Praktikatzen: Ikonoteka baten antolakuntza (I)

1997-11-01
Arte Hezkuntza arloan irakasleon borondateak bete behar izaten ohi ditu baliabide didaktikoen zein materialen hutsuneak. Batzuetan diru kontua izaten da, baina gehienetan plastikako arloan oinarrizko betebeharrei buruz dagoen despistean edo ezjakintasunean kokatu egin behar da egoera honen sorburua. Irakasleon intuizio eta desioak ez dira orain arte nahikoa izan Arte Hezkuntza sistema eskolarrean beharko luken tokira aupatzeko.
 
 
Arte Hezkuntza arloan irakasleon borondateak bete behar izaten ohi ditu baliabide didaktikoen zein materialen hutsuneak. Batzuetan diru kontua izaten da, baina gehienetan plastikako arloan oinarrizko betebeharrei buruz dagoen despistean edo ezjakintasunean kokatu egin behar da egoera honen sorburua. Irakasleon intuizio eta desioak ez dira orain arte nahikoa izan Arte Hezkuntza sistema eskolarrean beharko luken tokira aupatzeko.

Zoritxarrez, gaur egun eskolak oraindik Arteari bizkarra emanez bizi direla esan daiteke. Eta eskola-kulturaren ardatzik nagusienetakoa dela kontuan hartzen badugu, agerian geldituko da jarrera honen larritasuna. Hortaz, inolako zalantzarik gabe eta lehenbailehen gure ikastetxeak Arte Hezkuntzarako baliabidez janzten hasi beharko dugu.

Gaurko proposamenaren helburua Arte Hezkuntzarako ezinbestekoa zaigun tresna bat eratzea dugu. Ikonoteka deituko diogu, azken finean, proposatutakoa irudien bilduma bat osatzea delako. Baina ikusiko dugun bezala ikonotekaren bidez egingo duguna ez da irudiak pilatzea soilik izango. Eginkizun honen bitartez, estreinako Arte Hezkuntzako klaseak eskaintzen arituko gara.

Ikonoteka edukitzea ezinbestekotzat jotzen dugu; Arte irudirik gabe ezinezkoa delako Arte Hezkuntza behar bezala gauzatzea. Hortaz, gure ikonotekaren osagaiak Arte irudiak izango dira, hain zuzen ere Arte Hezkuntzarako (ez soilik arte klaseetan) erabiliko ditugun irudiak.



Antolakuntza

Ikonotekaren osagarrien aurkezpenaren formatoa

Ikonoteka zer den esana dago: irudien bilduma sailkatu eta

antolatua. Baina irudiak modu askotan aurkez edo antola daitezke.

Hona hemen, bada, gure ikonoteka osatuko duten irudien aurkezpenerako erabil daitezkeen euskarri eta formaturik aipagarrienak:



Liburuak

Liburuak izango direla gure ikonotekaren oinarri eta irudi iturri. Gaur egun edozein liburudendatan oso merke eros daitezkeen eta oso kalitate handia duten argitalpenak daude. Material hau lan pertsonaletarako zein talde lanerako erabil daiteke. Horregatik, zentroko liburutegian arte liburuen atal bat irekitzeak merezi du. Liburu garestienak, berriz, beste liburutegietan maileguan lor daitezke.



Diapositibak edo argazkiak

Oso interesgarriak dira talde lanean aritzeko. Edozein ikastetxek artelanen diapositiben bilduma bat eduki beharko luke. Bilduma hau osatzeko biaukera dauzkagu:

1) Museoak edo zenbait argitaletxek saldutako diapositiben bildumatxoa.

2) Ikasle-irakasleok egindako bildumatzoa. Ikus dezagun eskuragarriago eta heziketarako aproposagoa den bigarren aukera hau lasaigo.

Edozein ikastetxeak bazter batean erdi ahantzirik duen argazki makinarekin (eta hala ez balitz erosi egin beharko litzateke) antolatuko ditugun arte erakusketeten bisitaldietan oso diapositiba bikainak egin daitezke. Badakigu zenbait museotan ez dutela uzten argazkirik egiten. Batzuetan ezinezkoa izango zaigu museoko zuzendariaren bihotza biguntzea. Orduan museoak berak saltzen duen materiala erosi beharko dugu. Baina besteetan, aldez aurretik baimena eskatuz eta arte ikasketetaren eginkizun bat bezala aurkeztuz, konpon daiteke arazoa. Azken finean, museotako bisitariak prestatzen ari gara, etorkizunerako "bezeroak", alegia.

Honako hau ezezik, beste aukera batzuk ere izan ohi dira diapositibak egin ahal izateko. Esate baterako, kalean edo leku publikoetan dauden artelanek eskaintzen digutena. Bestalde, norberaren edo ezagunen etxeetan dauden horiek ere irudien bilduma ugaltzeko aukera paregabea izan daitezke.

Baliabide didaktikoen erketaren zurrunbiloan sarturik, batzuk arte liburuetan agertzen diren irudiei argazkiak egitea erabakitzen dute, makro objetiboa erabiliz txikiegiak direnean. Lortzen duten materiala ez da kalitate txarrekoa, baina era honetako bidea hartzen baduzue, kontuan izan beharko duzue copyright-en eskubideen arazoa.



Irudi solteak

Modu askotan lor daitezke.

1) Sarritan aldizkarietan edo asteburuetako gehigarrietan erakusketa ospetsuenen berri ematerakoan, irudiz josirik azaltzen dira artikuluak eta batzuetan oso kalitate oneko ilustrazioak izaten dira.

2) Liburu azoketan saltzen dituzten bilduma zaharretako faszikuluetatik ere lor irudi pila daiteke.

3) Museoetan salgai dauden postalak, laminak edo posterrak ere oso material

baligarria dira arte klaseetarako edota gela zein ikastetxea girotzeko.

Ikonoteka laster ugalduko da zuen ikasleek edo beraien lagun bidaiariek

oporretako ohiko postala hautatu beharrean artelan baten irudia duen beste bat bidaltzen badute.



Euskarri elektronikoa duten irudiak

Atal honetan bi irudi iturri izango dira aipagarrienak:

1) Alde batetik bideo zintetan jasotako irudiak. Gutxitan bada ere, telebistan noizean behin arteari buruzko emankizunak eskaintzen dituzte eta gure ikonotekaren atal bat bideoz osatzea oso interesgarria izan daiteke.

2) Bestetik, gero eta gehiago zabaltzen ari den Internet famatuan badaude artearekin zerikusia duten egoitza eta museo elektronikoak. Hauetan oso erraz (denbora, ordenadorea eta modem ona badugu) lor daitezke artelanen irudiak. Azken hauek, hala ere, eragozpen handi bat dute: ordenadorearen pantailan soilik ikusi daitezke kalitate eta zehaztasunik galdu gabe. Photoshop bezalako programa aproposekin inprimatzeko moduan zehaztasuna jartzea lor daiteke. Bainan irudia eskuratzeko bide hau hartzekotan, kontuan izan beharko dugu folio erdiko irudi batek eskatzen duen disko gogorreko espazioa eta memoria kopurua oso handia dela. Norberak ikusi beharko du, hortaz, irudia eraldatzeko emandako lana eta erabilitako bitartekoak azkenean lortutako irudiaren kalitateari. egokitzen zaizkion ala ez.

Gero eta helbide gehiago baldin badago ere, hona hemen WWW-eko irudi bankuen helbide pare bat: http://sunsite.unc.edu/wm/ (Pariseko WebMuseum deitutakoa, bere baliabideak libre eskaintzen ditu hezkuntzarako direnean, eta baita irudiak ere) eta http://www.famsf.org/index.html (Estatu Batuetako S. Francisco-ko Arte Museoak 60.000 irudien datu-basea eta oso erabilgarriak diren beste balibide asko ditu). Honekin norbaiten irudi egarria asetu gabe geratuko balitz, bere kabuz munduko museorik garrantzitsuenek dituzten web orrialdetan gehiago bila dezake.



Jatorrizko artelanak

Hauek lortzea ez da errazena izango, bainan ausardia eta ardura pixka batekin gure herriko margolari edo eskultorearen lan bat edo beste lor daitezke denboraldi batetarako maileguan ikastetxean erakusgai jartzeko. Artistaren konpromezu txiki honekin batera, irudi bat ez ezik, askoz ere eginkizun sakonagoa burutzen ari gala Arte Hezkuntzarako gure ahaleginetan.

Era berean kontuan hartu beharko genuke irudi batek ez dizkigula inoiz emango (historian egon den artistarik handienarena baldin bada ere), jatorrizko lan batek arteaz gozatezeko ematen dizkigun sentimen-ahalbideak. Horregatik zenbait kasutan eta zenbait eginkizunetarako oso garrantzitsua izango zaigu bertatik ikus eta uki daitezkeen lanak gure arte klaseetan edukitzea. Hori lortzeko egin daitezken ahalegin guztiek pena mereziko dute.



Gelako ikonoteka / Zentroko ikonoteka

Zer eratu behar da gelako ala zentroko ikonotek? Zein da interesgarriagoa? Eraginkortasunari begira garbi dago ikastetxe osorako prestatutako ikonoteka gelakoa baino askoz ere egokiagoa dela. Ikastetxean nolabaiteko koordinazioa baldin badago irudiak lortzeko aukerak biderkatuko ditugu. Irudien bilduma askoz ere zabalagoa eta aberatsagoa izan daiteke errepikapenak ekidinez eta ekarpen txiki baten bidez baliabide aunitz eskuratuz.

Baina abaintailak dituen bezala, era honetako proposamenak baditu zenbait eragozpen ere. Haurraren eta irudiaren arteko lotura ez litzateke oso estua izango, bilduma gauza arrotz bezala -eta ez norberak eraikitako gauza bezala- ikusiko litzakete. Ikonoteka ez litzateke gelako bizian nahiko genukeen bezala txertatuko.

Horregatik gure proposamena, bi ikuspegi hauek kontuan hartuz, hauxe izango litzateke: gela bakoitzak bere material propioa edukitzea, baina kontuan hartuz ikastetxe osoak "dakiela" zeintzuk diren gela bakoitzak dituen irudiak.

Hau lortzeko, gela bakoitzak bere bilduma osatzerakoan bere datuak beste gelekin amankomunean duen datu-basean sartu beharko lituzke. Horrela edozeinek edozein unetan ikastetxeko ikonotekan "zer" dagoen jakin ahal izango du eta baita bera bilatzen ari den irudia "non" dagoen eta "nola" lor dezakeen ere.

Hortaz, irudiak geletan egongo lirateke, fisikoki, baina ikonoteka, birtualki, guztientzat erabilgarria izango litzateke.



Informatizazioa

Fitxategi hau informatizatuta edukitzea komeni dela esan beharrik ez dago, bilaketak errazteko eta datuen arteko konparaketak eta kudeaketak arintzeko.

Guk erabiltzen dugun fitxategia osatzeko PC eta Macintosh-erako prest dagoen FileMaker Pro programan egina dugu, baina antzeko beste edozein erabil daiteke. Zentroaren barnean ezezik beste zentroekin egin daitezkeen datuen trukaketetarako bateragarritasuna kontuan izan beharko genuke, hala ere, gure programa hautatzerakoan.

Hona hemen, bada, gure ustez interesgarria eta erabilgarria izan daitekeen fitxa baten eredua.



Fitxaren diseinurako iradokizuna

Jakin badakigu sarritan, datu faltagatik edo, ezinezkoa izango zaigula fitxak dituen eremu guztiak betetzea. Hala ere, irudi bakoitzak fitxa baldin badu, denborak aurrera egin ahala hauen osaketa (honako hau zenbait ikasgelaren lana izango delarik) eta erabilgarritasunaren arabera, batzuk baztertuz eta beste batzuk aukeratuz, emeki-emeki gure ikonotekaren oinarrizko irudigintza osatuko dugu.

Hona hemen bada, gure ustez ikonoteka baten fitxak jaso beharko lituzkeen eremuak. Hau iradokizun bat besterik ez da eta hemen aipatutako zenbait eremu oso eraginkorrak ez izatea gerta liteke. Hala ere, proposamen zabala egitea iruditu zaigu egokiena, zuek gero zeuen beharretara murrizten jakingo duzuenaren esperantzan.



Datu orokorrak

Erreferentzia: Katalogo orokorrean azkar izendatzeko eta aurkitzeko balio duen zenbakia.

Irudia: Ahal bada artelanen irudi txiki bat ipin daiteke.



Obrari dagozkionak

Egilea: Lana burutu duen artista ala taldea.

Hiritartasuna: Egilearen jaioterria ala kultura.

Izenburua: Artelanaren izena.

Neurriak: Lanaren jatorrizko neurri fisikoak.

Urtea: Artelana egin den data.

Gaia: Artelanak adierazten duena.

Teknika: Margolaritza, eskultura...

Materiala: Oleoa, tenpera, harria, egurra...

Estiloa: Barrokoa, Erromanikoa, Kubista...

Non ikus daiteke: Artelanaren gaur egungo kokagunea.



Erabilpen didaktikoari dagokiona

Edukin plastikoak

Helburu orokorrak

Interes gunea



Irudiari dagokiona

Irudiaren egilea.

Neurria: Irudiak (ez artelanak) duen neurria.

Kalitatea: Irudiaren zehaztasuna, osoa ala zatia den...

Kolorea: Koloretakoa ala txuri beltza den.

Formatua: Diapositiba, txartela, posterra, liburua... (Liburua bada, liburuak fitxatzeko erabiltzen diren eremu arruntak errepika daitezke orriaren argipena erantsiz).

Kokapena: Gela, liburutegia, apala, karpeta, eta abar.