ALMEN IKASTOLA, Eskoriatza: Ikasleak filosofatzen
Eskoriatzako Almen ikastolan ikasleak 6 urterekin filosofatzen hasten dira. Haurrentzako Filosofia, Erlijioarekin batera, ikastetxeak eskaintzen duen ikasgaia da. Ikasleen heziketa soziala eta morala garatzea du helburu eta, bide batez, pentsaera kritikoa eta hausnarketa bultzatzea.
Azken ikasgai honekin bi helburu garatu nahi dira. Alde batetik, ikasleen heziketa soziala eta morala. Eta bestetik, pentsaera kritikoan eta hausnarketan hezitzea. "Jakintzagai honen bidez, errealitatea eztabaidatzeko, galderak egiteko, eta nork bere kabuz pentsatzeko gaitasuna landu eta garatu nahi da". Pertsona kritikoak, irekiak, arrazoidunak eta gogoeta egiteko gai direnak hezi nahi dira, bizi duten errealitatea eztabaidatu eta eraldatzeko gauza izango diren ikasleak.
Ikasgai honekin Erreformaren ondoren hasi dira. Arantxak azaldu digunez, "Erreforma aztertzen hasi ginenean, Erlijioari zein irtenbide eman eztabaidatzen hasi ginen. Denentzat zabaldutako zerbait eskaini behar genuela ikusten genuen eta proiektu honekin egin genuen topo. Oso aberatsa zela iruditu zitzaigun".
Filosofatzeko metodologia
Ikasgai honen oinarrian ikasleen arteko elkarrizketa, hausnarketa eta iritzien azalpenak daude. Horretarako, ikasgela ikerketa komunitate batean bihurtzen da. "Guztiek ipuin bat irakurtzen dute eta ondoren ikasle bakoitzak bere galderak planteatzen ditu. Gero galdera guztiak irakurtzen dira eta interesgune desberdinen arabera multzokatzen dira". Galdera horien inguruan sortzen da eztabaida eta ikasleek euren iritzi eta ikuspuntuak azaltzen dituzte. Partehartze honekin gauza desberdinak lortzen dira:
- Besteei entzuten ikastea.
- Besteen iritziak eta norberarenak kontrastatzea.
- Nork bere pentsakera besteen laguntzarekin eraikitzea.
- Besteei arrazoiak eskatzen ikastea.
- Nork bere ideiak garatzea besteei komunikatzerakoan.
- Nork bere iritziak arrazoitzea.
- Besteen ideiekiko irekia izatea, ulertu eta errespetatzea.
Galderen haritik planteatutako eztabaidarekin eztabaida filosofikoa garatzen da. Horixe da garrantzitsuena gainera, eztabaidatzea, eta ez ondorio zehatz batzuetara iristea. Egoera eta arazoen aurrean zergati sakonak bilatzera bultzatzen da. Iritzi ezberdinetara zabaltzen dira, baina jarrera kritikoz arrazoiak eskatuz eta zergatiak bilatuz.
Haurrentzako Filosofiako programa 6 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat prestatu dute. "Haur Hezkuntzan ere lantzen dute zenbait lekutan, baina guk oraindik ez dugu planteatu". Programa osoaren oinarri ipuinak dira, baina maila bakoitzean adinaren ezaugarriak kontuan hartzen dira. "Ipuinak ikasleen adinari egokituak daude eta ikasleek gertutik bizitzen dituzten egoera eta arazoak biltzen dituzte" dio Arantxak.
Materialaren osaketa
Programa garatzeko ipuin eta material hori irakasleek beraiek osatu beharra izan dute. Izan ere, euskarazko materialik ez zegoen eta gaztelera zein ingelesetik itzuli eta moldatu dute. "Jende askori iruditu zaio interesgarria proiektua, baina materiala atzerriko hizkuntzan egoteak bidea zaildu du. Guk, ordea, erronka bezala planteatu genuen materiala euskarara itzultzea". Ordutik hona, pixkanaka-pixkanaka ipuinak itzuliz joan dira, eta hemendik urte pare batera argitaletxe batek argitaratuko ditu.
Itzulpenean ipuinetako pertsonaien izenak ingelesez mantendu dituzte, baina egoerak gure gizartera egokitu. Guztira sei sekuentzia banatu dituzte adinaren arabera:
- "Kio eta Gus", Lehen Hezkuntzako 1. ziklorako, 6-8 urtekoentzat. Munduaren pertzepzioa edo oharmena da aztertzen den gai nagusia.
- "Pixie", Lehen Hezkuntzako 2. ziklorako, 8-10 urtekoentzat. Haurrek inguruko mundua esplikatzeko orduan sentitzen duten nahasmena hartzen da abiapuntu gisa.
- "Harry", Lehen Hezkuntzako 3. ziklorako, 10-12 urtekoentzat. Ikerketa komunitate baten bitartez, logikari buruz egiten duten azterketa da. Proiektuaren gai zentrala da.
- "Lisa", DBHko 1. ziklorako, 12-14 urtekoentzat. Nerabetasunaren ikuspegitik aurkitzen den mundua azaltzen da.
- "Mark", DBHko 2. ziklorako, 14-16 urtekoentzat. Ikastetxean sortzen den gatazka puntu bat hartzen da oinarritzat.
- "Felix eta Sofia", Goi batxilergorako, 16-18 urtekoentzat. Nerabetasuneko problematikak lantzen ditu.
Material honetan oinarriturik lantzen da Haurrentzako Filosofia. Arantxaren iritziz "Erlijioa edo Etika baino ikasgai osatuago da eta fruituak ematen ari da. Ikasleak gauzak kuestionatzen ikasten ari dira, besteen ideiekiko errespetua erakusten, hitz egiterakoan txandak errespetatzen, arrazoitzeko gaitasuna hartzen... Poliki-poliki diferentzia ikusten ari gara. Eurak hausnartzeko gaitasuna izatea lortu dugu, edozein gatazkaren aurrean gauzak ulertzeko beste modu bat dute, beste jarrera bat".
Irakaslearen zeregina
Dudarik gabe, haurrak dira protagonista ikasgai honetan, baina irakasleok ere badugu geure zeregina eta funtzioa. Ikasleei interesatzen zaizkien gaiei buruzko eztabaidak erraztu behar ditugu. Ez ditugu adoktrinatu behar, ez diegu geure iritzia eman behar, euren hausnarketa bultzatu baizik. Garrantzitsuena ikasleen partehartzea, errespetua eta tolerantzia da, eta horiek zainduz, ikerketa komunitatean beraien ideiak ematera eta berriak eraikitzera animatu behar dira ikasleak. Azkenean, esaten dutenaren inplikazioak eta ondorioak ezagutarazten ere lagundu behar diegu.
Esperientzia praktikoa
DBHko ikasle talde baten esperientzia
Jarraian DBHko ikasle talde baten esperientzia jaso dugu. Hauek Haurrentzako Filosofia Programa 96-97 ikasturtean jaso zuten lehen aldiz. Aurten, berriz, 2. mailan daude. Hasierako saioetan batez ere galderak egiten, eztabaidan txandak egiten eta iritziak errespetatzen ikasi zuten. Orain, ostera, eztabaidarako arauak barneratuak dituzte eta elkarrizketak sakonagoak dira. Prozesua ikusiz eta aztertuz aldaketa hori nabarituko dugu.
1.- "Lisa" nobelaren I. kapituluko 2. pasartea
Ikerketa komunitate bat zer den eta eztabaidetan nola jokatu behar duten ikastea zen helburua.
Hona hemen kapitulua eta ikasleek ateratako galderak gero eztabaidatzeko.
Harry gogoetan galdera baten esanahiaz
- Aita -esan zuen Harryk.
- Mmmmmmmm -erantzun zion aitak.
- Aita, zer da galdera bat?
- Zuk egin didazuna.
- Bai, badakit galdera bat egin dizudala, baina hau ez da egiten ari nintzaizun galdera.
- Eta zein da, bada, egin didazun galdera? Jira eta bira gabiltza, Abbot eta Costello bezala. Nor da lehena?
- Aita!
- Zer?
- Benetan ari naiz. Zer da galdera bat?
- Zergatik jakin nahi duzu?
- Aita, hori soberan dago. Zer axola dio zergatik jakin nahi dudan? Jakin egin nahi dut, eta kitto!
- Zu beti ari zara zergatiak galdetzen. Zergatik ezin dizut zuri zergatik galdetu?
- Aita, galdetu dizudana gauza erraza da, eta zu jira eta bira zabiltza. Galdera bat egiten dugunean zer gertatzen den jakin nahi dut, besterik ez.
- Erantzun dizudala uste dut.
- Erantzun didazula? Zuk ez didazu erantzun, zuk galdera-pila egin didazu, besterik ez.
- Ez nuke hainbeste galdera egin beharrik izango, erantzun batzuk jakingo banitu.
- Eta nik galderak zer diren jakingo banu, agian ez nituzke hainbeste egingo.
- Zer diren jakingo bazenu, are gehiago egingo zenituzke beharbada.
- Aita.
- Hmmmmmmmmm?
- Jakin nahi nuke oraindik.
- Galdera zer den, ala galdera egiten dugunean zer gertatzen den?
Harryk estu eta larri ematen zuen. Aitak bizkarra uzkurtu zuen.
- Tira, lehenengo gauza bat galdetu didazu eta gero bestea; nola erantzungo dizut, bada, galdetutakoari mila buelta ematen badiozu?
- Konforme, zer gertatzen da galdera bat egiten dugunean?
Arando jaunak ezpainak estutu eta gogoeta egin zuen:
- Galdera bat egiten duzunean, nola sentitzen zara?
- Nahastuta.
- Eta afaltzeko ordua denean, nola sentitzen zara?
- Gose. Oi, orain ulertu dut zer esan nahi duzun. Gose garenean, naturalki, zer jana bilatzen dugula esan nahi duzu, eta nahastuta gaudenean, naturalki, erantzunak.
- Beraz, erantzunak bilatzea janaria bilatzea bezain naturala da.
Harry zoruan luzatu zen, aitaren besaulkiaren ondoan.
- Horrela izango da agian, baina galderak egitea eta erantzunak bilatzea gauza bera dela esan nahi al du horrek?
Arando jaunak buruari eragin zion:
- Nik ez dut horrelakorik esan.
- Orduan, zer da galdera?
- Harry, euli zorabiatua ematen duzu; burrunbaka ibiltzen zara inguruan euli zorabiatua bezala.
- Agian eulia ez dago zorabiatuta, agian zerbait galdetu nahian ari zaizu. Edo agian problemaren bat du -eta gero galdetu zuen-: Hori esan nahi al didazu, problemak dauzkagulako egiten ditugula galderak?
- Guk dauzkagu problemak ala problemek gauzkate gu?
- Oi, aita, Jainkoarren! Noiz hartuko duzu benetan?
- Benetan ari naiz.
- Tira, zein da galderaren eta problemaren arteko erlazioa?
- Zein da icerberg eta iceberg-puntaren arteko erlazioa?
- Iceberg-punta ikusten duguna da. Gainerakoa urpean egoten da.
- Orduan, ezin al da zure galdera hori problemaren "punta" izan?
- Galdera nirea dela, baina problema ez?
- Ez.
- Orduan, norena da?
- Edonorena. Entzun, zuk batxilergoa burutua bazenu eta gero zer egin behar duzun garbi ez bazenu, galduta egongo zinateke eta galderak egingo zenituzke. Baina langabezia badago, horra hor problema bat, baina ez da justu-justu zure problema. Horregatik esan dizut zuk ez daukazula problema, baizik eta problemak zauzkala zu.
- Hortaz, galderak egiteko arrazoia, erantzunak lortzea baino gehiago problema zein den jakitea da, ezta?
Arando jaunak irribarre txiki bat egin eta buruaz baiezkoa egin zuen.
- Orduan, aita -berriro Harryk-, galdera bakoitzaren atzean problema bat badago, baieztapen bakoitzaren atzean galdera bat dagoela esan nahi al du horrek?
Harryren aitak ez zuen ezer esan. Harryk itxaron eta erantsi zuen gero:
- Eta era berean, problema bakoitzaren atzean zerbait dagoela esan nahi al du horrek?
- Hori da -erantzun zion Arando jaunak-, misterioa da.
Kapitulu hau irakurri ondoren galdera hauek egin zituzten ikasleek:
1 - Zergatik dugu interesa gauzak jakiteko?
2 - Zergatik egiten ditugu galderak?
3 - Zer da galdera bat?
4 - Zertarako balio dute galderek?
5 - Zer da problema bat?
6 - Zer pasatzen da problemekin?
7 - Galdera bat zer den ez badaki, nola galdetzen du?
8 - Nola sentitzen gara galdera bat egitean?
9 - Zein arrazoigatik egiten ditugu galderak?
10 - Arando jauna gai al da galderei erantzuteko?
11 - Galdera baten ondoren beti al dago erantzuna?
12 - Zertarako jakin nahi zuen zer zen galdera?
13 - Ondo al dago aitak erantzun ziona?
14 - Galdera baten atzean beti problema bat al dago?
15 - Zein arrazoi dago galdera bat egiteko?
16 - Nola sortu zen galdera?
17 - Gehiago jakiterakoan galdera gehiago egiten dira?
18 - Galderarik egon ez balitz, orain dakiguna jakingo al genuke?
2.- Aurrerago, 2. hiruhilabetean eztabaidatzeko giroa eta arauak landuagoak zeudenean, prozesu osoa lantzen hasi ginen.
Sintesiei garrantzia ematea eta lantzea zen helburua.
Hona hemen ikasle berberekin landutako Lisaren II. Kapituluko 4. pasartea.
Guridi jauna iritsi
- Nola esan duzu izena?
- Guridi jauna -erantzun zion Maddik, arrautzari gatz pixka bat bota eta mahaiaz bestaldean gosaltzen ari zen Iñigori imintzio bat eginez.
- Bai, hori abizena... baina bataio-izena?
- Uste dut Henry duela, edo horrelako zerbait.
- Arraioa! -Iñigok irribarrez-. Mikel Guri!
Horrelaxe ezagutu zuten ikastetxean Guridi jauna. Udazkenean, eskolak hasi zirenean, laguntzaile modura sartu zen. Geroxeago, Mendiaratx jauna gaixotu zenean haren ordezko bihurtu zen.
Gizon gaztea zen, begi urdinak zituen eta ilea azenario-kolorekoa. Normalean, kolore biziko jaka eramaten zuen eta eskoziar prakak. Guridi jauna gutxitan ibiltzen zen normal: lasterka ibiltzen zen korridoreetan, gorbata aske eta jaka airean. Ikastetxean arazoren bat zegoen momentuan eta lekuan, han agertzen zen berehala Guridi jauna.
"Hori ez da arazoa!" esaten zuen, armazoirik gabeko betaurrekoen atzean begiak dir-dir zituela. Di-da, hantxe bertan erabakiren bat hartu eta bizkor konpontzen zen arazoa. "Arazoak konpontzea da nire eginkizuna", esan ohi zuen.
Guridi jaunaren konponbideetako batzuk eraginkorrak izaten ziren, eta beste batzuk ez.
Arte-klaseko ikasleak mural handi bat egin nahi eta non eginik ez zutelako kexatu zirenean, biltegiko jabearekin adostu zuen murala egiteko pareta bat utziko ziela. Eta neska batzuek entrenamendu-talde bat osatu nahi izan zutenean, eskolak bukatzean haiek entrenatzen hasi zen, eskualde-mailako txapelketetan lehiatzera iritsi ziren arte. Baina ikastetxeko ordutegian aldaketaren bat egiten zuenean, erabateko nahastea sortzen zuen: ikasle batzuek aldi berean bi lekutan egon behar zutela agertzen zen eta beste batzuek inon ez. Beste gertakari gogoangarri bat, eskolako teilatuan galipota-geruza berria jartzeko irakasle eta ikaslez osaturiko taldea sortu zuenekoa izan zen. Bolondres haiek galipota gehiago bota zuten beren buru gainera teilatura baino.
- Orain zuek eta Mikel Gurik behar duzuena -esan zion Maddik Iñigori, arratsalde hartan etxeratu zenean -lumak dira.
Jakina, Guridi jaunak ahal zuen guztian aldaketak egin nahi zituen ikastetxean, eta laster zabaldu ziren esamesak haren arrakasta eta porrotei buruz. Aldi baten ondoren, Guridi jauna kondaira zen errealitatea beste.
- Zer egin behar ote du, inguruko guztia aldatu ala? -galdetzen zuen Randyk amorratuta.
- Arrazoi duzu -esaten zuen Ainarak; gauza guztietan, ongi ala gaizki egon, muturra sartu behar horrek. Ezin al du ezer bakean utzi?
- Horrek egin nahi dituen gauza asko, aspaldi eginak egon behar zuten- protestatu zuen Iñigok.
- Bai -erantzun zion Randyk-, baina Mikel Gurik uste du gauza batek denbora luzea badarama ongi funtzionatzen, akatsen bat izan behar duela derrigorrez.
- Zuk aztura jakin batzuk badituzu, porrot egin duzula esatea bezala da- erantsi zuen Amaiak.
- E! -xuxurlatu zuen Garbiñek-. Entzun al duzue azkena?
Iñigo ere hurbildu zen Garbiñek kontatu behar zuena entzutera, nahiz eta jakin txutxu-mutxuren bat zela. Garbiñek esan zuenez, eskolazainak Guridi jaunari kexatu omen zitzaion ikasleek paperezko toailak komun-zulora botatzen zituztelako; hauek butxatu egiten omen ziren eta urak gainezka egiten. Pixka bat hausnartu ondoren, Guridi jaunak eskolazainei alanbrezko saskitxoak egiteko iradoki omen zien, gauza arraroak hodietara irits ez zitezen. Amaiari barrealdi zoroa sartu zitzaion, baina Iñigok esan zuen marmarka:
- Konforme, mutilak, barre egiozue, nahi baduzue; baina onartu behar duzue dena kilikagarri bihurtzen duela. Aski da bera ikasgelan agertzea, eta mundu guztia gogoa berotuta jartzen da. Bat-batean dena bihurtzen da egingarri.
Egun batzuk geroago, Guridi jauna ikasgelan agertu zen bat-batean.
- Talde honi buruz hitz egin didate -esan zion Goenaga jaunari-. Hauek lan polita ari direla egiten entzun dut -eta ikasleengana zuzenduz, erantsi zuen-: Zer da justu-justu egiten ari zaretena? Esango didazue?
- Oi! -esan zuen Lisak lotsatuta-, zera imajinatu nahian ari gara... alegia, nola pentsatzen dugun ulertu nahian ari gara.
- Ongi dago hori -erantzun zion Guridi jaunak-. Eta hemen asko pentsatzen ari zaretenez, ikastetxean aldatu nahiko zenituzketen gauzei buruz ere pentsatuko duzuela espero dut.
- Zoragarria litzateke hori! -oihu egin zuen Iñigok.
- Ez, batere ez -erantzun zion Randyk.
- Guridi jauna -esan zion Harryk-, pentsatzea zer ote den aritu gara pentsatzen, baina ez dugu pentsatu zuk aipatzen dituzun gauza horiei buruz. Agian pentsatu beharko genuke, ez dakit. Baina... nondik hasiko ginateke?
- Has zaitezte niregandik -esan zion Guridi jaunak-. Ez zait axola. Nire lan egiteko modua kritikatu nahi baduzue, entzutea gustatuko litzaidake.
Inork ez zuen ezer esan. Guridiren bekainak altxatuta zeuden.
- Harrituta nago, eztabaida bizi-bizia espero nuen, batez ere, talde honetan.
- Niri zerbait gaizki iruditzen bazait, hori gaizki dagoela esatearen aurka ez nago -esan zuen halako batean Harryk-, baina hau ez zait iruditzen hasteko erarik egokiena.
- Kritikatu aurretik, arazoa zein den jakin behar da -esan zuen Lisak.
- Horixe -erantsi zuen Gontzalek-, eta ez gaude ziur arazoa zein den.
- Ederki, aurki ezazue, orduan! -bota zien Guridi jaunak-. Ordu hau libre duzue, erabil ezazue gaizki dagoena aurkitzeko, eta horrela hobetuko dugu ikastetxea.
- Hori esan nahi al zenuen? -galdetu zion Franek.
- Bai, noski; besterik ez dut esan nahi izan -atean geratu zen-. Pentsatu inguruan duzuenaz. Ez izan eskuak zikintzeko beldur.
Gero, jiratu eta alde egin zuen.
- Hori ote zen bere asmoa? -galdetu zuen Franek.
- Ziur aski, bai -xuxurlatu zion Iñigok.
- Ez, ez dut uste -esan zuen Iñakik-. Istiluren bat sortuko du eta ez du jakingo nola konpondu. Lehen hobeto geunden, hobeto nola pentsatu aurkitu nahian. Honek guztiak ez digu ezer onik ekarriko.
- Goenaga jauna -esan zuen Ainhoak-, zuk zer uste duzu?
Galdera hark Goenaga jauna ikaratu egin zuela ematen zuen.
- Tira, Ainhoa, zeuen artean hitz egin duzuenaz zer pentsatzen dudan esan nahi baduzu, horren alde nago. Agian aurkituko duzue loturaren bat pentsatu eta sinestearen artean, edo horrelako zerbait.
- Iruditzen zait -esan zuen Harryk-, jokoetarako arauak ditugula, eta bizitzeko ideiak ditugula. Uste dut gure ideiak arauak bezala direla egin, esan eta pentsatzen dugunerako. Horregatik behar ditugu ahalik eta ideiarik onenak.
- Nik ez nuen hori galdetzen -esan zuen Ainhoak-. Goenaga jauna, nik esan nahi nuena zera da: ea zer pentsatzen duzun Guridi jaunak eginarazi nahi digunaz.
Goenaga jaunak estu eta larri zirudien.
- Ez dakit zer esan, Ainhoa, benetan ez dakit. Alde batetik ados nago eta, bestetik, ez.
- Jakina! -esan zuen Harryk-. Badira gauza batzuk egin beharrekoak agian, baina horiek egiteko era egokiak eta desegokiak ere badira.
- Utz dezagun horretan: era batzuk egokiagoak dira beste batzuk baino -esan zuen Goenaga jaunak.
Baina azken hitza Randyk esan zuen:
- Guridi jauna indar handiegiz sartzen da. Ez nuke haren iradokizuna ezertarako kontuan hartuko.
Handik laster, itzuli egin zen Mendiaratx jauna eta zuzendari-lanak berreskuratu zituen.
- Iruditzen zait Mikel Guri bere lehengo lanera bidaliko dutela -esan zuen Iñigok.
- Ez -erantzun zuen Franek-, hori ez da nik entzun dudana. Beste ikastetxe batera aldatuko duten zurrumurrua dabil.
Baina ez zuten ikastetxez aldatu, kanpora bota baizik.
Iñigo txundituta gelditu zen. Biharamunean, proposamen bat egin zuen ikasgelan. Mikel Guri zergatik bota ote zuten eztabaidatzea nahi zuen, eta bertara itzultzeko zerbait egin ote zitekeen. Proposamen hari Iñigok zera erantsi zion: Mikel Guriri gelara etortzeko esatea, bere ikuspegia eman zezan.
- Esan zuen ikastetxea hobetuko genuela, gaizki dagoena kritikatzen bagenuen -berriro Iñigok-. Tira, oraintxe daukagu zerbait praktikoa egiteko aukera. Geure ikastetxea da. Azter dezagun zer gertatu den.
- Ez ergela izan, Iñigo -protestatu zuen Maddik-. Ez da gure arazoa. Ikastetxearen funtzionamendua ikuskatzeko batzorde bat sortu nahian ari bazara, baliteke beste batzuek ez ulertzea zertan zabiltzan.
Harry nahiko kezkaturik zegoen artean.
- Maddik arrazoi duela uste dut. Lehenengo, eta "geure mesederako" horretaz ez hitzik egiteko esango digute, eta gero, badakizu, "geure mesederako" horretaz ez pentsatzeko. Izutu egiten nau.
- Ez dakit bat-batean zergatik zaudeten guztiok hain urduri -esan zuen Randyk-. Ez gaitu inork isilaraziko eta pentsatzea galaraziko. Baina, Goenaga jaunak dioen bezala, praktikoak izan behar dugu -eta gero erantsi zuen-: Gainera, nori axola zaio guk zer esan edo pentsatzen dugun? Zer egiten dugun, horrek balio du.
Ordubete hura igaro zen, baina ikasgelan eztabaidaturiko gaia berehala zabaldu zen ikastetxe osoan. Mendiaratx jauna kargua uztera behartzeko exijitu zuela Iñigok, edo Goenaga jaunak ikasleak bultzatu zituela Mikel Gurirekin zer gertatu zen aztertzera: horrelako zurrumurruak zabaldu ziren ikastetxean.
Orduan, Goenaga jaunari Mendiaratx jaunaren bulegora dei egin zioten.
Gelan ateratako galderak hauek izan ziren:
1 - Pentsatzeak izutu egiten al du?
2 - Guridi Jauna ikastetxetik botatzea legezkoa da?
3 - Pentsatzen duguna esateko eskubiderik ba al daukagu?
4 - Ideiak arauak al dira?
5 - Pentsatzen duguna esateak balio al du?
6 - Guridi Jaunak egiten zuena ondo al zegoen?
7 - Ikasleek eskolako arazoetan sartzeko eskubiderik ba al dute?
8 - Ongi al dago gustatzen ez zaiguna kritikatzea?
9 - Zergatik ez zuten Guridi Jauna kritikatzen?
10 - Zergatik daude Guridi Jaunaren alde?
11 - Ikasleek euren irakasleak eta zuzendaria hauta al ditzakete?
12 - Arauak derrigorrezkoak dira?
13 - Kritikatu aurretik jakin behar al da zein den arazoa?
1, 3, 5, 8 eta 13 galderekin eginiko gelako eztabaidatik ikasle batek honako sintesia egin zuen:
Hasieran kritikak onerako zirela esan dugu, hauek pentsatzen laguntzen dutelako. Baina bukaeran kritikak onerako direla uste dut, baina lasai esanda eta besteak txarto hartzen ez badu.
Hau dela eta nire iritzia hau izan da: Kontuz esan behar da kritika besteari minik egin gabe.
Pentsatzen duguna esateko eskubidea dugu? Bai aukera dugu, baina sarritan beldurra ere badaukagu.
Batzuetan ez dugu gure iritzia ematen beste pertsonak txarto igaro dezakeelako.
Faltsuak al gara? Bai, adibidez irakasleekin, lagunekin, eta batez ere minik ez egiteko.
Nire iritziz pentsatzeko eta egiteko eskubidea daukagu, baina gero ondorioak jaso behar dira.
3.- DBHko 2. mailan "Lisaren" XI. Kapituluko pasartea irakurri genuen:
Aspalditxo gertaturiko gauzak gogoratzen ditu Lisak
Lisak eta aitak hosto-pila handia metatu zuten. Une hartan eskuareen gainean zutik zeuden begira, nekatuta baina egindako lanaz harro.
- Gogoan dut nola laguntzen nion aitari hostoak biltzen, hemen, leku honetan bertan, zu orain egiten ari zaren bezalaxe -esan zion aitak Lisari-. Udazkenero, aitona ikustera landara joaten ginenean, lehengusu guztiak elkartzen ginen iluntzean. Sua egiten genuen, eta patata, sagar eta perretxikoak erretzen genituen. Uste dut patata sugarrastuen azala nuela gustukoena, baina... ondo gozoak ziren perretxiko erreak ere!
Hosto-pilari begira geratu zen Lisa, eta handik sugar handiak dirdiraz irteten eta alai sartzen imajinatu zituen, iluntzeko haizetxo freskotan, keak begiak erremintzen zizkion bitartean. Perretxikoa zeukan makila-puntan eta urre-kolore ederra hartzen ari zela ikusten zuen.
- Eta ezin al dugu guk...? -galdetu zion duda-mudan.
- Ezetz uste dut -erantzun zion aitak, galdera aurrez asmatuz-. Bada hemen lege bat hostoak erretzea debekatzen duena, airea kutsatzen duelako.
- Zuk eta zure lehengusuek ez bazenute hainbeste sagar erre su haietan, agian airea ez zen orain hain kutsatua egongo -erantzun zion Lisak maltzurki.
- Ba, ez harritu -baietsi zion aitak adiskidetsu.
- Hala ere, pozik egingo nuke sua -esan zuen Lisak hasperen eginez.- Suari begira egotea ezin da munduan beste ezerekin parekatu. Ordu luzeak emango nituzke beheko suari begira, baina orain sekula ez dugu pizten. Zuk gauza hobeak zenituela iruditzen zait nire adinekoa zinenean.
- Agian bai -onartu zion aitak-. Bitxia da, egun hauetan askoz maizago pentsatzen dut zure adineko nintzen garaietan, duela urte gutxi gertatu zaizkidan gauzetan baino -eta alabarengana jiratuz, galdetu zion-: Asko pentsatzen al duzu zuk aspaldi gertatu zitzaizkizun gauzetan?
Lisak barre egin zuen.
- Ez, nola pentsatuko dut, bada? Ez nintzateke ezertan pentsatzeko gai izango. Ez zait gertatu gogoratzea merezi duen ezer.
- Ederki -berriro aitak-, eta asko pentsatzen duzu etorkizunean?
- Ez, noski -berriro Lisak barrez-. Inozokeria da hori. Zergatik pentsatu beharko nuke? Eta zertan pentsatu? Ez dut ideiarik -gero serioxeago jarri eta esan zion-: Ondo pentsatuta, hori ez da guztiz egia. Batzuetan aspaldi gertaturiko gauzetan pentsatzen dut eta gerta daitezkeenetan ere bai, baina ez oso sarri.
- Handia izaten zarenean, zer izango zaren asko pentsatzen al duzu?
- Orain zer egin nahiko nukeen, horretan pentsatzen dut gehien, ez ondorengo urteetan. Adibidez, dantza egiten jakin nahi dut, baina ongi, eta, hala ere, ez dakit hanka bat behar bezala mugitzen, eta neure buruari gorroto diot horregatik. Ikasgelan baditut izugarri ondo dantzatzen duten lagunak, baina ni oso traketsa naiz eta behaztopaka ibiltzen naiz batetik bestera.
Biek barre egin zuten eszena imajinatuz.
- Baina gogoratzen al zara txikia zinen garaiaz?
- Aita, nahi izango banu, gogoratuko nintzatekeela uste dut, baina, zertarako? Zergatik jarraitzen duzu galdezka. Ez dut ordukoaz oroitu nahi! -unetxo bat geroago, ez suminduta baizik eta txantxetan, hasi zen-. Gogoratzen dut ni lehenengo mailan nengoela andereño Margaritak ez zidala komunera joaten uzten, eta nire ondoan esertzen zen Ivan Arbulok eskua altxatu zuen, baina andereño Margaritak esan zion: "Ez, zu ere ezin zara joan!", eta orduan Bakerrek erantzun zion: "Ez, nik ez dut joan nahi, hau joatea nahi dut nik!" Orain barre egiten dut, baina urte askotan ikaragarrizko lotsa pasatu izan dut horretaz gogoratzen nintzen bakoitzean.
- Iritsiko da une bat gauza onak bakarrik gogoratuko dituzuna -esan zion aitak-. Niri orain gertatzen zaidan bezala.
Lisak sorbalda jaso eta hosto-pilara begiratu zuen, su handi bihurtuta ikusteko itxaropenaz, baina, harrituta ohartu zen, Iñigo agertzea eta pixka batean beraiekin hizketan egotea desiratzen zuela. Gero, bere gelan bakarrik zegoela, sabaira begira, non otzan-otzan begiratzen zion txerri baten poster handia baitzegoen josita, eta bere buruari galdetu zion ea zergatik etorri ote zitzaion bat-batean Iñigori buruzko desio hura.
Gau hartan bertan, Lisak aitari galdetu zion:
- Suak debekatzen dituen legeari buruz egon naiz pentsatzen.
- A, bai? -esan zion aitak, liburua itxiz-. Lege hori bidegabea dela uste al duzu?
- Ez, inola ere ez. Esan duzu hostoz egindako suek airea gehiegi kutsatzen dutela, eta arrazoi hori aski da niretzat.
- Orduan, zein da zure arazoa?
- Zergatik ez dugu surik egin behar: ondorioengatik ala legeagatik?
Lisaren aitak bekosko iluna ipini zuen.
- Axola ez bazaizu, errepikatuko duzu esan duzuna?
- Tira, demagun ez dagoela legerik sua egitearen kontra. Hala eta guztiz, guztion ongizatea kontuan izanda, eta ez nork berea bakarrik, ez genuke hostoekin surik egin behar, ondorioak kaltegarriak liratekeelako guztiontzat.
- Konforme.
- Baina besteren batek agian ez du surik egingo legeak debekatzen duelako, ezta?
- Horregatik eta ez ondorioengatik? Bai, gerta daiteke hori.
- Orduan, hona hemen nire galdera: nola erabaki behar dugu zerbait egin ala ez egin, izan ditzakeen ondorioengatik ala arauren baten kontra egoteagatik edo ez egoteagatik?
Goitia jauna liburuaren azalari begira gelditu zen, aldi berean Lisaren galdera hausnartzen zuelarik. Gero esan zuen:
- Bi arrazoi horietakoren batengatik izan behar du?
- Ez dizut ulertzen -esan zion Lisak.
- Zera esan nahi dut, ezin al ditugu arauak eta legeak ere beren ondorioengatik epaitu? Ez zenuke esango suen aurkako lege bat izatearen ondorioak edozein ikuspegitatik ere hobeak direla ez edukitzearen ondorioak baino?
- Oi, aita! -protestatu zuen Lisak-. Erantzun ezin ditudan galderak egiten dizkidazu etengabe.
- A, bai? -erantzun zion goxo-. Eta nor hasi da, bada, horretan?
Galdera hauek atera ziren:
1 - Nola erabaki behar duzu zerbait egin ala ez, bere ondorioengatik ala arauengatik?
2 - Etorkizunean pentsatzea ona da?
3 - Legeak beti errespetatu behar al dira?
4 - Legeak beharrezkoak al dira?
5 - Zein garai izan dira hobeak, gureak ala aspaldikoak?
6 - Zergatik gogoratzen ditugu gauza onak?
7 - Gure etorkizunerako prestatuak egoteak, etorkizun hobea izango dugula esan nahi al du?
8 - Askotan iragana eta etorkizuna oraina baino hobeak iruditzen zaizkigu. Zergatik?
9 - Zergatik pentsatzen dugu etorkizunean?
10 - Etorkizunean egin behar dugunaz pentsatzen dugu. Momentu hori heltzean, batzuetan aldatu egiten dugu. Zergatik?
Hauetatik guztietatik eztabaidarako 5a. aukeratu dute.
Hemen daukagu ikasle baten sintesia.
Zein garai da hobea, lehengoa edo oraingoa:
Gaur, lehen eta oraingo garaiei buruz hitz egin dugu. Esan denez, aurreko gizakiek ilusio gehiago zuten nahiz eta gauza asko ez izan. Gainera, beraiek, denbora libre gehiago zuten; orduko gazteek asko jolasten zuten eta gaurkoak asko ikasi behar dugu (ikastola, estraeskolarrak...). Baina, honetaz guztiaz gain, gerrateen eraginez asko sufritu zuten. Bestalde, egia da lehen jende asko jaiotzen zela, baina baita hil ere, zeuden sendagai kalitate eta kopuruagatik. Beraz, bizitza laburragoa zen. Orain bizitza luzeagoa da baina askatasun gutxiago daukagu.
Bestaldetik, erosotasun gehiago ditugula esan dugu: autoak, jateko gehiago...
Hiru iritzi egon dira gelan:
1 - Lehengo garaia hobea zela, disfrutatzeko lekua eta denbora zutelako:
- Naturarekin harreman handiagoak. Kutsadurarik ez.
- Gutxiago ikasi behar eta gehiago jolastu.
- Askatasun gehiago.
- Familia lotuago.
- Ilusio gehiago.
2 - Orain hobeto bizi garela:
- Gauza asko daukagu (dirua, janaria, arropak...)
- Sendagai gehiago eta bizitza luzeagoa.
- Erosotasun gehiago eta lasaiago bizi gara.
3 - Ezin dela esan noiz bizi izan garen hobeto guk aurrekoa ez dugulako ezagutu.
Nire iritziz, lagun batek arrazoia dauka esan duenaz: ezin duela ezer esan ez duelako garai zaharra bizi izan.
Gaur egun hobeto bizi garela uste dut. Ez ditut garai zaharrak bizi eta ezin dut gauza asko esan baina gaur egun modernoago bizi gara eta erosotasun gehiago dugu. Lehengoak modu batean bizitzera ohituak zeuden eta oraingoak estresatuak bizi gara. Oso zaila da bata edo bestea erabakitzea.