SUEDIA: Suediako haur zerbitzuak eta eskolak ezagutzen
Testuingurua
Suedian eskolatzeko derrigortasuna 7 urterekin hasten da. Dena den, 1993an onartutako legearen ondorioz, haurrak 6 urterekin eskolatu ahal dira gurasoek horrela nahi eta plazak izanez gero. 1995eko legediaren arabera langile1 edo ikasle diren guraso guztiek dute plaza bat izateko eskubidea (baldin eta haurra 1-12 urte bitartekoa bada) diru publikoarekin finantzatzen diren zentroetan.
Diru publikoarekin finantzatzen diren 7 urtetik beherako haur-zerbitzuak Ongizate Zerbitzu Sistemaren menpe aurkitzen dira (momentu honetan Hezkuntzara pasatzeko ahaleginetan ari dira, Stockholmon esperientzi bat egiten ari direlarik). Sistema berdinaren menpe aurkitzen dira, baita ere, eskolatuak dauden haurrentzako denbora libre eta aisialdi zerbitzuak, eta hezkuntzarekin gertatzen den bezala, diru publikoa jasotzen duten zerbitzu hoiek guztiak Udalen konpetentziakoak dira. 1993. urtean Udalen zuzendaritzapean zeudenak %88ra iristen ziren.
Suedia kulturaunitzeko gizarte bihurtu da azken denboraldi honetan. Etorkinak direla eta, 140 hizkuntza baino gehiago hitz egiten da. Zerbitzuak erabiltzen dituzten haurretatik %12a suediera hitz egiten ez duten etnia gutxiagotuen familiakoak izanik.
Hezkuntza sistematik kanpo era ezberdineko zerbitzuak daude:
1) Daghem: 0-7 urteko haurrentzat dira. Zentro hauek egun osoko zerbitzua eskaintzen dute eta urte guztian daude irekita. 50 edo 60 haurrentzako modukoak izaten dira.
2) Deltidsgrupp: 4-7 urte bitartekoentzat dira, nahiz eta haur gehienak 6 urtekoak izan. Zentro hauek eskola garaian bakarrik daude irekita eta haurrak egun erdiz egoten dira. Goizean eta arratsaldean talde ezberdinak hartzen dira, talde bakoitza 20 bat haurrek osatzen dutelarik.
3) Familjedaghem: familia atentziorako langileak deritzanak dira. Pertsona batek 4-8 haur har ditzake nahiz eta egun erdiko kasutan 10-12 izatera irits daitekee. Zerbitzu hau sistema antolatua da eta urte guztian funtzionatzen duena.
4) Sexarsverksamhet: 6 urteko haurrentzako eskolaurrea. Daghem zentroetarako pentsatua bazegoen ere, gehienetan eskoletan eskaintzen da zerbitzu hau, astean 15 orduz eskola garaiak irauten duen bitartean.
5) Fritdshem: 7-12 urte bitarteko haurrentzako denbora libre eta aisialdi zerbitzua da. Eskolarekiko independentzia du eta urte guztian egun osoko zerbitzua eskaintzen du.
6) Integrerad skola och fritidshem: aurrekoa bezala aisialdi zerbitzua da, baina eskola garaian eta eskola ordutan egiten da. Irakasleekin koordinatutako programak eramaten dira aurrera eta bertan parte hartzen duten haurrak 7-10 urte bitartekoak dira.
7) Öppen förskola: hauek "ate irekiak" izeneko zentroak dira. Gehienetan astean 15 orduko eskaintza egiten dute, astean egun bat eta bost egun bitartean egoten direlarik irekiak. Zentro hauek gurasoekin nahiz familia atentzioko (Familjedaghem) zerbitzukoekin egoten diren haurrentzat pentsatuta daude. Helburua haurrei esparru sozialak zabaltzea eta jolasleku aproposak eskaintzea da. Gidaritza begirale baten esku dago eta bere eginkizuna dinamizatzaile izatea da, bai aktibitateak proposatzeko eta baita helduei laguntza eskaintzeko ere.
DAGHEM zentroak
Jaiotzetako unetik 7 urte bitarteko haurrentzako zentroak baldin badira ere, haur guztiak urte t'erditik aurrera hasten direla esan behar da, amatasun-bajak denbora hori irauten duelako. Bestalde, gero eta gehiago dira 6 urterekin eskolatzen direnak.
Zentro hauen egitura oso berezia da. Ez dute gure ikastetxetan bezala adin bakoitzerako gela bat, baizik eta moduloka daude antolatuak. "Sibling groups" edo lagun-talde izenez ezagutzen den taldekatze modu hau 70-80 hamarkadan hasi zen ezartzen. Hasiera batean 7 urte arteko adin ezberdinekoak elkartzen zituzten (Lulean guztiak ziren horrelakoak), baina gaur egun (Stockholmon adibidez) batzuk zatitzen hasiak dira: 1-3 urtekoak alde batetik eta 3-6/7koak bestetik.
Moduluaren banaketak etxearen antzeko izan nahi du, bere sukalde, komun eta gelekin. Gela bakoitza tailer bat da: materialduna sinbolikoa lantzeko, psikomotrizitatea lantzeko, aroztegi bezala prestatua dagoena, garbiketak egiteko komuna, sukaldea (bazkaldu, sukalde-lanetan aritu edota margotegi bezala erabiltzen dena), logelak eta abar. Badago gela bat haurrak bakarrik egoteko, beren ardurapean, irakaslerik gabe, eta beste gela bat irakasleen atsedenaldirako.
Modulu ezberdinez osatzen da gune bat, zentro bat (gehienez 4-6 moduluz). Bakoitzak bere ezaugarri edo izena du, independientea da, baina janariak prestatzeko sukaldea eta kanpoko espazioa amankomunak dituzte.
Ratioa: Taldea (1-7 urtekoak baldin badira) guztira 15 haurrek osatzen dute, hauekin hiru irakasle egoten direlarik. Ratioa ona iruditu bazitzaigun ere, beraiek kexu ziren azken boladan egoera okertu egin zitzaielako.
Stockholmoko zentroetan, berriz, egoera ezberdina zen: 1-3 urteko taldetan eta 15 haurrekin hiru irakasle egoten dira, 40, 35 eta 20 orduko lanorduarekin eta 3-6 urteko taldetan, berriz, hiru irakasle 21 haurrentzat. Hauen lanordua zabalagoa da: 40, 40 eta 35 ordukoa.
Bi irakasle mota daude: hezitzaileak eta laguntzaileak. Formazio maila ezberdina da, nahiz eta bien kasuan hiru urtekoa izan.
Zerbitzua goizeko 7,30etatik arratsaldeko 5,30etara dago irekia kasu gehienetan. Ikasturtea abuztuan hasten da.
Lulean 24 orduz irekitzen zuten hiru zentro zeuden. Zentro hauek, gainera, urteko egun guztietan irekitzen dute, igande eta guzti. Stockholmon ez genuen bat bakarra ezagutu.
Finantziaketa iturriak hiru dira: Gobernu zentrala, lekuko gobernua eta gurasoak. (1993. urtean %35, %52 eta %13 izan zen bakoitzaren kopurua, azken hau gero eta gehiago igotzen ari delarik).
Pedagogia arloan, definizio nagusietan batez ere, gurearen parekoak ziren, baina egiteko eran gauza bitxiak topatu genituen. Alde batetik naturarekin duten harremana. Lulean esaterako, hain lurralde hotza izanik ere, kalean bizitzeari garrantzi handia ematen zioten, naturaren ezagutzari, errespetuari... -15º baino hotz gehiago ez zen bitartean, haur guztiak kalean ibiltzen ziren. Ttikienak, gainera, kalean egiten zuten lo, beraien kapazuetan sarturik. Jokabide honek, dena den, osasun prebentzioarekin zerikusi zuzena zuen, geroago konturatu ginen bezela.2
Erabiltzen ziren materialak ere deigarriak suertatu zitzaizkigun. Benetako eta bizitza normaleko tresna asko haurren esku zeuden, bai kalean erabiltzeko (horko arrastelu, pala eta elurra garbitzeko tresneria!) eta baita eskola barruan ere, aroztegiaren kasua oso nabarmena zelarik (egurra da Suedian material erabileena). Mahaiak altuera normalekoak ziren, haurrak helduen altuera berdinera egokitzen zituzten horretarako aulki aproposak erabiliz, eta ez alderantziz, gure eskoletan egiten dugun bezala.3
Stockholmon Italiako Regioko pedagogia aplikatzen hasiak ziren esperientzia gisara. Lulean, aldiz, beraien betiko sistemarekin jarraitzen zuten, ezberdina erabat, baina definitzera ausartzen ez naizena, besteak beste, bisitaldi batekin dena ezagutzea oso zaila delako. Baina bazegoen bi lurraldetan antzematen zen gauza bat: hango haurrak gureak baino "nini"ago kontsideratzea adin berdinak aldenduz gero. Bi detaile besterik ez ditut. Bata, ttikiek kapazuan sarturik eta besoetan ematen zuten denbora eta baita besoetan ere, gutxienez urte t'erdi dituzte... Gure haurrak adin honetan beste jokabide batekin azaltzen dira. Beste detailea esfinterren kontrola lantzeko adina. Guk 2 urte inguruan lantzen dugun edukia bada ere, haiek 3 urterekin hasten ziren.
24 orduko zerbitzuak
Gaueko zerbitzua eskaintzen da zentro hauetan. Bertara joateko familiaren beharra justifikatu behar da. Arduradunek ziotenez haur gutxi joaten dira (egunero 6-7 eta asteburutan 10-12) 4 eta han ikusi genituen haurrak etorkin nabarmenak ziren guztiak eta anai-arrebak zirenak ere ugari zeuden.
Lotara joaten diren haurrek ez dute egunez zentro horretan egon beharrik, herri guztiko beharrak hartzen baitituzte. Adinean ere 10-12 urte bitartekoak onartzen dira.
Baldintza zehatz bat badago: haurrak ezin dira lotarako bakarra eraman, hau da, gutxienez 2 ordu lehenago eta 2 beranduago arte egon behar dute bertan, talde bizitza minimo bat bermatzearren.
Pertsonalaren aldetik, egunez lan egiten duten sei hezitzaile txandakatzen dira gauerako. Hauekin batera beste bi berezi egoten dira.
Öppen Förskola
Zentro hauek irekiak dira, hau da, nahi duten haurrak joan litezke eta nahi duten denboraz (guk bisitatu genuenaren kasuan, 5.600 pertsona pasatzera iritsi zen 1995. urtean), baina beraien guraso edo arduradunarekin. Ezin dira bakarrik gelditu. Dohanekoak dira.
Zerbitzu mota hoiek 1972an sortu ziren "Daghem" izeneko zentroak eskaera guztia bete ezin zuela eta. 5
Zerbitzugunetik gertu kokatzen dira. Bi ordutegi dituzte: goizekoa (8.00-11.45) eta arratsaldekoa (13.00-16.15). Arduradun bat dago eguneroko aktibitateak prestatu eta gune egokia antolatzen duena. Ez du bere gain hartzen haurraren erantzunkizuna, ezta istiluak egoten direnean ere. Ardura hori haurrarekin etortzen denarena da.
Astean behin pediatraren zerbitzua eskaintzen da.
Helburu zehatzak dituzte: alde batetik haurrei haurrekin elkartzeko eta ikasteko aukera eskaintzea eta esparru sozial berriak ezagutaraztea. Beste aldtik, helduei ere topagune bat eskaintzea isolamendu soziala gainditzearren. Guraso eskola izatea ere helburuen artean dago, interesa duten ekitaldien berri ematen zaielarik. Egunero kafea hartuz esertzen dira beraien harremanak sendotzeko. Honetaz gain, badago haurdunaldiko zerbitzu berezia, hamabostero emaginaren kontrola eskainiz.
Hezitzaileak: hauek bakarrik egiten dute lana. Bapatekotasun handia ematen da, ez baitakite zenbat haur/guraso etorriko diren. Hilabetean behin beste hezitzaileekin elkartzen dira elkar koordinatzeko. Erantzunkizuna pertsonala da erabat. Bakoitzaren baitan dago zerbitzuaren arrakasta lortzea, horretarako ahalegin guztiak jartzen dituztelarik. Lanpostua lehiaketaren bitartez lortzen dute eta Administrazioko kontrolak oso hestuak izaten dira, batez ere erabilpenaren inguruan. Baja hartu behar izanez gero, zentroa itxita gelditzen da, ordezkapenik ez baitute izaten. Bertako irakasle batek zioenez, stressa eta antzeko arazoak nahiko arruntak izaten dira. Horregatik, hilabetero ordu t'erdiko zerbitzu psikologikoa eskaintzen die administrazioak.
Hauxe bada bertan ezagututakoa. Gauza batzuek inbidiagarriak dira baina ez guztiak, ikusten duzuen bezala. Hala ere, Suediako gizartean haurra oso present dagoen zerbait dela iruditzen zait, beharbada hemen baino "pertsonajeagoa". Bukatzeko, hemen inoiz ikusi ez ditudan bi detaile bitxi: bata, taberna guztietan haurrentzako "tronak" zeudela helduen aulkiekin batera, eta bestea, elizetan balioak adierazten zituzten ipuinak zeudela helduen liburuen artean.
Oharrak:
1 1994an 20-64 urte bitarteko emakumeen artean %80ak egiten zuen lan etxetik kanpoko lanbide ordainduetan. Garai berdinean gizonezkoak %84 ziren.
2 Lulean asmatikoentzako zentro berezi bat topatu genuen. Beraien esanetan etxe barruan ordu gehiegi egiten zituzten haurrak, moketa eta berogailuak oso kaltegarri suertatuz. Badirudi arazoa nahiko orokorra dela, hori pentsatu genuen behintzat, liburutegi batean ipuinak ikusterakoan asmatikoen egoerak azaltzen zituzten ipuinekin topo egin baigenuen.
3 Azaldutako testuinguruan interpretazio hau eman genion mahai altuak erabiltzeari baina bazegoen beste konstante bat ere, hau da, irakasleen nekea babestearena. Eskola sarreretan halako "podium" antzekoak zeuden, haurrak hara igo eta arropak jantzi/eranzteko, irakaslea makurtzen ibili gabe. Pardelak aldatzeko mahaiak ere sistema hidrauliko baten bidez egokitzen ziren beharrezko altuerara, eskailera batzuen bitartez haurra bertara igoz.
4 Luleak 70.000 biztanle ditu baina inguruko herriak kontuan hartuta 210.000ra iristen da. Eskualdeko zabalera 9.000 km2koa da.
5 Gaur egungo legearekin, 5 urte baino gutxiagoko haurra izan eta beste bat jaiotzen bada, zaharrenaren plaza galdu daiteke amatasun bajak iraun bitartean.