IKASBATUAZ: Bide berriak urratuz

1998-12-01
Ikasbatuaz Elkartea1993/94 ikasturtean sortu eta 1995. urtean legeztatu zen. EAEn sare publikora pasatako ikastolak elkarrekin bildurik eratu zen. Publifikazio prozesu korapilatsuari aurre egiteko sortu zen, eskola komunitateko partaide guztiak batuz. Orain arteko ibilbideari errepaso bat emateko eta aurrerantzean jarraituko duten norabidea finkatzeko, azaroaren 21ean bildu ziren asanbladan. Hemendik aurrera, bakoitzak dagoen lekutik lana egin behar duela argi edukiz, sare publikora -bereziki- bideratuko dituzte beraien esfortzuak Euskal Eskola Publiko Berri baten alde lan eginez.
 
 
Ikasbatuaz Elkarteak EAEn sare publikoan bildutako ikastolatako bazkideak biltzen ditu bere barnean momentu honetan. Ikastola horietatik bat Araban dago, zazpi Bizkaian eta 14 Gipuzkoan, denetara 10.500 ikasle biltzen dituztelarik.

Orain arte izan dituzten erronka eta lanak hauxek izan dira: eskola mapa egitea, Hezkuntza proiektu amankomuna gauzatzea, Derrigorrezko Hezkuntzan 2-16 urte bitartekoentzat zentro bakarrak lortzea, pertsonal ez-dozentearen hizkuntza-eskakizunak, administrarien arazoak, jangelak, beste elkarteekiko harremanak (Nafarroako Sortzenekin, sindikatuekin, guraso elkarteekin, alderdi politikoekin, euskalgintzako sektoreekin...), ikastola publifikatuen bitartekaritza administrazioarekiko, elkartasun kutxaren kudeaketa eta abar.

Bestalde, Ikasbatuaz taldearen barruan dauden ikastola gehienak Ikastolen Elkartearen partaide direla ere aipatu behar da, gehiengo batek, federazioek eskaintzen dituzten zerbitzuak erabiltzeaz gain, Ikastola Mugimenduko partaide izateko beharrezkotzat jo dutelako. Honek onurak eta hutsuneak ekarri ditu. Onuren aldetik, ikastola izaerari eusteko adorea, publifikazio ondorengo liskarren baretzea, federazioek eskaintzen dituzten pedagogia zerbitzuen erabilera gauzatzea eta Ikastola Mugimenduko partaide aktibo izaten jarraitzea egon dira. Hutsuneen artean, berriz, honokoak ikusi dituzte: sare publikoko ikastolak bigarren mailako ikastola sentitu izana Ikastolen Elkartearen barruan, sare berri batean kokatzeak ekarritako zailtasunak nondik norakoak markatzeko garaian eta ikastolen barruan konfederakundearekiko zegoen mesfidantzak sortutako inertzia.



Aurrera begira zer?

Honen guztiaren inguruko hausnarketa egin zuten azaroaren 21ean burutu zuten Batzarrean. Lehenik, Ikasbatuazen iritziz, Ikastolen Elkarteak planteatu duen antolaketa berria, bertako ikastola guztien (publiko nahiz pribatu) Batzarrak erabaki behar du, bakoitzaren norabidea eta elkarrekiko dituzten lan ildo eta konpromezuak (pedagogiko zein beste edozein arlotakoak) Batzar horrek erabaki beharko lituzkeelarik.

Irekitzen duten aro berri honetan eta EAE mailan, Ikasbatuazen proiektua ezagutzera ematea eta ikastola-eskola publiko euskaldunen indar metaketa bat lortzea da lehen erronka.

Horretarako, beraien proiektua eta asmoak ezagutarazteko konpromezua hartu dute. Ikasbatuazetik kanpo gelditu ziren ikastola publikoekin eta gainontzeko eskola publiko euskaldunekin elkarlana egiteko aukera gauzatzea hartu dute helburutzat. Etorkizuneko Euskal Eskolaren ereduaren zutabe izan nahi duen Euskal Eskola Publiko Berriaren helburuarekin bat egiten duten ikastetxe publiko euskaldun guztiekin gauzatu nahi dute elkarlan hori.

Euskal Herri mailan, berriz, gaur egungo administrazio-egiturak duen zatiketaren gainetik eman nahi dituzte urratsak. Hiru administrazio desberdinen araupean dauden euskal eskolak bildu eta elkarlanerako aukera emango dien egituraketa bat bultzatu eta sendotu nahi dute.

Etorkizunean EAE, Nafarroa eta Iparraldeko eskola publiko euskaldunak egitura berdinean bilduko dituen elkartea sortzea da helburua. Horren haritik, jadanik lehen pausoak emanak dituzte Sortzenekin, eta Iparraldean norekin eta nola bideratu aztertzen ari dira.

Bestalde, Euskal Eskola ipartzat hartuz, denona den helburu hau gauzatzeko gune baten antolaketan parte hartzeko konpromezua hartzen dute. Herri honen euskalduntzea eta kalitatezko heziketa lortuko badira, sare ezberdinetako eskolen arteko elkarlana nahitaezkoa dela ikusten dute. Sare publikotik kanpo geratu diren eskola euskaldunek eta ikastolek bakarrik ezingo dute bideratu eginkizun hori, ezta sare publikoan biltzen diren ikastola nahiz eskolek bakarrik ere.

Beraz, helburu horrekin, Ikasbatuak Elkarteak Euskal Eskolaren mugimenduaren indartzea xedetzat duen antolaketa bultzatuko du. Euskal Herriko ikastetxe euskaldunen edozein elkartek (jatorrizko sareak bereizteke) bertan parte hartzeko aukera izango luke.



Euskal Eskola Publiko Berrirako erreferentzia gune

Azken urteotan, euskararen normalizazioa, hezkuntzaren berrikuntza eta gurasoen parte hartzearen arloak bultzatzeko lanean aritu diren kolektibo ezberdinei esker, aurrerapauso nabarmenak eman dira eskola publikoaren barruan. Baina hau ukaezina izanik ere, oraindik zeregin handia dago, eta horri gogotik heldu nahi dio Ikasbatuazek.

Arlo horietako bat euskararen normalizazioa da. Herrialde bakoitzeko egoera ezberdina eta desorekatua da oso: Gipuzkoan euskalduntzeak erritmo ona darama eta Bizkaian, erritmoa motelagoa den arren, bide onetik doa. Baina ezin ditugu ahaztu Euskararen Legeak Nafarroan sortutako egoera, Araban A ereduak duen indarra eta Iparraldeko egoera.

Hau horrela izanik, Euskal Eskolaren bidean administrazio desberdinen legedipean dauden ikastola-eskolentzat Euskal Eskola Publiko Berriaren ibilbidean erreferente izan eta aurrerapausoak ematea da Ikasbatuazen egitekoa.

Euskal Eskola Publiko Berriaren ezaugarriak hauexek izango lirateke Ikasbatuazen arabera: eskola euskalduna, euskal curriculum propioa garatuko duena, anitza eta integratzailea, kalitatezkoa eta aurrerakoia eta elkartasuna eta solidaritatea bultzatuko duena.

Hau guztia paperetik praktikara eramateko helburua du Ikasbatuazek. Erronka itzela da, baina gogoz eta arduraz betetako Ikasbatuaz Elkartearen asmo tinkoa, era berean.