GARCIA, Maite:

1998-03-01
Baloreak ditugu aipagai Maite Garciarekin. Irakasleentzako irakaslea eta psikologoa den emakume hau baloreen inguruan hitz egitera dator. Gai honen inguruan hausnarketa eta lana egina du eta bere esperientzia zabaltzearekin batera, gu ere hausnarketa bat egitera gonbidatzen gaitu. Tolosako Laskorain ikastolak antolatutako "Baloreetan hezitzea, guztion zeregina da" hitzaldian gonbidapen hori luzatu zuen.
 
 
Lehenengo eta behin, baloreez hitz egiten hasi aurretik, zer ulertu behar dugu balore bezala?

Hasteko, nik bi gauza argituko nituzke. Alde batetik, baloreak erlijioarekin soilik erlazionatzen dira askotan. Baina nik giza baloreez hitz egiten dut. Gizatiarrak dira gizakion bizitzan edozein momentutan agertzen direlako. Bestetik, sarritan pentsatzen da baloreak heziketan irakastera etortzen direla, inposatuta, autoritatez ("adoctrinamiento" bezala). Horregatik, batzuk baloreetan hezitzea gaizki ikusten dute.

Nik bi ikuspuntu hauetatik ez ditut balore kontsideratzen eta gaur egungo gizartean oinarritutako baloreez hitz egiten dut.

Beraz, hori argituta, balorea gauzei jartzen diegun ezaugarri edo kualitate bat dela esango nuke, gauza horiek zaletasuna edo gaitzespena jaso dezaten. Aurrean jartzen zaigun edozer gauza, ekintza edota ideia baloratu egiten dugu beti eta etengabe erabakiak hartzen ditugu. Erabaki horietan baloreak daude eta baloreen arabera erabaki bat edo bestea hartzen dugu. Baloreek ezin dute inposatuak izan, norberak askatasunez aukeratuak izan behar dute.



Erabaki hitza askotan errepikatu duzu. Zergatik?

Garantizatua eta frogatua dago haurrak baloreetan hezitzea nahi badugu, baloreak aukeratzeko gaitasuna lortu behar dutela. Horretarako dilemak sortu behar zaizkie, arazoen aurrean jarri hausnar dezaten, zalantzak izan ditzaten eta erabakiak har ditzaten. Hausnartzeko eta pentsatzeko aukerarik ematen ez badiegu, 15 urtetara iritsi eta gauzak arau bat edukiko balute bezala egingo dituzte, ez dute ezer planteatuko.

Erabaki bat edo bestea hartzerakoan aurretik izandako esperientzia kontuan hartuko dugu. Gure historia pertsonala da gure balore sistema eraikitzen joan dena, eta horrek egituratzen du gure nortasuna.



Baloreak nortasunaren islada direla esan nahi al duzu?

Bai, pertsona baten nortasuna, beste faktore batzuen artean, balore multzo baten islada da. Adibidez, pertsona batek besteekin egotea baloratzen badu, besteekin atsegina izaten saiatuko da. Eta pertsona hori soziablea edo sinpatikoa dela esan dezakegu. Dauzkagun baloreek gure erabakietan eragina dute eta horiek osatzen dute gure nortasuna.



Gaur egun asko hitz egiten da baloreez. Modan dagoelako izango al da?

Ez, ez da orain sortu den zerbait eta modan dagoena. Beti hezi izan dugu baloreetan, baina ez gara kontziente izan. Orain, ordea, kontzientzia hartu dugu eta zein balore dauden, zeintzuk bultzatu nahi ditugun eta zeintzuk alboratu nahi ditugu aztertzen hasi gara. Hor sortu da aldaketa. Kontzientzia hartu, hausnartu eta aztertu egiten dugu orain eta hor dago diferentzia.



Zergatik uste duzu kontzientzia hartze hori orain gertatu dela eta ez lehenago?

Gizartearen garapenarekin lotua egon delako. XX. mendera arte gizartearen aurrerapenak ez ziren mende honetakoak bezainbestekoak izan. Industrializazioarekin batera, ordea, sistema ekonomikoa, antolaketa eta abar aldatu egin dira eta horien eragina nabaritzen da gizartean.

Hainbeste aldaketen aurrean jendeak balore desberdinekin egiten du topo eta agian horrek nahasten du. Egoera berrietara moldatu beharra dago eta egoera honetan, jendeak balorerik ez dagoela uste du, baina hori ez da egia. Gertatzen dena da lehengo baloreak ez daudela mugimendu handia sortu delako.

Beraz, balore sistema berrantolatu egin behar da. Zein gizarte mota daukagun ikusi eta gizarte honetan ongien bizitzen lagunduko diguten baloreak zein diren aztertu beharko dugu.



Baina nola berrantolatu behar dugu baloreen sistema?

Bada, minimo batzuetan ados jarri behar dugu. Etica del minimo deritzona, hau da, nik gauza bat pentsatzen dut, zuk beste bat eta hark beste bat. Baina elkarrekin bizi behar dugu gizarte honetan eta beraz, zerbaitetan ados jarri beharko dugu. Zertan? Zer da oinarrizkoa? Hori da erabaki beharrekoa eta orduan sortzen dira Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala, Konstituzioa...



Hezkuntza mailan zein izango litzateke oinarrizko deklarazio hori?

Beno, LOGSEren erreforma izan liteke. LOGSEk gizarte berri eta anitz honek eskatzen duena jasotzen du: minimoetako etika hori aurrera eramango duten pertsonak prestatzea gizarte honetan bizi ahal izateko, elkar ulertuz. Horretarako haurraren nortasuna bere gaitasunekin batera lantzeari ematen dio garrantzia.

Hezkuntza Erreformaren oinarria eta funtzio nagusia haurraren heziketa integrala da, nortasunaren prestakuntza. Hortxe dago hezkuntza mailako aldaketa.

Orain arte prestakuntza akademikoa beste guztiaren gainetik zegoen. Eskolaren ardura haurrak lanerako edo gizarterako prestatzea zen eta gurasoak zeregin horretatik at zeuden. Baina orain, zentroek nortasunaren heziketa ere bere gain hartu behar dute.



Zeregin berri horretan, zer landu behar dugu, zein esparru?

Hiru esparru landu behar ditugu:

1- Haurrak pertsona bezala munduan bizitzeko hezi behar ditugu beraien nortasuna osorik garatuz.

2.- Elkarbizitzen ikasi behar dute ingurunearekiko sentikorrak eta harkorrak izanez.

3.- Pentsatzen eta ikasten ikasi behar dute, jasoko dituzten informazio eta datuak moldatu ahal izateko.

Hiru gune hauek izango dira eskolaren lanaren oinarri. Gaur egun kalitatezko irakaskuntza eskaini nahi duen ikastetxeak hiru elementu horietan zentratuta egon behar du. Garrantzitsuak dira, hori delako haurraren heziketa integrala ematen duena.



Horrek zertan aldatzen du eskolaren funtzioa?

Lehen eskola gizartearen erreprodukzioa egiteko zegoen, eta ez hainbeste haurrak pentsatzen, sentitzen eta esaten zuena berregiteko. Azken finean, gizartetik behar ziren elementuak hartu eta horiexek igortzen ziren gizarte bera berreraikitzeko.

Orain, ordea, eskola aldatzen ari da. Badaki aldatzen ari den etorkizunerako prestatu behar dituela haurrak. Nortasuna, prozedura, gaitasuna, baloreak landu behar ditu, osatuagoa da.

Beraz, aldaketa zera da: heziketa integrala dela orain ardatz. Zertarako? Inguruneko kontestuaz hausnartzeko eta erabaki orekatuak hartzeko gai izan daitezen.

Zentro bakoitzak bere Hezkuntza Proiektua egiten du. Nolako ikasleak hezi nahi dituen, halako proiektua izango da. Bultzatu nahi dituen baloreetan oinarritutakoa, alegia. Eta ondoren, proiektu curricularra eta eguneroko heziketa lanak horretan oinarrituta egongo dira, proiektuan hartutako erabakiaren islada izan beharko dute.



Baina haurraren nortasunaren heziketa familiari ere badagokio. Orain ez da dena irakasleen eskuetan geldituko, ezta?

Ez, noski. Gainera, irakasleek ere laguntza behar dute horretarako: ikasle kopurua egokiak, aholkularitzarako denbora, gurasoekin egoteko denbora...

Horrez gain, eskola eta familiaren arteko elkarlana funtsezkoa da. Sekula baino beharrezkoagoa da bien arteko harremana. Biak haurraren nortasunaren prestakuntzan zentraturik egongo dira.

Zeren haurra lagunen, kalearen, komunikabideen eta abarren eragina jasotzen ari da, eta ikastetxea eta familia izango dira jasotzen duen guztiari zentzua bilatzen lagunduko diotenak. Adibidez, eskola eta familia etxearen oinarria egiteko izango dira (zutabeak), eta gainontzekoek etxe horrek forma bat edo bestea hartzerakoan eragina izango dute. Baina oinarria eskola eta familian dago.



Zehaztuko al zeniguke bien arteko elkarlan hori nola gauza daitekeen?

Bi gauza hartu behar dira kontuan. Alde batetik, gurasoek zentroa aukeratzerakoan honek duen Hezkuntza Proiektua aintzat hartu beharko dute. Proiektu hori eraiki nahi diren pertsona moten arabera moldatzen da, balore batzuk defendatzen direlarik. Beraz, guraso bezala, zentroak defendatzen eta lantzen dituen oinarrizko baloreak eta beraienak berdinak izatea komeni da. Norabide bera izatea eta proiektuan parte hartzea garrantzitsua da.

Bestetik, ikastetxearekin batera lan egitea funtsezkoa da. Eskoletan jende espezializatua dago. Seme-alabekin landu nahi ditugun oinarrizko baloreetan nola lan egin behar dugun orientatuko gaituzte. Positiboa izango da abstraktuak diren balore horiek praktikan nola jar daitezkeen ikustea eta horretan lagunduko digute espezialista horiek.

Horrez gain, eskola eta familiaren arteko kolaborazioak haurrari buruz daukagun informazioa alderatzeko balioko du. Haurraren inguruan lagunak, kalea, telebista... daude eta bestelako faktore hauek eragina izan dezakete. Informazio kontrastatu horrek pistak emango dizkigu irakasleoi zein gurasoei haurrak hobeto ezagutzeko.



Familiaren papera ez al da orain arte baino aktiboagoa?

Egia esan, familian ez da gauza askorik aldatzen. Ez da ahaztu behar familia haurraren nortasunaren eraketarako lehen entitatea dela. Familia da, lehen eta orain, afektibitatearen bitartez haurrari lehen mezuak ematen dizkiona; nolakoa den, zertarako den gai, eta autonomia eta autoestimaren lehen sentimenduak igortzen dizkiona. Paper hori hor dago eta ez zaio kendu.

Gertatzen dena da, lehen familia ez zela hain kontziente egiten zuenaz. Familiak erantzunkizunaren baloreak lantzen zituen bereziki eta eskolak akademikoak. Orain ere familiak baloreetan lan egiten jarraitzen du, baina horretaz kontzientzia hartuz.



Eskola eta familiaren zeregina pertsona integralak sortzea da. Hau da, bizitzen, elkarbizitzen, pentsatzen eta ikasten jakingo dutenak. Zein balore landu behar ditugu hiru helburuok lortzeko?

Ez dago baloreen hierarki edo aukeraketa finkorik, baina haurraren nortasunaren prestakuntza integrala lortzeko batzuk egokiagoak dira. Helburu bakoitzarentzat balore batzuk aipatuko nituzke:

1.- Bizitzen ikasteko, hau da, pertsona horrek oreka psikologiko bat lortzeko, bere nortasunaren garapena lortzeko:

- autoestima: pertsona bakoitza bakarra eta aberatsa dela baloratzea. Nork bere burua maitatzea.

- autonomia: defendatzeko eta arazoei irtenbidea bilatzeko gai izatea.

- autokontrola: ezetz esaten jakitea.

- sormena

- optimismoa

- .../...

Balore hauek bizitzen ikastearekin lotuta daude eta oso garrantzitsua da argi edukitzea helburu hori lortzen lagunduko digutelako.

2.- Elkarbizitzen ikasteko, hots, besteekiko harkorra eta sentikorra izateko:

- errespetua

- tolerantzia

- elkartasuna

- harremanetan jartzen jakitea

- .../...

3.- Pentsatzen eta ikasten ikastea. Ikasteari ekiteko gaitasunari lotuta dauden baloreak dira hauek:

- motibazioa

- iraunkortasuna

- kritika konstruktiboa egiteko gai izatea

- .../...

Azken finean, gure haurren heziketa integralerako oinarrizkoak diren baloreak dira, bai maila pertsonalean eta baita gizarte mailan ere. Hiru gune horiek dira haurrekin praktikan jartzen has gaitezkeenak.



Non gelditzen dira justizia, berdintasuna edo askatasuna bezalako baloreak?

Horiek landu nahi baditugu, lehenengo aipatutakoak barneratu behar ditugu. Bestela, etxea teilatutik eraikitzen hastea litzateke. Indibidualetik hasi behar da sozialera joateko. Zergatik? Gizartea indibiduoz osaturik dagoelako eta indibiduo horien kalitatearen araberakoa izango da gizartea.

Ideal bezala hor egon behar dute berdintasuna, askatasuna, justizia... baina behetik hasi behar dugu.



Hala ere, nola eraman behar ditugu praktikara gure egunerokotasunean oinarrizko balore horiek?

Alde batetik, adinaren inguruan sortzen dira kezkak. Sarritan baloreak gaitasun etikoari eta moralitateari lotutako zerbait direla pentsatzen dugu, eta haur txikiek ez dituztela ulertuko. Baina ez da horrela zehazki.

Nik uste dut garrantzitsua dela argi edukitzea haurrek aipatu ditugun oinarrizko balore horiek txikitatik jasotzen dituztela modu batera edo bestera. Hasieran ez dute aztertzeko gaitasunik eta arau bezala hartzen dituzte. Baina igortzen zaiona baino.garrantzitsuagoa da hori nork igortzen ari zaion. Horregatik, aita, ama edo gertuko hezitzailearen irudia oso garrantzitsua da baloreak transmititzerako orduan.

Bestalde, kontuan eduki behar da baloreak ez daudela prozesu lojiko eta arrazionalari lotuta. Zerbait intuitiboa, emozionala dira. "Ez dakit zergatik, baina gustatu egiten zait" esaten dugu askotan, ez dakigu arrazionalki justifikatzen. Alde afektiboari oso lotuta daude eta hori aintzat hartzea garrantzitsua da.

Izan ere, baloreak jakituriaren bidez transmititzea ez da nahikoa. Beste elementu bat behar da: ereduak ikustea. Autonomoa izan behar duela esatearekin ez da autonomoa izango, bere inguruan pertsona autonomoak ikusi eta sentitu beharko ditu haurrak. Baloreak ez dira demostratzen, ikusi, eta nabaritu baizik. Eta hori, afektiboki lortzen da.



Beraz, gure inplikazioak erabatekoa izan behar du.

Bai, hala da. Bai irakasle eta bai gurasooi pertsona bezala inplikatzea eskatzen diegu. Hori ez da erraza eta askotan ez gaude prest. Norberarekiko hausnarketa bat egitea suposatzen du lehenengo eta gauza asko zalantzan jarriarazten ditu. Ondoren, guraso eta hezitzaile bezala hausnartu beharra datorkigu.

Baloreekin lan egitea konplexua baina bizigarria da, eta aberastasun pertsonal handia ematen du. Badakizu ereiten ari zarela, eta modu bakarra dela gero uzta jaso ahal izateko.