26: Hezkuntza osatzen dugun talde ezberdinen tresna eta topagune izan nahi dugu, horra orekarik emankorrena.

1998-03-01
Zenbat buru, hainbat aburu!
 
 
Ba omen da gure herrian oso heda-tua den joera, jar-dunaren poderioz zoritxarreko ohi-tura bilakatzen ari dena.

Mesfidantzak edo jakinminak, auskalo!, eraginda egitasmo, ahalegin, ideia, ekimen eta abar bakoitzaren atzean zein dagoen, norekiko joera ote duen, nor jipoitzeko prest ote dagoen jakin edo susmatu arte bakerik ez dago. Zenbat enerjia alferrik galdua eta zein espazio estua geratzen zaigun ekimenerako!

Eta noski zurrunbilo honetan inork ihesbiderik ez duenez, Hik Hasi ere hor izan dugu eta dugu identifikazioaren ikusmiran.

Zenbat buru hainbat aburu. Zein egia biribila. Susmoaren pean daude partaideak eta egitasmoa.

Batzuen ustez sindikatu baten bultzadaz sortua. Eta hala ere, langileen egoerari buruzko gabezian. Ikastolaren aztarnak nonahi ikusi eta Ikastolaren aldekoa ote den. Beste erakunde batzuen iritziz Publikoaren aldeko tratamendu gehiegi. Beste zenbait berriz ezetz, Pribadari tratamandu ona ematen zaiola eta Publikoari tamainan eman behar zaiola. Gure sorrera Oliveriren legealdiaren zehar izateak ere ez ote den kasualitate hutsa eta zalantzaren lurrinak harroturik Hezkuntza Sailaren babespekoak ote garelakoan daude beste batzuk.

Gure ibilbidea motza izan arren, dagoeneko sektore guztietatik sortuko litzaizkiguke babesleak. Babesleak baina kolaboratzaileak nahiago ditugunez, gure zereginetako koadernoan hobetu beharreko orrialdean zuen eskari eta iradokizunak jaso ditugu: gurasoen parte hartzea, euskal pedagogoen eskuhartzea, beste herrialdeetako informazio zabalagoa, langileen egoera, pluraltasuna, oreka...

Oreka da gure lehentasunetako bat, ez zalantzarik izan. Baina hain iritzi kontrajarrietatik ateratzen dugun ondorioa da, eta ez dugu uste inor ezustekoan harrapatuko dugunik, sektore ezberdinen artean dagoen desoreka.

Guri ere zaila egiten zaigu, ez ezazuela pentsa, baina gure ustez baliabide onena ipini dugu, horretan gaude behintzat. Orain arte gure eskuetara iritsi zaizkigun lan guztiak argitaratu ditugu, sinaduraren araberako bereizketarik egin gabe. Kezka eta zertan hobetu inguruko aholku asko jaso ditugu, eta eskertzen ditugu. Ezagutzen dituzue zein diren aldizkari honen helburuak eta zein den gure helmuga. Esateko eta irakasteko edozer duzuen guztiek zabalik dauzkazue orrialde hauetako ateak, denon artean Hik Hasi orekatuagoa egiteko.