ARTZAIN ESKOLA, Arantzazu: Eskoletatik ateratako artzainak
Orain dela urte pare bat sortu omen zen eskola sortzeko ideia, baina hastea kosta egin zaio. "Artzainentzako eskola baten beharra ikusten zen, baina arazo bat baino gehiago zeuden: nondik atera dirua, nondik hasi, irakasleak bilatu, ikasleak izango ote ziren ere duda zegoen..." dio Nikolasek. "Gainera, orain arte artzainik onenak gurasoekin ikasitakoak izaten zirela uste zen eta ez geunden eskolak izatera ohituta". Baina, gauzak aldatu egiten dira eta artzantzan ere bere eragina izan dute aldaketa teknologikoek: ardiak jezteko makinak sortu dira, genetika aldetik aurrerapen handiak egin dira, haziak jartzeko ere bai...
Honen guztiaren aurrean, eskola sortzeko ideia Eduardo Urarte "Ardiekin" elkarteko buru zenak izan zuen. Elkarte hau genetika aldetik hobekuntzak lortzeko elkartea dela argitu digu Nikolasek eta Euskal Herriko artzain asko daudela bertan. Artzainak ados zeuden ideiarekin eta Eusko Jaurlaritza ere laguntzeko prest agertu zen.
Pausoz-pauso
Ideia aurrera eramateko jendea prest zegoenez, eman beharreko pausoak ematen hasi ziren. Eskola sortzeko eta antolatzeko ardura "Mendikoi" elkarteak hartu zuen. Eusko Jaurlaritza eta Diputazioek daukaten elkartea da. Bere egitekoa Europatik datozen dirulaguntzak aprobetxatuz sektore guztiak prestatzeko laguntza ematea da. "Adibidez basozainei, untxizainei, baratzazainei eta abarrei ikastaroak eskaintzen dizkie. Eta artzainen kasuan, eskola" dio Nikolasek.
"Mendikoi"ren asmoa bost ikasle bilatu eta haiekin hastea zen, baina azkenean hamar bildu ziren. Nikolas da beraien tutorea eta ikasle, irakasle eta artzainen arteko harremanen eta lanen arduraduna.
Aste bat eskola, beste hiru artzainekin
Ikasturtea zazpi hilabetekoa da. Azaroaren 10ean hasi ziren eta maiatzean bukatuko da. Aste bat Arantzazuko gomistegian pasatzen dute klase teoriko-praktikoak jasotzen. "Klase gehienak teorikoak izaten dira, baina tartean gazta egiten, ardiak artifizialki intseminatzen eta abar ikasten dute". Ondorengo hiru asteak, berriz, artzainen etxeetan pasatzen dituzte.
Arantzazun dauden bitartean gai desberdinei buruzko klaseak jasotzen dituzte, besteak beste:
- Elikadura: kanpoko larrea, pentsua...
- Artzain-txakurra nola maneiatu.
- Ardiaren ezaugarriak: nondik datorren, zertarako dagoen egokitua, nola zaindu behar den...
- Osasuna: zein gaixotasun dituen, zein sendagai erabili behar den...
- Genetika: aurrerapenak nola erabili.
- Garbitasuna.
- Ekologia.
- Jezteko makinak, zein arazo sor ditzaketen...
Gai hauek lantzeko irakasle asko etortzen dira. "Orain arte 40 inguru pasa dira gutxi gora behera". Gehienak Euskal Herrikoak dira; unibertsitateko irakasleak, albaitariak, nekazaritza injineruak, ardiekin lotura duten sindikatu, instituzio eta elkarteetan daudenak eta abar. "Hasieran klaseak euskaraz ematen zituzten baina gero Txileko bi ikasle etorri ziren eta gaztelaniaz hasi ziren".
Klaseetatik at, artzainen etxeetan egoten direla aipatu dugu. Ikasle bakoitzak artzain batekin hiru aste pasatzen ditu artzain bizimodua eta lanak gertutik eta zuzenean ezagutzeko. "Artzain hauek aukeratzeko hasieran artzainen arteko forum bat egin genuen. Artzainik aurreratuenei deitu zitzaien ikasleak beraien etxeetan edukitzeko prest egongo ziratekeen galdetuz. Denak baikor agertu ziren, praktikak egiteko eta zekitena erakusteko prest". Horrela aukeratu ziren hamar ikasleentzat behar ziren artzainak.
Ikasturte honen ondoren, zer?
Nikolasek dioenez "orain arte oso gustura daude ikasleak eta irakasle zein artzainak ere bai". Baina gustura egoteaz gain, gauzak ikasten ari dira. Askok etxean ikasitako gauzak badakizkite, baina eskolak makinak erabiltzeko, genetika arloko aurrerapenak ezagutzeko eta oro har gauza berriak ikasteko aukera eskaintzen die. Horrez gain, elkarrekiko harremanak lantzeko ere bai. "Nik garrantzi handia ematen diot beraiek elkarrekin biltzeari, ondoren artzain munduan lanean hastean ere elkarrekin lan egiteko. Orain arte artzain bakoitza bere aldetik ibili izan da, besteekin inolako harremanik eduki gabe. Nik oso positiboa ikusten dut elkartzea eta elkarren berri izatea".
Maiatzean bukatuko dute artzain-eskolako ikasturtea hamar gazteok, baina aurrerantzean jarraipen bat egingo zaiela adierazi digu Nikolasek. Artzantzaren munduan sartzen badira artzainen forum-eko partaide izango dira eta beharbada atzetik etorriko diren ikasleak beraien etxeetara joango dira praktikak egitera.
Hurrengo urteetan ikasle gehiago izango dituztela pentsatzen dute. Orain arte eskolarik ez zegoen, baina hemendik aurrera erreferentzia bilakatuko da. Frantzian, esaterako, hiruzpalau artzain-eskola daude eta ez dute ulertzen eskola horietatik pasa gabekoak artzain izan daitezkeenik. Hemen horretaraino iritsiko ote gara?
Protagonisten ahotik
MURUA, Maider
18 urteko itsasondoar hau artzain-eskolako neska bakarra da, baina horrek ez du atzera bota. Gogoz eta ilusioz hasi zen eta hala jarraitzen du.
Nolatan pentsatu zenuen artzain-eskolan izena ematea?
Etxean betidanik eduki ditugu ardiak eta niri asko gustatu izan zaizkit. Gustura ibili izan naiz ardien artean. Eta aurten Arantzazun artzain-eskola irekitzen zutela jakin nuenean izena ematea erabaki nuen.
Zeren bila etorri zara, zer ikasteko asmotan?
Beno, etxean gauza asko ikasi ditut, baina beti zerbait gehiago ikas daiteke eta halaxe gertatu zait. Gauza berriak topatu ditut hemen. Adibidez, etxean ez daukagu makinarik, baina hemen nolakoak diren ikasi dut.
Zein da gehien gustatzen zaizun lana?
Ardiekin ibiltzea eta gazta egitea.
Aurten eskolan eta datorren urtean?
Artzain izateko asmoa dut, bai. Ofizioa gustatzen zait.
Ezagutzen al duzu beste neska artzainik?
Ormaiztegi aldean pare bat edo ba omen daude, baina nik ez ditut ezagutzen.
MURUA, Ekain
22 urteko arrasatear honen kasua berezia da. Nekazaritza-injineru teknikoa da, iaz bukatu zituen ikasketak eta orain ikasketa amaierako proiektua burutzen ari da.
Zein proiektua da?
Maedi edo albamina izeneko gaitz bati buruzko ikerketa lana egiten ari naiz. Ardiekin edukitzen duten gaitza da eta esnearen bidez igortzen da arditik arkumera.
Orain arte zerbait egin al da gaitz hau ikertzeko?
Bai, artzain batzuk gaixotasun honi aurre egiteko plan bat aurrera eramaten ari dira. Arkumea jaio ahala amarengandik aldentzen dute eta esne artifizialarekin hazi. Hori ardi eta arkume batzuekin egiten da. Beste batzuk amaren esnearekin hazten dira. Bien arteko konparaketa egitea da ikerketaren muina. Eta horrez gain, artifizialki hazteak dakartzan onurak, balio, errentagarritasun ekonomikoa eta abar aztertzea.
Non ari zara ikerketa hau egiten?
Lehen esan dudan bezala, artzain batzuk lehenagotik hasiak daude hau aztertzen. Horietako bat Legazpiko Juan Jose Aranguren artzaina da eta ni bere etxera joaten naiz.
Zuk egiten dituzun praktikak eta beste ikasleek egiten dituztenak ez dira berdinak, orduan.
Beno, ardiekin egunero egin beharreko lanak berdin-berdin egin behar izaten ditut. Baina horrez gain, azterketak ere bai.
Dena dela, klase teorikoak jasotzera ere joaten zara Arantzazura besteekin batera. Zer eskaintzen dio nekazaritza-injineru tekniko bati artzain-eskolak?
Gauza teorikoak eta praktikoa irakasten dizkigute. Teoria aldetik hainbat gauza aurretik badakizkit eta alde horretatik besteekiko abantaila dut. Baina praktikari dagokionez, ez. Alde hori hobetzeko aukera eskaintzen dit eskolak.
MARIPAN, Rafael
NAVARO, Jorge
Bi mutil hauek Txiletik etorri dira Euskal Herriko artzain-eskolara.
Nolatan etorri zarete Txiletik Arantzazura?
Txileko Nekazaritza-eskolak eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailaren arteko akordio baten ondorioa izan da. Txilen haragitarako ardiak daude batez ere eta orain dela pare bat urte hemendik esnetarako 200 ardi eraman zituzten proba egiteko. Ardiekin batera bi artzain ere joan ziren ardi hauekin nola lan egin erakusteko.
Han ilusioz hartu zen ekintza hau. Artzain horietako batek azpiegitura zabala muntatu du eta han gelditzeko asmoa dauka. Baina bestea hona itzuli da. Beraz, artzainak falta ziren Txilen eta horregatik etorri gara gu, ikasteko eta hara bueltatzeko.
Ondoren zuek beste txiletarrei irakatsiko diezue, orduan.
Bai, hango jendeak ikasi behar du artzantzan, gazta egiten eta abar.
Ez al da erantzukizun handia zuei eman dizuena?
Bai, hala da, baina ikasteko gogoz etorri gara eta oso gustura gaude bai Arantzazun eta baita Arabako artzainekin praktikak egiten ere.
Eta nolatan izan zineten zuek hona etortzeko aukeratuak?
Beno, ni, Jorge, Nekazaritza-eskolan ikasten ari nintzen eta Rafael lanean zebilen. Nire kasuan, ikasketak bukatzen ari nintzen eta praktikak egiteko leku bat behar nuen. Zuzendariak deitu zidan eta espediente ona nuenez hona etortzeko aukera nuela azaldu zidan.
Espero zenutena aurkitu al duzue?
Bai, gauza asko ari gara ikasten. Adibidez, Txilen ahuntzaren eta behiaren gazta egiten dira, eta ez ardiarena. Esnetarako ardiarekin orain ari dira esperimentatzen. Horregatik, hemen ikasten ari garen gauzak oso baliagarriak dira guretzat.