BELTRAN, Juan Mari; ETXEKOPARE, Mixel: Musika herrikoia hezkuntzan

1998-05-01
Euskal Herrian soinu tresna ugari erabili izan dira historian zehar. Bai eta kantu, abesti eta ipuinak ere. Gaur egungo gizartean, ordea, ez dute lehen zuten erabilpen eta funtziorik. Tresna horiek galtzen ari gara eta horren aurrean zerbait egin behar da. Gizarte mailan, etxean, eskolan... bakoitzak dagokiona egin behar du berreskurapen lan horretan. Juan Mari Beltran musikariak irakasleon zeregina zein den azaldu digu. Euskal soinu-tresna herrikoiak zabaltzea eskolaren lana soilik ez dela aitortzen du, baina gure apurra eman dezakegula ere bai. Hona hemen bere proposamena.
 
 
Musika herrikoia hezkuntzan



Euskal soinu tresna herrikoien zabalkundea hezkuntza sarean

Euskal Herrian soinutresna ugari erabili izan dira historian zehar, hauetako batzuk sinbolo izatera iritsi direlarik. Herri honen identifikagarri bezala ere erabiliak izan dira.

Herriak bere behar musikalak beteak izateko soinutresna hauen premia izan du, eta era batera edo bestera musika eskaintza-eskarin oreka bat mantentzen joan da denboran zehar.

Horrela izan da, gutxi gora-behera XX. mende hasiera arte. Orduan gertatzen da kultura komunikatzeko eraren aldaketa, bai zabalkundeagatik eta baita teknikaren aurrerapenagatik ere (irratia eta telebista). Honen ondorioz, munduko gure inguruan, herrietako kultura autoktonoetan atzerapausoak ematen dira. Honekin batera, balorazio irizpide aldaketa sakona jasan da eta honek eragin nabarmena izan du herri musika eta soinutresnengan.



Gure herri musikaren egoera

Gaur egun, eta batez ere mendebaldeko herrialdeetan, kulturaren zabaltze sistemak asko aldatu dira. Jadanik ez dira belaunaldiz belaunaldiko komunikazio era posible egiten zuten lehengo baldintza haiek ematen. Informazioa beste bide batzuetatik jasotzen da (idatzia, irratia, telebista, musika grabazioak...), hau ugariago eta zabalagoa da, nazioaren muga berberak ere gainditzen direlarik.

Honek eragin du, besteak beste, musikan, itxura estetikoak gero eta uniformeagoak izatea.

Aurrekoarekin batera, aipatu beharra dago, herriaren parte hartze aktibo eta zuzena txikiagoa dela.

Horregatik, azkenaldian hainbat eta hainbat musika hizkuntz berezi galduak dira, eta honek eragin du, herri askotako ondarearen atzerakada hain era nabarmenean garatzea.

Bizitzeko, harremanak izateko eta komunikatzeko erak izan dituen aldaketak, aurreko ohiturekin loturiko zenbait elementu kulturalen eraginkortasunean (hala nola, dantzetan, abestietan eta nola ez hauei bizitza ematen zien soinutresnetan) galerak ekarri ditu.

Musikan, jadanik lehenengo urratsak ez dira zuzenean ematen, lehen bezala ahotsak eta inguruko soinutresnak entzunez.

Sehaskan dagoen haurra lasaitzeko edo motibatzeko erabiltzen ziren abestiak, diska eta kasete komertzialek baztertu dituzte.

Gaur egun, gure inguruan, haurrak ez dira garai batean bezala ama-amonaren besoetan hazten.

Ama-amonaren besoetan hazi den haurrak zuzen zuzenean entzun dituen kantuen bitartez, bestela lortuko ez lukeen zenbait balioren garapena lortzen du (entonaziorako, erritmorako, dantzarako... gaitasuna). Hori guztia abesterakoan egiten diren gorputz mugimenduen, kantu monodiko edo polifonikoen eta abarren bitartez lortzen da. Nabarmenena da, hau guztia mantentzen den herrietako haurren musikarako ahalmena handiago dela. Alderantziz, hau guztia gure inguruan galdua da, eta bertako haurrengan duen eragin ezkorra argi ikusten da.

Haur jolasak ez dira partehartzaileak abesturiko doinuen bidez egiten. Jadanik ez dira erritmo, tinbre eta linea melodiko ezberdinak ezagutzen hasteko soinuzko jostailurik egiten. Aldaketa hauekin batera, psikomotrizitatearen eta gorputz trebetasunaren garapenean, abesteko eran, materialen eta beren soinu ezaugarrien eta soinutresnen erabileraren ezagutzan galerak jasan dira.

Gazteek, berriz, ez dute lehen bezala beraien festa eta bileratxotan abesten. Orain, gehienetan, grabaturik dagoen musika entzutera mugatzen dira.

Gauza bera gertatzen da, besteak beste, lana (bai lanera joateko, itzultzeko edo egiteko, erritmoa markatzeko erabili izan diren kantu eta doinuak), urtaro (urtaro aldaketak ospatzeko festak, besteak beste udaberri-ihauteriak, uda-San Juan, udazkena-San Martin, negua-eguberriak), uzta (lurra esnarazteko, eguraldi egokia lortu ahal izateko, eta bestelako ekintzak), gizarteko gertaera ezberdin eta abarrekin lotua dagoen musikarekin.

Beraz, musika, pertsona eta gizartearekin zuzenean harremanetan zegoen. Orain, bere bizitzan parte hartzen zuen musika, gutxi batzuek egiten duten musikaren kontsumora aldatu da, bai familian, baita gizartean ere. Ondorioz, forma musikalen aniztasuna egunetik egunera txikiagoa da eta komenigarria izango litzateke atzera begiratzea, lehen zegoena ezagutzeko. Argi izan behar dugu ez direla egoera haiek berriro egokituko, baina, oraindik irauten duena mantentzen eta galdu denaren alderdirik baliagarrienak berreskuratzen saiatu beharko genuke.



Berreskuratzen lana hezkuntzan

Orain arte aipatutako aintzat harturik, soinutresna autoktonoak berreskuratzeko bi betebehar ditugula ikusten dut:

1.- Zabaltzeko orokorrari dagokiona. Hau da, ezagutarazi egin behar dira: nolakoak diren (eraketa eta funtzionamendua), nolakoa den bere hotsa, bere musika, zertarako, noiz eta non joa izan den, nork eta nola... Laburtuz, osotasunean ezagutarazi behar da soinutresna hauei dagokien guztia.

2.- Soinutresna hauek egingo dituztenen eta baita joko dutenen formazioaren berreskurapean eta jarraipena posible egingo duten neurri egokiak ezarri behar dira.

Gaur egun ez dagoen giro eta inguru hori lortu ahal izateko baliabide berri eta egokiak aurkitu beharko ditugu, garrantzitsuenetariko bat IKASTETXEAK izan beharko lukeelarik.

Ikastetxeek, beraien musika programaren barnean honako sailak sartu beharko lituzkete:



* Ikuspegi akustiko-musikal batetik egindako gure organografia herrikoiari buruzko ikerketa:

Gaur egun erabiltzen diren eta dagoeneko erabiltzen ez diren tresnak, soinutresna musikalak deritzaienak eta kategoria hori hartu gabe jostailua edo hots-tresnak, hauek guztiak sailkatu eta kokatu egin behar dira, eta munduko beste kulturetan erabilitako antzeko beste batzurekin konparatu behar dira. Bere eraketan parte hartzen duten materialak eta ezaugarri akustikoak ere ikertu behar dira.

Materialen prestaketari dagokionez kontuan hartu behar dira honako pauso hauek:

- Hots ona lortu ahal izateko metalen, soken, larruen, adarren... prestaketa eta manipulazioa.

- Egurraren edo kainaberaren moztea zein urtarotan eta ilargiaren zein fasetan eman behar den, saparen mugimenduan eta landaretzaren urteko zikloan ilargiaren eraginak garrantzia baitu.

Soinutresnaren zati ezberdinak eta bere funtzio konkretuari dagokionez:

- Hotsaren sortzailea den elementu bibratzailea.

- Enbokadura, hodi sonoroak, aire zaku eta hauspoak, anplifikadoreak.

- Erresonantzia kaxak.



* Nortzuk jo izan dituzten edota jotzen dituzten ere ezagutzea komenigarria da:

- Adinaren arabera: haurrak, gazteak, helduak...

- Sexua.

- Jatorri kulturala: kaletarra, baserritarra...

- Lanbidea: artzainak, nekazariak, artisauak, funtzionariak...

- Gizarte onespena: legeak, araudiak eta jole hauen betebeharren ondorioz sorturiko istorioak.

- Musika ikasketak: bazituzten ala ez, eta izanez gero, musika akademikoa zenbateraino ezagutzen zuten. Soinutresna autoktono horrez gain beste zerbait jotzen ote zuen.

- Ikasketa sistemak eta musiko postu edo jardueraren transmisioa.

- Garai ezberdinetan, musiko emaile izan diren lekuak.



* Non, noiz eta zertarako jo izan diren:

- Baserritar eta kaletar guneak. Plazak, udaletxe eta eliz atariak, larrainak, mendia, baselizak...

- Jai nagusiak, erromeriak, ihauteriak, igandeak, ekitaldi ofizial edo elizkoiak...

- Dantza saioak, entzunaldiak, desfileak, martxak, prozesioak...

- Auzolanetako betebeharrak egitean edo bukatzean: txalaparta, tobera, kirikoketa...

- Ongietorri eta agurretan, une goibel eta zailak arintzeko, zorionean eta euforian laguntzeko...

* Hots ezaugarriak eta musika errepertorioa:

- Soinutresna ezberdinen joleen zuzeneko, grabaturiko eta filmaturiko ikus-entzunaldiak.

- Ondorengo puntu hauen ezagutza: tinbre ezberdinak, erabilitako eskaleen berezitasunak eta hauen garapen edo aldaketak, tono hedapena, soinutresna armoniko sinpleak (xirolarru, zarrabete edo txirula-txun txun) edo konplexuak (akordeoi diatonikoa), airea emititzeko erak (albokaren kasuan esaterako, aireari buelta emateko teknika berezia) eta abar.

- Doinu herrikoietan ematen den erritmo aberastasuna, bai metrikoa (bikoa, hirukoak eta amalgama) eta baita librea ere (hauek -abardura erritmikoak egiteko aukera handiagoa ematen digute).

- Musika herrikoian ematen diren estilo ezberdinak, zonaldearen, jolearen prestakuntzaren, tresnaren eta abarren arabera.



* Eraiketa eta interpretazio lanak:

- Gure inguruko material ezberdinekin jostailu eta hots-tresnak egitea: gari lastoak, hostoak, belarrak, intxaur azalak, egurtxoak, lata poteak...

- Gure inguruko material ezberdinekin soinutresnak era sinplean egitea: sunpri-ua, alboka, txistua...

Hauekin guztiekin hotsaren ezagutza eta interpretazioan lehenengo pausoak ematen dira.

Eskoletan gaur egun interpretazioaren lehen urratsak flauta gozoekin ematen diren bezala, zergatik ez eskualde bakoitzean bertako soinutresna herrikoiarekin? Hor dauzkagu txistua, txirula, alboka, dultzaina, txalaparta...



* Irakasleriaren prestakuntza:

Lan hau bete ahal izateko, berau ikastetxeetara eramango duen bitartekari baten beharra ikusten dugu. Bitartekari honen prestaketa egokirako baliabideak ezarri beharko dira, eta baita beraien lana aurrera atera ahal izateko azpiegitura egokia ere (liburutegiak, fonotekak, bideotekak, erakusketak, tailerrak...).



Ondorioa

Orain arte agertu duguna ezagutu ondoren, errazagoa izango da gure soinutresna eta honen inguruan dagoenaren gustu eta zaletasuna berreskuratzea, bai galtzen joan diren ohitura, festa, musika, dantza eta abarrengan eta bai gaur egun lortu dezaketen funtzio berriarengan.

Honela, ikastetxeak soinutresna jole bokazioen harrobi bihurtuko lirateke. Ikasleria gazte horretatik sortuko lirateke etorkizuneko musikari herrikoiak.

Eta ikastetxeetan egindakoari jarraipena emanez, Musika eskoletan zabaldu beharko litzateke tresna hauek sakonki ikasteko aukera. Eta ondoren ikastetxe, musika eskola, udal kultur batzorde, kultur elkarte eta erakundeek funtzionalitate eta zeregina ematen saiatu beharko lukete: emanaldiak, dantzaldiak, dantza taldeak eta abar.

Ez da batere erraza izango hau guztia aurrera ateratzea, baina mereziko luke gogotik saiatzea gurea den edo izan den hori berreskuratzen. Lortuko bagenu, hobeto ezagutuko genuke zer izan garen, zer garen eta garena izaten jarraitzeko ahalmentsuagoak izango ginateke.

Jakin badakigu, edozein gauzak, bere kontestutik kanpora izateko ia arrazoi dena galtzen duela eta bizirik jarraitzeko bi aukera dituela: lehen zuen "kontestu" hori berreskuratzea edo beste bat eskuratzea (ala biak).

Zaila badirudi ere, halako aidbideak baditugu: berez edo sortzez baserritar inguruko txalaparta, trikitixa eta bertsolaritza, kale giroan sartu eta egokitu dira. Ez modu "folklorizatu" batean, baizik eta inguru berrian funtzio musikal eta sozial garrantzitsua betez. Gaur egun antolatu eta ospatzen diren zenbait festa eta ekintza sozialetan, nahitaezkoa da bere presentzia aktiboa. Hori, pentsaezina zen orain dela urte batzuk.

Hala ere, gure soinutresnen egoera normalizatua nahi badugu, gizartearen arlo guztietan lan egin beharko dugu: ikastola, mota guztietako komunikabide, erakunde eta gure herrietako plazetan.



BELTRAN, Juan Mari: "Ikastetxeetan eta musika eskoletan irakasleok jo egin behar dugu, abestu egin behar dugu eta hori transmititu"



Azaldu diguzun panorama ikusita, lan asko egin beharra dagoela ondoriozta daiteke.

Bai, dudarik gabe. Zeren musika ikasteko bidea aldatu egin baita. Lehen jaiotzetik, etxean, ikasten zen. Baldintza egokiak ematen ziren. Haurrak denbora guztian aiton-amonen edo gurasoen besoetan egoten ziren kantuak entzunez. Ijito koadriletan ere kantuan ari diren bitartean haurra hor egoten da erdian entzuten. Beraz, informazioa zuzen-zuzenean jasotzen du, hizkuntza ikasterakoan bezalaxe.



Zein da horrela ikastearen ondorio nabarmenena?

Gaitasun musikal handiago eskuratzen da horrela. Belarria gehiago lantzen da, erritmoak ere naturalki ikasten dira... Horregatik, gure aiton-amonek guk baino hobeto kantatzen zuten.



Zuzeneko trasmisio hori galdu egin da gaur egun. Horregatik sortu al da musika eskolen beharra?

Bai, hala da. Lehen ez zegoen musika eskolarik, zuzenean jasotzen baitzen informazioa. Gaur egun beltzek, ijitoek eta zuberotarrek, esaterako, oraindik mantentzen dute hori eta ez daukate musika eskolarik. Hala ere, eskolatik pasatakoak ez bezala konturatzen dira orkestra gaizki edo ondo jotzen ari den.

Dantzarekin ere gauza bera gertatu da. Dantza taldeak herriak dantzatzen ez duenean sortu dira, ez herriak dantzatzen zuen bitartean.



Bitartekarien beharra aipatu duzu lehen. Zein eginkizun izango luke? Klaseak berak ematea ala irakasleei irakastea?

Bigarren aukera da egokiena. Haurrei kantuak eta soinutresnak irakatsi nahi badizkiegu, irakaslea ezagutu behar ditu lehendabizi. Gaur egun solfeoa jakin bai, baina musikarik ez dakien asko dago. Horregatik hori guztiok landu behar dugu, irakasle zein gurasoak. Horrela lortuko dugu haurrei informazio hori transmititzea. Ezin dugu espezialisten eskuetan utzi.



Beraz, haurrek irakasleak egiten duenetik ikasi behar dute?

Bai, eta oso garrantzitsua da irakasleak soinutresnak jotzea, abestiak abestea... Musika eskola askotan ikasle askok eta askok karrera bukatzen dute eta ez dute inoiz irakaslea jotzen aditu. Jaso duten informazio osoa zeharkakoa izan da. Horregatik, ikastetxeetan eta musika eskoletan irakasleok jo egin behar dugu, abestu egin behar dugu eta hori transmititu.



Zein da musikak eskolan hartu behar duen lekua?

Musika pertsonarekin batera doan zerbait da eta eskolan normaltasun osoz tratatu beharko litzateke, eta ez gauza berezi bat bezala.



Egunerokotasun hori lortzeko zein tresna edo material erabil dezakegu?

Tresnak geuk egiten saiatu behar dugu. Egitearekin batera ikasten da tresna horrek nola funtzionatzen duen. Tresna bat egiten duen haurrari ez zaio esplikatu behar nola funtzionatzen duen.





ETXEKOPARE, Mixel: "Hitzen musika" ari gara lantzen, erran nahi baita olerkiak, kantu txikiak, sehaska-kantuak eta horrela

Musika eta euskara irakaslea



Mixel Etxekopare irakasle eta musikari zuberotarrak azken urteotan musika bere irakasle jarduerarekin lotu du. Haurrekin musika eta hizkuntza lantzeko proiektuak eraman ditu aurrera eskola publiko desberdinetan. Egun Maule ondoko Gotaiñe eta Garindañe herrixketako eskolan dabil. "Hitzen musika" izeneko proiektua du esku artean.



Ze proiektu mota da "Hitzen musika"?

Eskolan lantzeko kultura proiektu bat da. "Kultur eta Arte mailako atelierak eskolan" deitzen da. Kultura eta Hezkuntza Ministeritzaren artean luzatzen dute deialdia eta urtero proiektu desberdin bat aurkezten ari gara. Aurtengoa "Hitzen musika" izeneko hau izan da.



Apirilean Zuberoan ospatu zen Xiru festibalaren aurtengo gaia ere hori bera izan zen. Zerikurisik ba al dute?

Badute, bai. Xiru musika eta kantu festibalean Euskal Herriko eta Pirinioetako beste ibarreko musika egileak elkartzen dira. Musika desberdinak entzuteko aukera izaten da, baina horrez gain urtero gai bat lantzen da. Gai hori eskolako proiektuaren gai bera izaten da. Beraz, festibaleko egunetan mahaigaineratzen dena, haurrekin ikasturte osoan zehar lantzen da. Xiru festibala ikasturte erdian edo izaten da eta ordura arte egindako lana erakusten da.



Aurreko urteetan ere antzeko lanak egin dituzue, beraz.

Bai, urtero gai desberdin bat lantzen dugu. Urte batez Zuberoako pastorala muntatu genuen haurrekin. Hastapenetik bururatzeraino eraiki zuten haurrek artisten laguntzarekin. Beraiek zuten gaia hautatu, informazioa bilatu eta ikerketa lana egin. Aztertu, gauzak bildu, pastorala idatzi, kantuak asmatu, otu, idatzi eta gero pastoral normal bat bezala egin eta jokatu zuten guraso eta beste eskolen artean.

Zein da aurtengo "Hitzen musika" proiektuaren oinarria? Zer ari zarete lantzen?

"Hitzen musika" ari gara lantzen, erran nahi baita olerkiak, kantu txikiak, sehaska-kantuak eta horrela. Haurrak bilketa lana egiten ari dira azaroaz geroztik eta errepertorio bat osatzen.



Non eta nola egiten dute bilketa?

Artistei galdetzen die eta baita etxean ere. Aita, ama, anai-arreba zaharragoak, aiton-amonak... dira informazio iturri nagusienak. Bistan da aberastasun handia dutela Zuberoan etxeetan eta hortan bermatzen da. Batek ikertzen duelarik gauza bat, besteek behatzen, entzuten, ikasten, moldatzen eta sorkuntzaren bidez berriz moldatzen dute.



Ze material bildu duzue orain arte?

Badugu olerki sorta bat, sehaska-kantuak, hitz-joko batzuk... Baditugu 20-30 bilduak eta haurrekin orain ari gara lantzen.



Nola lantzen dituzue, zer egiten duzue bilduma horrekin?

Badira sehaska-kantuak adibidez diren bezala esaten ez ditugunak, baina bai lantzen ditugunak. Sehaska-kantua entzuteko eta errateko momentua gaua da. Gauean bada isiltasuna, gauaren hotsak eta musika ere hor girotzen da.

Haur batek tresna bat jotzen badu, ekarri egiten du. Batek gitarra zahar bat ekarri zuen. Gitarrak ez ditu soka guztiak, baina baditu soinu bereziak. Haurrak berak ez daki jotzen, baina ateratzen ditu holako doinu bereziak eta doinu haiek sartzen ditu egiten dituzten musiketan. Adidibez, gaueko soinu beldurgarriak berak gitarrarekin sortu ahal ditu.

Hori da lantzen duguna. Bildutako errepertorioarekin gauza berri bat egiten dugu. Guraso eta aiton-amonek emandako informazioa bilakatu egiten dugu ingurumenera egokituz.



Lan honetan musika eta hitzak biak uztartzen dituzue.

Bai, bai hala da. Hizkuntza da hein handi batean lan honen atal bat eta musika da beste ardatz handia. Ahotsa ere tresna garrantzitsua da musikan, olerki batzuk koruan emateko, beste batzuk bakarka...



Zer garrantzi du horrelako lan bat burutzeak?

Egindako lana guraso eta aiton-amonek emandako informaziotik sortu da, baina aldatu egiten dute haurrek. Erran nahi baita beraien ingurumenera moldatzen dutela. Beraz, jasotako informazio hori itzuli egiten zaie gurasoei eta aiton-amonei, baina berrikuntzekin, ekarpen berriekin.



Nola itzultzen zaie guraso eta aiton-amonei?

Liburu bat eginen dugu bildutako lan guztiarekin eta baita grabaketa bat ere. Grabaketa horretan haurrek sortutako musika bilduko da: gauaren musika, sehaska-kantuak, haurrek hautatu duten musika... Gure asmoa ekainerako grabatzea da eta ondotik beste eskoletan eta herriko eskoletan zabaltzea.



Zein adinetako haurrekin zabiltza?

7 eta 11 urte bitarteko haurrekin nabil proiektu honetan.



Eskola publikoan ikasten duten haurrak dira. Nolakoa da beraien euskararen ezagutza?

A ereduko ikasleak dira eta dakizuen bezala eredu horretan oso ordu gutxi dira euskaraz. Hori ikusirik, euskara lantzeko musikari lotu nintzen. Bilketa lan hori egokia ikusten nuen haurrek euskarak beraien gizartean egiazki zein garrantzia duen ikusteko. Beraien ondo-ondoan zein aberastasun duten ikusteko baliagarria da, erran nahi baita familietan eta beraien ingurumenean. Hori da garrantzitsua nire ustez.



Orduan, euskara klaseak eta musika klaseak ere uztartu dituzu.

Euskara klaseak pixkat aldatu ditut bai eta musikarekin lotu. Agian euskara gutxiago egiten duzu, baina helburua haurrengan zerbait piztea da eta euskarak beraien herrietan eta beren baitan zein garrantzia duen kontzientzia eduki dezatela.

Aski larria baita oraino euskararen irakaskuntza Zuberoan. Ditugun ahalekin egiten dugu orain momentuan eta beste gisaz ari gara lanean euskarazko irakaskuntza zabaltzeko.



Zenbat haur dira euskaraz hitz egiteko gai?

40 familiatik 5 bakarrik dira familietan euskaraz ari direnak. Oso ingurumen latza dute. Ikastolan badira batzuk euskaldunak, baina herri batzuetan oso-oso apala da euskararen presentzia haurretan.



Horrek horrelako proiektu bat aurrera eramateko lana zailduko du, bada.

Hori da, bai. Baina ni duela urte batzuk hasi nintzen eta beraien herria eta hizkuntzaren artean lotura egiten dutela ikusi dut. Zerbait pizten zaie eta kultura arloko gauza batzuei lotzen dira eta euskarari ere bai.