KARMENGO AMA ikastetxea, Trintxerpe: Eskolaren funtzio aldatzailea.

1998-04-01
Trintxerpeko Karmengo Ama herri ikastetxean iazko otsailean proiektu anbiziotsu bat jarri zuten martxan. Eskola, irakasleak, ikasleak, gurasoak eta gizarteko talde desberdinak biltzen dituen proiektua da. Denen arteko lana eta koordinazioa zutabe hartuta ikasleak etorkizunerako prestatzeko planteamendu berria da. Lan mardula baina gogoz ekin diotena.
 
 
Trintxerpeko Karmengo Ama herri ikastetxean Haur eta Lehen Hezkuntza irakasten dira, hots, 2 eta 11 urteko haurrak joaten dira. Hiztunen gehiengoa erdalduna den ingurunean kokaturik dago. Gehiengo handi bat gaztelaniaz mintzatzen da, beste ehuneko kopuru bat portugesez, beste bat galizieraz, bakarren bat arabez eta bakan batzuk euskaraz. Zentroak B eta D ereduak eskaintzen ditu eta D ereduko matrikulazioak gehiago dira B eredukoak baino.

Testuinguru honetan hasi dute proiektua. Baina nolakoa da proiektu hori? Bada, auzoko elkargune guztiak elkartu eta denak haurren heziketan lanean jartzen dituen proiektua dela esan genezake. Guztiak ikuspegi eta norabide berean eta zuzenean parte hartuz aritzea da muina eta oinarria, bai irakasleak, bai gurasoak eta baita eragile sozialak ere. Irakaskuntza ereduaren berrikuntza pedagogikoa dakar honek eta azken helburua haurrak 2010. urterako prestatzea da.



Proiektuaren jatorria

Proiektuaren proposamena Eusko Jaurlaritzatik Oreretako PATera iritsi zen. Kalifornian egindako esperientzia batean oinarritzen da eta horren berri Bartzelonako Unibertsitateko CREA taldeak ekarri zuen. CREA ikerketa zerbitzu bat da eta Kalifornian egon ziren hango proiektu eta esperientziak aztertuz. EEBBetan hamar urte daramatza proiektu honek. Zentro aurreratuetako edo eliteetako filosofian oinarritzen da, eredu hori gainontzeko eskoletara ere zabaltzeko.

Euskal Herrira egokitu zituzten ondoren, eta horren aritik ekin diote Karmengo Aman. Baina ez hemen soilik. Portugaleteko Ruperto Medinan, Txurdinagako Artatxen eta Arabako Ramon Bajo ikastetxeetan ere garatzen ari dira.

Eusko Jaurlaritzarekin egindako lan akordio baten arabera, CREAk kanpoko aholkulari gisa laguntzeko die aipatu lau ikastetxeei. Horrez gain, PATeko arduradunekin zuzenean harremanetan daude. Trintxerpeko kasuan, Julian Lavadorekin. Julianek azaltzen digunaren arabera "CREAkoak hiruhilabete bakoitzean zentrora etortzen dira gure pausoak baloratzeko eta segurtasuna emateko. Eta gu astero biltzen gara eskolako batzorde eta talde zuzentzailearekin".

Izan ere, proiektua aurrera eraman ahal izateko batzorde desberdinak eratu dira. Alde batetik talde zuzentzaile edo gidatzailea dago. Talde honek dena koordinatzen du. Bestetik, lehentasunen arabera sortutako batzordeak daude, eta guztira lau dira:

1- Hizkuntzen batzordea.

2- Teknologia berrien batzordea.

3- Aholkularitza batzordea.

4- Antolaketa batzordea.



Proiektuaren helburuak

Planteamendu berri honen jatorria galdera batzuetatik sortu da: zertarako balio dezake eskolak eta zertarako balio dezan nahi dugu? Hausnarketa hauek alde teoriko zein praktikoetan eragin dezaten ekin diote bideari Karmengo Ama ikastetxean.

Julian Lavadok argi eta garbi azaldu digu proiektuaren helburuak zeintzu diren. "Eskolaren asmoa ikasleen ikasketa itxaropen eta aukerak gehitzea da, kontuan izanik azken helburua ikasleak aldatzen ari den gizarte honetan sozialki eta laboralki integratzea dela. Horretarako argi dago eskolak ere aldatu egin behar duela".

Aldaketa horri loturik dago filosofia edo pentsaera aldaketa ere. Izan ere, proiektua Kaliforniako ikastetxe aurreratuenetan oinarritua dago, baina hori ez da eliteko ikastetxeetara mugatzen. Julianek dioen bezala normalean auzo baztertuetan "egiten duguna eginda nahikoa egiten dugu" pentsatzeko joera egon da. "Konfomistak izan gara eta gure haurrentzat ez ditugu goi mailako helburuak inoiz planteatu. Proiektuak pentsamendu honen aurka borrokatzen du. Ez dugu daukagunarekin konformatu behar, elite eta goi mailako ikastetxeek lortu nahi izaten dutena bilatu behar dugu guk ere". Ez da minimoetan oinarritutako curriculuma defendatzen dutena, baizik eta curriculumeko edukiak alde batera utzi gabe, ikasketa komunitatean lehen mailakoak kontsideratzen diren aspektuak bultzatzea.

Hori lortzeko ikerketa soziologikoak egin behar dira lehendabizi etorkizunean gizarte eta lan mailan integratua izan den pertsona nolakoa izango den esango digutenak.

Horren ardura ez du eskolak soilik, ordea. "Soziologikoki frogatua dago ikasleen ikasketen %50a eskolatik kanpo jasotakoa dela. Beraz, garrantzitsua da heziketa eragile guztiak koordinatuta egotea dagoen itxaropen faltaren aurka borrokatzeko. Zeren irakasleen artean itxaropen falta baitago ikasleak gizarte talde jakin batekoak direlako. Ikasleen artean ere itxaropen falta dago zein gizartetan bizi diren ikusten dutelako. Eta gurasoengan ere itxaropen falta dago eskolara joatearekin nahikoa egiten dutela pentsatzen dutelako. Horregatik, horren aurka borrokatzea da proiektuaren gakoa". Eta hori praktikan jartzeko funtsezkoa da eragile hezitzaile guztien parte hartzea. Beraz, ikasketa zentroa "ikasketa komunitate" bihurtzea dakar honek.

Partehartzaile guztien arteko elkar ulertze eta elkar lanaren emaitza da proiektua. Errealitate soziala aldatzeko parte hartu dezakete guztiek, eta heziketa aldaketa soziala ekar dezakeen ekintza da. Eskolako eta gizarteko porroten aurrean ez etsitzea eskatzen du. Horretarako ikasleei beraien gaitasunak lantzeko aukera eman behar zaie, etorkizuneko gizartean eta lan munduan aukera berdinak izan ditzaten eta integratzeko gai izan daitezen.

Aldaketa ematen hasi aurretik oinarrizko abiapuntuak ongi definitu behar dira eta horretan ados daude partehartzaile guztiak. Honako hauek dira puntuak:

1- Gurasoen partaidetza: erabaki garrantzitsu guztietan parte hartu behar dute.

2- Teknologia berriak barneratu behar dira irakaskuntzan: soziologikoki industriaren garaitik informazioaren garaira igaro garela frogatu da. Orain informazioarekin lan egitea da garrantzitsuena. Informazio horren berri duenak eta erabiltzeko gaitasuna duenak gizarte eta lan arloan errazago integratzeko aukera izango du.

3- Hizkuntzen domeinua.

4- Irakasle eta gurasoen prestakuntza euren eginkizuna hobeto betetzeko.



Lehentasunen aritik

Aipatu lau lehentasun hauek jorratzen hasiak dira, eta gezurra badirudi ere, arlo bakoitzak esparru zabala du. Gurasoen partaidetza eta hauen zein irakasleen prestakuntzari buruz aurrerago hitz egingo badugu ere, orain beste bi gaietan geldiune bat egingo dugu.



Proiektuaren etapak

Horrelako proiektu batean sartu aurretik garrantzitsua da sentsibilizatzea, zertan sartzera goazen jakitea. Ondoren etapa eta pauso desberdinak etorriko dira.

Lehenengo etapa sentsibilizazio etapa izan zen. Mari Kruz zuzendariaren iritziz etapa gogorrena izan zen proiektuaren filosofiaz kontzientziatu beharra izan zutelako. "Irakasleok urte asko daramatzagu irakaskuntzan, baina hala ere kosta egin zitzaigun filosofia berria barneratzea. Ez du metodologia aldaketa soilik suposatzen, antolaketa osoaren aldaketa ere bai. Irakasle guztiok gure jokaera aldatu behar dugu eta aldaketa garaia iristen denean denori kostatzen zaigu lehengoa uztea".

Etapa honetan bost egunetako jardunaldiak izan zituzten irakasleek. Ikasleak aisialdiko begiraleekin eta praktiketako ikasleekin zeuden bitartean, irakasleek prestakuntza saioak jaso zituzten CREAren eskutik.

Etapa honen barruan bi pauso desberdin eman zituztela dio Mari Kruzek.

1- Proiektua ezagutu.

2- Ametsezko etapa: lan taldetan banatu eta bakoitzak eskola perfektua eta ezin hobea nola irudikatzen zuen azaldu behar zuen, nolako eskola nahi zuen ikasleentzat eta beretzat.

Ariketa hau gurasoek, gizarte eragileek eta aisialdiko begiraleek ere egin zuten, eta baita haurrek ere. "Bai, haurrak ere informatu egin nahi genituen. Eskola berri bat nahi genuela azaldu genien, geneukanarekin gustura geundela baina beraientzat hoberena nahi genuela. Horretarako beraiek ere parte hartu behar zutela esan genien eta beraien ideiak ere garrantzitsuak zirela. Marrazki, ipuin eta txotxongilo bidez adierazi zituzten ikastetxean dauden gauzak, nahi lituzketenak, berdin mantenduko lituzketen gauzak, aldatu egingo lituzketenak eta abar. Benetan gauza interesgarriak eta politak atera ziren.



Teknologia berriak

BERMEJO, Victor

PATeko aholkularia



Ikasleak 2010. urterako prestatu behar baldin badira, eta nahiz eta gizarte hori zehazki nolakoa izango den ez jakin, teknologia berriek garrantzia izango dutela ez du inork zalantzan jartzen. Baina aurretik, irakasleriaren prestakuntza dago. Victor Bermejo PATeko teknologia berrietako aholkularia da eta berak dioenez momentu honetan garrantzitsuena irakasleriaren prestakuntza da.



Nola prestatu behar da irakasleria?


Lehenengo eta behin bitartekoak erabiltzeagatik erabiltzeko filosofia hori baztertu behar da. Askotan ordenagailua modan dagoela eta ordenagailua erabiltzen hasten gara. Hurrengoan bideoa jartzen da modan eta denak bideoa erabiltzen. Metodo horrek hilabetea irauten du eta ondoren akabo, etsipena eta porrota datoz. Arbela erabiliz kontzeptu bat azaltzeko gai baldin bagara, ez dugu teknologia berriak erabiltzeko beharrik. Beraz, ideia hori argi eduki behar da hasieratik.

Ondoren, teknologia berriak lagungarriak eta osagarriak direla jakin behar du irakasleriak, eta ez ezinbesteko tresnak. Beraz, ongi erabiltzen ikasi behar da, bi zentzutan. Alde batetik gauzak esplikatzeko eta azaltzeko, komunikatzeko. Eta bestetik, ikasleari ere erabiltzen utziz.



Hala ere, irakasleriaren artean beldurra dago teknologia berrien aurrean. Nola gainditu hori?

Beldurra segurtasun ezak ematen du. Eta askotan ikasleek gehiago dakite. Informazioaren belaunaldian jaioak dira eta kontzeptu asko barneratuta dauzkate inork azalpenik eman gabe. Baina horrek ez gaitu kezkatu behar, baizik eta teknologia berri horien erabilpena.



Erabilpen horretan neurria hartzea eta gehiegikerian ez erortzea da gauza. Nola neur dezakegu hori?

Teknologia berriekin egiten du-gun guztia curriculumaren barruan egon behar du.



Zein adinekin erabili behar dira?

Haur Hezkuntzatik hasi gaitezke erabiltzen. Adibidez, ordenagailuekin alde ikonikoa, teklatuaren ezagupena eta abar landu daitezke. Pixkanaka-pixkanaka gauza berriak eta konplexuagoak erabiliz joango gara. Ongi legoke Lehen Hezkuntza makinaz idazten jakinda bukatzea.



Hizkuntzak

GOMEZ, Miguel Angel

Ingeleseko irakaslea




Euskara, gaztelania eta ingelesa dira Karmengo Amako hiru hizkuntzak.



Nolako trataera jasotzen dute proiektuaren barnean hizkuntzek?

Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrak ditugu hemen eta B eta D ereduak, baina Lehen Hezkuntzako lehen ziklora arte euskaraz ikasten dituzte gai guztiak. Euskararen aldeko diskriminazio positiboa egin da.

Bestalde, hizkuntzen batzordeak ere lan interesgarria egin du.



Zein izan da lan hori?

Alde batetik, eskola barruko eta inguruko euskararen egoeraren diagnostikoa egin du. Eta bestetik, haurren hizkuntza gaitasunari buruzko ebaluaketa prozesu bat hasi du.



Zer esan daiteke beste partaideei buruz? Gurasoak, begiraleak...?

Alde horretatik ere batzordeak lan handia egin duela aipatu behar da. Gurasoentzako euskarazko klaseak prestatu dira eta begirale guztiak euskaldunak dira.



Partaide desberdinak

Heziketa komunitatea heziketa zeregina bihurtzea beharrezkoa da hau guztia martxan jartzeko. "Daukagunarekin egin dezakegu" pentsatu behar dugu, baina daukaguna ez da eskola soilik. Auzoa, gurasoak, aisialdiko taldeak, auzoko elkarte kulturalak, zerbitzu sozialak eta abar dauzkagu eta guztiek osatzen dute ikasketa komunitatea



.
Gurasoak

LAVADO, Julian

PATeko aholkularia eta proiektuaren bultzatzailea



Gurasoak ere partaide garrantzitsuak dira proiektuan eta beraien partaidetza bultzatzea klabea da. Julian Lavadok azaltzen digunaren arabera, guraso eta ikastetxearen artean ikasketa kontratu bat egin da.




Zertan oinarritzen da kontratu hori?

Guraso taldeak elkartu eta egin duten agiri bat da. Bertan, eskolarekin zertan parte hartu nahi duten adierazi dute, hau da, ekintza zerrenda bat egin dute.



Zein da kontratu honen erabilgarritasuna?

Erabilgarritasun bikoitza du. Alde batetik guraso guztiek bere gain hartu dute kontratua eta beraientzat heziketako gai eta kezka garrantzitsuenak zeintzuk diren azaldu dute bertan: neska-mutilen jokaerak, irtenbide pedagogikoak, etxerako lanak, gurasoen beraien prestakuntza eta abar. Beraz, kontratu honen bidez irakasleok badakigu zeintzuk diren gurasoen kezkak.

Bestetik, eta bigarren erabilgarritasunari helduz, kontratua kontuan harturik irakasleok gurasoei prestakuntza eskaintzeko hitza eman diegu. Baina ez helduen eskolako prestakuntza klasikoa gai orokor eta abstraktuetaz hitz egiteko, baizik eta beraiek aukeratutako gaietaz hitz egiteko eta lantzeko. Gurasoentzat elikadura, ametsak, telebista, jokaerak, haserreak eta abar baldin badira interesa duten gaiak, gai horri buruz dakiten adituak ekarriko ditugu.



Dena dela, askotan ez al dira galduta sentitzen eskolako zereginetan?

Bai, orain arte halaxe izan da. Gauza konkretuak egiteko esanez gero, berehala prest agertzen dira. Adibidez, liburutegia pintatzeko, apalak jartzeko eta abar. Baina proiektuan bilera, ebaluaketa, inkestak eta abar egiten direnean, askotan lekuz kanpo sentitzen dira, ez dakite zertan lagun dezaketen.

Horregatik da garrantzitsua aipatu kontratua. Beraiek proposatutako gaiak dira, beraiek aukeratutakoak, eta askoz ere inplikatuagoak daude.





Irakasleak

ALDUNTZIN, Juan Carlos

Teknologia Berrietarako koordinatzailea




Mari Kruzek aipatu bezala, sentsibilizazio etapa gogorra izan arren irakasle guztiak gogoz inplikatu dira proiektuan. Horrez gain, garrantzitsua da irakasleriaren egonkortasuna ere, hori baita epe luzeko egitasmoen berma. Karmengo Ama ikastetxean irakasleriaren %80 egonkorra da eta hiru urte hauetan aldaketak ez egiteko eskaera luzatu zioten Eusko Jaurlaritzari.

Juan Karlos Alduntzin irakasleak ilusioz ekin diotela dio eta barneko eztabaidek giroa berpiztu dutela.



Zeintzuk izan dira hasierako zailtasunik handienak?

Gehien kosta zitzaiguna gizartea alda dezakegula sinestea izan zen. Beste gizarte baterako prestatu behar ditugu haurrak, 2010. urteko gizarterako. Baina zein gizarte mota egongo da orduan? Hori ez dakigu ziur eta horregatik suertatzen zaigu zaila.



Ezinbestekoa da, beraz, irakasleok aldaketa hori egiteko gai garela sinestea.

Bai, hori da lehenengo pausoa. Behin hori barneratuta errazagoa da. Argi dago gizartea aldatzen ari dela eta eskolak gizarte berri horretara egokitu behar duela.



Proiektuaren muga bezala 2010. urtean jarri duzue. Zer dela eta urte hori?

Eskolan orain sartzen diren haurrak 2010. urtean 20 urte izango dituztelako, hots, beraien ikasketak bukatzear egongo dira. Gizarteari aurre egin beharrean egongo dira, gutxi gora-behera 2010. urtekoari eta guk gizarte horretarako prestatu behar ditugu.



Helburuen artean eskolaren maila igotzea aipatu duzue. Zer suposatzen du horrek?

Haurren mailari ez diogula mugarik jarri behar suposatzen du eta hori onartzea. Guk mailarik altuena eskaini behar diegu eta bidean bakoitzak bere neurria hartuko du. Orain arte ez genuen horrelakorik egiten. "Horrelako haurrak ditugu" pentsatzen genuen eta eskaintzen genien maila jeitsi egiten genuen. Eta ez du horrela izan behar. Maila goian dago eta guk goi horretara iritsi behar dugu, gaitasunak maximoraino garatu behar dira.



Gizarteko aldaketetarako prestatzeak zein aldaketa dakartza eskola mailan?

Antolaketa pedagogikoa aldatu egiten da. Etorkizuneko haurrentzat garrantzitsuak kontsideratzen ditugun puntuak kontuan hartu beharko ditugu eta horren arabera aldatu. Metodologiak egongo garen gizarte horretara egokitu behar du. Ondorioz, talde malguak, ikasketa kooperatiboa... izango dira ardatz.



Irakaslearen irakasteko metodologiak ere aldatu egin beharko du, orduan.

Bai, hala da. Orain arte ikasleei dakigun guztia eta testu liburuetan agertzen dena irakasten ohituta gaude. Baina egin behar dugun aldaketa zera da: ez diegu informazioa eman behar, informazioa bilatzen, lantzen eta erabiltzen irakatsi baizik.

Aldaketa handia da eta irakasleoi beldurra sortzen diguna, gainera. Orain arte oso seguru geunden arbela, liburua eta paperarekin. Baina horiek kenduz gero... Teorian argi ikusten da eman beharreko aldaketa, baina praktikan zaila egingo zaigu.



Gurasoekin, eragile sozialekin, begiraleekin eta abar lan egiteak zer suposa dezake?

Denok batera lan egiteak koordinazioaren beharra ekarriko du. Egia esan, inor ez da arrotza eta orain arte ere denok aritu gara haurren heziketan lanean, baina bakoitza bere kabuz. Gauza da guztiok helburu bera dugula eta norabide bereko txalupan sartu garela. Bakoitzak bere egitekoa du eta ez da eskolaren zeregina soilik. Heziketaren komunitatea aldatu egiten da, nolabait esateko. Heziketa ez da akademikoa soilik, dimentsio soziala du.



Eragile sozialak

ORTEGA, Mari Kruz

Ikastetxeko zuzendaria




Zeintzuk dira eragile sozialak?

Ikastetxetik kanpo haurrekin lan egiten dutenak dira eta talde asko daude. Adibidez, Gizarte Ongizate zerbitzua da bat. Haur eta gurasoekin harremana duen entitatea da eta eskolak ere erlazioa eduki behar du berarekin.

Bestetik, eskolaz kanpoko ekintzak edo extra-eskolarrak daude. Eta baita aisialdiko taldeak ere. Guztiek gure bileretan parte hartzen dute eta dagoeneko elkarlana hasia dago.



Zein da talde guztien arteko elkarlanaren abantailarik adierazgarriena?

Ideiak eta esperientziak elkartrukatzeko aukera. Bakoitzak bere harremana du haurrekin eta ekintza desberdinak burutzen ditu. Guztiak ezagutzeko aukera ematen du elkarlanak. Horrela hutsuneak ikusteko eta haurrak hobeto ezagutzeko posibilitatea dago.

Ideia berriak, metodologia berriak, ordutegi berriak, antolaketa egitura berriak eta erabakiak hartzeko talde guztien arteko adostasuna dira sortzen diren planteamenduak besteak beste.