Ikastetxeak, euskara eta normalkuntza bat eginik

1997-11-01
HNP, hemendik aurrera EAEko ikastetxe askok ahopean erabiliko dituzten siglak dira, Hizkuntz Normalkuntza Proiektuaren laburdura. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak proiektu honetan 1997/98 ikasturtean parte hartu nahi duten ikastetxeei deialdi irekia luzatu zien. Erantzuna uste baino handiagoa izan da. Guztira 222 ikastetxek eman dute izena, eta ilusioz eta indarberriturik ekin diote proiektuari.
 
 
Proiektua ez da bapatean sortu, politikari batzuei martxan jartzeko gogoa sortu zaielako. Jatorria 1982. urtean aurki dezakegu. Legearen arabera ikasleek euren ikastaldia bukatu ondoren bi hizkuntz ofizialak erabiltzeko gai izan behar dute, eta horren ardura Jaurlaritzak hartu zuen. Hori bermatzeko xedezko neurriak hartzea eta euskaragiroa sortzea bere gain gelditu ziren azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen arabera.

Urteetan zehar lege hori garatuz joan da. 1983. urtean hizkuntz ofizialen erabilera arautu zen. Hamar urte beranduago, 1993an, euskal eskola publikoetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartu ziren. Harrezkero irakasleriaren eta ikasmaterialen prestakuntzan, curriculumetan, didaktikan, aholku-orientabideen lanketan eta abar hainbat neurri hartu dira.

1996/97 ikasturtean, berriz, Hezkuntza Sailak EAEko 23 ikastetxetan hizkuntz normalkuntzarako proiektua ezarri zuen: 20 ikastetxe publikotan eta 3 pribatutan. Proiektuak bere begiradapean eta ardurapean garatu ziren eta balorazioa egin ostean, apirilean deialdi irekia luzatu zuten proiektuan parte hartzeko aukera zabalduz.

EAEko 222 ikastetxe animatu dira proiektuan parte hartzera, eta orain hasten da benetako erronka.



Hasteko, antolaketa

UEU-EKB eta Eskoriatzako Irakasle Eskola dira proiektu honen gidariak, eskaileraren goi mailan daudenak. Hauek PATetako arduradunekin biltzen dira eta arduradun hauek, berriz, ikastetxeetako Hizkuntz Normalkuntzako Arduradun Teknikoarekin. Azken hau Hizkuntz Normalkuntzarako Batzordeko kide da eta batzorde honen ardura proiektua egitea eta jarraipena ematea da. Eskailera hau da antolaketaren muina.

222 ikastetxe dira guztira eta UEU-EKB eta Eskoriatzako Irakasle Eskolak euren artean banatu egin dituzte. Bakoitzak 111 zentro dauzka bere ardurapean. Banaketa egin eta lanean hasi dira, gainera.

Baina horrelako proiektu batean ezin da bapatean, besterik gabe hasi. Prestakuntza beharrezkoa da normalkuntzarako bidea ongi urratzeko. Horregatik, lehenengo urratsa ikastaro bat antolatzea izan da. Bai UEU-EKBk eta bai Eskoriatzako Irakasle Eskolak ikastaro bat eskaini die irailean ikastetxeetako eta PATetako arduradunei. Bost egunetako eta 25 ordutako ikastaroak izan dira.

Berauen helburua tresnak ematea eta laguntzea izan da, askok ondo jakin gabe hartu baitute proiektuan sartzeko erabakia. Ikastaro guztietan bezala hainbat gauza teoriko erakutsi dira, baina alde praktikoak izan du pisu eta estimazio handiena. Horixe da azpimarratu nahi izan dena gainera, Julen Arexolaleiba Eskoriatza Irakasle Eskolako irakasle eta arduradunak azaldu digunez. "Nik ikastaroak ez ditut jendeak intelektualki jakin dezan bideratzen. Hori zati bat da, baina zati arrazionala bezain garrantzitsua iruditzen zait zati emozionala. Ni zati horretara iristen saiatzen naiz". Julenen ustez irakasleok zientziaren izenean oso kontu arrazionalak entzutera ohituta gaude ikastarotan "Nik ez du zientzia neutroan sinesten, sentimenduak beti daudela uste dut eta batez ere gurea bezalako egoera batean. Hor daude aurriritzi guztiak, norberaren gabezia guztiak... eta horrek errealitatea nolakoa den argitu edo iluntzen digu. Ni aurriritziak uxatzen saiatzen naiz ikastaroetan".

UEU-EKB eta Eskoriatzako Irakasle Eskolak bakoitzak bere programa jarri du martxan ikastaro hauetan. Izenburu ezberdineko programak dira, baina antzeko edukia dutenak. Ildo bera jarraitzen dute biek, bai lehentasunei dagokienez eta baita gainontzeko puntuei dagokienez ere. "Proiektua biok batera egin behar izan bagenu, oraindik hasteko egongo ginatekeen" dio Julenek, "eta orain berriz, hasi gara. Gure arteko harremanak onak dira eta gure lanari jarraipena ematen ari gara. Aurrera egin ahala tresna eta gauzak finkatuz eta hobetuz joango gara".



Iazko esperientzia

Iazko esperientzia positiboa izan zela dio Julenek, berak behintzat balorazio positiboa egiten duela. "Nire helburua jendeak ikastetxeko normalkuntza ikastetxean hasten dela eta ez dela hor amaitzen ikustea zen, eta bertako jendeak egin behar duela, ez kanpokoak". Normalkuntza Batzordearen funtzionamendua eta lanari ere garrantzia ematen dio. Orohar ikastetxe guztiek aurrepausoak eman zituztela ikusi zen.

Guztiek jarraitzen dute aurten eta sartu diren ikastetxe berriengan eragina izan dezakete duten esperientziagatik. Gauza bera esan daiteke Euskaraz Biziko ikastolengatik ere. Gainontzekoentzat garrantzitsua da hauen esperientzia, zeren alde batetik adituek esaten dutena baitago, eta bestetik aldameneko ikastetxeak egindakoa. Horregatik, garrantzitsua da nora begiratua izatea, ereduak edukitzea.

Dena dela, iazko ikastetxe horien proiektuak desberdinak direla ohar gaitezke. Batzuk epe luzerako plangintza egin dute eta epe motzera zer egin dezaketen zehaztu dute. Beste batzuk, berriz, arlo bat hartu eta hori lantzeari ekin diote. Julenen iritziz idealena tartekoa da, erdi bidekoa. "Arlo bat hartzea ez dela egokiena uste dut, baina zazpi-zortzi urteko plana egitea ere ez dut mesedegarria denik uste. Tarteko zerbait bilatu behar da. Hobe da arlo bat baino gehiago hartzea eta epe ertainerako ikuspegi bat izanda urtean zehar egin daitezkeen gauza egingarriak zehaztea".

Dena dela, ez da ahaztu behar proiektua ez dela urtebetekoa soilik, luzeagoa baizik eta ondo neurtu behar da. "Alde batetik epe ertaineko edo luzeko helburuak daude, eta bestetik urtean urtekoak. Hauek baloratu ahala ikusiko da aholkularien beharra gaur egun bestekoaden, gehiago edo gutxiago, normalkuntza saiorako ikastaroak urtero jende berari errepikatu behar zaizkion ala ez eta abar".

Zenbat eta gehiago hurbildu helburuetara, orduan eta gehiago urruntzen dela iruditzen zaigu ikusmira zabaldu egiten delako. Horregatik, nahiz eta orain helburu batzuk bete, hemendik bost urtera beste batzuk ikusiko dira. Normalkuntza ezin da urtebetean lortu.

Denbora ezezik beste bi ideia oso gogoan eduki behar direla dio Julenek:

1- Normalkuntza lortzeko indarra ikastetxean dagoela.

2- Barruko egoera hobetu ahala kanpora begiratu behar dela ikastetxea irlatxo bat bihur ez dadin.

Lehenengo ideiari dagokionez, idealena ikastetxeko partaide guztiak inplikatzea litzateke. "Baina esperientziak erakusten digu 20-40 pertsona ez direla aldi berean gauza bera egiten hasten". Horregatik, batzuk hasi behar dute eta Normalkuntza Batzordeari dagokio lan hori. Oso garrantzitsua da batzorde honek ondo funtzionatzea, gainerakoak aktibatzeko gaitasuna edukitzea.

Horrez gain, irakasle, ikasle, guraso... guztiak inplikatzea da idealena. "Hori ere paperetan jartzen da, baina ez da erreala. Alde horretatik, niri garrantzitsua iruditzen zait kualitatiboki aurrera egin dezaketenak zeintzuk diren ikustea eta horiekin jarraitzea besteen zain egon gabe".

Horien artean irakasleak, ikasleak, gurasoak, beste langileak... topatzen ditugu. Arazorik kezkagarriena ikasleen euskararen erabilera da, baina hori konpontzeko helduen arteko harremanetan ere eragin behar da. "Badirudi hartzailea beti haurra dela eta parametro horiek aldatu egin behar dira" Julenek dioenez. "Gure ekintzaren erdigunean haurra dago, haurra hezi behar dugu, baina horretarako ezin dugu pentsatu gure artean ezer egitekorik ez daukagunik. Orain arte NOLEGAn haurren erabilerari begira pentsatutako ekintza asko zeuden eta proiektu honetan ere kontuan hartzen dira, baina hori ezezik helduen arteko harremanak ere sartu dira". Zenbat eta orekatuago jokatu ikastetxe barruan eta kanpoan, orduan eta orekatuagoak aterako dira haurrak. Izan ere irakasleok ezin diegu eskatu haurrei geu egiteko prest ez gaudena. Hortxe dago gakoa. "Irakasleok ikastetxe barruan euskaraz egiteko prest bazaudete, eska iezaiezue haurrei ikastetxe barruan euskaraz egiteko. Irakasleok ikastetxetik kanpo euskaraz egiteko prest bazaudete eta egiten baduzue, eska iezaiezue haurrei eskolatik kanpora euskaraz egiteko". Zenbait ikastetxetako irakasleak IRALEn euskaraz ikasi dute, baina euren artean oraindik euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dute. Eta nola eskatuko diote ikasleei euskaraz egiteko beraiek erdaraz hitz egiten jarraitzen badute? Ezin dugu arlo hau ahaztuta utzi. Helduon arteko elkarrekintza, korporatibismotik urruti, klabea da. Haurrarengan eragin daitekeen moduan pentsatu behar da, eta horretarako helduon artean eredu bat eduki behar dugu.

Julenek aipatu duen bigarren ideia ere garrantzitsua da. Hau da, ikastetxean ematen diren aurrepauso horiek kanpoan ikusi egin behar dira. Auzoan, herrian, eskualdean... euskalgintzan dabilen jendearekin ere integratu behar da. Irlatxoak egin ordez apur bat hortik elikatu behar dela dio Julenek, kanpokoekiko harremana mantendu eta landu behar dela.



PATetako arduradunen zeregina

EAEko 22 PATetako hizkuntz arduradunek ere proiektu honen erronkari indarrez heldu diote. Irakasle eta hizkuntz arduradun teknikoei laguntzeko daude eta erantzunkizun handiko lana dela dio Pilare Baraizarra Barakaldoko PATeko hizkuntz arduradunak. "Ikastetxeak animatu behar ditugu eta zalantzak argitzen ere lagundu behar diegu".

Orain arteko ikastaroetan parte hartu dute arduradunok eta iaz ere Julen Arexolaleibaren ikastaroa jaso zuten. "Teknikariok oso ondo jaso dugu ikastaroa edo prestakuntza. Iazko ikastaroetatik superman edo superwoman batzuk ginela pentsatuz irten ginen. Julenengandik jaso genuen lehen akuilukada indartsua izan zen" gogoratzen du Pilarek. "Aurten ere ikastaroak oso ongi antolatu dira eta giro aldaketa nabaritu da hasieratik bukaerara. Jendea animatuta irten da".

Hemendik aurrera ere elkartzen jarraituko dute. Gune bakoitzeko PATetan bilerak egingo dituzte proiektuaren jarraipena egiteko eta esperientziak, arazoak, zalantzak eta abar elkarren artean argitzeko eta garatzeko. "Elkarrekin ikasten dena oso garrantzitsua eta aberatsa da. Aportazio berriak sortzen dira" Pilarek dioenez. Bilera hauek bi zatitan antolatu dituzte:

1- Amankomunean landu ditzaketen gaiak: herri mailan egin daitekeena, udaletxeari eska dakiokeena, gurasoekin egin daitekeena, eskolaz kanpoko ekintzen antolaketa...

2- Lan taldeetan egin daitezkeen ekintzak: ikastetxeen artean desberdintasun nabariak egon daitezke eta horregatik, antzeko egoera dutenen arteko lan taldeak egiten dira.

Bilera hauez gain, Pilare ikastetxez-ikastetxe ibiltzen da zalantzak argituz eta diagnostikoa egiteko laguntza zuzena emanez.

Zeren hori da ikastetxeek egin behar duten lehen gauza: diagnostikoa. "Ikastetxe bakoitzak nondik abiatzen den ikusi behar du, nola moldatzen den euskararen arloan, ze akats dituen eta abar". Horretarako ikastaroetan materiala banatu zaie, fitxa batzuk, eta horiek betez osatu behar dute diagnostikoa.

Hau aztertu ondoren etorriko da bigarren urratsa: helburuak finkatzea eta horren araberako proiektua gauzatzea. "Helburuak finkatzerako orduan guk laguntzaile edo zirikatzaile bezala jokatu behar dugu. Ezina denik ez dago, eta eman ditzaketen pausotan sinesten eta konfidantza hartzen lagundu behar diegu" Pilarek dioenez.

Ikastetxe bakoitzak bere diagnostikoaren arabera helburu desberdinak markatuko ditu eta proiektua ere norberaren ezaugarrietara egokitutakoa izango da. "Abenduaren 31rako egin behar dute proiektua eta gure zeregina ahal den neurrian epeak errespetatzea da. Proiektua serio hartu behar da eta lana egin, bestela ez da lortuko praktikan jartzerik".

Baina praktikan jartzeko modu asko daude eta hori ere aztertu beharrekoa da. Zeren, Pilarek dioen bezala, batzuk zuzenean ekintzetara jotzen baitute ekintza hori inon kokatu gabe. "Nik nahiago nuke ekintza hori non kokatzen duten, zein den arduraduna eta ze seriotasunez sartu diren ikustea. Ezin dugu galga edo frenoa izan, baina ekintzak kokatzea garrantzitsua da. Sistematizatzea komeni zaigu; ekintzak egin bai, baina non kokatzen ditugun jakinda". Jendeak lehen egiten ez zituen gauzak egitea positiboa dela dio Pilarek. Proiektu sistematizatuak egitera ohituta ez dagoen jendeak borondate osoz egiten ditu ekintzak, baina bideratzen lagundu behar zaie. Ikastetxe askotan ekintza solteak egin izan dira orain arte. Askotan euskarako irakasleari gustatzen zitzaiolako eta zuzendariak jakin ere egin gabe. Hori ona da, baina ekintza isolatu bezala gelditzen bada ez du normalkuntzarako balio. Horrelako gauzak kontuan hartu behar direla dio Barakaldoko PATeko hizkuntz arduradunak. Aurrerapen guztia ona da, baina nonbait txertatua, gurasoen eta klaustroaren onarpenarekin.



Ikastetxeak proiektuari so

Hasieran aipatu bezala, 222 ikastetxe dira aurten proiektuan sartu direnak. Batzuk iaz hasi ziren, beste batzuk aurten. Zentro batzuk publikoa dira, beste batzuk pribatuak. Batzuk Lehen Hezkuntzakoak, beste batzuk DBH edo DOBHkoak. Bakoitzaren egoera desberdina da, kokapena eta egitura bezalaxe. Baina guztiek lehen pausoa eman dute. Urrats hori nolakoa izan den, zein asmorekin abiatu diren eta zer espero duten galdetu dugu zenbait ikastetxetan.



Barakaldoko Ibaibe herri ikastetxea

Ibaibe herri ikastetxean Iñaki de Nicolasekin egon gara, bera baita hizkuntz normalkuntzarako arduradun teknikoa. Bi lerro dituen Lehen Hezkuntzako ikastetxea da eta D eredua soilik duena. Aurten zabaldu dute 2 urteko haurren gela eta guztira 600 ikasle inguru biltzen dira.

Pasa den ikasturtean jaso zuten proiektuan sartzeko gonbitea. Oraindik zehaztu gabe zegoen gauza zen. Bazekiten euskararen normalkuntzaren inguruan garatuko zela, baina nondik norakoa ez zuten ondo ezagutzen.

Ibaiben euskara adostasun gehiena lortzen duen gaia dela azaldu digu Iñakik, eta eztabaida txiki baten ostean proiektuan sartzea erabaki zutela. "Ereduen sorkuntzarekin batera euskaldunoi euskararen auzia irabazita zegoela iruditu zitzaigun, baina orain euskararen inguruan bultzada handirik eman gabeko epe batean geuden. Honek aurrera egiteko aitzakia polita ekar zezakeela ikusi genuen eta itxaropen handiekin sartu ginen" gogoratzen du Iñakik.

Iñakik bere burua lan honi ekiteko aurkeztu zuen eta bera izendatu zuten arduradun. Eskoriatzako Irakasle Eskolan jaso zuen ikastaroa beste 21 ikastetxetako arduradunekin batera. "Iazko ikastarotik indarberrituta etorri nintzen" gogoratzen du "Teoria baino gehiago estiloa zuen ikastaroa eman zigun Julen Arexolaleibak eta ideiak argi ekarri nituen bertatik. Hori zen nire kezka, nola azaldu klaustroari nik neuk oso argi ez nuen gauza bat. Ikastarotik etorri ondoren banekien zer esan eta nondik nora jo".

Klaustroak onartu ondoren Euskara Normalkuntza Batzordea eratu zuten. Iñakiren lana batzordekideei proiektua barneratzea zen. "Denok argi eduki behar genuen zer nahi genuen, bestela nahi ez genuen toki batean atera gintezkeen".

Horregatik, lehenengo egitekoa zer nahi zuten zehaztea zen. Ibaiben euskara normalizatzea zer zen zehaztu behar zuten eta definizio batera iritsi ziren: "Euskara normalizatzea, eskola inguruko eremu hauetan erdarak bete ohi dituen funtzio berberak euskarak bete ditzan aukera ematen saiatzean datza".

Definizio honetatik zein eremutan sartu nahi zuten zehaztu zuten. "Horretarako eskolak sortzen dituen edo eskolan bertan dauden eremu guztietan euskarazko erlazioak nolakoak ziren aztertu genuen eta euskarak erdarak duen presentzia bera izatea gure esku zegoen ikusi". Helburua ez zen kanpaina bat egitea, euskararen astea antolatzea edo antzeko zerbait. Proiektuak urrunago joateko bidea ematen zuela ikusi zuten. Horrela, Iñakik plangintza oso bat, marko oso bat aurkeztu zuen eskolaren barruko eta inguruko harreman guztiak zein egoeretan zeuden aztertuz. "Eremu bakoitzari diagnostikoa egin genion eta gero, eremu bakoitzean euskara sartzeko zer egin genezakeen aztertu genuen". Eremu erabakiorrena ikasle-ikasle arteko harremana dela argi daukate Ibaiben, baina horrez gain, besteak jorratu behar direla ere bai: irakasle-irakasle, irakasle-ikasle, irakasle-guraso, guraso-guraso, eskola-administrazioa, eskolaz kanpoko ekintzak, pasabideetako kartelak, teknologia berriak, gelatik kanpoko bisitak... Guztira 19 eremu izendatu zituzten eta helburu orokorrak zehaztearekin batera bakoitzean zer egin daitekeen ere xehetu zuten. "Jarritako helburuak errealak dira. Badakigu udalarekiko harremanak euskaratzea ezinezkoa dela, baina igerilekuko begiralea euskalduna izatea lor dezakegu B eta D ereduko ikastetxeek idatzi bat eginez, zinegotziekin hitz eginez eta abar. Edo euskaraz dakiten hornitzaileak aukera ditzakegu".

Azken finean, ikastetxeko eremu guztien diagnostikoa egin zuten eta hori moldatzeko irtenbideak markatu. Proiektu integrala da, osoa, eta horregatik bilakatu da eredugarri. Ez dute arlo bakar bat hartu eta lehenengo hori garatu. "Batzuk gurasoekiko harremanak lantzen dituzte lehenengo eta gero, hori egina dagoenean, beste arlo bati heltzen diote. Horrek, ordea, aurrekoa uzteko eta ahazteko arriskua dauka. Gainera, arlo guztiak aldi berean landuz aurrera goazeneko sentsazioa handiagoa da. Edalontzia betetzen ari gara, baina oraindik guztiz bete gabe dagoenez, arreta jaitsi gabe jarraitu behar dugu".



Hasi eta jarraitu

Aurten proiektua praktikan jartzeari ekingo diote Ibaiben eta horretarako arlo bakoitzean egin ditzaketen ekintzak zehaztu dituzte. Arlo bakoitzean hiru ekintza mota eraman daitezke aurrera Iñakik azaldu digunez:

1- Berehala gauzatu daitezkeenak, inolako gestiorik edo kudeaketarik gabe.

2- Kudeaketa minimo bat behar dutenak.

3- Epe ertainera begira ondo landu behar direnak. Hots, bapatean ikasleek beraien artean euskaraz hitz egingo dutela esateak ez dauka inolako zentzurik, gezur hutsa da eta porrotera garamatza. Azterketa serioagoa egin behar da elementu guztiak aztertuz.

"Gure asmoa eremu bakoitzean berehala gauza daitezkeen ekintzak aurrera eramatea da. Gero, kudeaketa minimo bat behar duten lanak gure artean banatzea, pixkat ikusi eta hilabete batzuk barru martxan jartzea".

Iñakik dioen bezala, orain dator erronkarik handiena, lanak eta ardurak banatu eta eguneroko ekintzetan sartzea. Baina poliki-poliki egin behar da, ito gabe, indarrez eta gogoz, ez baita urtebeteko gauza, luzeagoa baizik.



Nola gauzatu eguneroko lana?

Proiektua garatzeko orduan metodologiak zeresan handia duela dio Iñakik. "Metodologian haurren behar komunikatiboa aztertu beharko dugu eta erantzun zuzena eman. Adibidez, gu nor-nori-nork irakasten ari gara eta beraien beharra ez da hori, kaniketan, boleibolean eta abar euskaraz nola jolastu jakitea baizik".

Kezka hau ikusita Metodologia Komunikatiboa sakontzeko mintegia eratu zuten iaz. Haurren beharrak zeintzuk diren, zein material sortu behar diren eta abar aztertzen dute. Eta ondorio batera iritsi dira: metodologiak atsegina izan behar duela. "Haurrari esfortzu txikia eskatu behar zaio. Erdarak ematen ez dioen zerbait lortu behar dute euskararekin, eta hori atsegingarritasuna da".

Horretarako ekintza anitz eraman daitezke aurrera, eta ez gela barruan soilik. Adin ezberdinetako haurrekin amankomuneko ekintzak planifika daitezke: tailerrak, antzerkiak, eskulanak... Adin ezberdinetako ikasleak nahastuz handiak txikien eredu izan daitezke, eta haiek euskaraz egiten badute, txikiek hori entzuten dute. "Ikasle nagusiek txikien ikaste prozesuan sartu behar dute eredu bihurtuz, kate bat sortu behar da".

Baina kate hori ez da Lehen Hezkuntzako ikastetxean hasi eta bukatzen, luzeagoa izan behar du. Ikas-ibilbide bera duten ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeek amankomuneko zerbait egin beharko lukete, leku batean hasitako normalkuntzak jarraipena izan dezan. Ibaibeko ikasleak DBH egitera Beurko ikastetxera joaten dira eta hortik institutura. Guztien arteko batasuna bilatu behar dela dio Iñakik. "Euskararen Astea antolatuko bagenu, adibidez, ikastetxe guztion artean prestatu beharko genuke".

Ikastetxe barrua eta kanpoa, biak hartu dituzte kontuan Hizkuntz Normalkuntzarako Proiektua gauzatzerakoan Ibaiben. Beraiena, adibide bat baino ez da, baina erreala, martxan jarri dutena eta aurrera doana.



Larramendi ikastetxea

Donostiako ikastetxe pribatu hau aurten sartu da proiektuan. Haur Hezkuntza B ereduan eskaintzen dute, B eredu erreforzatuan, matematika soilik dutelarik gaztelaniaz. DBH, berriz, B edo D ereduan ikas daiteke eta DOBH D-B eredu nahastuan. Pixkanaka-pixkanaka euskararen presentzia handituz joan da Larramendin eta ekintza asko burutu dira. Aurten beste gauzen artean proiektuari ere heldu diote eta Arantxa Izagirrek, Euskara Mintegiko arduradunak hartu du proiektua zuzentzeko ardura.

13 urte daramatza Euskara Mintegiko arduradun bezala eta euskararen alde lana egiten saiatu direla dio. Proiektuan sartzeak ideia berriak ezagutzeko eta laguntza jasotzeko aukera emango ziotela pentsatu zuten ,eta horregatik eman zuten pauso hori. "Batez ere zer zen ikusteko eta zer egin dezakegun jakiteko sartu gara proiektuan" Arantxak dioenez.

Baina oraindik ez du oso seguru ikusten beraien parte hartzea eta aurrera aterako den edo ez. Izan ere, ikastetxe pribatua izanik, bileretara joateko zailtasunak dituztela aitortu digu. "Oso zaila egiten zaigu klase orduetan bilereretara joatea, ezinezkoa. Alde horretatik begiratuta, ikastetxe publikoek erraztasun handiagoak dituzte, ordezkoak bila ditzaketelako".

Beraz, denbora arazoa dela eta, ez daki proiektua gauzatzeko astirik izango duten ala ez. Hala ere, ikastetxean euskara bultzatzeko ekintzak egiten jarraituko dute orain arte bezala. "Betidanik Urruzuno sarian, Euskaraz Hezin eta auzoko beste hainbat ekintzetan parte hartzera bultzatu ditugu ikasleak. EGA ateratzera behartzen ditugu 3. BBBn, Iñurrategi anaiak ekarri izan ditugu... Baina hala ere, motz gelditu zarela iruditzen zaizu. DBH osoan D-B eredua daukagu baina UBI A ereduan egiten dute guztiek, nahiz eta euskarazko klasean A, B eta D eredutan banatu. Oraingoz inork ez du selektibitatea euskaraz egin".

Ikasturte hasierarekin batera berrikuntza asko etorri dira: 3. DBH, DOBH... eta lehentasunak markatu behar direla dio Arantxak. "Horregatik, ahal badugu garatuko dugu Hizkuntz Normalkuntzarako Proiektua. Badakigu ondo etorriko zaigula besteekin egotea eta harreman interesgarria sortuko dela iruditzen zaigu. Penagarria litzateke denbora faltagatik proiektua utzi beharra izatea".



Laskorain ikastola

Tolosako Laskorain ikastola ere proiektuan sartu da, baina ez da hizkuntz normalkuntzaren inguruan egiten duen lehen ekintza. Euskaraz Bizi proiektuan urte asko daramatza eta esperientzia hor dago. Emaitzak ere onak izan direla aitortu digu Periko Peñagarikano Ertainetako ikasketa buruak. Hizkuntz Normalkuntzarako Proiektua ere interesgarria iruditu zitzaien herri honek duen normalkuntza beharrari erantzuteko eta sartzea erabaki zuten.

Proiektu honetan egoera oso desberdineko ikastetxeak bildu dira. Laskorainen, esaterako, D eredua bakarrik dago, tramite eta dokumentu guztiak euskaraz egiten dituzte, klaustroak ere bai eta abar. Horregatik posible da zenbait ikastetxek eredu bezala ikustea, baina Perikok dioenez "hori egokia izan daiteke, baina horrek ez du balio bakoitzak lanik egin ez badu. Norberak bere egoera aztertu ondoren markatu behar ditu egin beharreko lanak".

Euskaraz Bizi proiektua martxan jarri zutenetik euskararen erabilera gehituz joan da Laskorainen. "Hasieran ere euskaraz irakasten zitzaien eta irakasleak euskaldunak ziren, baina erabilera ez zen hain handia". Geroztik egin dituzten neurketetan, ordea, igoera nabaritzen da. Jolastorduetan, jantokian... egiten dituzte neurketak. Azkenekoak iazko urrian egin zituzten maila guztietan; Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta BBBn. Jolastorduetan, adibidez, guztira euskararen erabilera %92koa izan zen.

Euskaraz Biziren barnean "Erabiliz hobetu" kanpaina egiten dihardute momentu honetan honi proiektu berria gehituko zaio. "Argi daukagu batak bestea ez duela estali behar. Orain bilera gehiago edukiko ditugu eta alde horretatik zailtasun gehiago sortuko zaizkigu. Baina bikoizketarik ez da sortu behar. Baterako balio duten ekintzak besterako ere balio dezakete".

Perikok argi daukana zera da: horrelako lan batean jendeak buru belarri sartu behar duela; zuzendaritzak, irakasleriak, langileak, gurasoak... "Zuzendaritzak proiektua ez badu bere gain hartzen, ez badu bere egiten, nik uste dut proiektu hauek ezin direla behar den bezala aurrera atera. Konbentzimendu osoz egin behar da. Irakaslearen konpromezu zuzena eskatzen du, eta lehendabizi zuzendariarena. Zuzendariak bere egin behar du proiektua, eta gero irakasleak eta bere ingurukoak inplikatu behar ditu". Perikoren ustetan ikastetxeko zuzendariak eta irakasleriak izan behar dute protagonista. Batzuk bakarrik hasten badira gurditik tiraka gurdia berehalaxe geldituko da. Ikastetxe barruan integratutako proiektua bada, berriz, errazago garatuko da eta emaitzak ere hobeak izanen dira. Behar-beharrezkoa da ikastetxeko estamentu guztien inplikazioa. "Euskaraz Bizin hori gertatu zen. Hasiera-hasieratik Emeterio zuzendariak lan handia egin zuen. Bera erabat inplikatu zen eta gero ingurukoak bultzatu zituen. Inplikazio zuzena behar da".



Koldo Mitxelena institutua

Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxean DBH eta DOBHko 800 ikasle inguru biltzen dira. Orain dela 10 urte ireki zituen ateak D ereduko ikasketak eskainiz. Euskal Herriko D ereduko institutu publiko bakarra zen, gurasoen presio eta borrokagatik sortua. Jatorria kontuan harturik, irakasleak eta beste langileak euskaldunak izan dira betidanik. Kontuak, klaustroak, domumentazioa... euskaraz egin izan dituzte beti eta euskararen inguruan ere hainbat erabaki hartuak dituzte. Adibidez, administrazioarekiko idatzizko harreman guztiak euskarazkoak dira eta gaztelaniaz iristen zaizkien idatzi guztiak itzuli egiten dituzte euskaraz eskatuz.

Alde horretatik lorpenak nabariak dira, baina ikasleen arteko euskararen erabilera da huts egin duena eta proiektu honetan horri emango diote lehentasuna. Avelino Urretxok adierazi bezala helburu nagusiena ikasleen arteko erabilera sustatzea da. "Institutua sortu zenetik eduki dugun kezka izan da erabilerarena eta baita hizkuntz kalitatea eta adierazpen arazoarena. Ikasle gehienentzat bigarren hizkuntza da euskara, beraz, eskolan ikasten dute". Horregatik, hizkuntzaren problematikak zentroko jarduera mugatzen du. "Beti saiatu izan gara nolabaiteko erantzuna ematen eta proiektu honekin hizkuntzaren trataera hauek guztiak erdigunean, organigraman jartzeko aukera zegoela konturatu ginen". Avelinok gaineratzen duen bezala ez da euskararen alde egiten den gauza konkretua, orokorragoa baizik, zentroko hezkuntza proiektuan sartzekoa, alegia. Betiko arazoa eta kontua Zentroko Hezkuntza Proiektuan sartzeko aukera eman die proiektuak.

Koldo Mitxelenara datozen ikasleak Odon Apraiz, Umandi eta Luis Elejalde- R. Alvaro ikastetxetatik datoz eta horiekin ere harremanetan jartzeko asmoa dutela azaldu digu Avelinok. "Garrantzitsua da harreman hori gauza asko DBH baino lehenago erabakitzen direlako". Normalkuntza ez da adin batzuetara mugatzen, ikas-prozesu guztian lortu behar den gauza da eta garrantzitsua da ikastetxeen arteko harreman hori lotzea.



Tolosaldeko Eskola txikiak

Tolosaldeko Eskola Txikietan daukaten arazoa ez da berdina. Ikasleen arteko euskararen erabilera ziurtatua dago. Beraien eguneroko hizkuntza euskara da, eta alde horretatik, pribilejiatuak direla dio Miguel Anjel Díaz Tolosaldeko Eskola Txikietako Hizkuntz Normalkuntzarako koordinatzaileak. "Gure helburuak batez ere kanpora begira egongo dira, nahiz eta barruan ere hobetzeko gauzak egon".

Irakasleen artean, gurasoekin, ikasleen artean... euskara normalizatua daukate. Bertako administrazioarekin ere normalkuntza nolabait gainditua daukatela ikusten dute. Arazoa kanporagoko harremanetan sortzen zaie. "Hezkuntza Saileko zenbait langilerekin ezin dugula euskaraz egin ikusten dugu. Zenbait arlotan eta zenbait momentutan erdarara jo behar dugu" aitortzen digu Miguel Anjelek. "Hornitzaile enpresa batzuk ere erdara hutsean bidaltzen dizkigute gauzak". Horregatik, Hizkuntz Normalkuntza Proiektuaren bidez harreman hauek normalizatzea lortu nahi dute.

Horretarako beste ikastetxe guztiek bezala, lehenengo diagnostikoa egin behar dute. "Eskola bakoitza berea egiten ari da, baina denon artean proiektu bakarra aurkeztuko dugu. Bertan amankomunean ditugun gauzak jarriko ditugu, eta baita bakoitzaren berezitasunak ere". Bi aldetatik mugitzen dira: orokorrean eta bakoitzak bere identitatea mantenduz. "Aspaldidanik daukagun filosofia da elkarlanarena. Bakoitzak bere identitatea galdu gabe denon artean zenbait gauza lortzen saiatzen gara" azaldu digu Miguel Anjelek.

Eskola guztiak koordinatzeaz arduratzen da Miguel Anjel eta eskola bakoitzeko arduradunarekin harremanetan egoten da. Guztira 13 dira: Gabiri, Zerain, Ikaztegieta, Errezil, Bidegoian, Albistur, Asteasu, Alkiza, Zizurki goikoa, Aduna, Berastegi, Berrobi eta Lizartzakoa. 350 haur inguru dabiltza, guztiak Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan. Ondoren, inguruko herri handiagoetara joaten dira ikasketak jarraitzera.

Momentuz guztiak sartu dira proiektuan, nahiz eta oso animatu ez egon denak. "Izan ere, euskararen normalkuntza ez da lehentasuna duena gure kasuan. Teknologia berriak eta gaztelania dira kezka nagusienak. Hauentzat, esaterako, gaztelania da bigarren hizkuntza eta hori da normalizatu behar dena". Egoera erabat desberdina da, baina hala ere proiektuak bailarako beste ikastetxeekin harremanetan jartzeko aukera emango die. Batak besteari laguntzeko aukera izango dute hobeto edo okerrago dauden arlo horietan.



Nafarroako Ikastetxe Publikoen Hizkuntz Proiektua

EAEn iaz 23 ikastetxe hasi baziren Hizkuntz Normarkuntza Proiektuarekin, Nafarroan ere ez ziren geldirik egon. Sei ikastetxek heldu zioten proiektuari: Barañaingo Alaitz Herri Ikastetxea, Amaiur Udal Ikastola, Axular Udal Ikastola, Burlatako Askatasuna Institutua, Barañaingo Alaitz Institutua eta Iruñeko Biurdana Institutua. Nafar Gobernuko Euskara Departamenduaren laguntzaz ikastaroak burutu zituzten eta lehen pausoak eman ere bai. Aurten laguntza hori ukatu egin zaie, baina sei ikastetxe horiek aurrera jarraitzeko asmoz daude. Barañaingo Alaitz Herri ikastetxeko Iñaki Andueza zuzendariak eta Jaione Aristorena bertako irakasleak beraien egoera eta antolaketari buruzko informazio zuzena luzatu digute.



Barañaingo Alaitz Herri Ikastetxea

Ikasturte honetarako burutu genuen matrikula kanpainaren balorazioa egin genuenean, ezin positiboagotzat jo: Iruñerriko D ereduko eskola publiko guztietan gorakada galanta nabari zen, 3 urteko neska-mutilen %50ak euskarazko irakaskuntza aukeratu zuen. Geuk ere, Barañaingo Alaitz ikastetxe publikoan gauza bera bizi izan genuen. Emaitzak aztertzerakoan Barañaingo euskal irakaskuntzaren historia burura zetorkigun: 19 urtetan zentro konpartituetan egon ginen, duela bi urte Alaitz ikastetxe publikoa elebakarra izatera iritsi arte. Pauso handia izan zen euskararen normalkuntza biderako, guraso, irakasle, ikasle eta herriko erakunde batzuren ahaleginaz lortu genuena. Eta hemen gaude Haur eta Lehen Hezkuntzan 475 ikasle eta 35 irakasle euskaraz ikasten eta bizitzen.

Baina "autokritika" zentzumena galdu ez dugunez, normalkuntzarako bide honi buruzko zenbait hausnarketa planteatu nahi ditugu: Dauden baliabide guztiak erabiltzen al ditugu? Zer gertatzen da euskararen kalitatearekin? Gaztelania noraino ari da zabaltzen eskolako giroan? Ahalegina moteltzen hasi ote da?

Aspektu hauetaz guztietaz hausnartu nahian egoera eta prozesu berdinetan dauden beste ikastetxe publikoekin elkartu eta Hizkuntz Proiektuaren oinarriak ezartzen hasi ginen.



Hasiera

Iaz, 96-97 ikasturtean, diagnosi faseari ekin genion. Gai honetan murgiltzeko asmoz proiektuan inplikatutako irakasleek bilera batzuk burutu eta proiektuko koordinatzaileekin batera amankomuneko bizipenak aztertu ondoren, abiapuntu berdinetik hasi ginen. Inkesta batzuren bidez euskararekiko interesgarriak diren guraso, ikasle, irakasle eta beste langileen datu batzuk jaso egin genituen: ezagutza maila, erabilpena, jarrera, motibazioa, perspektibak... Beste aldetik, ikastetxeko esparru desberdinetan euskararen erabilpen maila neurtu genuen behaketa zuzenaren bidez (geletan, pasabideetan, pation, ikasleen artean, irakasleen artean, ikasleak irakasleekiko eta abar).

Datu hauekin guztiekin hasierako balorazioa egin genuen eta ikasturte honetarako planteamendua markatu ere bai.



Jarraipena

Urrian Hizkuntz Proiekturako Batzordea eratu genuen. Bertan irakasleak, beste langileak, gurasoak eta udala daude ordezkatuta. Batzordean azaldutako proposamenak zikloetara eramaten dituzte ordezkari hauek zikloetan eztabaidatuak izan daitezen. Eztabaidatu ondoren, azken erabakiak hartu behar dituena klaustroa izanen