Kronika

1998-04-01
 
 
Batxilergoan bekak ala kontzertuak?
Nafarroan aurrematrikulazio garai burutu berri da eta Batxilergoaren kasuan oraindik egoera ezegonkorra da. Izan ere, IU eta PSN alderdiek mozio bat aurkeztu zuten martxoan. Gaia Batxilergo berriaren finantziaketa zen.
Orain arte zentro publiko zein pribatuek eskaintzen zituzten BBB eta UBI eta bien finantzaketa Nafarroako Gobernuaren eskuetan zegoen, pribatuen kasuan kontzertuen bidez. IU eta PSNk proposatu dutena, berriz, zera da: zentro pribatuei kontzertua kentzea eta beka bidezko dirulaguntza indibidualak ematea. Hauen ustez, zenbait ikastetxek kuota izugarriak kobratzen dizkiete gurasoei eta hori ez da legezkoa. Gainera ez-legezko konpetentzia egiten dute eta irakaskuntza askatasunaren aurka doa.
IU eta PSNren ustez, ordea, kontzertuak mantentzen badira, orain arteko irakaskuntzaren kontzentrazioa eta zentralizazioa mantendu egingo dira eta hori ez da batere onuragarria.
UPNek, ordea, gaur egungo dirulaguntzak emanez jarraitzea defendatzen du. Gaur egun 3.BBBrako ematen den dirulaguntza Erreformako Batxilergoko lehen ikasturtera bideratzea proposatzen du. Bigarren ikasturtekoa aztertu egingo litzateke. Bi ikasturteak finantzatzea 1.000 milio pezeta kostako litzaioke Nafarroako Gobernuari.
Kontzertua mantentzen bada, gurasoek 5.000 edo 10.000 pezetako kuota ordaindu beharko dute, eta besteala, 30.000 pezeta ingurukoa.
Sindikatuen gehiengoa ez dator bat UPNren proposamenarekin. Kontzertuak mantentzeak irakaskuntza publiko zein pribatuan desoreka handiak sortuko lituzkeela uste dute eta sare publikoko irakasleen artean ere eragin handia izango lukeela.
Beraz, erabakia kontzertu eta beken artean dago Nafarroako DOBH. Azken erabakia Parlamentuak hartuko du, baina aurrematrikulazio garaian ez ikastetxeek ez gurasoek ez dute ezer seguru izan.

Lanbide Heziketako Plan berria
Lanbide Heziketako Euskal Plana abian da eta bere lehen etapa irailean hasiko da. Plan hau Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak darama aurrera. Kontseilu inter-instituzionala da eta EAEko Lanbide Heziketako zentroak koordinatzen ditu. Bere jarduera Lanbide Heziketako proiektuak eta planak egitean datza batez ere. Momentuz 18 programa desberdin diseinatu dira. Irailean martxan jarriko direnen artean behatoki baten muntaia eta prestakuntza-enpresa arteko marko berri baten osaketa daude. Horrez gain, lantokietan ikasteko eta praktikak egiteko aukera gehitzea, Lanbide Heziketako diseinu curriculurrak ezagutaraztea eta heziketa ez arautuaren diagnostikoa egitea eta antolatzea aurreikusten dira. Gaur egun 37.000 dira EAEn Lanbide Heziketa ez arautuan ikasten duten ikasleak.
Instituzio eta elkarte desberdinen inplikazioa eta parte hartzea lortzea da Lanbide Heziketari lotutako iniziatiba honen helburua.

Testuliburuen kontrola areagotuko da
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila testuliburuak argitaratzeko pasa behar den kontrola areagotzeko asmotan da. Horretarako dekretu bat prestatzen ari da. Orain burutzen den kontrola oso zorrotza ez dela deritzo eta metodologia zehatzagoa erabili behar dela. Batez ere, balore etiko eta demokratikoen aurkako kontzeptuak dituzten argitalpenak egon ez daitezen.
Dekretu berriaren arabera, argitaletxeek testu edo materiala oso-osorik aurkeztu beharko dute, argazki, marrazki eta gainerako euskarri grafiko guztiekin. Ondoren, hiru kontrol mota pasa beharko dituzte:
1- IDC edo Instituto de Diseño Curricular delakoa edukiaz arduratuko da. Argitalpenaren edukiak hezkuntza curriculumari lotuta dauden edo ez aztertuko du.
2- Antolamendu pedagogikorako zuzendaritzak erabakiko du materialaren balio didaktikoa.
3- Euskara zerbitzua euskararen erabilpen egokiaz arduratuko da.
Hiru kontrol hauek gainditu ostean, argitaratzeko azken baimena batzorde baten esku egongo da. Batzorde hau aipatu hiru kontroletako arduradunek eta Hezkutza Saileko sailburuordeak osatuko dute.
Argitalpenak sailkatu ere egingo ditu dekretuak. Horrela, eskolako materiala, eskolaz kanpoko materiala eta material lagungarria bereiztuko dira.
Dena dela, ikasmaterialak soilik ez dira izango dekretuak kontrolatuko dituena. Beste hainbat arlotako argitalpenek ere kontrolak gainditu beharko dituzte. Esate baterako, helduen euskalduntzerako erabiltzen den materialak.
Beraz, euskaraz lan egiteko erabili beharko dugun materialak gero eta kontrol gehiago pasa beharko ditu hemendik aurrera.

Ikasleen ahotsa
Claude Allegre Frantziako Hezkuntza Nazionaleko ministroak Frantziako irakaskuntza sistema orokorraz gogoetatzea ezinbestekotzat jo zuen bere kargua hartu bezain laister. Bere ustez, gogoeta kide guztien artean bultzatu behar da eta asmo horrekin bidali zien lizeotako ikasle, irakasle eta beste kideei inkesta. "Nolako jakintzak ikasten dira lizeoetan" dute izenburu bezala inkestok. Abenduan bidali ziren lizeoetara eta ikasleen %80ak bete ditu. Irakasleen artean erantzuna %50koa izan da. Guztiei zer, nola eta zergatik ikasten den lizeoan galdetu die.
Hau lehen urratsa izan da. Bigarrena Lyonen burututako eztabaida izan zen. Eta hurrengoa apirilaren bukaeran egingo diren topaketa orokorrak izanen dira.
Bertan departamentu bakoitzeko ikasle ordezkari batek parte hartuko du. Pirinio Atlantikoko departamentuko ordezkaria Hazparneko lizeoko Aitor Manterola izanen da. Ministroak hasitako gogoeta interesgarritzat jo du eta baita eztabaida jarraitzeko aukera ere. Izan ere, Manterolaren ustez eztabaidatzeko gauza anitz daude. Adibidez, inkesten arabera, ikasleek funtsezkotzat jo dute Matematikak ikastea, baina baita hurbileko Historia ere.
Oraingoz bederen, ikasleen iritziak aintzat hartuko dira topaketa horietan, eta hori garrantzitsua da erreforma orokorrari eta biharko prestakuntza egokia aurkitzeari begira.