Kronika

1997-11-01
 
 
Espainiako Historia versus Euskal Herriko Historia
Dudarik gabe, asteotako albisterik entzunena Esperanza Aguirreren lege dekretu proposamena izan da. Urriaren 22an "Plan de Mejora de la Enseñanza de la Humanidades" delakoa aurkeztu zuen Madrilgo Gobernuko Hezkuntza ministroak. Plan honen arabera DBHko Hizkuntza eta Literatura, Geografia eta Historia ikasgaietan Estatu osoan irakatsi behar dena berdinduko litzateke. Gobernuak ikasle guztiek ikasi beharreko gutxieneko edukiak ezarri nahi ditu. Arazorik gehienak Geografia eta Historia ikasgaietan sortzen dira. Aldaketaren arabera Euskal Herriko ikasleek Guadalquivir Bidasoa baino lehenago ikasi beharko lukete, adibidez. Historia ere, era bateratu batean ikasiko litzateke, baina Espainiako ikuspegitik.
Helburua "Espainiaren historiaren ikuspegi bateratua ulertzea eta baloratzea" da (nahiz eta azkenean "bateratua" kontzeptuaren ordez "komuna"ra aldatu). Eta hori, Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian ez dugu horrela ikusten. LOGSEren arabera Espainiako Hezkuntza Ministerioak ikasketa planen edukiaren %55a zehaztu behar du berezko hizkuntza duten komunitate autonomoetan eta hauek beste %45a. Esperanza Aguirrek proposatzen duen aldaketarekin, ordea, ordu kopurua mantendu egiten da eta autonomiek zehaztutako edukiak irakasteko ez da denborarik gelditzen.
Inaxio Oliverik dekretua "Espainia unibertsoan destinu bat bera duen batasuna dela" esatearen parekoa dela adierazi zuen, eta "helburu homogeneizatzaile ilunak" dituela. LAB sindikatuko Hezkuntza atalak proiektuarekin "frankismo garaiko ikasketa planetara" itzultzen garela adierazi du. ELAren ustez ere "eskumenetan inbasioa" dakar. Pere Mola historialari katalanak eta Hezkuntza Ministeritzaren Geografia eta Historiako aholku batzarreko kideak "Espainiako historiaren ikuspegi bateratua erabaki politikoa dela" adierazi zuen.
Kritikak jaso gabe ez da gelditu Aguirre ministroa, baina aurrera jarraitzeko asmoa azaldu du urte bukaerarako dekretua onartu asmoz. Oliverik, bestalde, proposamen bat luzatuko diola iragarri du. Ea gauzak aldatu eta bere lekuan jartzeko gai garen.

Nafarroa eta irakasle euskaldunak
Nafarroan irakasle euskaldunen gabezia nabaria da eta hilabete hau horren lekuko. Bajak, ordezkapenak, eszedentzia eta gainerako kausak direla eta faltan dauden ordezko irakasle euskaldunak kontratatzeko deialdia egin du Nafar Gobernuak. D ereduaren gorakada dela eta sortu da arazoa. Ekainean ere espezialitate desberdinetarako irakasle euskaldunen deialdia luzatu zuen. Oso jende gutxik eman zuen izena eta EAEko irakasleengana zabaldu zuen deialdia.
Gabezia hau Haur eta Lehen Hezkuntzan somatzen da batik bat. Eta gainontzeko mailetan euren espezialitatea eta euskara menperatzen dituzten irakasleak falta dira. NUPn Lehen Hezkuratzako euskarazko titulazioa eskaintzen da, baina Hizkuntz Normalkuntza Plana eten ondoren, nola irtengo dira tituludun elebidunak?

Emaitzak bai, baina izerdia isuriz
Ezina ekinez egina. Bai, egia izango da, baina batetik besterako pauso hori beti ez da luzera berekoa izaten. Ekin beharreko hori gogorra, neketsua eta oztopoz betea egon ohi da askotan, nahiz eta lorpenak ere poztasun eta asebetetasun handia sortu azkenean.
Iparraldean horixe gertatzen da. Euskararen aldeko ekimenak ugariak dira eta lorpenak ere guztiz pozgarriak. Baina bidea sasiz josia egoten da beti. Badirudi Estatu frantziarrak ez duela lehenengoa eta inolako aitzakiarik gabe baiezkoa ematen ikasi.
Sare publikoan ikasketa elebidunak egiten dituzten ikasleen kopurua igoz doa, baina irakasleen kasuan ez da gauza bera gertatzen. Hezkuntza Naziolanak ez du inolako neurririk hartzen arazoaren aurrean, eta bitartean ikasleak euskarazko klaserik gabe daude Donibane-Lohitzuneko Chantaco eta Ravel kolejioetan eta Hendaiakoan. Gurasoak Claude Allegre Hezkuntza Ministroarekin biltzekoak ziren arazoa konpontzeko eskatuz.
Uda-Leku elkarteak ere zazpi urtetan borrokatu behar izan du euskarazko haurtzaindegia ireki ahal izateko eta sasi guztien kenduz, azkenean bidea txukundu dute. Miarritzen urriaren 22an ireki zituen ateak Ohakoak euskarazko haurtzaindegiak. Hamaika haur joaten dira oraingoz, egun osoz irekia dago eta bertze haurtzaindegietako prezioak eskaintzen ditu. Sei langile hasi dira bertan.
Hau lehen urratsa izan da, baina aurrerantzean 15 haur jasotzeko tokia eskuratzeko asmoa agertu dute. Eta ondoren, euskarazko beste haurtzaindegiak irekitzekoa. Ezina ekinez egina.

EUSTAT ikastetxe pribatuak aztertuz
Euskal Estatistika Erakundeak EAEko ikastetxe pribatuetako gastuen zenbait datu kaleratu ditu. 1993 eta 1995 urteen arteko datuak bildu ondoren ondorio batera iritsi da: irakaskuntza pribatuko ikastetxeen guztizko gastua 79.987 milioi pezetakoa (3,200 libera) izan zela 19995ean, 1993an baino %4,3 gutxiago.
Jaitsiera honen arrazoi bezala bi gauza azpimarratu dituzte. Alde batetik, lehen titularitate pribatu zuten ikastolak publifikatu egin zirela. Eta bestetik, ikasle kopuruak beheruntz egin duela. Honen ondorioz irakasle eta gelak ere urritu egin dira eta baita soldatak ere.
Hala ere, orokorrean gastuek gora egin dute, nahiz eta hazkunde-erritmoa 1993an %14,3koa izan eta 1995ean %11,2koa.
Sarrerak gastuak baino gutxiago izan ziren duela bi urte, 73.796 milioi pezeta, hain zuzen ere.