PRAKTIKATZEN: Zer da eskultura? (eta III) Batasun didaktikoa

1998-05-01
HIK HASIren 26 eta 27. zenba-kietan eskultura lantzeko pro-posamenak luza-tu dizkizuegu. Atal honekin bukatzeko, lan horretan baliagarri suerta dakizuekeen datu sorta bildu dugu.
 
 
Irudien deskribapen eta datuak

Hemen aurkezten diren datuak oso orokorrak dira eta ahal den neurrian modu ulergarri batean jartzen saiatu gara. Horrek ez du esan nahi derrigorrez haurrek beraiek erabili behar dituztenik. Guk irakasleontzat idatzi ditugu, baina hala iruditzen bazaizue, haurrei ere helarazi diezazkiekezue. Iruzkin bakoitzean ikuspuntu ezberdinak jorratzen saiatu gara "historikoa, estetikoa, kritikoa eta abar" jarduera honetan zer nolako bideak har daitezkeen ikusteko. Hala ere, kasu guztietan informazioa osatu egin beharko litzateke. Adibidez, haurrek aise bila dezakete Migel Angelen artelanari buruzko datu gehiago liburuetan edo bere garaikide zein maisu izan ziren Leonardo edo Giottori buruzko informazioa eta irudiak. Oma basora ere txango bat egin dezakezue, hemen aipatu ditugun irudien eragiketa eta deskonposaketaren eraginak bertan ikusteko. Hori guztia zuen esku gelditzen da, zuen jakinduria eta irudimenerako zirrara suspertzaile bat besterik ez dute izan nahi honako iruzkin hauek eta.



Parella (1985)

Andrés Nagel eskultore donostiarrak egindakoa da. "Korten" izeneko altzairu berezi batez bi piezatan egina dago eta bakoitzak 121 cm-ko altuera du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bildumaren osagai da eta Arteleku izeneko arte zentroan erakusten da.

Andrés Nagel oso eskultore berezia da. Bere garaiko euskal eskulturaren bideak baztertu ez ezik, oso ironikoa izan da askotan "euskal artea"ren topikoekin (baserriaren eta marinelen irudigintzaren errepikapen antzuekin, alegia). Bere lanak gehienetan ironiaz eta umorez jantzita egoten dira, berarentzat eskultura egitea ongi igarotzea baita. Sortzen dituen pertsonaiak xelebreak izateaz gain oso surrealistak dira. Ez dira guk egunero topa ditzakegun horietakoak. Pertsonaia hauek kokatzen dituen inguruneak ere oso surrealistak izan ohi dira.

Oso marrazkilari ona izan da. Bere eskulturetarako material anitz erabiltzen du. Altzairua ez ezik, poliesterreko erretsina, kartoia, egurra, eta abar. Sarritan, ohikoa ez den bezala, bere eskulturak oso kolore biziz koloreztatzen ditu bere obraren alaitasuna areagotuz. Oso eskultura gutxi ditu leku publikoetan, baina hemen aurkeztutakoa ez ezik Donostiako Ibaetan, Filosofiako fakultatearen aurrean dagoen brontzezko eskultura erraldoi hori berak egina da.



Omako Basoa (1983-1991)

Agustin Ibarrolak margotua, Oman (Bizkaian), bere baserriaren ondoan dago.

Bizkaian jaioa, 1948an bere aita fundizioetako langilea zen eta berak dioenez, beti izan ditu gogoan bere aitaren burdin zipristinek laztutako eskuen ferekak. Langileekin eta bere gizarteko egoerarekin kezkatuta, arteak haien bizimodu gogorra salatu egin behar zuela uste zuen. Horregatik, hiru aldiz gartzeleratua izan ezezik, Parisera joan behar izan zuen bizitzera eta lan egitera.

Bi kezka izan zituen nagusiki bere bizitza artistikoan: esandako langileriaren bizimoduarena eta, bere garaiko artista askok bezala, formen arteko harreman espazialen azterketarena. Hori dela eta, oso famatua izan zen "Equipo 57" izeneko talde bat sortu zuen Parisen.

Bere lana margogintza munduan garatu zen gehienbat. Aipatutako kezkak arazo plastikoak bilakatuz, lantegietako eskenak eta gartzelako oroimenak izaten dira askotan berak jorratutako gaien artean gure oroimenak hobekien gordetzen dituenak. Baina azken urteetan (1980 inguruan) eskulturagintzan hasi zen trenbidetako trabesaz lan bikainak eginez. Ordutik hona, trabesetatik zuhaitzetara, bere ekoizpena gero eta ugariagoa eta gero eta aberatsagoa da. Horrela, 1983an hasita, bere etxe inguruan botatzear zegoen pinudia erabili zuen espazioaren inguruan esperimentuak egiteko, eta misterioz beteta dagoen baso zoragarri hau utzi digu. Sakontasunarekin jolastuz edota formak osatuz, gaur egun bisitarako erabat prestaturik dagoen basoan ikuslearen ibilera sorpresaz josita dago.

Hemen aurkezten dugun zatia oso ezberdinak diren zatiz osatuta dago: itxuraz loditasun homogeneoa duten marrak dira, baina urrutiago daudenak gertu daudenak baino askoz ere lodiagoak dira... Hori da jolasaren grazia, horrela eginez, marren loditasunak ezberdinduz (ezin da beste modu batez egin) lortzen baita marraren loditasunaren homogeneitatea (berdintasuna). Eta gainera, puntu zehatz batetik soilik ikus daiteke. Puntu horretatik pixka bat mugituz forma guztia desegiten da.



Irudi etzana (1939)

Henry Moore (1898-1986). Zumarra zuhaitzaren egurra. 2,05 m. Detroit Institute of Art.

Eskultore britaniarra da. Hasieran antzinako artean oinarritu zituen bere formak, gehienbat eskultura aurrekolonbiarrean. Gero izadiaren behaketa sakonak eman zion behar zuen guztia bere ikerketa formalak eta plastikoak burutzeko. Animalien hezurrak, troska-harriak, adarrak eta harkaitzak dira bere eskultura ugaltzen duten iturburuak. Berarentzat hauengan guztiengan aurki daiteke biziaren aztarna, eta aztarna hau biribil eta organikoak diren formetan datza.

II. Gerra Mundialak Londresen harrapatu zuen, eta hunkigarriak dira orduan metroko tuneletan bonbardeaketetatik gordetzen zen jendeari eginiko marrazkiak.

Ordutik aurrera, eta aurkeztutako eskulturan ikusten den bezala, era honetako formekin aritu zen giza gorputzaren irudia aztertuz. Giza gorputzaren jarreren azterketetan eskultore batek bere bizitza osorako lana soberan ukan zezakela zioen. Eta bai saiatu ere, giza irudiak soilik ez baitzituen egin.

Sarritan irudiak etzanda edo eserita egiten ditu, guk hautatutako adibidean bezala. Honen arrazoia ez da estetikoa soilik, badu bere alde teknikoa. Behin aitortu zuen ez zuela maite giza gorputzaren azterketa plastikoa zutik dauden irudien inguruan egitea -klasizismoak egin zuen bezala-, horrek eragozpen handiak zituelako bere ustez: irudiak janzten ez badira edo -Miguel Angelen Daviden kasuan bezala- enbor bat atxikitzen ez bazaie, hanketatik hautsi egiten dira, egindako lana bertan behera utziz. Horregatik berak irudiak etzanda egitea proposatzen du; "zutikako irudiak har dezakeen jarrera berbera eman diezaiokegu etzandakoari, konposaketa eta erritmoari buruzko azterketa ezertan murriztu gabe, eta gainera ez dugu hausteko horrenbeste arriskurik izango", zioen.

Forma biribil eta organikoaz gain, H. Mooren eskulturaren beste ezaugarria gorputzen azpiegitura azaltzearen beharra izango da. Horregatik xehetasunak baztertuz "hezurdurarekin" soilik gelditzen da, bolumenen arteko espazioa materiala bera bezain garrantzizkoa delarik.

H. Moorek eragin handia izan zuen euskal eskultore ospetsuenengan: Chillida eta Oteizaren aurreko eskulturek H. Mooren lanekin antza handia dute. Gazteago diren X. Laka bizkaitarraren eta J.R. Anda nafarraren estraineko lanek ere H. Mooren estiloa mantendu zuten, eta honen garaikide eta laguna izan zen Barbara Hepwoorthen forma organikoekiko zaletasuna ere bai. Henry Moore, mende honetako eskultorerik handienetakoaren eskultura bat gaur egun Gernikan ikus daiteke.



Mandolina eta klarinetea

P. R. Picasso-k (1881-1973) egin zuen 1913an, Parisen, egur zatia margotuz. Gaur egun Pariseko Picasso Museoan gordetzen dute.

Picassoren artelanak oso ezagunak dira eta artista beraren bizitza ere bai. Hortaz, ez gara honen aipamenetan geldituko. Bere eskulturek, berriz, askoz ere ospe gutxiago dute, nahiz eta artearen alor honetan bere ekoizpena oso ugaria izan.

Picassok eskultura arloan, margogintzan bezala, oso estilo ezberdinak jorratu zituen: kubismo sintetikoa deitzen zaion estilotik figuratibismo arruntago batera, surrealismotik pasaz. Zerbait aipatzekotan bere eskulturari buruz, esperimentaziorako grina eta zaletasuna aipatuko genuke. Amaitezina da Picassok bere eskulturetan erabilitako materialen eta arazo plastikoen zerrenda. Sarritan, kubistek bere collage-etan egiten zuten bezala, oso material pobreak erabiltzen zituen bere lanetan, zabortegietatik edo txatartegietatik bildutakoak.

Hemen aurkezten dizuegun eskulturan begirada kubista batekin heltzen dio mandolina eta klarinete gaiari. Musika tresna hauen oinarrizko eiteak askatu egiten dira osotasunetik, konbinaketa berri batean elkartzeko. Baten soslaia bestearen aurreikuspegirekin josiz, desantolaketatik abiatuz beste antolamendu bat eraikitzen du Picassok tresna hauekin. Eta hori guztia lortzeko arkatza eta margo pixka batekin aberastutako egur zati kaxkar batzuk besterik ez ditu erabiltzen.

Beste batzuetan, Pariseko dendetatik hartutako kartoizko kutxak nahikoak zituen era honetako gaiak jorratzeko. Bere maisutasunak gidaturik, hemendik moztuz eta han itsatsiz eraikitzen ditu lirismoz betetako eiteak, arruntak diren gaiak, materialak arte bilakatuz.



Emakume baten burua (1917-1920)

Zeluloide eta metalez egina. Museum of Modern Art (Moma), New York. Naum Gabo (1890-1977) eskultore errusiarrak egin zuen. Bere benetako izena Nikolas Pevsner zen eta bere anaia Anton Pevsnerekin lan egin zuen.

Hasieran konstruktibismoaren mugimenduan parte hartu zuten, Malevitch, Tatlin eta Roodchen bezalako eskultoreekin batera. Baina 1930an bi anaiek "Errealismoaren Aitorpena (Manifiestua)" izenpetu zuten. Idazki honetan eskultore, margolari edo arkitektoek injineruak balira bezala lan egin behar dutela argudiatzen dute. Obren azaleko arazoekin horrenbeste aritu gabe eta artelanak osatzen dituzten barne egituretan, tentsioetan jarriz arreta. Bost axola zaizkie orduan kolorea, ehundura eta antzekoak. Hauek materialak injineru batek jartzen duen sofistikazio eta zehaztasun guztiarekin erabiltzen dituzte: egitura matematikoak osatuz.

Baina hemen aurkezten dizuegun eskultura aitorpen hau lehenago egin zuen eta zerikusi handia du konstruktibismoaren jarrera eraikitzailearekin, arestian aipatutako eskultoreek mantendu zutena bezalako horrekin.

Tatlinek behin baino gehiagotan egin zuen bezala, Gabo bazter baten hiru planoez baliatzen da bere lan hau garatzeko. Bazter batek osatzen duen triedroak ematen dio plastikozko laminen bidez burua osatzeko aukera. Horregatik eskultura hau, inguratu daitekeen eskultura bat baino gehiago, erreliebe sakon bat da. Deigarriena moztutako laminen ertzak aurpegia "marrazteko" nola profitatzen dituen da, nolabait xafla lerroak bilakatuz. Argiak asko laguntzen du efektu hau lortzen, berak argitzen baititu ertzak sankontasunaren sentsazioa sortuz eta, bide batez, aurpegiaren itxurari dramatismoa emanez. Buruaren irudia lauzpabost lerrotan laburturik dago, eta hala ere sentimenduz betetako irudia da. Bestela, teknikaren aldetik bederen, egiteko prozesuak ez du inolako eragozpenik aurkezten eskultura honetan.



Kariatideen zutabea. Delfos

Delfos Grezian dago, Fozidan, Parnaso mendiaren magalean eta Korintoko golkoaren iparraldean. Han, antzinako Greziako biztanleek santutegi bat eraiki zuten, tenpluz eta beste eraikuntzez beteta. Horietako batean dago hemen aurkezten dizuegun zutabea.

Delfosen, gehienbat, Apolo eta Dioniso miresten ziren; baita Atenea eta beste jainko eta jainkosak ere, baina arestian aipatutakoak ziren garrantzizkoenak. Oso famatua da Delfosen zegoen Orakuloa. Jendearen kezken konponbidea ziren orakulo asko zegoen antzinako Grezian, baina Delfosekoak besteek baino garrantzi handiagoa hartu zuen. Bere autoritatea bizitza ekonomiko, politiko eta erlijiosoan nabaritu zen. Galderak eta zalantzak erritual korapilotsu baten bidez plazaratzen ziren, sarritan animaliak edo beste zenbait ondasun eskainiz. Eskaera hauei "sazerdoteek" asmakizunaren bidez eta jainkoei galdetuz ematen zieten erantzuna.

Hemen aurkeztutako eskultura eskaintzarako prestatuta zegoen eszenatokiaren zati bat dugu. Ez dakigu nor izan zen lan honen egilea, baina adituek diotenez duela 24 mende egina dago eta eskaintzetarako aldareen zati bat omen da. Hiru irudiek apaintzen dute zutabea, eta eraikin osoak 13 metrotako altuera omen zuen. Ez dago batere garbi zer irudikatzen zuten irudi hauek, baina adituen iritzi zabalduenak dantzariak zirela dio. Irudian agertzen zaigun honen keinuak susmo hau baieztatu egingo luke. Aipatzekoa da klasizismoan eragina izan duten emakumeen jarrera elegante eta mugimendu orekatua. Aurpegiak ondo ikusten ez badira ere, oso edertasun lasaia eta idealizatua aurkezten dute, eta janzkerek, bere aldetik, gorputzen handitasuna azalarazten dute, haizeak mugitutako tunika motzak grazia eta mugimendu berezia ematen dietelarik. Ilearen diseinuan nabaritzen da janzkerak egiteko erabili den teknikarekin kontrajarria den beste epealditako aztarna geometrikoa.



David (1502-1504)

Michelangelo Buonarroti (Migel Angel) 1475an jaio eta 1564an hil zen. Eskultore, margolari eta arkitektoa izan zen. Oso gaztea zelarik Lorenzo Medici printzeak Florentzian zuen gortean bizi izan zen ,Venezian, Erroman eta Bolonian barna ibili ondoren. Mediccis-tar honen babespean egin zituen bere eskultura boteretsuenak eta dotoreenak, "David"besteak beste. Donatello eskultore eta Giotto zein Masaccio margolariengandik ikasi zituen Errenazimentuko estiloa eta baloreak.

"David" izeneko bere eskultura famatu honi "Erraldoia" deitzen zioten garaikideek, 4,5 m-ko altuera zuelako.Ordura arte Florentzia hirian David-en ohorez eginiko beste bi eskulturak -Donatello-rena eta Verrocchio-rena, alegia- askoz ere txikiagoak baitziren. Bitxia da "David" erraldoitzat hartzea. Zerbaitegatik ezaguna baldin bada pertsonaia hau Goliath -hau bai benetako erraldoia- menperatzeagatik baita. Bi hauen arteko borrokaren historia oso ezaguna da eta edonon aurki daiteke horren berri.

Bere estiloaren ezaugarriak bolumenen sendotasunean eta bihurritasunean, gero Barrokoan iraungo duten baloreak, oinarritzen dira . Bere margogintzan ere holakoxeak azaltzen dira eta horregatik esaten da bere margoetako pertsonaiak oso eskultorikoak direla, argi-itzalen arteko jokuaren bidez bolumenak nabarmentzen saiatzen delako.Sarritan Migel Angelen artelanetan desosegua, egonezintasuna eta dramatismoa nagusi baziren ere, hemen aurkezten dugun eskulturaren ezaugarriak ordea, oreka, indarra, ziurtasuna eta dotoretasuna dira.

Bere altuerak ezezik Daviden itxurak ere berehala liluratu zituen Migel Angelen garaikideak. Pertsonaiaren gaztetasuna eta ziurtasuna (kontraesaneko baloreak garai hartan) bat egiten dute "haragi bilakatutako" marmolaren bidez. Burua erdi biraturik, harriak jaurtitzeko habaila (larru zatia) bizkarretik zintzilik, eta bere gorputzeko zama hanka baten gainean kargaturik izateak, erraldoiari inolako beldurrik ez diola ederki asko azaltzen du. Gainera, eta hau bai zaila harrizko eskultura batean, Daviden begirada sarkorra bere harrikada baino boteretsuagoa izatea erdiesten du.

Migel Angelek bazekien egin behar zuen lanak benetan lan handia izan behar zuela eta buztinezko zirriborroz beteta zeukan estudioa garai hartan. Lana berak bakarrik burutu zuen, argizarizko eta lokatzezko maketen eta marrazkien laguntza besterik izan ez zuelarik, baina oso argi zuen bere buruan pertsonaiak nolakoa izan behar zuen. Dena pentsaturik zeukan, baita eskulturaren altuerak sortuko zituen ezbeharrak ere. Horregatik indartu zuen eskuineko hanka adaska baten enbor iher bat atxikituz. Bestalde, proportzioak zuzenduz, burua behar baino handiagoa egin zion, altueran urrutiago eta hortaz, txikiagoa ikusiko zitzaiola uste izan baitzuen.

Gaur egun Florentzian Galeriako Akademian dago ikusgai. Migel Angelen beste eskultura ospetsuen artean "Esklabuak", "Atlanteak", Pieta, Moises, ... Florentziarrek bere hiriaren askatasunaren lorpenaren sinboloa bezala hartzen dute.



Hilarria

Hau Euskal Herrian jasotakoa baldin bada ere, mendebaldeko Europan barna ere aurki daitezke era honetako hilarriak.

Hemen, Euskal Herrian, batik bat Erdi Aroan eta Errenazimentu garaiko hilobietan aurkitu dira hildakoen ohorez jartzen ziren hilarri gehienak. Gero, lurperaketak elizbarrutan egiten hasi zirenean usadioa galdu egin zen. XIX. mendean gorpuak hilerrietara ateratzen hasi zirenean, gurutzeek bete zuten lehenago hilarriek egindako papera. Duela urte batzutatik hona modan jarri dira berriz eta ugaltzen hasiak dira gure inguruneko hilerrietan.

Adituek ez dakite hilarri hauen esanahi eta jatorri zuzena zein den. Badakigu beste herri batzuek ere, erromatarrek, keltiarrek iberoek..., antzeko oroitarriak erabiltzen zituztela , nahiz eta askok forma ezberdinetakoak izan eta agian beste funtzio batzuetarako erabiliak. Ikertzaile batzuen ustez hildakoaren burua eta lepoa adieraziko lukete.Baina borobila, seguraski, izango da monumentuaren protagonista nagusia, bestea euskarri soil bat besterik ez delarik.

Dena den nahiko ausarta da gure aldetik hilarria eskultura bezala onartzea. Hilarri gehienek aurreko aldetik bakarrik izan baitira landuak eta hori erreliebe baxuaren teknikaren bidez. Hala eta guztiz, eskulturaren atalean aipatzera ausartu gara hilarri batean ere, giza irudiaren antzera, hiru zati bereiz ditzakegulako: atzealdea (bizkarra), burua (goiko borobila) eta euskarria(lepoa). Formari buruzko eredu hau nahiko ez balitz, hilarriek izan duten erabilpenagatik oso osorik betetzen dute herri eskulturagintzaren eredua Honetaz gain, hainbat eskultore garaikidek, ez euskaldunak bakarrik, hilarriak oinarritzat hartu izan dituzte zenbait lan burutzeko..

Estilo askotako hilarriak daude. Gehienek apaingarri geometrikoak badituzte ere, badaude kasuak non gurutzeak edo hildakoaren izen-abizena agertzen diren, hala nola hildakoaren ofizioaren tresneria grabatzen den bere bizitzan nor zen eta zer egiten zuen adieraziz. Dekorazio aldetik Errenazimentu eta Barroko garaikoak dira aipagarrienak. Hargin batzuk izugarrizko maisutasuna hartu zuten eta konpasaren bidez harrian lortzen dituzten lore eta filigranak ikusgarriak dira. Borobilaren geometria, gainera, gurutzea eta gurutze antzeko formekin korapilatu egiten da, efektu optiko oso bereziak lortuz.



Ile zuria duen eskimala

Paul Klee, margolari suizarrak 1924ean egindakoa dugu berau. Bernako Paul Klee Fundazioan gordetzen da egun.

Paul Klee, mende honetan izan den artistarik bitxienetakoa da. Surrealismoaren mugimenduan hartu zuen parte, baina bere estiloak, lirismoz eta goxotasunez betetzen zihoan heineannortasun handia hartu zuen beste artista garaikideen artean, Kandinsky besteak beste. Bauhaus eskolan ere aritu zen margogintza erakusten.

Haurren marrazkien miresle amorratua izanik, haiek hartzen zituen askotan bere lanaren eredu eta helburu. Ez zuen eskultura asko egin, baina hemen aurkezten dugun lanak oso ondo adierazten du Kleeren artearen poesia eta harekiko maitasuna.

1916an, bere seme Felixek 9 urte bete zituenean, txotxongilo bat egitea bururatu omen zitzaion. Gustua hartu zion nonbait lan honi eta ordutik aurrera 50 baino gehiago egin omen zituen.

Hasieran igeltsu margotua eta oihal zati txikiekin gauzatzen panpinak baina laster era askotako materialak erabiltzen hasi zen: intxaurrak, botoiak, lumak, entxufeak, hezurrak eta abar, edozein gauza bihurtzen zen baliogarria txotxongiloaren burua edo gorputza itxuratzeko.

Picassoren antzera, amaigabeko irudimena zuen, artea nonnahi aurkitzen zuen eta hori ezagutarazi nahi zien bere ikasleei ere.Pasadizo hau kontatzen da. Bauhausen, 1920an, irakasle bezala hasi zenean, bere lehenengo klasean planeten historia bat kontatu omen zien ikasleei: bi planeta bere orbitetatik ateratzen dira eta espazioan ibili ondoren elkar topatu eta eztanda egiten dute." Marraz ezazue zer gertatu zen orduan" agindu omen zien ondoren.



Fortune telling Parrot. 1937-1938

Joseph Cornell artista amerikarrak egindakoa da. Oso isila eta urduria, New Yorkeko Queens auzoan bizi zen eta oso gutxitan pasatzen omen zen Manhatann uhartera, txamarileroen dendetara bere kutxetarako materiala ren bila joateko ez bazen. Hoteletako morroiek ematen omen zioten beste lurraldeetako berri, eta berak nahiago zituela lurralde hauen akatsak ezagutzea, bertara joatea baino esaten zuen beti.

Bere kutxek ospe handia hartu zuten, beraietan biltzen baitzituen bere amets beteezin guztiak. Hiru dimentsiotako collage itxiak bezalakoxeak dira. Beti agertzen dira eskuz landutako objetuak: ispilu zatiak, pipak, irudi txikiak, argazkiak, hormetako paper margotua, hoteletako fitxak eta kutxa batean kabitu daitekeen eta imagina dezakegun beste edozein gauza. Antikuarioen dendetan eta kaleetan aurkitzen bazituen ere, ez zituen konposaketak edonola egiten. Sarritan objetuak garbitu, patina edo argizaria eman eta kontu handiz prestatzen zituen kutxetan bere tokia bete baino lehen.

Esanahiaren aldetik ezin da gauza handirik esan. Cornellen ametsezko munduan inspiraturik baitaude. Surrealista den heinean ez du mezu zehatz eta ondo pentsatutako bat azaltzen bere obren bidez, aitzitik, adimenaren jario librea, kontrajarria sarritan, da kutxen bidez artista honek plazaratzen duena.

Euskal Herrian badugu J. Cornell asko miresten duen eta haren legez objetu zaharren aierupenaren balioa, belarrak, lumak eta adarrak konbinatuz oso mundu zoragarria sortzen duen beste artista bat: Bixente Amestoi gipuzkoarra.