Haur Eskolak: lehena, oraina eta geroa
Egoera honetaz Haur Eskoletako protagonistek zer pentsatzen duten jakin nahi izan dugu eta ate ezberdinak jo ditugu. Gipuzkoako Haur Eskolen Koordinakundeak momentu honetako egoeraren aurrean egindako hausnarketaren berri ematen digu. Irene Balaguer Infancia eta In-fan-cia aldizkarietako zuzendariak, berriz, ikuspegi historiko batetik aztertzen ditu Haur Eskolak. Nerea Alzolak hezkuntza ikuspegitik azpimarratu digu Haur Eskolen garrantzia. Eta azkenik, Adarra Pedagogia Taldeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Haur Eskolen ezarpena nola ari den gauzatzen aztertu dute.
Beharrezkoenak eta ahaztuenak
Gipuzkoako Haur Eskolen Koordinakundea:
30 urte bizirik, 30 urte lanean. Zertan? Zergatik? Zertarako?
Gogoetak egin behar eta, bat-batean gaineratzen zaizkigu Haur Eskolen Koordinakunde barruan eginiko lanak, hartutako konpromezuak, gure etengabeko eginahalak espero edo nahi ez genituen hainbat gertaerei aurre egiteko, gure militantzi jarrera biziki sinesten genuen proiektu bat aurrera ateratzeko garaian eta abar luze bat.
Koordinakundeko Haur Eskolak (beste proiektu asko bezala) gizartean zegoen hutsune garrantzitsu bati erantzuteko jaio ziren, hainbat ekimen herrikoiei esker.
Hasierako helburua egoera sozialari lotua agertzen bazen ere, berehala iritsi ginen beste aldarrikapen honetara: "Haur Eskolak haurren eskolak dira" eta haur txikien heziketa eskubideak babestu beharko zukeen Hezkuntza Lege baten beharrean aurkitzen ginenez, hori bideratzera (Estatu mailako Koordinakundean integraturik) zuzendu genituen gure aspaldiko ahaleginak, gaur egun, LOGSE legean gauzatu dena maila handi batean. Ez zen beraz, eslogan hutsean gelditu gure aldarrikapena.
Eskabidea, ordea, ez zen Administrazioari begira bakarrik egin. Kontzienteak ginen honelako aldaketak sektore guztien konpromezua eskatzen zuela, egiteko moduak aldatzea, prestaketa gehitzea... eta ondorioz, Haur Eskolek ere beren buruen gain hartu zuten hartu beharreko zama. Eredu egoki bat finkatzea izan zen abiapuntua. Haurtzaindegi ezaugarriak utzi eta heziketa zentzuan gehiago murgiltzeko, nola ezkondu familia eta haurraren beharrak proiektu bakar batean, proiektu hori, gainera, haurraren heziketarako proiektu bat izateko.
Helburua lortu dugula uste dugu. Gure haur txikien beharrei egoki erantzuten dion eredu baten jarraitzaileak garela esan dezakegu, esan dezakegun bezala, irakasleriaren formakuntza-eskakizuna onartu izan dugula bertan lana egiten dugun irakasle guztion aldetik, gaur egungo legearen eskakizunekin bat etorriz.
Baina ibilbide honetan ez dugu denok berdin eskaini. Historian zehar hainbeste guraso eta hezitzaileen hazia fruitu eskasa ari da ematen. Erreforma baten aurrean apustua denena bada ere, Administrazioa da lehen erantzule eta erantzule garrantzitsuena, eta ongibeharrez, Administrazioaren ardura beharko luke izan dagoena jasotzea, batez ere gizarteak eskatzen eta egokitzat jotzen duen zerbitzu sare bat martxan dagoenean.
Administrazioak egin ditu gauzak. Hor ditugu 2 urteko gelak baimenduta, horretarako legeak ezartzen dituen zikloak puskatzen baditu ere.
Kalitatearen aldetik, bestalde, atzerakada nabarmena antzematen da. Eskola sareen konpetentziaren ondorioz, eskaintza izugarri zabaldu da eta haurren eskolak haurren kontura konpetitiboak bihurtzen ari direla ikusten ari gara, kasu gehienetan gurasoengan soilik pentsatutako eskaintza osagarriak egiten direlarik. Nork babestu behar ditu haurren eskubideak? Familian hezitzeko eskubideak, esaterako? Edota, indibidualitatea bizitzeko eskubidea?
LOGSE legeak ireki dizkigun espektatibak zurrunbilo batean sartu gaitu asko eta asko, eta denbora beharko da berriro taxuzko koordenatu batzuetan mugitzeko.
Administrazioa momentuz ikuspuntu egozentriko batean sartua dago, berea besterik ikusten ez duela, bere eskuhartze edota eskuhartze-ezaren ondorioz gertatzen edo gertatzeko arriskuan dagoenari jaramonik egin gabe. Urtetako Haur Eskolak isten badira, noren ardura izango da? Diputazioak ez direla bereak dio, Hezkuntzak, berriz, inoiz ez direla bereak izan. Patata bero askia darabilkite bueltaka eta guk, berriz, gure betiko egitekoari eutsiz, ez dugu etsiko.
Orain 30 urte haur zen proiektuak, bere adin nagusitasuna lortu duela diogu. Garaia da Haur Eskolei zor zaien errespetua betirako emateko Jar ditzagun behingoz dagokien bidean, hau da, hezkuntza bidean .
Esatetik izatera Haur Hezkuntzan edota ibilbide bateko frustrazioa
BALAGUER, Irene.
"Infancia" eta "In-fan-cia" aldizkarietako zuzendaria eta 86-96 epean, Espainiar Estatuaren ordezkari gisa, Haurtzaroaren Babeserako Sare Europarraren partaide izandakoa.
Gogoan dut 70. hamarkadaren amaieraren inguruan atzerriko lagunak haur eskolaren bat ikustera eramaten nituenean, han ikusi eta entzuten zutenaz azaltzen zuten harridura. Lagun haiek diktadurapean luzeegian zirauen herrialde zanpatu batentzat ohikoa ez zen irudia jasotzen zuten, haur hezkuntzaren pedagogia eta ikusmolde instituzional haren errealitate bitxi hura ikustean.
Hura ulertu nahian egiten zizkiguten galderak arreta handiz hartzen genituen, nazioarteko planteamendu aurrerakoienaz haurrentzako hezkuntza errealitate berri bat eraikitzen ari gineneko kontzientzia indartzen zigutelako, orduan bizi ziren aire demokratiko berriekin urte haietako Haur Hezkuntzaren mikroerrealitate hura generalizatzea ere posible baitzen.
Beharrezkoa egiten zitzaigun txikienen eskolek osatzen zuten eszenatoki soziala eta ofiziala haiei azaltzea, hots, mendearen azken hereneko haur eskola haiek non, nola eta zergatik sortu ziren argitzea.
60. hamarkadaren azkenean eta 70.aren hasieran prosperitate-garaia bizi izan zen. Orduko egonkortasun ekonomikoari esker lanpostu berriak sortzen dira eta emakumezko kopuru nabarmena hasten da sartzen lan-merkatuan. Kontuan izan behar dugu urte haietako jaiotza-tasa oso handia zela, gaurkoaren bikoitza baitzen ordukoa.
Panorama hark gizarteari premia berri bat ekarri zion: etxetik kanpo lan egiten zuten emakumeen haurrak zaindu beharrarena, alegia. Errealitate berri harentzako erantzuna ofiziala berehala etorri zen. "Haurtzaindegien Plan Nazionala eratzen da, Haurtzaindegi laboralentzako subentzioak ezartzen dira, 5 urteko haurren eskolatzeari ekiten zaio delako "Eskolaurreko gela" haietan EGB berri haren gehigarri gisan.
Erantzun ofizialarekin batera gizarteko sektore asko antolatzen hasten da. Hain ekimen handiko gizarte hark lan mundura hurbildu nahi zuten haur txikien amen beharrei erantzun nahi izan zien "Haur Eskolak" sortuz.
Horrela hasi zen egituratzen mugimendu profesional eta sozial oso zabal bat eta handik sortutako bi ideia sinple bezain argiotan oinarritu ziren sortu ziren Haur Eskolak:
Ez zuten neska-mutikoak zaintzea bere helburu, haiek hezitzea baizik.
Ez zuten arazo indibidualen konponbidea izan nahi, biztanleria osoarena baizik.
Hutsune hari beraz bi aldetatik ari zitzaien soluziobidea aurkitu nahian. Batetik, instituzioek proposatutako aldaketatik, eta bestetik, biztanleria guztiari hartarako zuen eskubidea bermatuko zion borrokatik. Bi ikuspegiek bideratu izan zuten hogei urte baino gehiagoko Haur Eskolen aldeko borroka eta biek ahalbidetzen digute gaur amankomunean zituzten ezaugarriengatik hainbat zentro eta profesionalen ekimenak identifikatu ahal izatea.
Hauexek dira aipatu ezaugarriak:
Indibidualtasuna eta taldetasuna konbinatu nahi izatea.
Harreman-sistema berezia sortzea, pertsonen arteko erlazioak baitira arrakastarako ezinbesteko ardatza: arrakasta bai umeen arteko harremanetan, ume eta helduen artekoetan, helduen euren artean, eta baita eskolaren barruko eta kanpoko espazioen artean ere.
Egunerokotasunaren pedagogian oinarritzea, haurren oinarrizko beharrak betez, janez, lo eginez, jolastuz, ezagutuz, taldean bizi elkarrekin bizitzen ikasi ahal izateko.
Ekimen dinamiko eta malguez eragindako erritmoa eramatea. Aro honetan haurrengan ematen egonkorrak izaten dira eta eskola askotan taldeekin den eboluzio harrigarriak malgutasun handia eskatzen du hartara moldatu ahal izateko. Beraz, funtsezkoa bihurtzen da behaketarako gaitasun handia izatea.
Egonkortasuna. Txikitxoen bizitzako edozein arlotan erregulartasuna oinarrizkoa eta nahitaezkoa da haurrentzat. Horregatik, haur taldeak batera mantentzen dira hezitzaileak ere. Denboraren erritmoa ere ohiko bihurtzen da eta espazioen ordena eta banaketa egonkortasuna eragiteko eratuak izaten dira.
Talde lanaren eta familiekiko harreman estuen dinamikak ahalbidetzen du Hezkuntza instituzio batentzako derrigorrezkoa behar lukeen gogoeta egitea.
Hainbestetan errebindikatu den Haur Eskolen Legeak ere somatzen du LOGSEk jasotzen duela helburu bikoitz hura. Legeak onartzen du 0-6 urte bitarteko haurrak heziketa jasotzeko duten eskubidea, onartzen du Haur Hezkuntzak eta Haur Eskolek identitate propioa dutela, pedagogia berezia dutela, onartzen du Haur Eskolen eta familien elkarlanaren beharra, eta arautzen du hezkuntza administrazioak, eskaeraren araberaren neurriko eta kalitatezko Haur Eskolak bermatuko dituela.
Hementxe ordea, azken puntu honetantxe jazotzen zaigu nahasketa. Gaur egunean, hamar urteren buruan, LOGSE ez da oraindik Haur Hezkuntzan erabat ezarri, nahiz bigarren zikloa asko hedatu den. Tamalez, kalitateari baino kantitateari garrantzi handiagoa eman diote, ez da kontuan eduki etapa osoaren nahitaezko kohesioa ez planifikazioan, ez formakuntza planetan, ez eta zirkuitoetan, ez da administrazioen arteko koordinazioa gauzatu, ez eta hainbeste udal, guraso eta irakasleen kooperatibak buruturiko lan eskerga aitortu ere.
Paradoxikoa da bai, orduan bezalaxe atzerriko lagunek bisitan etortzen zaizkigunean errealitate bikoitz edota hirukoitz baten azalpenak eman beharrean izatea gaur egun ere. Errealitate ofizialak lege koherentea du eta praxi politikoa aldiz, harekin batere loturarik ez duena. Hainbeste eskolak eta irakaslek daramaten erresistentziaren errealitatea ostera, oraina lantzen eta etorkizuna prestatzen ari dira behin eta berriz XXI. mendekoa baino XIX.ekoa dirudien admisnistrazio zaharkitu baten erantzunekin topo egiten dutelarik.
Hezkuntza, haurren eskubidea
ALZOLA, Nerea.
Eskoriatzako Irakasle Eskola.
Mende honen amaierara heldu garelarik, gizakien oinarrizko eskubide batzuk, zehazki duela urte asko Giza Zientziek eta Nazioarteko Erakundeek eskatu eta aldarrikatu zituzten batzuk, ahazten ari ez ote zaizkigun galdetzen diogu geure buruari. Eskubide horietako bat emakume eta gizon orori berez dagokien hezkuntza-eskubidea da.
Gaur egungo egoera ikaragarria da. Izan ere, Afrikako herrialde batzuetan bi haurretatik batek datozen urteetan ez du eskolara joateko aukerarik izango eta makina bat haurri desnutrizio sistematikoak garapen normala eragotziko die. Horrek guztiak zalantzan jartzen du gure giza duintasuna, batzuk besteengandik 3.000 km. Iparraldera edo Mendebaldera bizi arren, mundu bereko biztanle garen aldetik izan beharko genukeena.
Euskal Herrian bizitzeak alderdi askotan pribilegiatuak eta aberatsak garela sentiarazten digu. Toki askotan elikatzeko eskubidea zapalduta eta ukatuta dagoela jakinda, ia larritasuna ematen digu intimitaterako eskubidea errebindikatzeak. Hezkuntza eremuan gure neska-mutilek ziurtatuta dute 16 urtera arteko eskola, eta hori luxu handia da miseria gorrian dauden beste herrialde batzuetako haurren egoerarekin alderatzen badugu, ez baitute eskolara joateko aukerarik (45 herrialde inguru dira Nazio Batuek oso pobretzat jotakoak).
Gure egoera pribilegiatuari hurbiletik begiratzen badiogu, geure buruari galdetu ahal diogu ea azken urte hauetan gizarte-lorpen batzuetan -esate baterako hezkuntzan- aurrera edo atzera egin dugun eta haur guztien eskubide izan beharko lukeen hezkuntzaz zer planteamendu edo ikuspegi dugun; hausnarketa horrek gure lehentasunak ikusten lagunduko digu. Gure baliabideen banaketaren nondik norakoak gure kontzientzia sozialaren eta elkartasunaren berri emango digu.
Rawls-ek zera diosku eta oso interesgarritzat jotzen dugu autore honen teoria: "Hezkuntzarako baliabideak ez dira produkzio-ahalmen gisa errenditu dezaketenaren arabera bakarrik banatuko nahitaez, baizik eta hiritarren bizitza pertsonala eta soziala, baita behartsuenena ere, aberasten duten bitarteko gisa duten balioa ere kontuan hartuta. Gizarteak aurrera egiten duen heinean, iritzi horrek gero eta garrantzi handiagoa hartzen du." (Rawls, J. (1993) TeorÃa de la justicia. México: Fondo de Cultura Económica)
Dirudienez, hezkuntza komunitateak -zentzurik zabalenean hartuta- adostasun batzuk lortu ditu eta Brunerrenak moduko proposamenak nahikoa onartuta eta integratuta daude, gutxienez teorian.
Gizakia "homo docens" gisa eta ez "homo sapiens" gisa ulertzeko, kontuan izan behar da kulturaren forma eta tresnak erabiltzea eta menperatzea ez dela "adimen handiagoa"ren kontua, baizik eta korapilatsuagoa dela, hain zuzen ere, gizakiok egoera mentalak subjetiboki konpartitzeko ditugun aukerekin zerikusia duen zerbait. Horri esker, hots, "besteak" eskaintzen digun laguntza eta "gida"ri esker, hezkuntza eta, azken buruan, inguratzen gaituen munduaren eraikuntza bidegarria da.
Horrela bada, trukaketa eta elkarreragin soziala funtsezkoa dira humanizaziorako. Aldamioak emateak hauxe esan nahi du: "eraikuntza interaktiboaren prozesuari hurrengo mailara segurtasunez mugitzea ahalbidetuko dioten euskarriak sortzea".
(Jerome S. Brunerrek, 1997ko ekainaren 26an Gironako Unibertsitateak Doctor Honoris Causa izendatu zuen inbestidura-ekitaldian esandako hitzak).
Beste hitz batzuez esanda, Vigotski-k uste du giza ahalmenak pertsonek beren gizarte harremanetan gauzak -batik bat kultur baliabideak- ikasten dituzten heinean garatzen direla.
Halaber, badakigu gizarte eta kultur aldaketek duela urte batzuetakoa ez bezalako bizimodua dakarkietela haurrei. Gaur egun haurtzaroari arreta egokia eskaintzeko behar-beharrezkoa da gure gizartean garapen-inguru oso zainduak eta seguruak izatea.
Haur Hezkuntza ez da gurasoek lan egiten dutelako seme-alabei ezin erantzun ahal izatearen ondorio gisa ulertu behar. Hala berean, hezkuntza ez da gure gizartearen luxu bat, nahiz eta beste egoerekin konparatuz horrela dirudien, ezta gurasoek beren erantzukizunei uko egitea ere, haurrek beren bizitza eta garapena eremu bermatu eta komenigarrian bizitzeko duten eskubidea baizik. Interesatzen zaiguna zera da: haurra bizi deneko hezkuntza-eremuak, bere garapen integrala sustatuko duen inguru fisiko eta afektibo egokia eskaini behar dio.
Haur Hezkuntzaren egitekorik garrantzitsuena eta familiaren egitekoekin kontraesanean egon behar ez lukeena, ezta hau ordezkatuz ere- zera da: gure haurrei beren burua ezagutzeko esparru egokia eskaintzea, autonomia eta komunikaziorako, elkarri entzun eta bizitzarekin harremanean jarduteko esparrua.
Haur Eskolak gai izan behar du haurrek hartzen dituzten ekarpen ezberdinak jasotzeko; haurraren eta kulturaren artean bitartekari izan behar du, eta aldi berean, haurrei kultura-sortzaile izaten lagundu.
Emilio Lledok dionez, "kultura ez da hainbat lekutan dauden gauzak, zuk gauza horiei ematen diezun bizia baizik". (Salaberria, R., Solano, F.: "Emilio Lledo", Educación y Biblioteca 50, 1994)
Haur Eskolan eguneroko bizitza ikaskuntza-gai bihurtzen da, eta bertan eraikitzen da bakoitzaren nortasuna ere.
Baina eguneroko bizitza planifikatu egin behar da, buru argitasunez egitaratu, norberaren errealitatearekiko arretan oinarritu, haurrekin bizi diren hezitzaileen kalitatean sustraitu eta familia bizitzarekin etengabeko harremanaren gainean eraiki.
LOGSEk definitzen duenez, Haur Hezkuntza hezkuntza sistemaren etapa bat da. Beraz, ez da gero eskolaratzen denerako prestakuntza, ondo zaindu behar den haurraren hezkuntzako une garrantzitsua baizik, inbertsio pertsonal eta sozial handia baita. Hau da, Haur Hezkuntzak haur guztien eskura egongo den zerbitzua izan behar du eta honako ezaugarriak izan behar ditu: haurraren eta familiaren beharrei egokituta egotea, haurren garapena sustatzea eta interes eta behar guztiei erantzutea.
Baina lehenxeago adierazi dugunez, Haur Hezkuntzak oinarrizko kalitatea izan dezan, hainbat baldintza bete behar ditu:
- Hezkuntza-asmo esplizituak izatea.
- Espazioa eta denbora antolatzea.
- Haurren segurtasunaren eta garapen integralaren araberako jarduera eta materialez baliatzea.
- Haurraren familiarekin harremanak izatea, familiari hezitzaile-lanetan laguntzeko eta eskolak bere lana haurren aniztasunari egoki diezaion laguntzeko.
Oinarri-oinarrizkoa iruditzen zaigu Haur Hezkuntza haur guztien eskubidea dela berriro aldarrikatzea.
Eta adierazi dugunez, horrek ez du esan nahi familiak hezten ez duenik. Gainera, kontuan izan behar da, familiak anitzak direnez gero, beharrak ere anitzak direla. Haur Hezkuntzak guzti-guztiei erantzun behar die, horretarako askotan asmatu edo beste hezkuntza sistema batzuetatik hartu beharko ditugun eredu edo formula ezberdinak erabiliz. Baina kontuz, horrek ez du esan nahi haurrak zaintzeko era guztiak egokiak direnik edo hezitzaileak iruditzen zaizkigunik.
Haurrak zaintzeko era batzuek ez dute errespetatzen haurren eskubide hori.
Haur guztiek dute hezkuntzarako eskubidea, baina kalitatezko hezkuntzarako, jakina. Zenbat eta txikiagoak diren, orduan eta hezkuntza kalitate handiagoa behar dute. Eta familia inguruan zenbat eta gabezia handiagoak izan, orduan eta gehiago zor die gizarteak.
Teresa de Avilak zera esaten zuen XVI. mendean bere betiko zentzunarekin: "Ez zaitezte ahalegindu mundu osoa laguntzen, zuen inguruan daudenei baizik.... Geure burua engainatzea da eskura dugunaz ez baliatu eta gauza egingarriak ez egitea, eta gera gaitezen pozik ezinezko gauzak desiatzen" (Moradas VII, 4,14).
Bada, guk ere ez dezagun gauza handiez pentsatu, ez baitugu gure gizartearen sektorerik handienaren eskubide batzuen alde nahikoa borrokatzen. Printzipio horretan oinarrituta, elkartasunezko benetako urratsak eman ahal izango ditugu.
Lehenengo zikloa eskoletan?
ADARRA Pedagogi Erakundea.
Bilboko Haur Hezkuntza lantaldea.
Haur Hezkuntzako irakasle talde bat 2 urteko gelei buruz txosten bat osatzen ari gara ADARRAren Bilboko egoitzan. Liburu batzuk eta gure eguneroko lana aztertu ondoren, metodologia proposamen batzuk biltzen saiatzen ari gara. Lan honetan sartuta, 2 urteko haurren eskolaratze prozesuari buruz oraindik alderdi batzuk argitu barik daudela konturatu gara.
Alde batetik, gure iritziz, ez da sakontasunez aztertu egoera hau nola sortu zen, nola garatzen ari den eta norantz doan. Egia esateko, hasieratik hona aldaketak eman dira, eskoletan gauzak zuzentzen joan gara. Baina non daude eskolaratze honen emaitzak? Zein da Hezkuntza Sailaren asmoa? Non daude ikuskaritzak egindako datu bilketaren ondorioak? Nolako etorkizuna ikusten dute Haur Eskolen Koordinakundekoek?
Beste aldetik, 2 urteko gelak zabaltzeko aipatu ziren arrazoiak orain eskola batzuetan urte beteko gelak zabaltzeko erabiltzen dituztela ikusten dugu. 2 urtekoekin txarto egin dena urtebeteko haurrekin errepikatzerik ez genuke nahi.
Ez dugu alarmistak izatea nahi, baina irakasle bezala ditugun ardurak ukatzea ere ez. Pilota guzitak ez ditugu Administrazioaren teilatura bota behar eta irakasleon arduren hausnarketa eta eztabaida errazteko idatzi digu artikulutxo hau.
Lehenengo zikloaren kokapena
LOGSEk etapa hezitzaile bezala definitzen du Haur Hezkuntza, hau da, 0-6 urte bitarteko etapa. Etapa hau bi ziklo ezberdinetan banatuta dago; alde batetik, 0-3 zikloa eta bestetik, 3-6 zikloa.
Euskal Autonomia Erkidegoan bigarren zikloa, gutxi gora-behera azken hamabost urtetan eskoletan zabalduta badago ere, lehenengo zikloaren egoera zeharo berezia izan da.
0-3 ziklorako erantzukizuna titularitate ezberdinen menpe egon da eta egoera honek ezaugarri ezberdinak izan ditu Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeetan. Honela, haur eskola pribatuak, publikoa, kooperatibak eta BBK aurrezki kutxakoak aurkitzen ditugu gaur egun herri ezberdinetan.
Egoera koloretsu honetan murgilduta, Haur Hezkuntza etaparekin lotuta, arau desberdinak agertzen dira. Haien artean pare bat baino ez ditugu aipatu nahi:
- Euskal Eskola Publikoaren Legea 1993an argitaratu zen. Hona hemen 9.2. ataletik hartutako esaldi batzuk: "Hezkuntza administrazioak, gainerako administrazioekin eta gizarteko eragileekin lankidetzan eska dezaten guztiak arian-arian zero urterekin eskolaratzea ezarriko du..." eta "ezarpen prozesuan lehentasuna izango dute gizarte eta ekonomi maila apaleneko aldeek eta, orokorrean, hezkuntzako behar bereziak edo hizkuntzazkoak dituzten ikasleek".
- 1998ko abuztuko boletinean gizarte edo kulturaren ikuspegitik besteak baino egoera txarragoan diren ikasleentzat argitaratutako 3011 Aginduan zera esaten du: "Ikasle horiek txiki-txikitatik eskolaratzen saiatzea beste administrazio, erakunde eta eragile batzuekin batera. Horretarako... batez ere lehen zikloko plazak... eskaini behar ditu, eta halaxe kontuan hartu planifikazioa egiteko orduan".
Ikusten dugunez, zikloko planteamendua agertzen da arauetan, baina Administrazioa gaur egun hartzen ari den erabakietan kontraesan nabariak agertzen dira.
Bi urteko haurren gelak
Hasiera hasieratik eta gaur egun ere erritmo ezberdinez eta lurralde bakoitzean ehuneko ezberdinetan, hainbat arrazoi direla medio, 2 urteko haurren gelak eskoletan zabaltzen hasi ginen.
0-3 urteko haurren eskolatzea %21,7 bazen 1993an, gaur egun %85 bi urteko haur eskoletan daude. Bizkaian bakarrik, sare publikoan noski, 200 gela inguru zabaldu dira azken urteetan. Datu honek ez luke negatiboa izan behar, baina egoera honen helburua, marko normatiboa eta ondorioak argi ikusten ez ditugunez, kezkatuta gaude.
Beste aldetik, egoera hau gure Autonomia Erkidegoan baino ez da zabaldu, eta emandako arrazoien artean batzuk aipa ditzakegu:
- Jaiotze tasaren jaitsiera.
- Sareen arteko norgehiagoka.
- Irakasleen lanpostuak mantentzeko saioa (aurreko bi arrazoien ondorioz).
- Eskolaren etorkizuna ziurtatzeko asmoa.
- Herrian edo auzoan haur eskolarik ez egotea (bistan dago ez dela beti egia izan).
Izandako esperientziaren arabera, esaterako, eskola askotan 3 urtera heltzen direnean hainbat haurrek baja ematen dutela ikusita, gelak zabaltzeko emandako arrazoiak birplanteatu behar direla uste dugu.
Nola egin da eskolaratze hau? Datu zehatzik ez daukagula aitortzen dugu, baina eskualde desberdinetako lankideak garenez, gure inguruan ikusten duguna kontrastatuz iritzi bat borobiltzera ausartzen gara eta eztabaidarako zabaltzen dugu.
Bi urteko haurrekin egin denaren azterketa eta hausnarketa egitea guztiz beharrezkoa egiten zaigu, denbora gutxi barru urte batekoekin gauza bera egingo denaren beldur garelako. Lehenengo eta behin, zera salatu behar da: zikloaren izaera apurtu egin dela zikloari osotasunean ez zaiolako erantzunik ematen.
Bestalde, lehendik funtzionamenduan dagoen 0-3 Haur Eskolen sarea ez da jaso gizarteak eskatzen duen zerbitzua ongi eskaini eta landu arren. Ez zaio hezkuntzan sartzeko aukerarik eman oraindik, alderantziz, konpetentzia zorrotza ezarri baizik.
Salbuespenak salbu, prozesu honetan akats hauek ikusi ditugu:
- Hainbat ikastetxetan ez da plangintza argi eta orokor bat egin. Batzutan 2 urteko gela baztertuta egon da, Ikastetxe Curriculum Proiektuan parte hartu barik eta adin honetako haurrek dituzten beharrak gehiegi aztertu barik.
- Ikasle handientzako diseinatutako baldintzetan eskolaratzen dira haur hauek. Esparruak, ratioak, egutegiak, ordutegiak, baliabideak... ez dira aldatzen ikastetxeek haur hauek onartzen dituztenean, haur hauek beste baldintza eta antolaketa erak behar dituztela kontuan hartu barik.
- Gela honetaz arduratuko den irakaslea aukeratzeko ez dira beti irizpide pedagogikoak aurretik jarri. Ezagutzen ditugun hainbat kasutan eskolara iritsi den azken irakasleari pasa zaio ardura, irakasle egonkorrak hartu beharrean.
- Lehenengoz, gela hauetan lan egiten duten irakasleei ez zaie beharrezko duten prestakuntza eskaintzen, eta ikastetxeetatik ere askotan ez zaie eskatzen.
- Baliabide pertsonalak ez dira oso ondo antolatu hainbat kasutan: batzutan tutoreari laguntzeko klaustrokide ezberdinak pasa dira, hain zuzen ere ordua libratzen zutenak, eta beste batzutan guraso elkarteek laguntzaileak kontratatu dituzte oso baldintza eztabaidagarrietan.
- Eusko Jaurlaritzak ez ditu eskolaratze honetako baldintzak arautu eta Ministeritzak egindako 1004/1991 Dekretu Errealean agertzen diren gutxiengo batzuk ez dira bete.
- 2 urteko haurrek ez dute dirulaguntzak eskatzeko eskubiderik, nahiz eta Euskal Eskola Publikoaren legeak kontrakoa esan.
- Beharrizan bereziko haurrek ez dute eskolan egoteko eskubiderik. Kasu gehienetan matrikula garaian onartuak izan arren, ondoren eskolatik kanporatuak izan dira, beraientzat inolako laguntzarik ez dagoela aitzakitzat jarriz.
- 2 urteko haurrak eskolan matrikulatuta egon arren, bigarren ziklora pasatzeko berriro matrikulatu behar dira.
- 0-3ko Haur Eskoletan 2 urteko haurrak desagertzean zikloa galdu egin dute eta beharraren ondorioz eskola batzuk ixtera kondenatu.
Ondorio bezala zera aipatu behar da: haur etapa guztiz egituratu gabe eta hezkuntza planteamenduak mamitu gabe gelditu direla.
Eskariak edo ezinbesteko baldintzak
Haur Hezkuntzaz arduratuta gaudenok guztiz beharrezkoa ikusten dugu hemendik aurrera honako alderdi hauek tratatzea eta kontuan izatea:
- Haur Hezkuntza (0-6) etapa osorako planifikazio orokor bat egotea eta ez adin bakoitzaren eskolaratzearekin inprobisatuz ibiltzea. Ziklo bakoitza bere osotasunean hartzea ezartze planifikazio zehatza eginez.
- 0tik 6 urtera integratua dagoen etapa izan behar du, beraz ziklo ezberdinak ematen dituzten haur eskolen artean gaur egun dagoen banaketa gainditu behar du.
- Beste etapekin kontuan hartu den bezala, etapa hau eskola mapan era planifikatu batean sartzea. Horretarako eskualde bakoitzean zera hartu beharko litzateke kontuan: gaur egunera arte zerbitzu hau eskaini den ala ez, herri handia ala txikia den, haur eskolarik dagoen ala ez, eta nolako kalitatea izan duen honek, publikoa izan nahi duen ala ez...
- Marko normatiboa osotzea eta argitzea oinarri batzu betetzeko asmoz: baliabideak, ikasleen dirulaguntzak, beharrizan bereziei aurre egitea eta abar.
- Kantitatearen aurrean kalitateari garrantzia ematea. Etapa honen borondatezko izaerak eta adin hauetako hezkuntza ekintza ezaugarriek eskatzen dute haur eskolak eskari ezberdinetara malgutasun handiz egokitzeko gaitasuna izatea, hala ordutegian nola antolaketa eta jarduera era konkretuetan.
-Irakasleria osoak ikastetxearen titularrak ordaintzea. Denek titulazio bera, ordu kopuru bera, baldintza berdinekin, baina ikastetxearen ordutegia, haurren ordutegia eta gurasoen beharrak ez direla berdinak kontuan izanez.
LOGSE eta Haur Eskolak
GOIKOETXEA, Maximo
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizartekintzako Gizarte Zerbitzu Espezializatuetako zuzendaria
Gizarte laguntzako gaien eskumenak eskuz aldatu zirenez gero, Gizartekintza - Gizarte Zerbitzuetako Departamenduak bere gain hartu zuen garai hartan langile haurtzaindegi zeritzaienen mantenimendurako dirulaguntzen atala. Orduan, zerbitzu hori familiari eta, bereziki, emakume langileari haurrren zaintzan aldi batez laguntzeko bitarteko gisa hartzen zen, eta izaera ordezkagarria aitortzen zitzaion.
Ildo horretan, Gizarte Zerbitzuetako Departamenduak, 1987an hasita, aurrekontuetan ohiko transferentziak sartu izan ditu haurtzaindegien mantenimendurako, dirulaguntza horri izaera osagarri eta ordezkagarria emanda.
Baina zertan datza oraingo aldaketa?
Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorreko Lege Organikoak, LOGSE izenez ezagunak, lehengoa ez bezalako ikuspegi bat ezarri du haurren hezkuntzaren gaian, hezkuntza sistemaren lehen adin tarte bezala hartzen baitu 0-6 urte bitartea, eta arautu ere arautu baitu lehen idazpuruko lehen kapituluan.
Horren ondorioz, dirulaguntzak poliki-poliki gutxitu egin dira, bi arrazoi hauengatik:
1) Haurtzaindegiak hezkuntza sistemara moldatu behar dute, LOGSEk hezkuntzako lehen adin tartetzat hartu eta arautu dituelako, eta hortaz, dirulaguntzen konpentsazioak Hezkuntzako erakundeetatik etorri beharko luke.
2) Haurtzaindegiak heziketarako erakundeak direnez, ez dugu uste Gizarte Ongizateko politikaren gai izan behar dutenik.
Labur esateko, Gizartekintza Departamenduak gizarte politikaren mugaketarekin bat datorren bidea hartu du, hau da, legeak aurreikusten dituen bezala egokitzen dizkio elkarri esparruak eta eskumenak.
Hala eta guztiz ere, Gizartekintza Departamenduak ez ditu ekarpenak kendu, 1996az geroztik pixkanaka gutxitu baizik, eta bide horretatik, haurtzaindegiak LOGSE legeak dioenera egokitzeko prozesua errazten du. Oraingo haurtzaindegiak babes gabe edo itxi beharrean utzi gabe, arian-arian hezkuntza alorrak har ditzan da departamendu honen asmoa.
Gauzak horrela, Gizartekintza Departamenduaren ustez, gaurko haurtzaindegiek LOGSEk aurreikusitakoan sartu behar dute. Dena dela, lege horrek eskakizun handiak ezartzen ditu, eta oraingo haurtzaindegiek egokitzeko benetako ahalegina egin beharko dute kalitate handiko hezkuntza proiektu berri bat helburutzat hartuta.
Bestalde, egia da legea indarrean jartzeak gaur egun dauden zerbitzuetan moldaketak ekarriko dituela, baina beste aldetik, legeak eskatzen duen adinako kalitateko zerbitzua emateak onura handia ekarriko dio haurren zaintzari, zalantzarik gabe.