Kronika

1996-11-01
 
 
Ikastolen Pedagogia Plan Nazionala onartu da
Urriaren 19an Zamudioko III Batzar Nazionalean 123 ikastoletako ordezkariak bildu ziren. Bertan datozen lau urtetarako Pedagogia Plan Nazionala onartu zen. %96ak aldeko botoa eman zuen, %2ak kontrakoa eta beste %2 boto zuriak izan ziren.
III. Batzar Nazional honi otsailaren 3an eman zitzaion hasiera, Donostian Planaren proposamena aurkeztu zenean. Bi hilabetez ikastolek egitasmoa eztabaidatzeko denbora izan zuten. Guztira 191 zuzenketa partzial egin ziren. Maiatzean Iruñean bildu ondoren, horietatik 30 aukeratu ziren eta berriro ere, eztabaidatzeko ikastoletara bidali. Azkenik, atzoko bileran azken 25 zuzenketa egin ondoren, Pedagogia Plan Nazionalari oniritzia eman zaio.
Hiru atal nagusi ditu Planak:
1.-Eginkizun bateratuak etorkizunean ikatolek elkarlanean dituzten zeregin kolektiboak aipatzen dira.
2.-Ikastolen oinarrizko hezkuntza proiektuaren zehaztapena: izaera, helburua, euskal curriculuma, antolaketa, egitura, baliabide eta ebaluaketa. Atal honetan baloreei garrantzi handia eman zaiela azpimarratu da.
3.- Hezkuntza proiektuaren finkapena: 2.000 urtera bitartean ikastolek aurrera eramango dituzten proiektu zehatzen aurrikuspena eta planifikazioa.
Ikastolen partaidetza garrantzitsua izan da Plan honen egituraketan. Bizkaiko Ikastolen Elkarteko pedagogoa den Manu Aurrekoetxea ere, oso baikor agertu zen. Plan honek datozen lau urteetan euskarazko irakaskuntzaren kalitatea hobetzen lagunduko duela adierazi zuen, Euskal Herriko ikastola guztientzat lan tresna komuna bihurtuz.

Angelun ikastola berria eraikiko da
Angeluk 35.000 biztanle dituen arren, oraindik ez du euskal irakaskuntzarik. Baina Kimua guraso elkarteak eta Seaskak azkenean lortu dute eraikuntza berri bat egiteko baimena. Udalak 1.200m ko lur eremua eskaini dio alokairu sinboliko baten truke. Horrela, datorren urteko martxoan hasiko dira lanak eta irailerako bukatuta egotea espero da. Hasiera batetan bi gela eta jantoki bat eginen dituzte 956.000 liberako aurrekontuarekin. 1.999an beste bi gela eta irakasleen gela egiteko asmoa dute. Gastu guztiak elkartearen esku geratuko dira.
Egun 60 haur angeluar, Baiona eta Miarritzeko ikastoletara joaten dira. Baina 1.997ko ikasturte hasieran 2 eta 4 urte bitarteko haurrek bertan gelditzeko aukera izanen dute. 1.998an 6 urterarte luzatuko da eskaintza, eta ondoren, matrikula kopuruen arabera lehen zikloa jarriko dute martxan.

"Sortzen Gurasoak" federazioa jaio berria da
Urriaren 19an Sortzen elkarteak bere urteko asanblada burutu zuen Iruñeko Sanduzelai ikastetxe publikoan. Euskal Eskola Publiko Berriaren alde sortu zen elkarte honek beste aurrerapausu bat eman du, eta Sortzen Gurasoak sortu da. Kolektibo honek Nafarroako guraso elkarteak bilduko ditu. Helburuen artean izendatu dituzte kalitatezko euskal hezkuntza integrala lortzea, partaideei laguntza juridikoa eskaintzea, ohiko arazoak elkarrekin konpontzea, esperientzia trukaketa...
Aipatutako asanbladan Sortzen-eko partaideek D ereduko matrikulazioen igoera aipatu zuten. Hala ere, A eredukoek ere, gora egin dute. Beharrezkoa ikusten dute eredu bakoitzaren ezaugarriak eta eskaintza ondo azaltzea, haurrek bakoitzarekin zer lortuko duten jakin dezaten. Asmo hau aurrera eramateko ikastetxe guztietan hitzaldiak emateko proposamena luzatu zuen partaide batek.

Eskola Mapa bukatutzat eman dute
Bestalde, Nafarroan DBHko Eskola Mapa definitu da behin betirako. Markotegi, Hezkuntza eta Kultura Sailburuak bukatutzat eman zuen egiteko hori. Orain Batxilergoa eta Lanbide Eskolako mapak egiteari ekingo diote, eta horrekin batera selektibitatea eta ikasketa unibertsitarioak ere, kontutan hartuko dira.
Dena dela, Eskola Maparen inguruan zenbait herri txikitan arazoak sortu dira (Castejon, Ribaforada...). Markotegik kasu hauek aztertuko dituela hitzeman zuen, baina "domino efektuaren" beldur dela eta, Eskola Mapa erabakita eta finkatuta dagoela berresan zuen.

EAEn 900 irakasle hizkuntz eskakizuna gainditu gabe gelditu dira
Sare publikoko 900 irakaslek ez dute bigarren eskakizuna betetzen, eta ondorioz desoreka handia sortu da dauden irakasle eta hizkuntz ereduen eskakizunen artean. Inazio Oliveri Hezkuntza Sailburuak konponketa zaila duen arazoa dela onartu du. Alde batetik, hezkuntzaren euskalduntzea abiada handiz doa eta bestetik, irakaslegoaren prestaketa erritmo motelagoan doa. Irale programak emaitza onak izan arren, hezkuntzaren abiadurara ezin izan du moldatu. Esfortzu handiak egiten ari direla adierazi zuen Oliverik, baina hala ere, zailtasunak hor daudela.
Arazo honen aurrean EILAS, ELA, LAB, eta CCOO sindikatuek prebisio eta planifikazio falta salatu dute. EILAS, ELA, eta LABen ustez, arazo honen erantzunkizuna Hezkuntza Sailarena da. EILASen arabera, desoreka hori ezin zaio irakasleari leporatu eta irtenbidea administrazioak eta sindikatuek sinatu duten akordioa dela aipatu du.
ELAk bi irtenbide ikusten ditu: barruan dauden irakasleak ahalik eta gehien prestatzea, eta boltsaren hustutze ez traunmatikoa bideratzea jende berria sartzeko.
LABen ustez irakasleen euskalduntzearen osagarri diren beste bide batzuk bilatu behar dira.
CCOOek irakaskuntza publikoko irakasleak euskalduntzeko urte hauetan egin den lana nabarmendu du. Baina hala ere, Iraleko kupoa handitzeko premia azpimarratu du.