XIMENEZ MAIA, Josu: Informatika aztertzen: lan talde baten esperientzia

1996-11-01
Aurreko alean argitaraturiko artikuluan informatikaren inguruko ardatz orokor batzuk emateaz gain, aipatzen zen, besteak beste, irakasle lan taldeak edota mintegiak osatzeko gune aproposa zela. Hauetan bai gure eguneroko lan hobetu eta aberasteko, bai besteen ikuspuntua ezagutzeko eta bestelako esperientzien elkartrukaketarako aukera izango genuke esperientziak osatuz edota iradokizunak jasoz.
 
 
Orain arte euskarazko irakaskuntzan dabilen hainbat eta hainbat irakasle borondate ezin hobeaz informatikaz baliatu da hein handi edo txikiago batean eguneroko eskola lanerako. Gehienetan esperientzia isolatuak izan dira, eta honelako lan talde bat norberaren esperientziak elkarri erakusteko gune ezin aproposagoa izan daiteke.

Ildo hnetatik, Iruñeako Irakasle Laguntza Zentroan irakasle lan talde bat osatu genuen pasa den ikasturtean. Partehartzaileok berebiziko ezagupen informatikorik ez geneuen, arduradun zen Pablo Solak ezik. Gure helburu nagusiak hiru ziren:

- Daude euskarazko software programak ikusi, ikertu, aztertu eta sakonki ezagutzea.

- Informazio eta esperientzien elkartrukerako gune bat sortzea.

- Egitasmo berrien ikerketa eta baliabide berrien sorkuntza.

Informatikak eskaintzen duen potentzialitateari ekin behar diogu, ez modan dagoen zerbait delako, benetako etekin praktikoa atera ahal zaiolako baizik.

Lan Talde honen aldizkortasuna ez da oso trinkoa izan eta hilabetean behin egindako bilerak ikuspuntu guztiz praktiko batetik jorratu ditugu, alferreko bideetatik galdu gabe.

Abiapuntutzat euskarazko programa zerrenda aztertu zen eta interesgarri ziren programak aukeratu. Bileretan programak ikusi eta gero, norberaren esku gelditzen zen sakontzeko lana, bakoitzaren interesen arabera, aparteko lanak nork bere kasa eginez.

Ez dago laburbiltzerik hitz gutxitan lan talde honen bileretan ikusi eta ikasitako guztia, programak anitz izan baitira: batzuk gainbegiratu ditugunak (Erlazioa, Birziklaketa, Diabetes...), beste batzuk komentatu ditugunak (Hobeto irakurri, Galdeka...) eta beste batzuk ikertu ditugunak (Euskal Herria ezagutuz...). Azken urteetan egindako programak ere hor daude, eta euskaraz dagoen programa zerrenda ez da makala.

Egunero euskarazko programa gehiago ateratzen ari dira. Euskarazko WORD 6.0 testu prozesagailua ere atera zen, eta dudarik gabe euskarazko materialen ekoizpena gorantz joanen da. CD-ROM formatoan ere joera berdina nabari da. Gaur egun, gutxi batzuk bakarrik egonda ere, euskarri honetan gero eta material gehiago ari da ekoizten. Irakasleok etengabe ateratzen diren baliabideen berri izan behar dugu, gero bakoitzaren eskola lanerako egokipen kurrikularra eginez.

Horra hor Lan Talde honen hurrengo helburua; dagoena ikusi eta ikertu ondoren, berezko lanen ekoizpena. Euskaldunok ez dugu gelditu behar atzerritik zer etorriko zain, eta informatikaz baliatuz bertatik bertarako lanak ekoizten ausartu behar dugu. Made in Euskal Herria, alegia.

Oso esperientzia aberasgarria izan deneko froga zera da: ikasturte berri honetan berriz ere taldea martxan dagoela eta gure esperientzia beste lekuetan ere, tokian tokiko eta lekuan lekuko baldintzen arabera aurrera eraman daiteke.

Garrantzitsuena informatikaren aurrean irakasle askok duen beldur justifikaezina uxatzea da.

Alde batetik argi dugu euskarazko irakaskuntza eta informatika uztartzeko zeregina ez dela inolaz ere lan talde honetan amaitzen. Eta bestetik, euskaraz inoiz egin ez den lan garrantzitsu bezain interesgarri bati gagozkiola ere bai.