PRAKTIKATZEN: Zer da eskultura? (I)<br />Batasun didaktikoa

1998-03-01
Zergatik hasi eskulturare-kin? galdetu dezake nor-baitek. Ez al da lehenago margogintza edo marraz-kigintza? Ez al da errazagoa? Guk ez dugu uste bata bestea baino errazago denik, ezta lehentasuna daukanik ere. Egia da margo-gintza ezagunagoa zaigula. Edonork eduki dezake koadroren bat etxean zintzilik, baina oso gutxik dauzkagu eskulturak to-kia falta delako edo ohitura gutxi dagoelako, berdin da.
 
 
Baina denok bizi gara eskulturen artean, eta gero eta zerikusi gehiago dute gure ingurunean ematen diren fenomeno estetikoek tridimentsionaltasunarekin: berdin da arkitekturan zein ibilgailuen edo etxeko traste arruntetan. "Diseinuaren" beharra eta kezka gero eta nabarmenagoa dugu nonahi. Eta hala ere, hiru dimentsioko formalizapenaren "misterioaren" arrastorik ez dugu. Erabat ezezagunak zaizkigu hiru dimentsiotan aritzeko behar diren trebetasunak eta prozedurak. Arteari dagokionez, beti bi neurritan mugitzen da gure irudimena, paretaren kontra edo paretetik zintzilik.

Bestalde, lehenago behintzat, Euskal Herria eskultoreen lurraldea zela esaten zen. Ba omen genuen, batzuen ustetan, halako jatorrizko sena berezia eskulturarako. Baina orokorrean, eta eskolan zer esanik ez, eskulturari buruzko berri gutxi izan dugu. Batetik ezezaguna delako, eta bestetik aurkitu berria den espazioarekiko adimenaren garapenerako egokia baino ezinbestekoa delako, aukeratu dugu, bada, eskulturari buruzko batasun didaktiko batekin jarraitzea proposamen praktikoen sail hau.

Batasun didaktiko honek hiru dimentsioko artelanen ezagupena areagotzea du helbururik nagusiena. Beste edozein arte arloetan gertatzen den bezala, eskultura bere ahalmen sinbolizatzailearengatik erabilia izan da kultura askotan; sarritan artistek sentimenduen agerbide bezala eta apaingarri edo ikerketa estetikorako ere bai. Une berean, eskoletan ohikoak ez diren zenbait prozedura erraz eta oso emankorrak bultzatu nahiko genituzke gure ikastetxeko geletan. Honekin, haurraren adimena eta ezagupenerako ahalmenak zein estrategiak izugarrizko eztenkada jasoko dute, errealitateari, eta bereziki, artearen atal honi, zabalagoa eta sakonagoa den beste begirada eta jarrerarekin aurre egin ahal izateko.

Hau guztia gutxi balitz, batasun honetan ikasleak garai eta eremu ezberdinetako eskulturek erabilitako baliabide sinbolikoen aniztasuna ezagutu ahal izango du. Horrez gain, materialen egokitasuna, eraikuntzaren arazoak, zailtasun teknikoak eta giza erabilpenetaz hausnarketa bat egitera bideratuko zaio.

Oso garrantzizkotzat jotzen dugu ikasleak batasun honen bidez lortutako esperientzia baliagarria izatea bere ingurunean dituen fenomeno artistikoak aintzakotzat hartu eta hobeto ulertu ahal izateko. Baina hau ez da nahikoa izango ikasleak bereganatutako "sentsibilitate" eta jakinduria berak sortutako artelanetan aplikatzen ez baditu. Horregatik batasun honek alde ikertzaile edo pertzeptiboei zein alde ekoizleei arreta bera jarriko die.

Badakigu, noski, eskultura egiteak dituen zailtasun teknikoak -batzuetan, behintzat- gaindiezinak direla haurrentzat eta ikastetxe gehienek dituzten baliabieak ez direla oso ondo egokitzen era honetako ekimen batetara. Horregatik baldintza hauek kontuan izango ditugu gure proposamenak egiterakoan. Hala ere, hemen azaldutako ariketaren bat zeuen ahalbideekin bat ez datorrela ikusiko bazenute, ariketa horrek dituen xedeak betetzen dituen besteren bat aurkituko duzue arazorik gabe. Garrantzizkoena ez da, beraz, pausoz-pauso hemen proposatutakoa jarraitzea, baizik eta markatutako estiloa eta norabideari jarraikiz, bakoitzak bere bailabideak ahal dituen neurrian erabiltzea. Hau dela eta, aurreko HIK HASI zenbakietan proposatutako ikonotekaren bidezkotasuna oraintxe frogatzeko aukera izango duzue. Oraindik antolamendu hura hasi gabe baldin baduzue, hau izan daiteke hori martxan jartzeko aukera paregabea.

Batasun didaktiko honek disziplinan oinarritutako Arte Hezkuntzaren (DBAE-DOAH) ereduari jarraituko dio, gutxi gora-behera. Ez horrenbeste eredu honekin erabat ados gaudelako, baizik eta honek antolamenduaren agerpena errazten digulako. Horregatik eredu honen zaleak zaretenok, kasu batzutan heterodoxiaren kutsua hartuko diozue proposamenari eta jarraitzaileak ez zaretenok estuegi eta lotuegi ikus dezakezue gure azalpena.

Eta azkeneko oharra edo aurre-zehaztapena: ariketak prestatzerakoan ez dugu pentsatu adin zehatz bateko haurrengan. Gehienbat, Arte Hezkuntza deritzogun atal hau batere sailkatua ez delako, eta haurren maila esperientziari dagokiolako adinari baino. Horregatik oso ulermen zabala eduki dezaketen proposamenak egiten saiatu gara, aniztasunaren eta desbideratzearen aukera gehiegi zehaztu eta itxi gabe. Beste hitzetan esanda, aldaketa edo egokipen txiki bat eginez, edozein proposamen Lehen Hezkuntzako seigarren edo lehen mailarako aproposa bilaka daiteke. Zuen esku gelditzen da, hortaz, hemen emandako iradokizunei eta ereduei jarraituz egokitzearen lana egitea. Ez dugu inor kanpoan utzi nahi artearen inguruko abentura ikertzaile atsegin honetan. Horregatik, hemen aurkeztutako materiala guztiontzat ideia berrien suspergarri eta eguneroko praktikarako lagungarri izango zaizuelako esperantzan aritu gara. Hala bedi!



Helburuak

Oharmen-interpretazioaren arloa

-Kontestu historikoen arabera, eskultura lanek dituzten aldakuntzak ezagutzea.

-Lurralde eta kultura ezberdinetako eskulturen adierazpen sinbolikoaz hausnarketa eta ikerketak egitea.

-Eskulturaren erabilpen sinbolikoak gaur egungo kulturan duen eragina aintzakotzat hartzea.

-Deskribatzeko eta aztertzeko esperientziak sortu norberaren ahalmen kritikoa areagotzeko.

-Ezaugarri sinbolikoak ezagutu eta interpretatzeko gaitasuna garatzea.

-Norberaren lehentasun estetikoak justifikatzen jakitea.

-Eskultura mota ezberdinen artetasunarekiko erantzumenaren gaitasuna lantzea.

-Artelanek emozioak, ideiak edota desioak azal ditzaketela ulertaraztea haurrei.

-Eskulturek bete ditzaketen funtzio ezberdinen ezagupena eta hauek bereizteko gaitasuna norbereganatzea.

-Arte hiztegia ugaltzea eta zenbait kontzepturen esanahiaz jabetzea.



Ekoizpenaren arloa

-Hiru neurritako eskulturak zein objetu eskultorikoak sortzea.

-Ideia batetik abiatuz, eskultura bat sortzeko prozesua aurrera eramaten jakitea.

-Material ezberdinen bidez prozedura ezberdinak garatzea.

-Ideia edo proiektu bakoitzerako egokiena den materiala eta prozeduraz hausnartzea.



Edukiak

Batasun didaktiko honen bidez plastika arloko edozein helburu eta eduki lan daitekela esan daiteke; itxuraz margogintzari soilik dagozkion kolorearen ingurukoak barne. Baina, beste batasunetan lantzeko propioagoak diren edukietan denbora gehiegi ez galtzearren, edukiei eskainiko diogun atal honetan, bereziki, eskulturaren ikuspegi tradizionalari dagozkionak azpimarratuko ditugu.

Blokeetan banaturik azalduko ditugu, banan-bana denak aipatzea luzeegia izango litzatekelako eta, gainera, azken hautaketa beti zuen desio eta beharretan gelditu egin behar delako. Hortaz, hona hemen guk proposatutakoak:

-Hizkuntza plastikoa deitzen zaion blokeari dagokionez, oso egokiak dira batasun honetan lantzeko honako hauek: forma, azala edo xafla, lerroa, argia-itzala, espazioa (barne-kanpo, erdia-ingurunea, hutsa betea), ehundura (latza, leuna eta abar), tentsioa, erritmoa, proportzioa eta abar.

-Sentsibilitate estetikoari dagokionez, eskulturari buruz aritzerakoan aukera paregabea izango duzue sentimenduak lantzeko (tristura, ironia, bakea, egonezina eta abar). Pertzepzio edo oharmena ere landu daiteke formen kualitate estetikoaz jabetzeko (edertasuna, oreka, handitasuna). Azkenean, guk hautatutako eskulturek artelanen balio eta erabilpen sozialei buruz aritzeko parada bikaina eskainiko dizuete (apaingarritasuna, sinbolizazioa, erabilgarritasuna, adierazgarritasuna eta abar).

-Prozeduren arloari begiratuz, lehenago esan bezala, ia plastikari dagozkion guztian landu daitezke. Hala ere beste disziplinetan ohikoak ez diren horiek azpimarratuko genituzke guk: eraiki, modelatu, proiektatu, eskala erabili, manipulatu eta abar. Bestalde, batasun honetan landu beharko dituzue arruntagoak izan beharko luketen beste prozedurak eta jarrerak: ikertu, taldean lan egin, sailkatu, aurkezpenak txukundu eta abar.

-Bukatzeko, Lehen Hezkuntzan oso berria den arte eta kulturari buruzko edukien blokearen beharrak ere arazorik gabe asetu ahal izango dituzue batasun honekin . Batasunaren azken atalean duzuen eskulturen deskribapenak eta iruzkinak begiratu besterik ez duzue egin behar, kasu guztietan testuinguru kulturaleko aipamenak egiten direla konturatzeko. Hortik aurrera, hemen emandako berrien osakuntza irakasle eta ikasleok sortutako talde ikertzaileei dagokizue, , ingurune kulturalari buruzko azterketa eta sentsibilizazioa eramatea, nahi duzuen muturreraino joanez.



Hiztegia

Hona hemen batasun honetan erabili beharra izango duzuen hiztegitxoren bat. Gehienak oso ezagunak baldin badira ere, entziklopediak eta hiztegiak airean jarri beharko dituzue hauen esanahiak bilatuz eta, bide batez, hemen agertzen ez direnak zerrendari gehituz. Batzuetan hiztegian agertzen den esanahia ez zaigu axolako, eskulturaren mundura hitz horrek duen aplikapena baizik. Horrelakoetan hiztegiari begiratu ezezik, irudimena ere martxan jarri beharko duzue.

Eskultura

Estatua

Erliebea

Monumentua

Irudikatu

Bolumena

Eskultorea

Modelatu

Argina

Harria landu

Maketa

Eraiki

Zintzela

Burdina

Fundizioa

Sinboloa

Boterea

Indarra

Energia

Dinamismoa

Babesa

Prestijioa

Handitasuna

Zoria



Materialak

Material anitz erabil daiteke aukeratutako proiektuen arabera. Hala ere, bereizi egin beharko ditugu ekoizpenaren eta oharmen-interpretazioaren arloak hemen ere. Bigarren honetarako derrigorrezkoak dira irudiak (liburuetakoak, diapositibak eta abar, ikonotekaren antolamenduaren kasuan esaten genuen bezala), proiektore bat, kartoizko kuaderno eta portafolio bat...

Ekoizpenerako, berriz, ia edozein gauza erabil daiteke: papera, kartoia, poriespana, egurrak, zakarrak, plastikozko botilak zein poteak, eta, nola ez, ohiko buztina, igeltsua edo paper maché ere bai.



Guk hautatutako irudiak

-Parella (1985). Andrés Nagel. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bilduma. Arteleku.

-Omako Basoa (1983-1991). Agustin Ibarrola. Oma (Bizkaia)

-Irudi etzana (1939). Henry Moore. Detroit Institute of Art.

-Mandolina eta klarinetea. (1913). P. R. Picasso. Pariseko Picasso Museoan.

-Emakume baten burua (1917-1920). Naum Gabo. Museum of Modern Art (MOMA). New York.

-Kariatidea (zutabea). K.A. IV. mendea. Delfos.

-David. Migel Angel Buonarroti. XVI. mendea. Florentzia.

-Hil harria. San Telmo Museoa.

** Hemen azaldutako hauek beste edozeinengatik alda daitezke. Gu lurralde eta garai ezberdinetako lanak aurkezten saiatu gara, eta gehienbat esanahi eta erabilpen oso desberdinak (ez soilik dekoratiboak) dituzten eskulturak aurkezten. Hau eredu bat izan daiteke. Bestalde, hiri batean baldin bazaudete, aukera handia izango duzue bertako museoan edo kalean dauden eskulturak zuzenean ikusteko. Hau da, dudarik gabe, eskulturaz jabetzeko modurik egokiena. Hiru dimentsiotako artelanak zuzenean ikustea (ukitzea, inguratzea) bezalakorik ez dago. Zoritxarrez denok aukera hori ez daukagulako proposatzen dugu irudien erabilpena.



Batasunaren garapena

1. Aurre ebaluaketa

Gaiarekin hasi baino lehen haurrek eskulturari buruz zer dakiten jakitea komeni da.

Hau burutzeko bi ariketa proposatzen ditugu:

a) Haur bakoitzari eskultura baten irudia ekartzeko eskatuko zaio. Berdin da argazki bat, aldizkari batetik moztutako irudi bat edo liburu batetik fotokopiatutakoa. Kontua da zer eta zergatik aukeratu duen haurrak eskultura hori ikustea eta eskultura hitzak berari zer esaten dion jakitea.

b) Irudiak gelaratzen dituztenean elkarrizketa orokor bat egitea iradokitzen dizuegu. Honako galdera hauek izan daitezke elkarrizketaren bideratzaileak:

-Nor daki zer den eskultura bat?

-Non egoten dira eskulturak?

-Nolakoak izaten dira?

-Nork egiten ditu eskulturak?

-Ezagutzen al duzue eskulturaren bat?

Galdera hauei edo era honetako galderei erantzuteko, haur bakoitzak berak ekarritako eskulturaren irudia aurkeztuko die besteei, berari buruz duen informazioa azalduz eta zergatik aukeratu duen argituz.

Bukaeran bakoitzak ekarritako irudiarekin batera, saio honetan zehar azpimarragarriak diren definizioen edota bitxikerien berri jasoko dute portafolioan eta koadernoan gordez.



2. Sarrera eta gaiaren oinarrien ezarpena

Lehenengoz irakasleok, laburbilduz, aurreko saioko galderei adituek ematen dieten erantzuna aurkeztuko duzue.

Horretarako arestian aipatutako hiru eskulturen irudiez (diapositibaz edo bideoaz) balia zaitezkete. Eskulturaren inguruko kontzeptuak plazaratzeaz gain, zehatz-mehatz azalduko duzue bakoitzaren esanahia, hiru lanak erkatuz. Horrela, haurra hiru eskulturen artean dauden ezberdintasunez jabetuko da eta denbora eta lurraldeen arabera eskulturen itxurak eta esanahiak nola aldatzen diren baloratu ahal izango du.



3. Elkarrizketa

Aurkezpen hori egin ondoren, irudi hauei eta gainontzeko guztiei buruz elkarrizketa bultzatuko duzue, eremu hauek jorratuz:

Historia

-Egilearen berri laburki emango duzue (ikasle mailari egokituz), noiz eta non lan egin zuen (egiten duen) azpimarratuz.

-Garai hartako bizitzari buruzko ezaugarri nagusiak aurkeztuko ditugu (beste irudiak, olerkiak edo pasarte literarioak, musika eta abar erabil daitezke ).

Arte kritika

-Hiztegiarekin aritzea. Irakasleak azaldutako zenbait terminu jorratu eta esanahiaz jabetu.

-Formen arteko harremanak aztertu.

-Materialen ezaugarriez mintzatu.

-Gaiaren deskribapena egin.

-Materialek zein formek gaiaren errepresentazioan duten eragina aztertu.

Irudipen estetikoa

-Eskulturak sortzen duen sentsazioaz mintzatu.

-Eskulturari kokapen bat eta izenburu bat bilatu.

-Emandako kualitate edo beste objektuen zerrenda batekin parekatu, zergatia azalduz.

-Eskultura bakoitzaren erabilpena bereizi.

Hauek guztiak lantzeko galdetegi baten proposamena egingo dizuegu. Baina esan beharra dago hau eredu bat besterik ez dela izan behar. Irakasleok aldez aurretik (beste irakasleekin bada hobeto) irudiak ikusi eta arestian aipatutako ariketak egin ondoren, jasotako inpresioetatik abiatzea da garrantzizkoena. Horrela, norberaren esperientzietatik abiaturik, errazagoa izango zaizue haurrek markatutako bideari jarraitzea. Hemengo galdetegian laguntza aurkituko duzue, hala ere, isiluneetan elkarrizketa berpizteko edo haurrak interes berrietara ernetzeko. Hona hemen, bada, gai hauek lantzeko egin daitezkeen galderen edo proposamenen adibide batzuk:

-Gaia identifikatu (zer da?).

-Erabilitako materialak hutsak ala beteak dira? Non aurkitzen dira?

-Nolakoa izango da ikusten ez den aldea?

-Zein da zure ustez eskulturaren zatirik garrantzizkoena? Zergatik?

-Kolorerik ba al du? Zergatik?

-Koloreztatuko al zenuke? Zein kolorez?

-Zerez egina dago?

-Egiteko zaila ala erraza dela iruditzen zaizue?

-Non koka daiteke? Barnean, kanpoan?

-Nolakoak dira bere formak? Zuzenak? Bihurguneak? Hautsiak?

-Zerbait gehitzekotan, zer gehituko zeniokete?

-Eta zer kendu?

-Errealitatea azaltzen al du?

-Ederra al da?

-Zerbait gogorarazten al dizu?

-Etxean ipiniko al zenuke? Non?

-Norbaitek oparituko balizu, zer egingo zenuke?

-Erabili hiru adjetibo irudi bakoitzaren itxura deskribatzeko.

Oso garrantzizkoa da, ahal den neurrian, elkarrizketa ikasleen bizitzako esperientziekin lotzea; beraiek eskultura munduarekin (edo artearekin) duten harremanarekin uztartzea, alegia.

Esan beharrik ez dago, derrigorrez galdera guztiak ez direla egin behar saio bakoitzean. Haurren adinaren arabera, irakasleak jakingo du zenbat iraun dezaken elkarrizketa saio honek. Bestela ere, galdetegi honetan agertzen diren zenbait aspektu lan daitezke beste ariketen bidez.

Horrez gain, gure aholkua elkarrizketa saio bakarrean, jarraian, ez egitea da. Hobe dugu elkarrizketaren aspektu batzuk planteatu eta beste eratako ariketetara pasa, hurrengo saiorako berriz elkarrizketarako denbora utziz. Bestela ere, gero aipatuko ditugun proiektuak aurrera doazen heinean, behin eta berriro jo beharko dugu eskultura hauen -eta lana egin hala agertzen diren beste batzuren- irudiak errepasatzera eta iruzkinak egitera.

Elkarrizketak, hortaz, baliabide didaktiko bat gehiago besterik ez du izan behar batasun honetan. Irakaslearen aurkezpena eta elkarrizketarekin batera beste eginkizun asko burutu daitezke eskulturarekiko sentiberatasuna eta oharmen kritikoa jorratzeko. Hurrengo puntuetan aipatzen ditugunak, adibidez.



4. Ikerketa bat inguru historiko eta kulturaletaz jabetzeko

Adinaren arabera, ikerketa txiki batzuk egitea eska diezaiokegu haurrari; artistaren bizitza, bere garaikideen ohiturak zein ezaugarri sozio-kulturalak edota artelan zehatz baten gora-beherak izan daitezke ikerketa horren gaiak.

Horretarako bide bat baino gehiago dago. Oso lan testuala izan daiteke, eta orduan, haurrak liburuetatik obraren inguruari buruz jasotzen dituen datuek eta ilustrazioek osatuko dute ikerketaren zutabea. Baina hain akademikoa ez den modu batean ere plantea daiteke. Adibidez, mural edo "collage" bat eginez. Adinak zeresan handia dauka aukera honetan, noski, baina ez diegu derrigorrez lehenengoa handienei eta bigarrena txikienei ezarri behar. Ikonoteka martxan baldin baduzue, ez da zaila izango era honetako ikerketa txiki bat burutzea haurrekin. Adibidez, eskultore baten garaikideak diren beste artisten artelanak bilatuz eta lortutako informazio guztiarekin arestian aipatu bezalako lan plastiko bat proposatuz.

Ideien faltan bazaudete eta gaia beste disziplina batekin lotu nahi baduzue, hona hemen aukera pare bat:

1- Guk proposatutako bi irudiei jarraikiz, jorra daiteke, adibidez, Picasso eta bere bizitza gaia. Malaga, Bartzelona, Paris eta Gernika ormairudi baten abiapuntu emankor bat izan daitezke eta honi buruzko informazioa edozein entziklopediatan eta, noski, arte liburu espezializatuetan aurki daiteke.

2- Askoz gertuagotik jotzen digu beste gai honek, Hilerriak eta aintzinako baserritarren ohiturak. Hizkuntza, natur eta sozial arloetara artearen eskutik sartzeko aukera bikaina emango digu. Collage baterako oso gai aproposa bilaka daiteke irudiak edota bertsoak aurkitzen baditugu.

Jarritako adibide guztietan, hala ere, kontuan izan beharko dugu, Arte Hezkuntzari dagozkion edukiak ongi zehaztu ete bete behar direla.

5. Sinestesiaren ariketa bat sentiberatasun estetikoa lantzeko

Irakasleak proposatutako olerki edo musika sorta batetik abiatuz, ikasleak horiek eskulturekin erlazionatzen saia daitezke. Gaiak ez du izan behar derrigorrez harremanak bilatzeko eredu bakarra. Ez da hau bilatzen ari garena. Era honetako ariketaren helburua sentipenak berpiztea da eta horregatik elkarketetarako erabiltzen dugun ohiko lagina alboratu eta sentimentuari bidea irekitzea komeni da. Oso modu ezberdinean esperimentatzen da Hil Harriaren eskultura, adibidez, J.S. Bach-en musika adituz edo Xuberoako txirula baten musika adituz. Nahiz eta hasieran haurrak oso ondo ez ulertu zer eskatzen ari garen ere, denborarekin eta guk jarritako adibideekin ohitu egingo da era honetako esperientzietara eta oso emankorrak bilakatuko dira bere sentiberatasun estetikoaren garapenerako.



6. Pentsamendu eta iritzien murala

Arteari buruzko hausnarketa eta oharmeneko atal hau jorratzeko, oso egokitzat jotzen dugu "adierazpen askearen espazioa" izendatzen dugun bazterraren antolamendua. Gelako txoko batetan jarritako paper txuri handi bat edo kortxozko mural bat izan daiteke adierazpen espazioa. Han, batasun didaktikoa lantzen ari den epealdi horretako edozein momentutan, haurrek zein irakasleak gaiarekin lotuta datorkion edozein burutapen idatz edo atxiki dezakete. Adierazpenak librea izan behar du eta ez diogu haurrari mugarik jarriko. Berdin da nork jartzen duen eta zer jartzen duen, baina tabernetako komunetan gertatzen den bezala, jarritakoarekin norbait ados egongo ez balitz, bere desadostasuna azal dezake. Sarritan, "adierazpen askearen" muralean sortutako eztabaidak oso emankorrak suerta daitezke elkarrizketarako