PORTUGAL: Atlantiar kresalaren bila Portugalera

1998-03-01
Iberiar Penintsularen mendebaldean, Atlantiar Ozeanoari patxadaz begira aurkitzen da Portugal. Duero, Tajo eta Guadiana ibaiek zeharkatzen duten lurralde honek 10.388.000 biztanle ditu. Bere 92.389 km2-tan zehar barreiaturik bizi dira, batzuk hirietan eta gehiengoa landan. Hizkuntz ofiziala portugesa da, eta Hezkuntza Sistema ere horretan oinarritzen da.
 
 
Hezkuntzako Lege Orokorra da Hezkuntza Sistema arautzen duen legea. Haur Hezkuntza, Oinarrizko Hezkuntza eta Hezkuntza ez-formala erregulatzen ditu. Lurralde guztian Sistema bera dago indarrean, bai penintsulan eta baita eskualde autonomoetan ere. Modu malgu eta anitzean antolaturik dago eta erraztasun handiak eskaintzen dira. Horrela, ikasketa eskubidea eta aukera berdintasuna bermatzen dute.

Estatua da irakaskuntzaren demokratizazioaren arduraduna, baina ezin ditu ez hezkuntza eta ez kultura norabide filosofiko, estetiko, politiko edo erlijioso baten arabera zuzendu. Estatuko irakaskuntza akonfesionala izanik, ikastetxe pribatu eta kooperatiboak sortzeko eskubidea ere bermatzen du.

Haur Hezkuntza ez da derrigorrezkoa Portugalen. Baina gobernuaren helburua haurren %90 matrikulatzea da mende bukaerarako. Derrigorrezko hezkuntza 6 urterekin hasten da eta dohainekoa da. Guztira bederatzi urte irauten du eta hiru ziklotan banaturik dago. Lehenengoak lau urte irauten du, prestakuntza orokorra irakasten da, irakasle batekin eta lehen zikloko eskoletan.

Bigarren zikloa urte bikoa da eta ikasgaien diziplinarteko arloak lantzen hasten da. Normalean arlo bakoitzeko irakasle bat egoten da. Bigarren ziklo hau ikastetxe desberdinetan ikas daiteke: "C" eskoletan, "C+S" eskoletan eta Oinarrizko Eskola Orokor esperimentaletan.

Hirugarren zikloa 12 urterekin hasi eta 14 urterekin bukatzen da; beraz, hiru urteko iraupena du. Maila honetako irakaskuntza oinarrizko ikasketa planean finkatua dago. Arlo teknologikoko gai desberdinak barneratzen ditu. Gai bakoitzeko edo gai multzo bakoitzeko irakasle bat egon ohi da. Hirugarren zikloko eskoletan, "C+S" eskola orokorretan, bigarren mailako zentroetan eta Oinarrizko Eskola Orokor esperimentaletan irakasten da.

14 urterekin bukatzen dituzte ikasle portugesek derrigorrezko ikasketak. Ondoren, ikasten jarraitu edo ez, aukerakoa da. Jarraitzekotan, hiru urteko zikloa hasten dute. Ziklo honetan bi aukera daude. Alde batetik, ikasketa unibertsitarioak egiteko kurtso orokorrak daude. Eta bestetik, Lanbide Heziketara bideratutako kurtso teknologikoak daude. Kurtso batetik bestera pasatzeko aukera ere bermatua dago.

Maila honetan ikasleek irakasle ugari dituzte, bakoitza arlo bateko arduraduna delarik. Ikasketa hauek egiteko, bigarren mailako eskoletara joaten dira portugesak.

Goi mailako ikasketak egiteko orduan ere bi aukera daude: unibertsitateak eta instituzio politeknikoak. Bai batean eta bai bestean, sektore pribatua indartsuagoa da beheragoko mailekin koparatuta. Ikasleen %45a instituzio pribatutan matrikulatzen da goi mailan, eta lehen eta bigarren hezkuntzan, berriz, %6a da pribatura joaten dena.



Esperientzia kuriosoa

Orain arte ikusitako eredua Portugalen zabalduena dagoena da. Baina tarteka beste eskola mota batzuk ere topa daitezke. Adibidez, "St. Amaro" Haur Eskola. Eskola hau nekazal gune batean kokaturik dago eta bertara iristeko bidea ez da oso erraza. Herrixka honetan dagoen eskola irakasle gizonezko baten ardurapean dago eta emakume baten laguntzarekin egiten du lan. Goizeko 9.00etan irekitzen dituzte eskolako ateak eta arratsaldeko 4.00ak arte ez dituzte ixten. 3 eta 6 urte bitarteko 14 haur joaten dira bertara. Haurrek euren eskola-egunkaria argitaratu eta herrian banatzen dute, gazta egiten dute eta beste nekazal proiektuetan ere parte hartzen dute. Era berean, denda, baserri eta herriko lantegiak bisitatzera joaten dira. Gurasoek euren seme-alabekin parte hartu eta lan egiten dute uzta jasotzeko garaian, herriko festetan eta abar.

Helburua eskola herrian integratzea da eta antolaketa osoa horren arabera egiten da. Gurasoek partaide dira eta informazioa eman zein jaso egiten dute. Erabakiak ere denen artean hartzen dira, guraso, langile eta ahal bada ikasleen artean. Eskolaren zerbitzuek herriko eta auzoko komunitatearekin harreman formala eta informala lortu behar dute. Gurasoak eta komunitatea, guztiak daude eskolan inplikatuta.