SUITZA: Suitzako banka sekretuak, txokolatea eta eskolak

1997-11-01
Europaren bihotzean dago lurralde txiki hau. Alpeek lurraldearen %60 osatzen dute eta Rodano eta Rhin ibaiek zeharkatzen dute. Berna da hiriburua eta lurraldea Suitza. Bertako banka-sekretuak eta txokolatea aski ezagunak dira, baina hezkuntza sistema...
 
 
Ez da hain ezaguna, ez, baina orain nolakoa den jakiteko aukera izango dugu. Suitza 23 kantoiz osatua dago eta bakoitzak bere konstituzioa dauka. Hezkuntzaren eskuduntzari dagokionez, Hezkuntza Ministeritza Federalik ez dagoela esan beharra dago. Kantoiak dira hezkuntza arduradun nagusiak, nahiz eta Konfederazioak kontrolatu derrigorrezko eta dohaneko hezkuntzaren antolaketa eta lanbide heziketa. Berak onartzen ditu ikasketa bukaeretako gaitasun ziurtagiriak ere. Maila federalean eta kantonalean botereak gobernuko hainbat departamendutan banatzen dira. Derrigorrezko hezkuntza, hezkuntza orokorra eta hezkuntza unibertsitarioaren ardura Barne departamenduak (maila federalean) eta hezkuntza publikoko departamenduek (maila kantonalean) daukate. Lanbide Heziketa, berriz, Ekonomia Departamenduen ardurapean dago.

Bigarren Hezkuntza eta Goi Mailako Ikasketetan egitura eta aukera desberdinak daude. Guztira 26 hezkuntza sistema desberdin daude kantoi guztiak kontuan hartuta. Denetan ez dira gauza berdinak eskaintzen eta daukaten pisua ere desberdina da.



Eskolako lehen urteak

Eskolaurreko urteen iraupena ez da finkoa izaten. Batetik hiru urtera bitartekoa izan ohi da, baina kantoi gehienetan bi urtekoa izaten da. Eskolaurreko hezkuntza hautazkoa da, baina haurren %98a gutxienez urtebete joaten da eskolara.

Lehen Hezkuntzaren iraupena ere desberdina zen kantoi bakoitzean 1992. urtean. 18 kantoitan sei urteko iraupena zuen, lau kantoitan bost urtekoa eta beste lautan lau urtekoa. Baina urtez-urte erreformatuz joan dira guztiek sei urterarteko hezkuntza eskainiz. Kantoi ezberdinetako sistemak bateratzea izan da erreformaren helburua.

Bigarren Mailako Hezkuntzaren barnea bi ziklo bereizten dira. Lehen zikloak hiru eta bost urte bitartean irauten du eta bizpahiru baldintza daude kantoien arabera.

Lehen ziklo honetan amaitzen da bederatzi urteko iraupena duen derrigorrezko hezkuntza.

Bigarren Hezkuntzako 2. zikloa 15-16 urtekin hasten dute ikasle suitzarrek. Lau aukera eskaintzen zaizkie adin honetan:

1- Écoles de maturité: lau urteko iraupena duten ikasketa hauekin eskola bukaerako ziurtagiria lortzen da, baccalauréat edo maturité deiturikoa. Honek goi mailako ikasketak egiteko aukera ematen du.

2- Écoles normales: ikasketa hauek maila desberdinetarako irakasleak prestatzeko dira: eskolaurrea, lehen maila eta bigarren hezkuntzako lehenengo ziklokoak. Bost urteren buruan lortzen den diplomaturak goi mailako ikasketak egiteko aukera ere zabaltzen du. 1995az geroztik lehen mailako magisteritza diplomaturak kantoi guztietarako balio du.

3- Écoles de degré diplôme: ikastetxe hauek ikasketa orokorrak eskaintzen dituzte. Hiru urtetan zehar ikasleak lanbide heziketarako prestatzen dituzte eta baita artea eta interpretaziorako ere.

4- Lanbide Heziketa: Bigarren Hezkuntzako 2. zikloko ikasleen bi herenak baino gehiago errepresentatzen du Lanbide Heziketak, eskola profesionalak eta egun osoko ikasketak kontuan hartuta.

Egun osoko ikasketak ikastetxe profesionalen eta lantegien artean eskaintzen dituzte. Lantegietan ikasleek irakasle ofizialen laguntza jasotzen dute. Sistema bikoitz honi prestakuntza kurtsoak gehitzen zaizkio eta hauek elkarte komertzialak antolatzen dituzte.

Ikasleek azterketen ondoren lortzen dute gaitasun ziurtagiria.



20 urtetik aurrera...

20 urtekin ikasten jarraitu nahi duen suitzarra aukera desberdinekin aurkitzen da beste lurraldeetan bezala.

Goi eskolak eta eskola teknikoak gaitasun ziurtagiri federala duten ikasleentzat daude zabalduta, eta horrez gain, ikastetxeotan sartzeko azterketa konpetitibo bat gainditu behar da. Dena dela, goi mailako eskola batzuk hautes écoles bihurtu dira eta baccalauréat profesionala duten guztiek bide hori aukera dezakete.

Gaitasun ziurtagiri federala duten ikasleek azterketa profesionaletarako eta goi mailako azterketa profesionaletarako prestakuntza kurtsoak egin ditzakete. Lau urtetako formakuntza hau aktibitate profesionalarekin batera eskaintzen da. Elkarte komertzialek antolatzen dituzte gaitasunak gehiago lantzeko eta etorkizuneko zuzendariak prestatzeko. Azterketa gainditu ondoren ziurtagiri federala edo diploma lortzen dute ikasleek.

Kantoi batzutan goi mailako irakasleen prestakuntza Irakasle Eskoletan edota unibertsitateari lotutako instituzioetan eskaintzen da. Baina lortzen den ziurtagiria ez da titulu unibertsitarioa kontsideratzen.

Suitzan Teknologiako bi institutu federal eta zortzi unibertsitate kantonal daude. Guztiak instituzio publikoak dira. Berauetan matrikulatzeko ikasle suitzarrek eskola ikasketak bukatu dituztenaren ziurtagiria eduki behar dute. Ikastetxe hauetako ikasketekin titulu unibertsitarioa edo diploma eskuratzen dute.

Behin titulu hauek edukita doktoradutza edo graduondo ikasketak egiteko aukera zabaltzen da.