Neurri handi batean, "Superbat" telebista-produktuak, aipatu ditugun lau ardatz horietan, audientziarekin duen interakzioaren kokapena (programak, spotak, kluba....), programaren balantzea burutzeko erabat interesgarria izango litzatekeen azterketa soziologikoaren zati garrantzitsua osatuko luke. Batez ere, helburu soziopedagogiko jakinak izango lituzketen eta haurrei eta gaztegaiei espezifikoki zuzenduta egongo liratekeen bestelako telebista-produktuak diseinatzeko.

Horiek horrela eta une honetan, "Superbat" bezalako telebista produktu batek bere audientzia espezifikoan izan dezakeen arrakasta-porrotaren azterketa eta "eraginaren" balorazioa garatzeko erabil daitezkeen lan-hipotesi desberdinak modu egokian koka daitezen balio dezaketen aspektu batzuk nabarmentzea besterik ez da gure asmoa.

- Lehenik, adierazi beharra dago Haur-kluben formula askotan erabili den "telebista-generoa" dela, aspaldikoa dela (oraindik ere oroitzen naiz, 70.eko hamarkadaren bukaeran TVEko bere haur eta gazte-kluba; TVEn bertako ere CLUB DISNEY; Antena 3ek CLUB MEGATRIX). Formula hau beraz, ezin liteke programa-kontzeptu berri bezala aztertu, edo ETBren gaur egungo haur eta gazte-audientziaren "fenomeno soziologiko" berezi bezala.

- Bigarrenik, "Superbat", ez bere formatoan, ez bere edukian ez da Euskal Herriko haur eta gaztegaien audientziarentzat ETBk diseinaturiko produktu orijinala (neurri handi batean TV3etik inportatu da. Telebistarentzat prestaturiko beste ikusentzunezko produktu askorekin gertatzen den bezala (unibertsalak diren edo hainbat kultura desberdinek konpartitzen dituzten mezu, balio eta sentimenduekin jokatzen dutenak), audientziaren ezaugarri sozio-kulturalek eragin eskasa dute produktuaren arrakastan edo porrotean.

- Hirugarrenik, "Superbat"en arrakastaren/porrotaren giltzarrietako bat, audientziarekin mantentzen den harreman interaktibo motan datza: harreman pertsonalizatua, zuzeneko deiak, urtebetetzean zoriontzea... Arrakastaren beste giltzarria, edozein produktu integraturi datxezkion balio orokorretan legoke: hau da, "berdinen taldeak" konpartitzen dituen identifikazio sinboloen bidez lantzen diren adiskidetasuna eta taldearekiko identifikazioa eta partaidetza (karnetak..) eta azkenik, haur eta gaztegaien gustuetan ongi ezarrita dauden kontsumo-produktu sail zabal baten bidez presentzia indartsua eta giza-prestigioa bermatuz: "pin"ak, biserak, bideoak. Produktu hauek merchandising-aren bidez iristen dira hartzaileengana eta bide batez, programaren arrakasta indartzeko balio dute.

- Azkenik, eta nire ikuspuntuaren arabera, "Superbat" bezalako edo antzeko telebista-produktuetan, produktuaren formatoa oso garrantzitsua bada ere, berarekin batera inplizitoki edo esplizitoki zabaltzen diren edukiek, eta batez ere baloreek, beste hainbat telebista-produktutan baino garrantzi handiagoa hartzen dute, audientziarekin bat egiteko erabiltzen diren oinarria baitira.

Zentzu honetan, ona izango da, haur eta gaztegaien audientziari solas, dibertsio eta fantasiazko telebista produktua helerazteaz gain, Euskal Herriko berezko kultur-projektuari dagozkion helburu soziopedagogikoak, eta didaktikoak ere indartzea•



Ikusiena!

BARRIOLA, Itziar

Donibane Lohizun ikastolako irakaslea



Donibane-Lohizuneko Ikastolan dauden 4. esperientzian oinarritu da. Bertan, 4. mailako ikasleei galdekizun bat proposatu zitzaien beste ikasleen artean egin zezaten, helburu didaktikoa inkesten munduan murgiltzea izanik. Inkestak zer diren, aurrera eramateko urratsak nolakoak diren adierazi nahi zen: galdekizuna prestatu, pausatu, maiztasun taula bete, diagrama osatu eta, azkenik, diagraman adierazitako datuen interpretazioa egin.

4. mailan 18 ikasle dira eta 3ko taldeak osatu genituen. Galdeketa 5., 3. eta 2. mailakoei egitea erabaki genuen. Talde bakoitzeko ikasleek beste mailako bi ikasleri -neska bat eta mutil bati- galdera pausatuko zieten bakarka, taldeko kideen artean ikusiz nori egin. Horrela, 12 ikasle maila bakoitzeko, beraz, 2 taldek 5.goei; 2 taldek 3.goei eta 2 taldek 2.goei pausatuz galdera. Orotara 36 erantzun biltzeko.

Proposatutako galdera hau izan zen:

"Zein da gehien atsegin duzun telesaioa?"

Denen artean maiztasun taula osatu ondoren, emaitzak diagrama batean bildu genituen. Erantzun bat "baliogabea" izanez -orotara 35: 17 neska eta 18 mutil-, horra hor eraikitako diagrama:

Ateratako beste ondorioen artean, oso harrigarria egin zitzaigun neska-mutilak bat datozen emankizun bakarra "SUPER BAT" dela ikustea (11 neska eta 6 mutilek hautatu dute) eta, esan genezake gainera, orotara erantzun guztien erdia izan dela. Beste hautu guztietan neska eta mutilen multzoek interes desberdinak azaldu dituzte.



"Hizpide"

ESNAOLA, Imanol

Gazte Hizkuntzaren ikerlaria



Txanpa, disko trinkoa, kamejame... haur bati esaten entzunda inork pentsa lezake haur horrek euskara erdizka edo euskara mordoiloa ikasi duela. Prentsaren esanetan 200.000 haurrek hitz horiek primeran ulertzen dituztela ikusten dugunean, ordea, gure burua jokoz kanpo ikusten dugu. Jokoz kanpo, horixe da, out, at, beste galaxia batean. Baina, zein hizkera bihurri da hori? Guk ez genuen horrela hitz egiten! Izan ere gaur egungo haur hauek zeinen gaizki hitz egiten duten!



Euskara "noranahiko" egin nahian genbiltzan bitartean funtzio afektiboenekin lotutako euskara erdararen atzaparretan jausi zaigu. Gai gara nazioarteko politika edo ekonomiaz euskaraz ekoiztutakoa ulertzeko; gai ote gara, ordea, txisteak, laudorioak, hitz goxoak, gorrotoak euskaraz adierazteko? EZ. Zalantza izpirik gabe diot. Erdara behar dugu "por narices" baldin eta esandakoarekin sentimenduz bat egin nahi baldin badugu. Orduan, zer dela eta larritzen gara gaur egungo haurren hizkera ez bada gurea bezalakoa?

Idazki honen bitartez haur hizkerari begira jarri nahi nuke zuen arreta. Zehatzago esanez, Superbat programak haur hizkeran duen eraginari begira.

Gaiari heldu aurretik zenbait ideia argi eta garbi ikusi beharko genituzke. Zer dira hizkerak? Nola sortzen dira? Zer funtzio betetzen dute?

Hizkera hitzak berak esaten duen lez, hitz egiteko era da, zer nolako erregistroa, kodea, darabilgun, lexikoa, sintaxia, hizkuntz estetika... Horren arabera esan dezakegu guk darabilgun hizkera eta solaskideak darabilena kidekoak diren ala ez. Hizkeren sorreran alderdi ezberdinetako eragile anitz nahasten eta korapilatzen da (soziala, ekonomikoa, kulturala...).

Baina guztiaren lokarria esperientzia amankomuna da, hizkera bat erabiltzeko orduan solaskideen artean badago halako elkartasun maila jakin bat eta elkartasun horrek egiten du igorritako mezua eragile. Esperientzia amankomunak taldeko kideak kode horren inguruan batu eta aldi berean besteengandik bereizten ditu.

Ba al dago halako koderik Superbateko ikusleen artean? Zer dakar kode hori egoteak?

Superbat programa beraren ezaugarriengatik kode berezi bat sortzeko baldintza ugari dago, bizikizun amankomuna ziurtatzen baitu:

- Telebista medio masiboa da eta haur andana itzelak jarraitzen du bertan eskaintzen dena.

- Haur eta nerabeen munduari soilik atxikia dago. Ikuslego honek bere burua programa horretan identifikaturik ikusten du, helduek ez dutelako jarraitzen soilik baldin bada ere.

- Horrez gain, gogo mailako kidetasunak ere lortzen ditu; mota jakin bateko marrazki bizidunek, era batera edo bestera jokatzen duten aurkezleek, bertan emandako sariek edo programaren beraren estetikak ikusle hauen guztien gogoan bizikizun amankomun bat osatzen dute.

-Lehiaketek bereziki bereganatzen duten ikusleen gogamen eta arreta.

*Bertan jorratzen den hizkerak ere berebiziko garrantzia hartzen du. Bertako aurkezleek darabilten hizkera gazte harreman sarearen barruan egina da, gazteei zuzendua eta gainera helduena ez bezalakoa.

Hizkuntzarena osagai garrantzitsua da, beronek lotzen baititu esperientzia amankomunak eta gizabanakoa. Horrek esperientzia amankomun bizia eta bateratzailea dakar, adierazpide bateratu batekin, hortxe dago taldearekiko identifikazioaren giltza hain zuzen.

Superbat programa oso erreferentzia indartsua da gaur egungo haur eta nerabeentzat. Honek hizkuntzan eta, zehatzago, hizkeran, dituen eraginak begiratzen hasiz gero, argi eta garbi ikusiko dugu programaren eraginez beronen jarraitzaileen artean adierazpide amankomun bat sortzen ari dela (galdegiozu haur bati kurtsibaz datozen hitzek zer esan nahi duten), helduonarengandik bereizten dena.

Euskarazko ahozkotasun berria sortzen ari da programa hau eta kidekoen haritik (Dragoi Bola Z, Goenkale...). Aipagarria da euskaldunon bizi esperientzien ondoriozko adierazpide euskaldunak berriro ere sortzen ari direla antzutasun aroa gainditzeko pausoak emanez. Belaunaldi eta hizkuntz etenaren ondorioz, garai bateko haur hizkerarekin zer ikusi handirik ez duen hizkera bat sortzen ari da; aldi berean, ordea, euskaldunen esperientzia amankomunetik eta euskal erroz osatua.

Bihotzetik eta bihotzerako hizkuntz ekoizpen beregainak ikusten hasiak gara. Hainbat aldiz aipatu izan den euskaldungoaren desatxekimendua (euskarazko eredu batu nahiz estandarrekiko) gainditzeko Superbaten inguruan gertatutakoak benetako garrantzia du. Beharrezkoa zaigu aztertzea zer gertatu den, etorkizunean zer egin behar den, eta zer ez den egin behar jakiteko.

Gakoa, ordea, ez dago hizkera eredu arrakastatsu bat jorratzean, gaur egungo hiztun urbanoa, euskalduna barne, nekez bizi daiteke hizkera bakar batez, adierazpideen azterketa oso bat egin behar dugu eta egoera bakoitzari dagokion erregistroaz gogoeta egin, sinplekeria da guztia eredu bakar baten inguruan biltzea. Esperientzia aberatsa bada, adierazpide aberastasuna behar dugu.



KIXKUR: Bidaiatzea amets



Arratsaldeko 5´30ak dira, telebista piztu eta ETBko lehen katean irribartsu KIXKUR agertzen zaigu. Lehen agurraren ondoren, haurrak Kixkurren hitz eta mugimenduei adi daude bere izena noiz entzungo zain.

Haurrak zoriondu, opariak banatu eta berriak eman ondoren, telebistako magia itzali eta Kixkur Itziar IRAOLA, beasaindarra bilakatzen da eta bere eguneroko martxara itzultzen.



SUPER BAT zure lehen esperientzia da telebistan, nola izan zen hasiera?

Donostian turismoko ikasketak amaitzear nengoela, iragarki bat ikusi nuen egunkarian telebistarako jendea eskatuz. Baldintzak: euskaraz hitz egitea eta antzerkian iaioa izatea. Lehenago euskal dantzen munduan aritua nintzen, baina ez nuen sekula antzerkia jorratu. Halere, aurkeztu eta hautatu egin ninduten.



Igaro da denbora bat ordudanik

Bai. Esperientziak eta inguruan ditudanek asko irakatsi didate. Hasieran talde handiagoa geunden lanean eta skechak egiten genituen. Orain inprobisatu egin behar da eta zuzenean aritzeak asko irakasten du.

Telebistan planteamendu honekin egiten den lehen programa da eta hortan datza bere arrakasta nire ustez. Haurrei zuzenduriko saioa bada ere, ikuslegoaren artean denetik dagoela somatu dugu, helduak ere bai.



Haurrak aipatu dituzunez, zalantzarik gabe euskal haurren artean pertsonaia ospetsuak izango zarete. Zure haurtzaroko heroiak gogoan al dituzu?

Egia esan ez dut inor gorde nire oroitzapenean. Baina gogoan dut ETBri buruz izan nuen lehen berria; Ikastolan izan zen, orduan 4. mailan geunden eta andereñoak esan zigun euskaraz arituko zen lehen telebista martxan jartzera zihoazela eta bertan denek euskaraz hitz egingo zutela, baita filmeetako arraza beltzeko pertsonek ere, guk barre egin genuen. Nire buruan ezin zitekeen hori, nola aritu beharko ote zuen bada beltz batek euskaraz?



Eta Ikastolan egin zenituen urteez zer oroitzapen dituzu?

Beasaingo Alkartasuna Lizeoan egin nituen nire ikasketak. Txikitan Olanon egon ondoren, Plazara pasa ginen eta han bazegoen gela bat musika tresna, hankapalo, etabarrez beteta, han oso ondo pasatzen genuen eta garai haietako oso oroitzapen gozoak ditut. Oso ikasle ona izan nintzen, baina ez nuen harreman handiegirik izan nire irakasleekin. Gehien gogoratzen dudana UBIn filosofia irakasten ziguna da; orain ez dut bere izena gogoan, baina gustatzen zitzaidan berarekin genuen erlazioa, ez zen irakasle-ikasle artean ematen den ohizko harremana, maisua beti ikaslearen gainetik.



Zer asmo duzu aurrera begira?

Beti pentsatzen dut gerokoa gerorako, telebistan jarraitzea gustatuko litzaidake, haurrekin ere bai, baina harreman zuzenagoan. Bidaiatzeko gogo handia dut, baina oraingoz oso lotuta nago. Momentuz antzerkia eta euskara sakontzearekin jarraituko dut. Dena dela, udan Pariseko Eurodisneyra lan egitera joateko asmoa dut.



Ametsak amets, kamera aurrean ari denean zenbat haurrengana iristen denaren kontzientziarik ez duela aitortu digu.

Dena prest dago, kamerak lekutuak, opariak prest, zoriondu beharrekoen zerrendak eskura, argiak piztu dira... SUPER BATeko saio berri bat aireratzera doa!•