DONIBANE-LOHITZUNEko ikastola, Donibane-Lohitzune: Donibane-Lohitzuneko Ihauteri ttiki eguna

1998-03-01
Ihauteriak joan dira aurten ere eta ohi bezala herri bakoitzak bere ohituren arabera ospatu ditu. Donibane Lohitzunen Ihauteri Ttiki eguna ospatu zuten otsailaren 13an. Lapurdiko ihauteriak berreskuratu asmo dituen egun hau urtetik urtera ospetsuagoa bilakatzen ari da.
 
 
Goiz-goizetik Donibane-Lohitzune ikastolako eta eskola elebiduneko haurrak mozorroak jantzirik herriko kaleetara irten ohi dira ihauteriak ospatzera. Duela bospasei urte hasi ziren jai egun hau antolatzen Itziar Barriola ikastolako irakasleak azaldu digunez. "Eguberrietan eta ihauterietan hasi ginen kalera ateratzen. Gure asmoa ospakizun hauek euskalduntzea zen".

Horrela, orain dela bi urte Lantzeko ihauteriak antolatu zituzten, eta aurten Lapurdiko kaskarot-martxa. Kontilun Gorri, Kaskarot, Ponpiera, Makilari, Entseñari, Besta Gorri, Jaun Andere, Hartz eta Zirtzil izan dira Donibaneko karriketan ibili diren pertsonaiak. "Haur gehienek Kaskarotaren jantzia nahi zuten, baina pertsonaia guztiak egon daitzezen saiatu gara. Arropak egiten, berriz, gurasoek hartu dute parte".

Eta zein pertsonaia dira, bada, Lapurdiko ihauterietako protagonistak?

Beharbada Kaskarota da ezagunena. Kaskarota neskak soineko xuria du, kolorezko bandarekin eta lorezko koroiarekin. Kaskarota mutilak, bestalde, galtza txuriak ditu, aldamenean marra gorri eta berdeekin, jaka gorriarekin eta kriskitinak joz ibiltzen da. Jaun Andereak Zuberoako maskaradetako pertsonaiak dira. Entseiñariek ikurriña eramaten dute eta Zirtzilak jende artean ibiltzen dira hauek amorratzen. Hartza ere pertsonaia garrantzitsua da Lapurdiko ihaurterietan.

Pertsonaia hauek guztiak goizez taldeka banatu ziren Donibane-Lohitzunen. 30 haurrez osatutako taldetxo horiek herriko karriketan zehar banatu ziren abestiok abestuz:

"Hiru eta lau, zazpi

zazpi eta lau hamaika,

odolkirik ez baldin bada

hobe dela lukainka"

"Ihaute, ihaute, xingar eta arroltze, bat edo bertzea, biak hobe"




Abestiek dioten bezala, janaria eskatuz joan ziren. "Batzuk dirua eskaintzen digute, baina guk janaria eskatzen dugu. Aurrez dendari zenbaitekin solas egin ohi dugu eta goxokiak prest izaten dituzte haurrak agertzen direnerako" diosku Itziarrek.

Arratsaldean, berriz, jaialdi handi bat egin zen, bai ikastolako haurrekin eta baita eskola elebidunetakoekin ere. "Hasieran geu bakarrik hasi ginen kalera ateratzen, baina gero eskola elebiduneko irakasleei ere gurekin ateratzeko proposamena luzatu genien eta oso pozik onartu zuten" Itziarrek kontatzen digunaren arabera. Denak elkarrekin Kaskarot martxa, Zazpi jauzi, Mutxikoak, Zapatain eta Soka dantza dantzatu zituzten.

Bukatzeko, eta Lapurdiko ohiturari jarraituz, Pantzar pertsonaia gaixo tristea epaitu, kondenatu, fusilatu eta erre zuten.



Tradizioa berreskuratuz

Aurten, beraz, ihaurteriak euskalduntzeko asmo horrekin, Lapurdiko ihauteriak nolakoak diren ezagutzeko parada ukan dute Donibane Lohitzuneko haurrek. Kaskarot-martxa ezagutu dute, hots, kaskarotekin batera beste pertsonaiak ere izan direlarik.

Baina, nortzuk ziren kaskarotak? Ezagunak al ziren Lapurdin? Baiezkoa erantzun beharrean gaude. Lapurdin bizi ziren jatorri ezezaguneko taldeko kideei deitzen zitzaien kaskarotak. Teoria desberdinen arabera, ijitoen azpitalde batekoak ziren, mairu eta ijitoen nahasketatik sortuak edo agot eta ijitoen nahasketatik. Gizonezkoak arrantzaleak eta emakumezkoak arrain-saltzaileak izaten ziren. Gutxiengo taldea izan eta beren lege bereziak eduki arren, integratuta bizi ziren lapurtarren artean. Gaur egun, ez dira besteengandik bereizten.

Ihauterietako protagonista beti izan dira herriko pertsonaiak; Lantzeko Miel Otxin, Ituren eta Zubietako joaredunak, Zalduondoko Markitos... eta Lapurdiko kaskarotak ere bai.

Pertsonaia hauek guztiek aspaldiko elementu sinbolikoak gorde dituzte eta hauen inguruan ospatzen diren ihaurteriek ere jatorri horretara eramaten gaituzte.

Baina, ba al dakigu bada, nondik datorren ihauteriak ospatzeko ohitura hori? Manuel Lekuonak "Obras completas" lanean dioenez "Ihauteriak artzai-jaiak dira, artzai-garian ezarritako jaiak. Nekazaritza baino lehenagoko kultura zaharreko jaiak dira. Artzaiak negua etxean igarotzen du. Menditik ardiekin jeitsi, eta etxean goxo-goxo igaro ditu neguko egunak. Otsailaz gero, ordea, mendirako bideak hartu behar ditu. Neguko egunetan izan du mahaian nahiko txerriki. San Martinetan menditik jeitsi denerako, etxean "matantza" egina zegoen, eta negu guztian otorduan ez du txerriki faltarik izan. Orain, ordea, mendira behar du. Mendian ez du txerriki xamurrik izango. Lapiko gozoa bai, baina zezinaz ongarritua. Eta, gainerakoan nahiko gazta eta gazura... Baina okel samurrari agur egin behar dio orain sei-zortzi hilabeterako. "Aratuzteak" dira artzaiarentzat, haragi-uzteak.

Aldakuntza handia benetan, artzaiaren bizitzan. Horrelako aldakuntzak ondo ospatu beharrekoak izan ohi dira. Artzaiak "Ihauteriekin" ospatzen ditu."

Erroman ere, orain dela 2.000 urte Lupercalia zeritzaten jaiak egiten zizkioten otsoari. Manuel Lekuonak dioenez, Erromaren sortzaile ziren Romulo eta Remoek otso eme batek bere bularrean hazi zituelako egiten omen zizkioten otsoari jai haiek. Dena dela, Lekuonaren ustez, mitoa baino oinarri sendoago dute Lupercalia jai hauek eta gure ihauteriak bezalaxe artzai jaiak omen ziren haiek ere. "Artzaiak otsoari -otsoa adiskide aurkitzeagatik- otsailean egiten zizkioten jaiak. Otsoa adiskidetu, otsoa limurtu, otsoari loxintxa egin, otsoa engainatu... Hori zen jai haien muina, ezkutuko muina".

Jai hauekin batera Erroman Februare izeneko elizkizunak ospatzen zituzten. Hitz honek garbitzea esan nahi du, garbikuntzea. Kapitolioan egin ohi ziren otsailaren lehenengo egunean. Beraz, hilabete horretan ospatzen ziren Lupercalia eta Februare. Biak ere artzaien jainkoa zen Pan Jainkoaren omenez egiten ziren. Otsailaren lehenengoan, beren Jainkoaren aurrean antxume batzuk opari eskaini ondoren, hildako antxumeen larruz mozorrotzen ziren. Gero plaza guztitik ahuntz-ugalezko zartailuz jendea zatitzen ibiltzen ziren.

Euskal Herrian Zubieta eta Iturenen ere antzeko mozorroak topatzen ditugu. Iturengo txutxurroek gerriko joale-kordaz gainera, gorputza ardi-larruz estaltzen dute egiten diren jokoak artzai kutsu gehiago izan dezaten. Joaleak, berriz, artzaiarentzat radarraren funtzioa betetzen zuen. Hauen hotsarekin artzaiak ederki atzematen zuen artaldea non zegoen lainoaldietan. Horregatik, euskaldunen artean joale lapurra zigorrik gogorrena zuena izan ohi zen, ia-ia hiltzailearen pareko bihurtzen baitzen.

Horregatik, joaleak goren-goreneko balioa izan du artzaientzat, gaizkilearen kontrako erremedioa izan baita. Baina horrez gain, joalearen durundak otsoa uxatzeko ere balio izaten zuten.

Baina, urteak pasa ahala, gizakia otsoarenganako beldur hori galduz joan da, beste gauza asko aldatu diren bezalaxe. Kultura bera ere aldatu egin da eta ohitura, folklore edota mitologia bezala gelditu dira joku eta jai hauek guztiak. Dena dela, ihauteriek gogoratzeko bederen balio digute!