HAMILTON, David:

1996-11-01
David Hamilton Londresen jaio zen 1943. urtean. 1961ean Edinburgheko Unibertsitatean hasi zituen geologiako ikasketak, han lizentziatu eta 1966an zientzietako irakasle bezala hasi zen lanean institutu ingeles batean. 1966an Edinburghera itzuli zen berriro, eta "IKASGELAKO BIZITZA" izenburuko azterlana burutu eta doktoradutza erdietsi zuen 1973an. Hurrengo 17 urteak Kontseilu Eskoziarrak Glasgowko Unibertsitatean duen Hezkuntza Ikerketarako Sailean eman zituen, eta 1990az geroztik Liverpooleko Unibertsitateko Hezkuntza irakaslea da. Hemen duzuen elkarrizketa Nafarroako Ikastolen Elkarteko Irene Lopezek bideratu digu.
 
 
CURRICULUMAREN EBALUAZIOA, ESKOLA PLANGINTZA IREKIAK, HEZIKETAREN HISTORIA... bezalako gaiak jorratu izan ditu argitaratu izan dituen zenbait liburutan, eta hauetako baten hitzaurrekoaren testua "Learning about Education: an unfinished curriculum" (Heziketaz ikasiz: amaitugabeko curriculuma) laster emango da argitara "Hezkuntzaren bilakaera: Heziketa eta Irakaskuntza Formalaren inguruko azterlana" izenburuarekin.


Gaur egun Amerikar Hezkuntza Ikerkuntzarako Elkargoaren enkarguz Irakaskuntzaren Ikerkuntzarako laugarren gidaliburuaren atal bat idazten ari da, hala nola materiala biltzen Europar Heziketaren Hastapenei buruz prestatzen ari den hurrengo libururako.





Ikastolen Elkartea.- Historian zehar egon diren esperientzia pedagogikoetatik zein nabarmenduko zenuke eta zergatik?


DAVID HAMILTON.- Beldur naiz historian zehar egondako esperientzia pedagogiko gehientsuenak ez ote diren errutina, aurriritziz beteak, gogorik gabe burutuak eta aspergarriak izan. Niretzat irakastea eta ikastea aldaberak diren heinean izaten dute benetako bizitasuna.


Benetako irakasle eta ikasleak etengabe esperimentatzen aritzen dira, arriskatu egiten dira, uzta ezezaguneko haziak ereiten dituzte eta ustekabekoari ere lekua egiten diote. Era horretako irakas-ikasteko esperimentazioek betidanik iraun dute bizirik eta sustatu egin beharko lirateke.





I. E.- Hezkuntza sistemaren erreforma burutu nahian ari dira estatu espainiarrean. Irakasleak, esparru txikian izanik ere, euren curriculuma osatu beharrean aurkitzen dira. Zer aholkatuko zenieke eginkizun honetarako?


D. H.- Eginkizunik funtsezkoena talde-lan demokratikoaren bidez printzipio pedagogiko sorta bat aukeratzea eta martxan jartzea litzateke. Horrelako prozesua dinamikoa, etengabea eta amaigabea izaten da. Irakasleek bi eratan erabiliko dituzte printzipio hauek. Bata, beren irakasteko era bideratzen, eta bestetik, guraso, ikasle, administrari eta politikoen aurrean beren ekintzak arrazoitzen. Horrela bada, errespontsabilitate partekatua dela ondorioztatzen da.





I.E.- Zergatik azaltzen zara curriculum guztiz irekiaren alde?


D. H.- Ez, ez nago horren alde. Edozein curriculum dago printzipio pedagogiko sorta batean oinarrituta. Gizarte demokratiko batean ordea, printzipio horiek beti egon behar dute azterketa eta zuzenketarako zabalik. Zentzu horretan ulertu behar da irekitasuna, curriculum inguruko elementu bat bezala, alabaina ez garrantzizkoena.





I. E.- Zer gomendatuko zenieke herri horiei beren identitatea berreskuratzeko eta ez galtzeko? Ez ote litzateke curriculuma berezko elementu kulturalekin estali behar?


D. H.- Berriz ere partekatu curriculum printzipio horien aukeraketa da ardatz nagusia. Hala ere, aitorten du Eskozian, Galesen eta Irlandan ezadostasun handiak daudela, batik bat hizkuntz gutxituen inguruan. Bizirik dirauten kulturen iraupena problema demokratikoa da. Adostutako eta etengabe eztabaidatutako printzipio definitzailerik gabe gutxiengo kulturalak desegin egiten dira. Bertako kideak bazterturik sentitzen dira, inongo errepresentaziorik gabe kultur sare handiagoetan. Nik uste dut, XXI. mendean, gutxiengo kulturalak iraun eta bisortuko direla baldin eta kultur eta komunitate handiago baten zatia direla onartzen badute. Penintsularra dela, europarra, atlantikoa...


Beraz, curriculum printzipio horiek kultur bereizketak azpimarratzea baino kultur identitateak indartu beharko lituzkete. Kulturak ez dira euren bakardadean bizi. Bere identitatea beste gauzen sistema zabsalago batean oinarrituta dago, bai historikoki, linguistikoki, ekonomikoki, geografikoki, musikalki...





I.E.- Aro berri batean gaude bete betean sartuta, informazioarena alegia: zer hartu beharko luke kontutan eskola etorkizuneko gizon eta emakumeei dagokienean?


D. H.- Ni zuhurra naiz informazioaren iraultza delako horri buruz. Alfabetoek, inprimategi mugikorrak (Gutenberg), lurrinezko inprenta prentsak, eta irratiak eta telebistak ere beste horrenbeste informazio iraultzak iragarri zituzten beren garaian. Historikoki beren garrantzia izan zuten jendarteko eta belaunaldien arteko ideiak eten eta eraldatu zituztelako. Eta noski, horietako bakoitzak sekulako eragina izan zuen irakaskuntzan eta irakasleengan ere. Demokrazia bateko partaideentzat inportantzia handikoa dela iruditzen zait gertaera honetaz sentsibilizatuta egotea. Beharrezkoa zaigu etorkizun pedagogikoan hark edukiko duen eraginaren gainean gogoeta egitea eta erabakiak hartzea. Beharrezkoa baita ere egungo informazio iraultza hau zertan datzan jakitea, eta baita iraultza honek egitea nahi duguna hautetsi ere.





I. E.- Gizarte berri honen ikusmiratik nolakoak izan beharko lukete bertan bizi behar duten emakume eta gizonezkoek?


D. H.- Identitate kulturalari eta curriculum printzipioei buruz esandakoak baliogarriak dira galdera honi ere erantzuteko. Edozein komunitate demokratikok galdera politiko sorta bat galdetu baharko lioke bere buruari. Zein gizarte edo kultura mota eraiki nahi dugu? Nolako harremanak sortuko dira biztanleen artean? Nolatan atxikiko zaizkio gure gizarteari historikoki izandako eta gaur egun dituen baldintzak? Zein eratan arduratuko da gaurko belaunaldia hurrengoen babeserako?


Galdera hauek baztertuz gero, demokrazia berea eta komunitatea arriskuan leudeke. Are gehiago, identitate kulturalari buruzko galdekizun hau printzipio pedagogikoen aukeraketarako eztabadaidaren barruan dago. Kultura demokratiko batek heziketa era demokratikoak aldarrikatu behar ditu, honek gizon eta emakume demokratikoak hezi ditzan.





I. E.- Eskolak gizarteak eskatzen dizkion ereduak errepikatu besterik ez du egiten, ala eredu horiek eraldatzek ere kapaza da?


D. H.- Zentzurik gabeko galdera litzateke hau XX. mendearen bukaerako demokrazia batentzat, ontzat hartzen duelako gizarteko sektore batek hezkuntza tresna politikotzat erabiltzen duela gizarteko beste sektore bat (gazteak, langileria...) mendean eduki ahal izateko. Eskolatzea giza injenirutzako arlo bat bailitz. Baina demokrazia komunitate bat baldin bada, oso bestelako iritzia izango du bere partaideei buruz. Erabakiak hartzen dira ez besteak eraldatzeko, bere burua eraldatzeko baizik, bitarteko ugari erabiltzen direlarik helburu horiek lortzeko. Demokrazia batean heziketa eta bilakaera horiek ez dira eskoletara soilik mugatuko, giza, kultura, eta ekonomi elkarteen sare guztira ere ailegatuko baitira.