Azterkosta. Ikasleak gure itsasbazterra aztertzen

1996-11-01
AZTERKOSTA/COASTWATCH proiektua Dublin Bay Enviromental Group talde kontserbazionistak diseinatu zuen Irlandan 1.987an. Talde hau Dublingo Trinity Collegeri lotuta dago. Ondoren, Europako beste lurraldeetan zabalduz joan zen, eta 1.989an hamar ziren lurralde partehartzaileak.
 
 
AZTERKOSTA/COASTWATCH proiektua Dublin Bay Enviromental Group talde kontserbazionistak diseinatu zuen Irlandan 1.987an. Talde hau Dublingo Trinity Collegeri lotuta dago. Ondoren, Europako beste lurraldeetan zabalduz joan zen, eta 1.989an hamar ziren lurralde partehartzaileak.

Gaur egun COASTWATCH sare internazionala lurralde europar desberdinez osatuta dago: Belgika, Estatu frantsesa, Danimarka, Lituania, Holanda, Norvegia, Portugal, Erresuma Batua, Suedia, Estatu espainiarra, Italia, Ukrania, Letonia, Polonia, e.a. Estatu espainiarreko lehen partehartzailea komunitate valentziarra izan zen, baina gaur egun itsasertzeko komunitate guztiek parte hartzen dute: Katalunia, Murtzia, Andaluzia, Galizia, Asturiaseko Printzerria, Kantabria, Euskal Herria, Balearrak eta Kanariak.

EAE 1.992an sartu zen COASTWATCH sarean eta lehen ikuskaritza edo araketa urte bereko urrian egin zen, AZTERKOSTA deitu zitzaiolarik. Harrezkero beste lau kanpaina egin dira, azkenekoa 1.995eko urrian, eta aurtengo kanpaina ere prestatzen ari da. Proiektu honen koordinatzaileak Zumaiako Natur Taldea, CEIDA, eta EHUko Estratigrafia eta Paleontologia departamentua dira eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Ordenakuntza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak finantzatzen du.



Proiektuaren helburuak

-Kostaldeko lurrei buruzko arreta eta babes publikoa handitzea herri-, lurralde- eta nazioarte-mailan.

-Kostaldeko arazo eta mehatxuei buruzko iritziak eskaintzea, ohartaraztea eta babes neurriak hartzera behartzea. Itsasertzeko ingurunearen babesean inplikatuta dauden komunitateen laguntzea.

-Europar kostaldearen egoerari buruzko datu base bat eratzea, lurralde desberdinen arteko interpretazio kriterio homogeneoak erabiliz. Informazio hori modu eskuragarri, libre eta baliagarrian gordetzea ingurugiroaren kontrol eta gestiorako.

-Ingurugiroari buruzko bestelako informazioen bildumetara molda daitezkeen sare internazionala sortu eta garatzea.

-Ingurugiro Heziketan kolaboratzea, bai eskoletan eta baita ikastetxeetatik kanpo ere.

-Gure lurraldeko kostalde eta itsasadarren egoerari buruz kontzientziatzea.

-Ingurugiroaren aldeko ikerketa proiektu batean parte hartzeko ikasle eta hiritarren partaidetza bultzatzea.

-Gure kostaldeko eta itsasadarretako egoerak aztertzea eta lortutako datu, informazio eta ondorioak zabaltzea.



Kanpo-lanerako teknikak

Kanpo-laneko ikuskatzeak beti taldeka egiten dira. Kostaldea 5 kmko zatitan banatzen da eta zati bakoitza 500 mko 10 unitatetan, hori dena 1/50.000 eskala duen mapetan markatuz.

Gehienetan zati bakoitzeko 10 unitateak ikastetxe edo kolektibo (talde ekologista, herriko taldea, ea) batek hartzen du bere gain. AZTERKOSTA 95 kanpainan, Batxilergo eta Lanbide Eskolako 26 zentrok, 10 ikastolak, 4 ikastetxe publikok, 4 ikastetxe pribatuk, ingurugiroaren defentsarako 9 taldek, Unibertsitateari lotutako bi kolektibok, denbora libreko 12 elkartek, era desberdinetako 5 elkartek eta boluntario indibidualez osatutako talde ezberdinek parte hartu zuten.

Unitate bakoitzaren azterketa inkesta bati erantzunez burutzen da. Bertan aspektu desberdinak biltzen dira: gunearen aurrezagutza, unitateetarako sarrera, itsasertzaren erabilpen nagusiak, lurretik datozen ur-emariak, zaborrek eragindako kutsadura, isurkinen ondoriozko kutsadura eta kostaldearentzako arrisku eta mehatxuak.

Behatzaile bakoitzak ber datuak hartzen ditu eta denen artean eztabaidatu ondoren , inkesta betetzen da. Horrekin batera, Euskal Herrian, talde bakoitzak aztertu duen zatiari buruzko txosten orokor bat egiten du.

Bertan, beharrezkoak diren babes neurriak, mehatxuak, balore orokorrak, ea, biltzen dira eta gunea orokorki kualifikatzen da. Txostena inplikatutako instituzioei eta ingurugiroaren defentsako taldeei bidaltzen zaie.

Kanpo lan honek, ingurugiroaren aldeko ekintzaz gain, beste hainbat aukera eskaintzen ditu: sentsibilizazio eta heziketa ekintzak, inkestako gaiei buruzko mahainguru eta eztabaida guneen sorrera (ingurugiroaren legedia, zuzendaritza komunitarioen bidezko ingurugiroaren kalifikazioa, kutsatzaile desberdinen eragina, ea).



Oinarrizko prozedura eta datuen trataera

Inkesta datuak bildu ondoren, euskarri informatikoetara pasatzen da informazioa eta nazioarteko datu basera transmititzen da. Normalean , lan hau lurralde bakoitzeko koordinatzaile erregional eta nazionalaren bidez egiten da. Honek, inkestetako datuak DBASE sistemara transmititzea baimentzen du. Gainera, inkestetako galdera irekiek informazio gehigarri interesgarria ematen dute, normalean datu baseetan adieraztea zaila dena.

Nazioarteko koordinatzaileak, Europako informazio osoa jaso ondoren, estadistikoki aztertzen ditu maila nazional zein globalean. Horretarako SPSS programa estatistikoa erabiltzen du. Emaitzak partehartzaile guztiei jakinarazten zaizkie, koordinatzaile bakoitzak bere txostena egin dezan eta osatu den informazio osoa guztiengana irits dadin.

Nazioarteko kanpaina bukatu ostean, emaitzak erakunde interregional desberdinetara aurkezten dira. Adibidez, Europar Parlamentua eta Europa Komunitateko Ingurugiro Komisioko XI Zuzendaritza Orokorrera.



Euskadiko kanpaina

Euskadin, bokale garrantzitsuenak eta itsasadarrak ere, aztertzen dira. Horrekin batera gune hauek giza ekintzekiko duten sentsibilitatea eta behar duten babesa ere, aztertzen da. Era honetara kostaldeko 400 km arakatzen dira.

Historian zehar, gizakiak kostaldean burutu duen aktibitateen hedadura - giza ezarkuntzak, garraioak, ekoizpena (nekazaritza/abeltzaintza, arrantza eta akuikultura, meatzaritza, energia, turismoa,...), aisialdirako erabilpenak, hondakinen deskarga, alderdi hauen balio biologikoen garrantzia eta ekosistemen hauskortasunarekin batera, konplexutasun sozio-ekonomikoa, zein bio-fisiko handia eragiten du.

Honen guztiaren aurrean beharrezko da hiritarrekin garapen eredu desberdinak eta espekulazioa eta ordenarik gabeko ekintzak geldiaraziko dituen kontzientziazio eta sentsibilizazio heziketa bultzatu behar da. Era berean, Administrazioa ere presionatu egin behar da berak zabaldutako legeak gestionatu, kontrolatu eta betearazteko. Ez ikastetxeak ezta gizatea ere, ezin dira errealitate honetatik at egon.

Eskolak ingurugiroa, eta konkretuki kostaldea, ikerketa, behaketa eta gure lurraldeko errealitatearen ulerkuntzarako erabiltzen du. Baina inplikatu eta ingurugiroa zaindu eta hobetzeko ekintzak ere burutu behar ditu, inplikaziorik gabe, ikasitako praktikan ipintzen ez badugu, ez baitago hezkuntzarik.

AZTERKOSTA kanpainaren kostalderako irteeran zehar ingurugiroaren interpretazioaren bitartez, behaketa eta izpiritu kritikoa bultzatzen dira, inguruaren gestioa, honen kostserbazioa, bizitzaren kalitatea eta aurkikuntzaren bidezko ikaskuntzari buruzko mezuak zabalduz eta kuriositatea , imaginazioa, zentzuak eta balio estetikoa suspertuz.