Praktikatzen: Adierazpen plastikotik hezkuntza plastikora

1997-11-01
 
 
Nire zaletasun pertsonalei kasu egingo banie, oraintxe bertan gaur egun esko-la-ikastoletan praktikatzen diren plasti-karen didakti-karen oinarri teorikoak aztertzen hasiko nintzateke. Benetan defenda-garria izan liteke Arte Hezkuntzak beharko lituzkeen oinarri pedagogiko eta estetikoak aztertzea eta plaza-ratzea, nire ustez, gaur egun dugun betebehar handienetakoa litzate-keelarik. Egiten dugunaren zergati sakonak ezagutzea ez da alferrikakoa askok uste duten bezala. Baina irakasleriak beti zailtasun beraren aurrean aurkitzen du bere burua era honetako hausnarketak entzun edo irakurtzerakoan: nola eraman gelara, ekintza zehatzetara, pedagogiak eztabaidatzen dituen teoria horiek?

Praktika guztien atzetik beti daude (ezagutu ala ez) zenbait uste teoriko, horretaz ez dugu zalantzarik. Baina iraskasleen zailtasunak hor daude eta plastika arloak eskolan pairatzen duen egoera kaskarretik ateratzeko, behar- bada, teoriaren bidea ez da nahikoa. Horregatik, beste bide batzuk jorratzeko esperantza eta ilusioarekin, HIK HASIk antolatutako marrazketari buruzko azken topaketan atal berri hau martxan jartzea erabaki genuen.



Artearen garrantzia haurren hezkuntzan

Lowenfeld-en lan famatuak adierazpen plastikoak garapen pertsonalean duen garrantziaz ohartarazi zigun aspaldian, eta bere ideietan oinarritu zen plastikako didaktikaren azkenaurreko erreforma. Azken bi hamarkadetan berriz, areago joanda, gai honetaz Howard Gardner, Rudolf Arnheim eta Elliot Eisner arduratu dira besteak beste eta ederki asko erakutsi digute arteak nortasunaren garapenean ez ezik, adimenaren hobekuntzan eta ezagutza orokorrerako estrategien prestakuntzan duen balioa. Horregatik, beharbada, psikologia kognitiboak artea bezalako ezagutza motei gero eta garrantzi gehiago ematen die eta, era berean, gure eskola-sistemak martxan jarri duen azkeneko erreforman arte-hezkuntzak bultzada handia jaso du (paperean behintzat).

Hain onuragarria izanik, nola liteke arteak hain leku eskasa izatea gure ikastetxeetan, eta gehienbat haur txikien eskoletan? Galdera honi dagokion erantzuna ez da batere erraza. Sarritan pentsatu ohi da arte kontuak ez direla haurrek uler ditzaketen horietakoak. Bestetan, haurraren adierazpena jarri izan da hezkuntza plastikoaren ardatz edo ekimen nagusi bezala, haurra bera aritzea dela garrantzitsuena pentsatuz.

Gauzak horrela, oso beharrezkoa zaigu aspaldiko sinesmen hauek baztertzea eta Arte Hezkuntzarako bide berriak jorratzen hastea. Honek ez du esan nahi, hala ere, plastika lantzeko erabiltzen diren eskola-epealdiek bere oraingo ezaugarriak erabat galdu behar dituztenik: atseginak eta lasaigarriak izatea edota sormenari zuzendurik egotea, alegia.

Hau egokia bada ere, haurrarengandik berarengandik berez atera daitekeena ez da nahikoa. Beste ezagutza arloetan gertatzen den bezala, norberaren adierazpen plastikoa Arte Hezkuntza orokor batek emango liokeen sistematizazioarekin jantzi behar dela pentsatzen hasi beharko dugu, behar bezala garatu nahi badugu behintzat. Honek, gainera, Arte Hezkuntzaren arloa beste edozein eskola-diziplinarekin parekatzea ekarriko luke.

Hasteko, arloaren izen berrira ere ohitzen hasi beharko genuke. "Arte Hezkuntza", kontzeptu bezala, "adierazpen plastikoa" baino zabalagoa da. Bigarrenak bere xede eta ahaleginak adierazpenaren prozedura zehatzera murrizten ditu. Lehenengoak, berriz, norberaren egite pertsonaletik haruntzago joanez, besteen lanen ezagutzarako, interpretaziorako eta ulermenerako tresna eta baliabidea izan nahi du. Eta horretarako, jakinduria hau guztia garatzeko, gure ingurune kulturalean ARTEA (1) deitzen dugun giza ekimen horretan oinarritzen da.

Arte Hezkuntza aldarrikatzeko nahiak edo gaur egun zenbait eskolatan praktikatzen den "adierazpen plastikoa" Arte Hezkuntza bilakatzeko nahiak bultzatu du aldizkariaren atal berri honen sorrera.

Asmoa oso handia da eta gure ahalmenak, berriz, murritzak dira. Horregatik datozen hilabeteetan orrialde hauetan aurkeztuko ditugun ariketa eta proposamenek akuilukada bat besterik ez dute izan nahi, aspaldian alfertuta dagoen plastika hezkuntzako idi zaharra martxan jarri nahi duen eztenkada bat. Badakigu hasiera batean kolpeka, norabide zehatzik gabe abiatuko dela, baina pixkanaka-pixkanaka, gelako arazo praktikoak oinarri teoriko sendoekin giltzatuz, gure eskoletan "adierazpen librearen" aritze hutsetik haruntzago joan ahal izango dugu, behar bezalako Arte Hezkuntzaren helburuetara pauso sendoak emanez.



Aurkeztuko diren materialen ezaugarriak

Ez pentsa, hala ere, hemen errezeten bilduma bat aurkituko duzunik. Badakigu efektu kromatiko berezi bat lortzea, prozedura edo teknika baten martingalak ezagutzea oso gauza garrantzitsua izan ohi dela eguneroko jardunean. Baina oraingoz teorietatik pixka bat urrundu baldin bagara ere, ezin dugu onartu era horretako kezkak arte didaktikaren oinarri bilakatzea. Horrelako arazoak baino larriagoak baditugu eta hauei aurre egin beharko diegu lehenik.

Jakinduriaren eta ikasgaien sistematizazio eza izan ohi da, adibidez, orain arte gure arloak izan duen arazorik nagusienetakoa. Askatasunaren eta autoadierazpenaren izenean ekidin dituen kontzeptuen jarraikortasuna edota ebaluaziorako irizpideen sustapena oso beharrezkoak ditugu. Horregatik uste dugu, arlo honi oso ondo datorkiola disziplinarizaziorako egin daitekeen edozein ahalegin. Horrexegatik hemen egingo diren ikasgaien proposamenetan sarritan erabiliko da DOAH (Diziplinan Oinarritutako Arte Hezkunza, DBAE ingelesez) izena duen ereduaren formatua.

Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, datozen hilabeteetan zehar eskainiko ditugun ideiak, ikasgaiak edo iradokizunak erabat itxiak eta aldaezinak izango direnik; ezta beraien artean Arte Hezkuntzarako programa borobil bat osatzen dutenik ere. Ideiak dira, ez hitzez hitz jarraitu beharreko errezetak. Irakasle bakoitzari dagokio bere proposamen curricularrean behar bezala ezartzea eta bere eskola-egoera zehatzari egokitzea.

Sukaldaritzako metaforarekin jarraituz, guk eskainiko ditugunak jangaiak besterik ez dira. Gero bakoitzak, bere curriculuma prestatzerakoan, kontuan hartu eta eskoletan hain ahaztuta dugun Arteak eman dezakeen usain gozoz eta zapore apartaz baliatu beharko ditu.

Beraz, esan bezala, gure nahia ez da Arte Hezkuntzarako egitarau bat eskaintzea. Askoz ere apalagoak dira orrialde hauen xedeak: Arte Hezkuntzaren ikuspegia zabaltzea, helburuen zerrenda luzatzea, prozedura berriekin aritzea, ebaluaziorako irizpideak sendotzea eta ebaluatzeko ohitura ezartzea edo ikasgai bakoitzaren oinarrizko kontzeptuak definitzen ikastea. Azken finean, abiapuntu bat eskaintzea, ea denon artean gaur egun gure ikastetxeetan praktikatzen den (edo praktikatzen ez den) Arte Hezkuntzaren aldaketa sakona martxan jar dezakegun. Hala bedi.



(1).-Kontzeptu korapilatsu honen itzalpean sartu ohi dira sarritan publizitatea, zinea, artisautza, arkitektura edota argazkigintza. Gure aldetik ez diogu muzinik egiten honi, gure asmoetarako garrantzitsuena ez baita artearen definizio zehatz eta kategorikoaren mugak ezartzea, sentsibilitate estetikoaren garapena bultzatzea baizik.