Kronika

1998-05-01
 
 
Mugaz gaineko lan hitzarmen "historikoa" sinatu dute ikastolek
Euskal Herriko ikastoletako erantzukizun ekonomikoa duten Seaskak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) eta Partaidek, eta langileen ordezkaritza duten LABek, ELAk eta SEASKAko langileek langileriaren lan harremanak arautzeko mugaz gaineko hitzarmena sinatu dute.
Apirilaren 30eko agerraldian izan ziren guztiek "garrantzizko eta historikotzat" jo zuten sinatu berri duten hitzarmena. Akordioaren sarreran azaltzen denez, ikastoletako hezkuntza egitasmoak "erabateko lotura sortu ditu gizartean eta formakuntzan (Plan Pedagogiko Nazionala, kasu)".
Europatik etorriko den eredu berriari egokitutako hitzarmena nahi da. Bitartean, "Egungo lan harremanen esparrua kontuan izanik, gainditze pausoak eman nahia eta Europako Komunitatearen barruan lan legedi zabalagoak sortu bitartean lankidetza hitzarmena eratzea adosten dugu bide honetarako lehen urrats moduan".
Hitzarmenak dioenez, "akordioak, elkarte ezberdinetako langileen harreman eta lan baldintzak hobetzeaz gain, lan berrietarako pausoz pausoko bitartekoak eratzea du hurbileko helburu, interes komuneko hainbat gairi tratamendu komuna eman ahal izateko".
Hitzarmenaren edukiak araubideko izaera izan dezaten, norberaren lan hitzarmenean txertatzeko konpromezua hartzen dute aldeek. Lau urteko iraupena izango duen akordio honek, nagusiki, lau eduki ditu: hobekuntza sozialak, ordezkaritza bermeak, lekualdatze, truke eta eszedentziak, eta formakuntza.

Nafarroak 70 plana berri sortuko ditu euskaraz irakasteko
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan dagoen defizita nolabait bideratu nahiean, Euskal irakasleentzako 70 plaza berri sortuko ditu Nafarroako Hezkuntza Departamentuak.
Neurri honekin, ikastetxe publikoetan ematen ari den euskarazko irakaskuntzaren igoera nabarmenari erantzun nahi zaio. Aldi berean, prekaritate egoeran lanean dihardutenek aukera izango dute lan finkoan aritzeko.
Sidikatuek arabera, EAEko milaka irakasle izango dira deialdiari erantzunez bere burua aurkeztuko dutenak. Horretarako, bi baldintza bete behar dira: Magisteritza titulua edukitzea eta EGA edota baliokidea izan daitekeen beste titulu baten jabe izatea.
Aurten, hamar ikasletatik seik A edo D ereduetan ikasteko eskaera egin du.

EAEko Lanbide Heziketarako plan berriak aurkezten
Lanbide Heziketarako plan berriak azaldu zizkieten Hezkuntza Saileko teknikariek EAEko zentrotako zuzendariei. Plan berria Europan sortzen ari diren aldaketei erantzuteko prestatu du Jaurlaritzak, etan hurrengo ikasturtean jarriko da martxan lehen zatia, fabrikazio mekanikoari dagokiona.
Oliverik esan zuenez, merkatuaren ekimen produktiboaren barruan aldaketa handiak gertatzen ari dira eta enpresen lehiakortasuna handitzeko asmoz egin da plana. Hezkuntza sailburuak ziurtatu zuenez, ematen ari den egoera aldaketa honi aurre egiteko modu bakarra "norberaren prestakuntza hobetzea da".
Epeei dagokionez, zaila bada jakitea zehatz-mehatz zer epetan beteko den plan berria, "prozesu konplexua" baita, baina Oliverik uste du hiru urteko epean Lanbide Hreziketarako plana bukatuta egon daitekeela.
Planak hiru ardatz nagusi ditu: Lanbide Behategia, Lanbide Heziketarako eta Gaitzerako Agentzia eta Ebaluazio eta Kalitaterako Agentzia.
Apirilean sortu zen Lanbide Behategia, Donostian. Horren lana izango da gora eta behera doazen lanbideen berri ematea. Horren arabera, une bakoitzaren beharretara egokitu ahal izateko.
Gaitzerako Agentziak, aldiz, adieraziko du zein diren langileek bete beharreko ezaugarriak lanbide bakoitzean jardun ahal izateko.
Hirugarren ardatza Ebaluazio eta Kalitaterako Agentzia izango da. Agentzia hori Industria Sailaren esku izango da eta haren izaera eta zereginak oraindik eztabaidagai daude Jaurlaritzaren barruan. Hala ere, nagusiki egingo dutena hau da: sistema osoko nondik norakoak aztertu eta kalitatearen inguruko irizpidea eman.
Azkenik, Hezkuntzak kalifikazio txartela sortzeko asmoa du. Bertan, langile bakoitzak bizitzan zehar lortutako ezagutza eta lan esperientziak agertuko dira.

Herri Urratsen kantak disko batean
Euskararen ofizialtasunaren alde eta ikastolak altxatzeko, eltzegorra (larruzko perkusiozko musika tresna bada ere, gerora adarrari ere horrela deitu zaio) joko dute Seaskako ikastolek aurten, Senperen.
"Eltzegorra joz" lelopean egingo da aurten Herri Urrats, maiatzaren 10ean. Iparraldeko ikastolen sustengua aldarrikatzeaz gain, euskararen ofizialtasuna ere aldarrikatuko dute. Ipar Euskal Herrian euskararen ofizialtasunak duen garrantzia eta horrek ikastolen garapenarekin duen lotura izan zuten hizpide Herri Urratseko antolatzaileek aurtengo besta aurkeztean.
Goian aipatu helburuarekin batera, beste bi ere ezarri dituzte. Alde batetik, Iparraldeko ikastolentzat dirua bildu, eraikuntza berriak egin eta zaharkituta daudenak berritzeko behar delako. Eta bestetik, "hertsidura ideologiko eta muga guztien gainetik, betiere Ipar eta Hego Euskal Herriko euskaldunak besta giroan bilduz, laguntza eta elkartasuna erakusteko nahiarekin".
Aurtengoa hamabosgarren aldia izango denez, kantu disko berria kaleratu dute. Bertan, hamabost urte horietan Herri Urratserako asmatu diren abestiak jasotzen dira.