HIRUKI taldea: Liburu egokien bila
Zalantza hauek guztiak argitzen lagunduko digute Hiruki taldeko kideek. Beste lanen artean, haurrentzako literatur liburuak aztertzen dituzte hezkidetza aldetik egokiak diren ala ez ikusteko. Batez ere, beraien lanerako behar duten materiala prestatzeko burutzen dute lan hau, baina informazio hori zabaltzeko eta eskatutako edonori emateko ez dute inolako eragozpenik. Horregatik, guri luzatu diguten gomendio zerrenda zuei erakustea egokia iruditu zaigu. Baina aurretik, Hiruki taldea ezagutuko dugu.
Hiruki taldearen lana
Hirukote honen lana susperketa da, hitz batez esateko. Baina susperketa hori modu desberdinetan burutzen dute: antzerkiaren bidez, ipuin kontaketaren bidez eta pailazokeriekin.
Antzerkiari dagokionez, hiru antzezlan dituzte prestaturik, eta lehenengo biak irakurketaren ingurukoak dira, irakurzaletasuna bultzatzeko, eta hirugarrena afektibitatea lantzeko prestaturikoa.
Bat "Selena Milena" da. Leire Diego Hiruki taldeko kideak dioenez, "obra honetan bost liburu aurkezten ditugu eta bertan gauza desberdinak agertzen dira lehiaketa moduan eta era dibertigarrian: zer den idazle bat, marrazkilaria, argitaletxea, argumentua, protagonistak...".
Bigarren antzezlana "Anacleto Analfabeto" izenekoa da. "Protagonistak bi lapur dira eta liburutegiko bitxiak lapurtzera doaz. Ez dakite zer diren liburuak eta haurren laguntzaz ezagutuko dituzte bai liburuak, bai mailegu sistema eta oro har liburutegi baten funtzionamendua" dio Leirek.
Antzelan hau, esan beharrik ez dago, liburutegietan eskaintzen dute. "Selena Milena", aldiz, liburutegietan, kultur etxeetan edota ikastetxeetan antzezten dute.
Hirugarren antzezlanaren izena "Sisi" da eta hau afektibitatea lantzeko obra da. Droga eta eraso sexualei nola esan ezetz erakutsi nahi da bertan eta nola galdu agresibitatea edo pasibitatea ezetz esaterakoan. 9 eta 13 urteko haurrentzat prestaturik dago bereziki.
Antzerkiarekin batera ipuin kontaketak ere lantzen dituzte Hirukiko neskek. Prestaturik duten muntaian bost ipuin kontatzen dituzte. Gehienak beraiek euskaraturikoak dira.
Lanerako materiala
Antzerkia eta ipuin kontaketaren helburua susperketa eta irakurzaletasuna bultzatzea dutela esan dugu lehen, eta hori lortzeko material egokiarekin egin behar dute lana. Horregatik hasi ziren ipuinak eta liburuak aztertzen. Leire Diego Hirukiko kideak dioenez "gure susperketa lanerako egokiak diren liburuak eduki nahi genituen. Ipuin kontalaritzan eta liburutegietan susperketa egiten dugunez materiala behar genuen eta behar horrek bultzata ekin genion liburuak aztertzeari. Euskarazko 60 liburu inguru aztertu ditugu eta horietatik zazpi gomendatzen ditugu guk ". Egia esan, liburu gutxi dira, baina Leirek dioenez euskaraz ez dago gauza handirik eta topatzeko zailak dira, gainera. Emakumeen Ministeritzak ere 100 liburuko zerrenda banatu zuen eta Hirukiko kideei oso gutxi iruditu zitzaizkien egokiak.
Baina nola erabakitzen dute zein liburu diren egokiak eta zein ez diren? Leirek azaldutakoaren arabera "argitaletxeek eta beste erakundeek bidalitako liburu "gomendagarriak" aztertzen ditugu. Testuak eta ilustrazioak irakurri eta aztertzen ditugu: amak zer egiten duen, aitak zer egiten duen, protagonistak nolakoak diren, zer egiten duten, zer balore transmititzen dituzten eta abar. Eta azterketa honen arabera guri egokiak iruditzen zaizkigunak sailkatzen ditugu gure lanerako eta eskatzen digun edonorentzako".
Haur literaturako liburu gomendagarrien bila
Baloreak
Literaturak orokorrean, eta are gehiago haur literaturak, baloreak islatzen ditu. Alde batetik idazleak barneraturik dituenak, eta beste aldetik, gizartean "normaltzat" jotzen dituenak, eta azkenik, idazle eta ilustratzaileak transmititu nahi dituztenak, zehar-lerroak barne daudelarik.
Liburuetan agertzen diren baloreak bi motatakoak dira: nabariak eta ezkutukoak. Balore nabariak erraz aurkitzen direnak dira, begi-bistan daudenak, idazleak transmititu nahi dituenak. Balore ezkutatuek, berriz, irakurketa sakona eskatzen digute eta hala ere nahiko zaila suertatzen zaigu balore hauek topatzea estereotipoen barruan ezkutatuta daudelako. Ezkutatutako mezuak kaltegarriak omen dira, barneratuta ditugulako eta haien kontra borrokatzeko errekurtso gutxi daukagulako. Zehar-lerroen aurkakoak dira eta ez gara konturatzen gabezia baten bidez agertzen direlako ipuinetan. Adibidez:
- Arrazakeria: ez dira ikusten ez ijitoak, ez beltzak...
- Sexismoa: emakumeek ez dute gidatzen, gizartean ez dute erantzukizunik... eta gizonek ez dute maitasunik erakusten, ez dakite etxeko gauzak egiten...
- Integrazioa: elbarrituak, itsuak, lodiak... ez dira agertzen.
Sexismoa
Hasi aurretik, ezinbestekoa gertatzen zaigu sexismoaren esanahia denok antzera ulertzea. 70eko hamarkadan EEBBetan sexismo hitza arrazakeriaaren antzekotasunagatik sortu zen eta bereizkeria adierazteko barreiatu zen.
Sexismoa edo bereizketa hau haur literaturan neskentzat eta mutilentzat agertzen da. Neskek ez dute kirolik egiten, ez dute erabakirik hartzen, ez dakite beraien burua defendatzen eta abar. Mutilek, aldiz, ez dute negarrik egiten, ez dakite sentimenduak adierazten, ez dira trebeak eskuekin eta abar. Gabezia hauekin pertsona murriztu baino ez dugu egiten.
Hezkidetza
Hezkidetza edo elkar heziketa ez da neskak eta mutilak berdintzea eta ikasleriari erantzun bakarra eskatzea, baizik eta pertsona bakoitzak dituen gaitasunak bultza-tzea, suspertzea eta indartzea. Erantzun anitza izango dugu orduan, eta banakako portaera egokiagoa izango da.
Hezkidetza ezin daiteke bide okerretik joan (maizegi gertatu baita hau) eta rolak trukatu baino ez zen egiten. Horrela, neskei mutilen rolik bortitzena jartzen zitzaien eta mutilei nesken rolik pasiboena.
Gaur egun, hezkidetzak desberdina dena onartzea eta aniztasunak eskaintzen digun aberastasunaz gozatzea esan nahi du.
Testua eta ilustrazioa
Idazleak sarritan asmatutakoa paperera pasatzerakoan hizkuntza sexista erabiltzen du eta idazlearen istorioa sexista izatea ere gerta daiteke. Honen errua estereotipoek dutela esan dezakegu. Zer da estereotipoa? Adibide batekin errazago ikusiko dugu.
Nolakoa da "irakurle on" bat? Aspergarria, betaurrekoduna, jolas egitea gustatzen ez zaiona, bakartia... Argi dago irudi hau ez dela zuzena, ez dela erreala. Estereotiopoak ezaugarri gutxi batzuekin sailkapenak egiten ditu. Gizakiak taldeka antolatzen ditu eta talde horretakoa izateagatik bakoitzaren erantzuna eta portaera aurrez dakigu edo somatzen dugu.
Ilustrazioak, batzutan, testuak dituen estereotipoak indartzen ditu. Haurrentzat ilustrazioak guztiz erakargarriak dira, ipuinak buruz ikasten dituzte eta estereotipoa barneratuta eta indartua gelditzen zaie. Ondorioz desberdintasuna ahaztuta gelditzen dela kontuan hartu behar dugu.
Duela hamarkada pare bat estereotipoak gainditzeko ahaleginak egin ziren eta rolen trukaketa bat baino ez zen egin. Baina hau ez dela bide egokia esan dezakegu. Zeren gauza ez baita mutil guztiek portaera femeninoa erakustea edo neska guztiek joera maskulinoak hartzea, baizik eta portaera bakoitzak dituen alde onak aprobetxatzea bakoitzari ondoen dagokion moduan. Hezkidetza, desberdintasuna onartzea eta egoera ezberdinetan erantzun egokiena eskaintzea da, lehen esan dugun bezala.
Gaur egungo liburuak
Demagun gizartea sexista dela, eta are gehiago, haurrentzako liburuek estereotipo sexistak islatzen dituztela. Hona hemen horretaz ohartzeko gako batzuk:
- Amamak : zaharrak, amantalarekin eta aintzinako motots batekin, eserita eta ia-ia mugimendurik egiten ez dutenak.
- Aitonak : bizitza aktiboagoa daramate eta independentzia gehiago adierazten dute.
- Aitak:
* Lanean: etxetik kanpo egiten dute lan. Hirian bizi badira trajez jantzita eta maleta batekin ibiltzen dira. Betiko lanbideetan dihardute.
* Kirola: bai praktikatu eta bai ikusi.
* Etxean: egunkaria irakurri baino ez dute egiten. Ez dira batere trebeak etxeko lanetan.
* Emaztearekiko harremana: ez dute maitasunik adierazten.
* Seme-alabekiko harremana: semearekin agian kirola praktikatuko dute kanpoan. Alabak errespetu handia sentitzen du.
* Autoa: beraiek zaintzen eta gidatzen dute.
* Irakurketa: egunkaria.
* - Amak:
* Lana: betiko lanetan, besteei laguntzen: erizaina, liburuzaina, irakaslea, dendaria... Oso gutxitan medikua, kirolaria, abokatua... eta maizegi etxekoandrea.
* Kirola: ez dute kirolik praktikatzen eta ezta ikusi ere.
* Etxean: beti lanpetuta, ez daukate segundu bat bera ere beraientzat. Amantalarekin agertu ohi dira.
* Senarrarekiko harremana: zerbitzari.
* Seme-alabekiko harremana: semearen neskameak izaten dira eta normalean errespetu falta atxikitzen zaie seme-alabak zaintzen ez dakitelako.
* Autoa: senarra baldin badago, ez dute gidatzen.
*Irakurketa: liburuak.
- Neskak:
* Klasean: mutilak baino zintzoagoak eta langileagoak izaten dira.
* Etxean: leihotik begira eta amets egiten agertzen dira, normalean panpin batekin eta aulkitxo batean.
*Katua: neskaren animalia da, etxe barruan dagoelako.
- Mutilak:
* Klasean: zikinak dira, arreta erakartzen dute eta irakaslea pazientzia handiagokoa da beraiekin.
* Etxean: kanpoan agertzen dira, jolasten eta kirola praktikatzen.
* Txakurra: mutilaren animalia da, berarekin jolasten du.
Hau adibide laburra izan da. Mota guztietako estereotipoak apurtzen eta gabezia guztiak baztertzen ahalegindu beharko genuke. Hala ere, liburu bereziak, gomendagarriak eta literatura onekoak ere badaude. Hona hemen gomendio zerrenda:
Gomendioak
-"Ipurditxo bihurritxo". Idazlea: Jose Luis Cortés. Marrazkilaria: Avi. Argitaletxea: S. M. 5-8 urtekoentzat. Liburu honetan aitak zein amak zaintzen dituzte haurrak (nahiz eta amak gehiago). Harreman onak igartzen dira.
-"Zergatik". Idazlea: Gabriela Keselman. Marrazkilariak: Pep Brocal eta Marc Brocal. Argitaletxea: Elkar. 5-8 urtekoentzat.
"Aita despistatu bat". Idazlea: Josep Gregori. Marrazkilariak: Rosa Anna Crespo eta Enric Soler. Argitaletxea: Elkar. 5-8 urtekoentzat.
Liburu bi hauetan aita eta alabaren arteko harremanak oso erosoak dira eta aitek denbora asko igarotzen dute alabekin hitz egiten. (Semearekiko harremana ikustea gustatuko litzaiguke).
-"Mustloa naiz". Idazlea: Patxi Zubizarreta. Marrazkilaria: Mikel Valverde. Argitaletxea: Erein. 5-8 urtekoentzat. Liburu honetan aurkezten zaigun familian rolak ez daude finkaturik eta bakoitzak edozer gauza egiten du.
-"Xola". Idazlea Bernardo Atxaga. Marrazkilaria: Mikel Valverde. Argitaletxea: Erein. 7-9 urtekoentzat. Xolaren istorioetan gizonak sukaldeko lanetan trebeak direla ikusten da.
-"Amama maitea, zure Susi". Idazlea: Christine Nöstlinger. Argitaletxea: S.M. 7-9 urtekoentzat. Eskutitzen bidez harreman onak eta aipagarriak islatzen dira liburu honetan.
-"Benek Anna maite du". Idazlea: Peter Hartling. Argitaletxea: Alfaguara-Zubia. 12-14 urtekoentzat. Liburu honek sentimenduez lotsarik gabe hitz egiten digu.
- Neskatxak". Idazlea: Agustin Fernandez Paz. Argitaletxea: Erein. 12-14 urtekoentzat. 12 urteko neskek erabakiak har ditzaketela azaltzen digu honek.