022: Errege-Dekretua edo euskaldunak kate motzean lotzeko beste ahalegina

1997-11-01
Herri bakoitzaren identitatearen errespetutik abiatuz lor liteke beste herriekiko begirunea
 
 
Ez dago zalantzarik. Hik Hasiren 19. zenbakiko editorialean betidanik euskararen aurka aritu direnak na-giak ateratzen hasiak direla ge-nion. Hizkuntzaz gain, Euskal Historia, Geografia eta euskal kutsua duen zernahi ezabatu eta zokoratzeko helburuari buru-belarri ekin diote.


Ahalegin berri hau itxuratzeko erabili duten argudioa hauxe: "Espainia eta beste komunitateen historiak batasunean eman dira eta horra hor Nafarroa adibidetzat, betidanik Espainiako historiari loturik garatu baita". (Betidanik 1512. urtea da, Gaztelako tropek Nafarroa okupatu zuten urtea!)


Orreagako gudan "euskal barbaroek" Errolan heroia eta bere tropak hil zituztenetik, sistematikoki uko egin zaigu gure historia kontatzeko eskubideari. Ordutik zibilizazioaren eta kulturaren izenean, besteak beste, espainolek eta frantsesek bere gisara idatzi eta kontatu dute. Garaileek egindako historia.


Egia da gure historia eurenarekin kateatuta joan dela. Baina ez dugu guztiok patu berdina izan. Gu izan ginen Inkisizioaren sutan erre gintuztenak, Iparraldean 600 bi hilabetetan. Gernika bonbardatu zutenean historia konpartitu genuen, eurek hegazkinetatik ikusi zuten eta guk berriz behetik, beste behin gure herriaren suntsitze eta errausketaren lekuko izan ginelarik... Euren historiaren kontakizunean mendeetan zehar mundu zabalean egin dituzten triskantzak ezkutatu eta zuritzen dituzten bitartean gu eurei kateatuta gure historia eginez joan gara. Nor garen eta nor izan garen jakiteko eskubidea dugu.


Euskal Herriak bere kultura, hizkuntza eta Hezkuntza Sistema garatzeko eskubidea du. Eta bere aldarrikapenak ez du ondorioztatzen ikuspegi lokalista eta "abarkaduna" defendatzen dugunik, aitzitik, zinez uste dugu menperatutakoen duintasunak historiaren ikuspegi solidario eta kanpora irekiagoa ahalbideratzen duela.


Era berean, orrialde hauetatik dei bat luzatu nahi genuke Hezkuntza munduan gabiltzan eta orohar eraso hauek kezkatzen gaituzten guztiok bildu eta dagokigun eskubideari eutsiz geure Hezkuntza Sistemaren muina diren euskal pentsamenduaren, kultura eta nazio-identitatearen alorrean lan egiteko.


Mendeetan gure historia ukatu digute eta hizkuntza galerazi, ahalegin hauen gainetik iraun dugu. Geure nortasuna eta sena sakonean erroturik dagoenaren seinale!