PRAKTIKATZEN: Zer da eskultura? (II). Batasun didaktikoa

1998-04-01
Aurreko alean eskulturaren gaiari hasiera eman bage-nion, oraingo-an jarraipena dator. Hiru di-mentsiotako arte hau lantzeko helburuak, edukiak, hiztegia, materialak eta garapena azaldu genituen. Oraingoan eskultura lantzeko eta ekoizteko proiektu desberdinak proposatzen dira.
 
 
Batasun didaktiko honen inguruan landu daitezkeen proiektuen iradokizuna (Ekoizpenaren atala)

Ekoizpen lanetarako abiapuntua eskulturak gure gizartean eta beste gizarteetan betetzen dituen funtzioen azterketa izan daiteke. Badakigu oso zaila dela zenbait eskulturetan funtzio hauen arteko mugak ezartzea. Ibarrolaren artelanetan, adibidez, ezin da garbi bereizi non hasten den funtzio sinbolikoa eta non bukatzen den arazo formal baten inguruko lana. Artista berak sarritan argitzen digu zalantza hau, baina, garrantzizkoena, gure ustez, ez da artistak bere obrari buruz pentsatzen duena ikastea. Hau jakitea komenigarria bada, askoz ere garrantzitsuagoa iruditzen zaizkigu ikasle-irakasleen arteko harremanean sortzen diren esperientziak, eskulturak bizitzeko erak eta sentipenak. Hauek dira jorratu beharrekoak eta hauek dira gero haurren lanetan agertu edo aplikatu behar direnak.

Era berean zera jakin arazi behar dizuegu: atal honetan artea zer den eta zer ez den (non bukatzen diren artistizitatearen mugak) ezinbestekoz agertuko den arazoari ere heldu beharko diozuela. Adituak, honi buruz, azken hitza eman gabe baldin badaude, ez behartu gehiegi zeuen burua honetara. Ez da gaia saihestu behar, noski. Baina kontuan izan beharko dugu, gure irudipen pertsonaletik haruntzago, arte instituzioek (kritikariak, artistak, galeristak, bilduma egileak, museoak, arte teorikoak eta abar) erabakitzen dutela zer den eta zer ez den artea. Eta era horretako instituzioak ez zeudenean ere bazeudela beste batzuk lan bera eginez.

Eragozpen hauek behar bezala gaindituko dituzuelakoan, beste ohar bat: proiektu hauetan oso garrantzizkoak dira arestian aipatutako koaderno eta portafolioak. Horiek dira haurren aurrerapenen lekuko eta han ikusiko ditugu, inolako zalantzarik gabe, haurren pentsamoldeen garapena nondik nora doan, eta zer eta nola ikasten ari diren. Ez ahaztu, hortaz, proposamenak eta aginduak egiterakoan koaderno eta portafolioaren erabilpenari buruz ere zerbait azaltzea.



1go Proiektua

Proposamena: Haurrek taldeka (lau pertsona talde bakoitzean, gehiago ez) objetu arrunt bati itxura artistiko bat eman diezaioten eskatuko diegu. Abiapuntu edo adibide gisa Andrés Nagel-en eskultura edo Picassorena oso aproposak izan daitezke. Haurrek etxetik oso handia ez den traste zahar bat (jostailu bat izan daiteke) ekarriko dute eta bere itxura aldatuko dute kartulinak, egurrak, zapiak edo beste materialak itsasiz. Horretarako, moztu eta itsasten hasi baino lehen, dituzten ideiak marraztu eta komentatuko dituzte beraien artean eta irakaslearekin, proiektu bat osatuz. Honek ez du esan nahi, gero, objetua egiten ari direnean proiektatutakoa aldatu ezin denik. Hala ere, proiektatzearen pauso guztiak eta aldaketak behar bezala agertuko dira koaderno eta portafolioetan.

Helburuak: Eskulturaren funtzio utilitarioaz jabetu. Egunerokotasunaren ingurune arruntean gauzen baliogarritasun estetikoaz pentsa eta ohartarazi haurrei. Zenbait trebetasun plastiko eta prozedurazkoak landu (itsasi, koloreztatueta abar).

Materialak: Edozein traste zahar, papera, kartoia, tableroa, margoa, itsaskaria eta abar.



2. Proiektua

Proposamena: Buztinarekin zuloz eta hutsunez osatutako eskultura bat eraikiko dute (binaka). Hau kokatzeko herriko paraje bat aukeratu eta proiektu txiki bat egingo dute, DIN A-3 neurriko muntaia eginez.

Helburuak: Eskulturaren apaingarritasunaz aritzea proposatzen da, besteak beste. Baina aldez aurretik eta irudimena erabiliz, proiektatzen jarduteko ohitura ere piztu nahi dugu haurrengan.

Prozeduren aldetik bi fase bereizi behar ditugu proiektu honetan:

1) Modelaketaren lana (ez derrigorrez egin behar den lehenengoa)

2) Argazki makina baten bidez eta fotokopien bidez eskulturarentzat aukeratutako eskenatokiari argazkia egin, gero eskulturaren argazkia (neurria egokituz) kokatzeko.

Kontua da haurrek hautatutako parajearen argazkia (egutegi edo postal batetik ateratakoa ere izan daiteke) fotokopiagailuaren bitartez DIN A-4 neurrian jarri eta toki hura kontuan harturik, paraje hartarako eskultura bat pentsatu eta egitea.

Behin eskulturaren maketa (20-60 zm bitartekoa) egin ondoren, argazkiak egingo dizkiogu honi eta DIN A-4an daukagun paisaian kokatuko dugu, aukera eta bista guztiak aztertuz. Gero, nahi izanez gero, DIN A-3 formatora pasa daiteke.

Ariketa honetan, garrantzizkoena ez da fotokopien kalitatea (gutxiengo bat betetzearekin nahikoa litzateke), proiekzioak sortzen dituen arazoak baizik: kokapena, tokiaren hautaketa, eskala eta proportzioak eta abar.



3. Proiektua

Helburua: Proiektu honen bidez eskulturak ukan dezakeen funtzio sinbolikoa azpimarratuko dugu, balore ezberdinen eramale eta adierazle bezala.

Lehenengoz, orduan, haurrei ondo ulertarazi ahal izango zaie zein eta nolakoa den artearen erabilpen sinbolikoa. Horretarako hemen aurkeztutako artisten lanetan oinarritu zaitezkete alde hauek aztertzeko. Hilarriak, Migel Angelen Davidek edo Delfoseko kariatideak sinbolizazio mota ezberdinen aurkezpenerako oso aukera ona emango dizuete.

Ariketaren xedea ulergarriagoa izan dadin eta beraien bizitzatik gertuago ikus dezaten, aldizkarietatik zenbait objeturen irudiak (ez eskulturak derrigorrez) aukeratu eta moztuko dituzte baldintza honen pean: boterea, indarra, energia, dinamismoa, babesa, prestijioa, zoria edo antzekoak izango dira irudi horien bilketan kontuan hartuko dituzten baloreak.

Proposamena: Prestakuntza lan hauek bukatu ondoren, auto baten sinboloa izango den logotipoa diseinatzea eskatuko diegu, beraien ustez auto horrek izan beharko lituzkeen baloreak kontuan hartuz (autoaren ordez kolonia pote bat edo giza baloreen adierazgarri den beste edozein gauza izan daiteke).

Diseinua edozein material eta teknikaren bidez egin daiteke. Baina edozein publizitzate etxeko sortzaileak izango balira bezala, beraien diseinua aurkeztu beharko dute, autoaren irudiekin eta testu adierazlearekin batera foileto edo poster baten bitartez, collagen teknika erabiliz.

Materiala: Diseinuaren arabera: papera, buztina, paper mach=, kartoia, eta abar.

Aurkezpenerako argazki makina eta ordenagailuko konposaketa programa bat lagungarri izan daiteke, derrigorrezkoa ez baldin bada ere.



4. Proiektua

Helburua: Proiektu honen bidez zenbait trebetasun eta prozedura lantzea proposatzen dizuegu bereziki: moztu, itsatsi eta koloreztatu eta trebetasunak eraiki.

Proposamena: Naum Gabok edo Picassok egiten duten bezala eskulturak zatika-zatika objetu eta material oso arruntak erabiliz eraiki daitezke. Proiektu honetan gaia librea izango da eta jarriko dugun baldintza bakarra eraikuntza prozesuaren bidez egin beharrekoa izango da1. Lehenago esan dugun bezala, haurrek proiektatutako eta pentsatutako guztiaren erregistroa gordeko dute koaderno eta portafolioetan.

Materialak: Itsaskin beroa erabiltzen duten aplikatzaileak (pistola), itsaskin beroko ziriak, guraizeak, tenpera edo argizarizko margoak, kartoiak, egurrak eta birzikatutako edozein material.



5. Proiektua

Proposamena: Oraingo honetan eskultura izango da abiapuntua, baina ez dira eskulturak izango haurrek egin beharko dituztenak. Hilarriaren irudia (edo irudiak) ikusi ondoren, haurrek marrazki geometrikoen bidez diseinatuko dute horietako hilarriren bat. Haur gaztetxoenentzat diseinu geometriko hitzak beldurgarriak bilaka ez daitezen, laukiz, triangeluz edota borobilez mintzatuko gatzaie. Holakoetan ez diogu txukuntasunari (lerroen zehaztasunari, alegia) arreta gehiegirik jarriko. Diseinua beraren formalizapena izango da gure ardura nagusia. Agian koloreztatzea proposatuko dizuete. Gure ustez, askatasun osoa eman diezaiokezue kasu honetan, baina oso probetxugarria izan daiteke horrelako eskakizun bat (aterako balitz) diseinu, objetu eta funtzioaren arabera koloreak izan dezakeen egokitasunaz mintzatzeko.

Materialak: Kartoia, tableroa, kartulina, arkatzak, konpasak, erregelak, errotulagailuak eta abar.



Ebaluaketarako zenbait eredu

Hain lan zabala planteatu ondoren eman behar diren ereduak, derrigorrez, oso orokorrak izan behar dute.

Lehenago aurreratu dugun bezala, ebaluaketarako izango dugun tresnarik baliagarriena koadernoa eta portafolioa izango dira. Honek emango digu behaketa zuzenetik egindako ebaluaketa intuitiboari falta zaion elementu osagarria.

Zer esanik ez dago, prozesuak ebaluatu beharko ditugu, ez soilik azkeneko lanak, nahiz eta hauek ere bere garrantzia izan.

Taldeka lan eginez gero, ez zaigu oso zaila izango "tailerretako ebaluaketa formatiboaren" modalitate hori praktikatzea. Wilson-ek bere ebaluaketa artistikoari buruzko saio famatuan zioenez, hauxe da tailerretan irakasleak egiten duena ikasleari zerbait gaizki egiten ikusi eta zuzentzen dionean.

Zenbait kasutan begiratzeaz gain, kontuan izan beharko dugu emandako ereduak errespetatzen diren ala ez, helburuak zer neurritan lortzen diren eta desbiderapenak norainoko interesgarritasuna izan duten.

Ikasleek zerbait esan beharko dute bere lan prozesu luze eta trinkoei buruz. Ahal den neurrian entzutea eta ebaluaketari beraien iritzia gehitzea ez litzateke modaren kontu bakar bat izan behar.



Oharra:

1Material ezberdinak behar bezala itsasteko eta zerbait sendoa egiteko, oso aproposan dira (eta merkeak) itsaskin ziriak berotu eta urtutzen dituzten pistola antzeko tresna elektriko batzuk. Itsaskina urtuta ezarri eta hozten den heinean gogortu egiten da edozein gauza edozein eratara itsatsiz. Tresnaren muturrak oso tenperatura handia hartzen du eta kontuan hauxe izan beharko duzue haurren eskuetan utzi ala ez erabakitzerakoan. Badakigu gauza hauekin gero eta arazo gehiago dagoela, baina behar bezala ibiliz gero ez da haurrek egunero erabiltzen duten beste edozein tresna baino arriskugarriagoa eta lanerako emango digun askatasuna eta emankortasuna ere, kontuan hartzekoak dira.