Euskara adierazgarriaren beharraz

1996-11-01
Irakaskuntza munduan hainbeste erabiltzen ari den ikasketa esanguratsua lortu ahal izateko hizkuntzaren kalitatea kontuan edukitzea ezinbestekoa dugu.
 
 
Izan ere, ulertzea, baldin bada ikaskuntzaren helburua, xede horretarako egunero azpimarratzen dugun trebezia gure hizkuntzaren erabiltzean datza.

Hitz egiten dugunean ulertu egiten dugu, sortu eta garatu egiten den prozedura da. Alegia, ulertzea dugu aipaturiko praktikaren ondorioa. Hori guztia eguneroko mintza praktiketan eta formalizatu gabeko egoeretan ematen bada ere, eskola irakaskuntzan (ikaskuntza formalean) berriz, lehen aipaturiko ikasketa esanguratsua lortzeko mota horretako trebeziak lantzea guztiz bidezkoa bezain onuragarria litzateke.

Haurrak hizkuntza eta talde naturala ditu, erreferentzia bezala, munduarekiko loturak lantzeko, gizarteratzeko. Hastapenetan hizkuntza portaerak helduen imitazioen arabera eskuratzen baditu ere, bere mailako harremanetan egoten eta hizketan garatzen du berezko ikaskuntza eskola adinean. Horixe litzateke, beraz, eskolatu beharreko ikaskuntza esanguratsua.

Horretarako ez dago gauza hoberik elkarrizketa taldeen bidezko pedagogia antolatzea baino. Eskolan berdintsuen arteko hizketa galarazita egon da historian zehar. Egun, aldiz, eskolaz kanpoko hizketa hori berreskuratzea litzateke helburua. Ildo honetatik hitz egiteko taldeak antolatzeak, norberak dioenaren azalpena eta ulertaraztea lortzeaz aparte, besteen hitz jarioa eskuratzea du helburutzat. Praktika sinple honekin ikasleen ezaguera berrantolatu egin behar da ezinbestean eta hori dugu, hain zuzen, ikasketa esanguratsuaren definiziorako funtsezko oinarria: hasierako ezaguera ikasketa prozeduraren arabera eskuratzen denaz berrantolatu ahal izateko gaitasuna.

A.N. Perret-Clermont-ek(1984) frogatu duenez taldean eskuratutako ikasketak askoz ere etekin handiagoak lortzen ditu, nork bere kaxa lortutakoak baino. Ikuspegi honek eraldatu egiten du orain arte ezagueraren ezagutzaz zabaldutako gizabanakoari buruzko psikologia kognitiboa. Horrekin batera talde naturalaren hizketa eta erabilera areagotzea merezi duelakoan gaude.

Alde batetik goian aipaturiko ikasketa esanguratsua berezko moduaz eskuratzea errazagoa izango da, eta bestetik, psikologia kognitiboaren azken ikerketei kasu eginez, ikasitakoaren etekinak funtzionalagoak (eranginkorragoak) izan daitezke.

Baina, beti omen dago nolabaiteko "bainarik", horretarako erabilitako hizkuntzak "naturala" izan beharko luke. Hau da, adierazgarria. Egun ordea, eskolan hizkuntzaren tratamendu gramatikalarekin batera, adierazgarria baino gehiago, askoz hizkuntza formalagoa eskuratzen da. Hauxe baita eskola formalak dituen gabezietariko bat. Beraz, hizkuntzaren kalitateaz hitz egiten denean eskola eremuan ez genuke hizkuntzaren formaz arduratu behar, berezko erabileraz baizik.

Eskola hizkuntza adierazgarria eta naturala erabiliz, berdintsuen arteko hizketa taldeekin, egitura kooperatiboak landuz, ikasketa esanguratsua ari gara garatzen. Hori helburua izanik, hona hemen horretarako proposamen xume hau.