Adimena eta autoestimua irakaslearen zeregina
Eskola, izakia bere osotasunean hezitzeko, hau da, norbanakoaren ahalmen guztiak eta bere nortasuna garatzeko helburua duen hezkuntza erakundea da.
Hezkuntza prozesua pertsonaren prestakuntza integralerako prozesu gisa ulertu behar da, pertsona bakoitzak berez adimen handia duela kontuan hartuta. Eta adimen handia esaten dugunean hauxe adierazi nahi dugu: bizitzako egoera berri bakoitzari era egokian aurre egiteko malgutasunez eta arrakastaz erantzun berria sortzeko dugun gaitasuna, hain zuzen ere.
Malgutasunez eta egoki pentsatzeko eta jokatzeko edozein ezintasun, ia gehienetan iraganeko eskarmentu mingarrien edo informazio desegokiaren ondorio izaten da; izan ere, emozio-asaldurek eta blokeo psikoafektiboek adimenaren adierazpena eta ikasteko ahalbideak eragozten eta gutxitzen dituzte.
Adimena bultzatzen edo eragozten duena norbanakoaren emotibitatea denez, hezkuntza-prozesuak lehentasun bera emango die ikaslearen emozio-heldutasuna eta adimen-heldutasuna garatzeko helburuei.
Jakina denez, elkarreragin handia dago norbanakoaren adimenaren eta emozioen artean. Horrela bada, adimenaren koalitateak, hein handi batean, emozio-harremanen ezaugarrien araberakoak izaten dira eta adimenaren heldutasuna eta gizartean egokitzeko gaitasuna, bizitza emozionala izatearen eta horrek duen orientazioaren araberakoak.
Burmuinean kalte fisiko larriak daudenean izan ezik, esperientzia kaltegarrien ondorioak erabat senda daitezke, pertsonen emozioen alderdiari arreta eta lana eskainiz gero. Horretarako, prozesu fisiologiko natural eta konplexuak bultzatu behar dira, hala nola, kanpotik negarrarekin, dardarekin, haserrearekin, barrearekin, aharrausiekin eta hizketarekin lotutakoak, horiek ahalbideratzen baitiote gizakiari emozio-asalduretatik eta blokeo psikoafektiboetatik askatzea, eta adimena, hau da, ikasteko eta gainerako gizakiekin jokamolde laguntzailea garatzeko erraztasuna, berreskuratzea.
Ikaskuntzari buruzko nozioak
Ikastea prozesu aktiboa eta konplexua da. Prozesu horren bidez, zentzumen, pertzepzio edo pentsamendu sortzailetik datorren informazio berria gureganatu egiten dugu lehendik dugun informazioarekin erkatuz eta alderatuz, eta ondoren, oroimenean gordeta uzten dugu, egoera berriei erantzuteko eskuragarri egon dadin.
Ikasleek ezin dute informazio berririk ikasi, baldin eta informazio hori aurretik bereganatuta dituzten ezagupenekin lotuta ez badago.
Pertsona guztiak gara izatez ikusmin eta jakinmin handikoak. Kontrakorik azaltzen bada, ikasgelan gertatzen diren baldintzen ondoriotzat jo dezakegu: irakasteko metodoa parte hartzailea ez izatea, irakasleen jarrera jakin batzuei beldurra izatea... edota ikasleak momentu horretan iraganean bizi izandako esperientzia pertsonal latzak gogoratzea.
Ikaskuntza behar bezala bideratzeko, gehiegizko informazioaren eta informazio gutxiegiaren mugen artean ibili behar da. Informazio berri gehiegi badago edo azkarregi ematen bada, ikaslea nahastu egin daiteke, eta urriegia bada, ikaskuntza txikitzea gerta daiteke aspertu egiten delako.
Jolasa, ikuskapen askea, elkarrizketa eta eztabaida ezinbesteko osagaiak ditugu ikasteko prozesuan, horien bidez ikasleak mundua ulertzeko bere modua eratu ahal izango duelako.
Geure buruarekin ondo gaudenean hobeto ikasten da. Irakasleak ikaskuntza erraztu egiten du ikasleekin harreman samurra duenean, seguru eta fidakor, maitatuak, aintzat hartuak, estimatuak, onartuak... direla sentiarazten dienean, kritika baino gehiago gorespena erabiltzen duenean eta haien iraganeko esperientzia larriak arretaz entzuteko gauza denean.
Irakasleak kontuan izan behar du pertsona bakoitzak ikasteko moduaz (hala nola ikusmenaren, ukimenaren edo mintzamenaren bidezkoa), bai eta giroaz ere (lasaia edo zaratatsua) bere zaletasunak dituela, eta horiexek eskaintzen ahalegindu behar du.
Kontrolatzeko eta kalifikatzeko dagoen ohiturak ez du ahalbideratzen jendea bere buruarekin ondo egotea. Kaltegarria da ikasleei etiketa jarri eta taldeka sailkatzea. Adimena neurtzeko testak bereziki kaltegarriak dira gizartean nagusi den taldeak adimenaz duen ideia sendotzen dutelako. Desleialak eta adorea kentzeko dira jatorri ezberdineko klase, kultura, erlijio, hizkuntza edo gizartekoak diren pertsonentzat. Ikasleak kontrolen edota mailen bidez konparatzeak beren autoestimua txikitzen du eta horretaz gain antsietate handiko eta segurtasun gabeko pertsonak izatera bultzatzen ditu.
Irakastea
Irakastea oso interesgarria da. Irakasleok gure gaitasun sortzaileak erabiltzeko eta gai askori buruz ikasteko aukera dugu. Irakasteko metodo berriak sor ditzakegu eta eskolak hobetzeko lan egin. Irakasteak ikaskuntzaren jarraipena sustatzeaz gain, komunikatzeko gaitasuna hobetzen du, eta aberasgarria da gure denbora ikasten eta komunikatzen diharduten pertsonekin ematea.
Baina era berean, irakastea eginkizun konplexua ere bada. Ikaskuntzaz, curriculumaren edukinaz dakigun guztia garatzea, irakatsi nahi duguna edo irakasteko eskatzen zaiguna kontuan izatea, ikasle bakoitza aintzat hartzea banan-banako arreta eskainiz, gurasoekin harremanetan izatea, zer eta nola irakatsi behar dugun pentsatzea... ez da zeregin erraza.
Irakasleak benetan kezkatzen dira ikasleez eta beren ikaskuntzaz, baina gure eginkizuna betetzeko zailtasunak sortzen dituzten frustrazioek sarritan amore ematea, erru guztiak geure buruari botatzea eta nolabaiteko atsekabe edo gogogabekeria dakarkigute; eta ondorioz, irakasteak dibertigarriagoa eta asebeteagoa izan behar lukeela pentsatzen dugu. Gutariko bakoitza, geure asmo handien eta eguneroko egoeran benetan lor dezakegun apurraren arteko hutsuneari aurre egin beharrean izaten da.
Gainera, irakasle gehienek baldintza zailetan lan egiten dute, banakako arreta eskaintzea ezinezkoa den ikasgela bete-beteak dituztelako. Horrez gain, ikasleen artean alde handia egoten da interesetan eta aurretiazko ezagupenetan, eta gizarte-baldintzak direla eta, ikaskuntza eragozten dien nahigabe emozional eta familia arazoekin heltzen dira eskolara.
Irakasle askok ordu luzeak ematen ditugu ikasleekin bakarka edo beste irakasleekin batera hitz egiten; tarte horietan gauza asko hitz egiten eta entzuten dugu, beti ere arreta guztia ikasleei eta beren beharrei eskainita. Horregatik, irakasleok denbora behar dugu beste pertsona heldu batzuekin hitz egiteko eta geure buruei arreta eskaintzeko, hau da, denbora hori gure lanbideaz edo geure kontuez hitz egiteko, pentsatzeko edo sentitzeko, esperientzia positiboak trukatzeko, geure bizitzaren edo lanbidearen zailtasunez hitz egiteko, lanbide hau aukeratzera bultzatu gintuzten idealak berrikusteko, arazo zehatzek izan ditzaketen konponbideak bilatzeko aukera izateko, helburuak finkatzeko, gai espezifikoez pentsatzeko, gure ikasle-garaiko esperientziez hitz egiteko...
Gaur egungo irakasle gehienok larritasunez bizi izan genuen ikasle-garaia, gogorregi eta autoritate handiz tratatu gintuztelako. Horren ondorioz, ikasleek oldarkor, gogogabe, axolagabekeriaz... jokatzen dutelako gelan estualdi bat gertatzen denean, urduri, deseroso eta oldarkor sentitzen gara eta zailtasun handiak izaten ditugu estualdia arindu eta ikasgelako arreta berriz ere gauza positiboetara zuzentzeko, konponbide sortzaileak eta malguak pentsatzeko. Une horietan gure irakasleek geurekin erabili zituzten jokamolde gogorrak errepikatzeko joera izaten dugu eta, horrela, handituz doan gure ikasleen oldarkortasuna, gogobabezia eta axolagabekeria iraunarazi egiten dugu.
Irakasleen benetakotasuna ezinbestekoa da ikasleekin harreman jatorrak izateko, horixe baita benetako hezkuntza-harremana izateko nahitaezko baldintza. Horretarako, irakasleak bere burua aurkitu behar du pertsona moduan eta alde batera utzi bere jokabidea estereotipatzera eta ikasleen aurrean "dena dakien, dena menperatzen duen eta dena kontrolatzen duen emakumezko edo gizonezko akatsik gabea balitz bezala" agertzera bultzatzen duten printzipio jakin batzuk.
Printzipio horiek barneratzeak, irakasleak bere jarduera errobotizatzea, bere nortasuna ez onartzea eta etengabe defentsabideak erabiltzea dakar, beldurra ematen diolako bere ahuldadeari, ziurtasun-gabeziari eta emozioen ezegonkortasunari aurre egin behar izateak.
Irakasleak ikasleen aurrean bere izakera onartuko balu, hau da, aldatuz doan eta bere ondo eginak, zalantzak eta ahuldadeak dituen izakia dela, ez luke bere sentipenei uko egin beharrik izango, den modukoa azalduko litzateke, zabalagoa izango litzateke, ikasle bakoitza den moduan onartzeko jarrera izango luke eta ikasleek etengabe bidaltzen dizkiguten mezuetatik ikasgaiak ateratzeko gertuago egongo litzateke; beraz, ikasgelan agertzen zaizkigun unean uneko arazoei konponbidea bilatzeko errealistagoa izango litzateke.
Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan irakaslea beste nortasun batzuekin harremanetan lan egiten duen nortasuna da.
Ikastaroko helburuak
Ikastaro hauen helburu nagusia irakasleak praktika honetan trebatzea da gero honen igorle izan daitezen eskoletan beste irakasle, guraso eta ikasleekin. Honekin batera, eskola guztietan irakasleen, ikasleen eta gurasoen laguntza taldea eratzea, pertsona guztiak asaskatzeko tokia eta aukera izan dezaten adimen osoa berreskuratzeko eta zapalketarik gabeko gizarte bat osatzen joateko.
Helburuak zehatzago adierazten hasiz gero, hauek aipa daitezke:
Helburu hauetan bi kontzepturen arteko harremanarekin egiten dugu topo: adimena eta autoestimua.
Helburuak
- Pertsonaren adimenaren garapenerako eta funtzionamendu onerako emozioek duten garrantziaz ohartzea.
- Gure ikasketa prozesuaz gogoeta egitea eta gaur egun gelan ditugun jarrerak aztertzea, gazteak ginenean bizitu genituenekin alderatuz.
- Irakasle lana hartzea eta honetan mantentzera laguntzen gaituzten helburu, printzipio eta itxaropenei buruz pentsatu, sentitu eta hitz egin. Nire lanbidearen arrakastak eta zailtasunak.
- Gure arreta estuasunetatik kanpo mantentzen ikastea eta ikasleen arreta lortzen ikastea.
- Asaskapen emozionaletara iristeko bide eta modu desberdinak ezagutzea, bizitzea eta hauetan trebatzea.
- Entzuten ikastea.
- Gure alde emozionalarekin kontaktuan jartzea eta gure autoestimuari begirada bat botatzea.
Hasiera batean arraro suerta dakiguke bi kontzeptu hauek elkarrekin ikustea, zenbait pertsonak adierazi bezala. Beraz, bi kontzeptu hauen arteko lotura azaltzea ez da gaizki etorriko, beti ere eskola mundua oinarri bezala hartuz kontestu honetan mugitzen ari garelako.
Honetarako filosofia honen oinarrizko bi printzipioetatik hasiko gara: gizakiok, guztiok, oso adimentsuak garela eta denok dugula ikasteko gogo izugarria.
Hau horrela gertatzen ez denean, hau da, norbait ez denean adimentsu sentitzen edota ikasteko inolako gogorik agertzen ez duenean, bai orokorrean edota arlo konkretu batean, pertsona horren barne mundua ez dagoela lasai, ez dagoela ondo pentsa dezakegu.
Momentu hauetan alferrikakoa da pertsona horri informazioa igortzen jarraitzea, arreta bere barne munduan dagoelako eta ez delako informazioa ulertzeko gai.
Pertsona horren arreta eskuratzeko, lehenengo bere alde emozionalari kasu egin beharko diogu; zer gertatzen zaion entzun, momentu horretan bizitzen ari den edo gogoratu duen bizipen mingarri horretaz hitz egin eta asaskatu.
Horretarako oso garrantzitsu da entzuten ikastea. Zenbat eta arreta gehiago jarri entzuterakoan, orduan eta gehiago asaskatu ahal izango du.
Ondoren, pertsona hori gai izango da bere adimena martxan jartzeko eta bere gogo guztia ikasketan jartzeko.
Pertsona baten barne munduaz hitz egitean zera adierazten da: sentimenduak, emozioak, autoestimua.
Autoestimuaz norberak bere buruaz iritzi on bat izatea ulertzea da, konfindantza izatea, erabakiak hartzea, pentsatzen duena adieraztea, behar duena eskatzea... eta emozioak: negarra, haserrealdiak... onartzea eta bideratzen jakitea.
Autoestimua ona duen pertsona edozer gauza ikasteko prest dago bere buruan konfidantza duelako. Baina autoestimu faltak, ordea, pertsona bere burua ixtera eramaten du aurkezten zaizkion egoera berrien aurrean.
Pertsona baten autoestima ondo dagoenean, ikasteko prest egongo da, adimenstu jokatuko du bizitzan zehar eta emozioei irteera ematen jakingo du berak erabakitzen duen momentuan.
Emozioek ez dute pertsona hau zabuka ibiliko, eta ez du sentimenduen arabera jokatuko; aldiz, berak erabakiko du noiz eman irteera emozioei eta logikoki jokatuko du bizitzan zehar.
Gasteizko ikastaroak
Metodologia
- Hitzaldi formagarriak.
- Lan-taldeak:
+ bizipen lan-taldeak (sentimendu arloa lantzeko)
+ arrazoizkoak (pentsamendu mailan aritzeko)
+ konpartitzekoak (informazioa trukatzeko)
- Autobaloratzeko eta elkar-baloratzeko teknikak.
- Jolasak (ukipen fisikoa lantzeko).
Materiala
- Gela handia eta hutsa.
- Zoruan jartzeko koltxonetak.
- Kuxinak.
- Musika aparatua.
- Papera eta errotuladoreak.
Edukiak
- Gizakiaren alde emozionala eta adimenaren arteko harremana.
- Ikaskuntza prozesua.
- Ikaskuntzari buruzko nozioak.
- Irakaslearen lana.
- Asaskaketa emozionalak.
- Ikasleen arreta gureganatzeko ideia praktikoak.
- Entzuteko teknikak.
- Lehia.
- Nola izan haurren/gazteen aliatuak.
Materiala
- Gela handia eta hutsa.
- Zoruan jartzeko koltxonetak.
- Kuxinak.
- Musika aparatua.
- Papera eta errotuladoreak.
Gasteizko ikastaroak
Iazko ikasturte amaieran proiektu honetan oinarrituriko ikastaroak eskaini zituen Arantxa Lasak Gasteizen. Bertako PATek antolatuta jende asko animatu zen ikastarora. Arantxak azaldu digunez "jendea oso interesatua dago gai honen inguruan. Irakasleek horrelako ikastaroak eskatzen dituzte". Eta eskaera horri erantzuteko prest dago Arantxa.
Ikastaroko lehen saioetan adimena, emozioa eta autoestimuaren arteko harremanak azaltzen saiatzen da. "Gaizki baldin bagaude, ez gaude prest kanpoan arreta edukitzeko eta ikasteko, eta barruko kezka hori kanporatu beharrean aurkitzen gara. Horretarako, beste pertsona baten arreta behar dugu eta hori da ikastaroetan lortzen dena: elkar entzutea". Jendea ez dagoela horretara ohituta dio Arantxak. "Binaka jarri eta bost minututan batek besteari hitz egiteko esan nien eta batzuk ezin zuten isilik egon! Ez gaude entzutera ohituak". Hurrengo saioetan ariketa gehiago planteatzen dira: bakoitzak bere txikitako esperientziak kontatzen dizkie besteei, adibidez. Pixkanaka eta denborak aurrera egin ahala elkarren arteko konfidantza handituz joaten da eta erraztasun eta trebetasun gehiagoz hitz egiten dute euren artean.
Baina Arantxaren helburua ez da ikastaro hau horretan gelditzea, bertan ikasitakoa ikasgelan praktikara eramatea, baizik. "Zikloetan eta ziklo-bileretan kontuan hartzea da helburua, hau da, irakasle bakoitzak zer zailtasun dituen kontatzeko denbora izatea eta besteek entzutea".
Elkar entzunketaren metodo hau oinarritzat duten ikastaro gehiago ere eskainiko ditu aurten urrian hasi eta abendura arte Gasteizko PATen.
Proiektu honen asmoa ez da irakurri eta bere horretan uztea, aipatu ideia praktikan jartzea baizik. Horretarako, gela barruan egin daitezkeen zenbait saio labur biltzen dizkigu Arantxak.
Gelan aurrera eramateko ideia praktikoak
* Ikaslearen arreta bere larritasunetik at bidera ezazu zuregana eta ingurarengana:
- Arropa alaiak eraman.
- "Ikusi-makusi"ra jolastu.
- Begiak itxita gelan dauden gauzak edo entzuten diren soinuak izendatu.
- Gela apaindu eta aldiro dekoratua aldatu.
- Gelako eta korridoreko kortxoak erabili mezu politak idazteko.
- Koloretako klerak erabili.
- Ikasmahaien banaketa aldatu.
- Eskola hasi aurretik gauza atseginak gogoratu.
- Edertasun eta ordenaz hitz egiezu.
* Galdetuz ikasten da:
- Galderak egin ditzaten animatu.
- Erantzun oker bat eman eta hutsegitea aurki dezaten eskatu.
- Galderak egiten dituztenei ahoz eskertu.
- Galdera onak egiteko azaltzen duten adimena eta abilezia goraipatu.
* Zure ikaslea pertsonalki ezagutzeaz ardura zaitez:
- Gelara sartu aurretik beraiei buruzko galderak egizkiezu.
- Zuri buruz hitz egiezu: zer egiten duzun, zer duzun gogoko eta zer ez, zure asmo eta nahiak.
- Euren izenak ikas itzazu.
- Gogora iezaiezu oso gustura zaudela beraiekin.
- Banaka esaiezu ziur zaudela oso ondo ikasiko dutela.
- Begirune osoz trata itzazu eta bere adimen handia gogora iezaiezu.
* Erakusten ari zarenarekin gogotsu ager zaitez:
- Ahal duen neurrian apunteak har ditzaten ekidin ezazu.
- Gaiarekin zerikusia duten pasadizu edo datu historikoekin ekarpe nak egin itzazu.
- Sasoi onean egon zaitez (ondo elikatua eta atseden hartua).
- Irrifar egin eta animatua egon.
- Eser zaitez ikasleekin ahal duzun aldiro.
- Errepika ezazu informazioa zenbaitetan modu desberdinetan.
- Argibideetan material zehatza erabili.
- Irakurketa sustatu, irakurtzen ari direna beraien artean komenta dezaten.
* Ahal den neurrian utz iezaiezu ikasleei eskola antolatu eta euren ikasketen arduran egon daitezen:
- Beraiekin hitz egin egingo denari buruz, beraiez espero denaz, azter tuko diren gaiei buruz...
* Ikasleriarekin kontaktu fisikoa manten ezazu eta beraien artean uki daitezen jolasak antolatu.
* Kalte fisiko, haserrealdi, tentsio... kontuan izan eta ahal denean hutsaldirako aukera eman.
* Zure ikasleen gurasoekin bilera prestatu:
- Arretaz entzun.
- Bere seme-alaba zein baliotsua den gogora iezaiezu.
- Bere haurrak entzun eta baloratzea zein garrantzitsua den azal iezaiezu.
* Test, froga, azterketa, nota... saihestu, lehia saihestu.
1- Irakasle bezala dituzun dohainak azpimarratu.
2- Norbaiti ikasten laguntzan ari zarenean zer gertatzen zaizu zaila?
3- Zein motatako egoerek sentiarazten zaituzte deseroso edo jartzen zaituzte larri? Zertan daude erlazionaturik goiztiarrak izan daitezkeen larritasunezko esperientziekin?
4- Zerk lagundu zaitu larritasunezko irakaspen esperientziak gainditzen?
GOGORA EZAZU:
* Ikastea dibertigarria da.
* Ezagutu eta berarekin gustura sentitzen den pertsonarengandik hobeto ikasten da.
* Errazagoa da gure mailan dagoen norbaitengandik ikastea autoritatea ordezkatzen duen batengandik baino.
* Pertsona bakoitza bere ikaste erritmoarekin errepika ezina da.
* Batek ez du benetan zerbait ulertzen beste bati azaltzen ez dion bitartean.
* Pertsona bakoitzak beti ahal duen ongiena egiten du bere oraingo egoera eta iragandako esperientziak kontuan izanik.
Entzule gisa, zer egin dezakegu?
Egin behar dena
- Interesa agertu zure gorputzaren jarrerarekin, zure aurpegiaren espresioarekin, begiradarekin, galderekin. Espresatzen lagunduz.
- Poza eta atsegina ager ezazu bera entzuteagatik.
- Begirunea agertu. Esan behar duen guztia, bere hitzak, pentsatzen duena eta sentitzen duena, aintzakotzat hartzea merezi dute.
- Nahi duena lortzeko duen gaitasunaren konfidantaza agertu. "Badakit egin dezakezula eta egingo duzula". "Zure arrakastaz ziur naiz". "Zu zara hori egiteko pertsona egokia".
- Zure estimua agertu, baloratu, bere dohainak gogora iezaizkiozu.
- Beti ahal duen ongiena egin duela ziur zaudela adierazi (errua eragotzi).
- Kontaktu fisikoa eta ikusmenezkoa. Eskain iezaiozu eskua, besarkada bat. Kontaktu fisiko txiki bat manten ezazu (lehenik baimena eskatu).
- Zenbaitetan gerta liteke gogorik ez izatea. Lehenik "egin gogoak izango bazenituen itxurak"... eta ikusiko duzu nola agertzen zaizkizun ondoren.
Egin behar ez dena
- Hizketa eta hutsaldia eten (negarra, dardara, amorraldia, aho-zabaldia, nagi ateratzea...).
- Aholkatu, irtenbideak eman ("zuk egin behar duzuna"...). Interpretatu ("Zuri gertatzen zaizuna da"...). Aztertu, intelektualizatu, epaitu, kritikatu, zure iritzia eman eta abar.
- Arrazonarazi ("Ez zara ohartzen"...). Arrazoia eman edo ez duela ikusarazi.
- Lasaitu, kontsolatu, errukitu. Garrantzia kendu ("Ez estutu", "ez kezkatu", "hori ez da ezer"...). Ondo sentiarazi, eroso, pozik.
- Zuri gertatu zaizkizun antzeko gauzak kontatu.
- Entzuten duzun pertsonaren estutasunagatik hunkitu.
- Saioan entzundakoa beste bati azaldu (konfidentziala da).