VAZQUEZ, Amaia:
Duela urte asko, sexu hezkuntza osasun hezkuntzaren barruan sartu genuen eta hortik bideratu zen PAT guztietan eta curriculum guztietan. Baina, egia esan, informazio emate hutsean gelditu zen. Sexu hezkuntza, ordea, ez dela informazio sexuala ematea soilik konturatu gara. Informazio sexuala bi ordutan eman daitekeen zerbait da, eta sexu hezkuntza ez.
Gainera, informazio sexual horrek ez zuela emaitza onik ematen konturatu ginen: nahigabeko haurdunaldiek jarraitzen zuten, zenbait tabu bizirik zeuden (birjinitatearena, minarena...).
Orduan, nolakoa izan behar du sexu hezkuntzak?
Afektibitatea eta sexu hezkuntzaren lanketan bizipenak landu behar ditugu. Ez da hain garrantzitsua kondoi bat nola jartzen den jakitea, baizik eta kondoi horrek zer-nolako bizipenak sortzen dituen jakitea. Ez da hain garrantzitsua haurrak masturbatzen direla jakitea, baizik eta masturbazio horrek zer-nolako bizipenak sortzen dituen jakitea.
Beraz, horrela kokatuta, komunikazio eredu baten barruan sartuko genuke sexu hezkuntza, eta ez osasunaren barruan edo informazio hutsean soilik. Garbi eduki behar dugu gizakion sexualitatea animalienetik bereizten bada, senetik urrundu eta harreman eta afektuen munduan sartzen delako dela. Horrek komunikaziora eramaten gaitu, eta horrek bizipenak lantzera.
Kokapen berri hau aintzat harturik, nola landu behar dugu sexualitatea?
Guraso eta hezitzaileok sexualitatea haurtzarotik hasten dela jabetu behar dugu. Hortik hasi behar dugu. Nik uste dut orain arteko urteetako ibilbidean haurtzaroa ahaztu egin dugula. Informazio sexuala nerabezarora iritsi ondoren eman izan diegu gazteei eta gainera ugalketa eredua oinarritzat harturik.
Hezitzaile guztiok haurtzaroari garrantzia ematen hasi behar dugu. Ez sexualitatean soilik, nortasunean edo izaera garatze prozesuan ere lehenengo 7 urtetan ezartzen baita gure izaeraren muina. Haurtzaroan definitzen da nolakoak izango garen, eta ez nerabezaroan. Guk nerabezaroan depresio krisi bat jasaten badugu, depresio horren oinarriak haurtzaroan egongo dira. Oso baikorrak eta alaia bagara, haurtzaroan segurtasuna jaso dugula esan nahi du.
Nola definituko zenuke haurtzaroa?
Haurtzaroa gure bizitzako arorik erotikoena da. Erotismoz betetako aroa da eta erotismo hori errespetatzea eta bultzatzea ezinbestekoa zaigu gure gazteek eta helduek euren sexualitatea modu natural batez eta protagonismoz bizi dezaten.
Haurtzarotik hasi behar dugu, orduan. Nolakoa da haurtzaroko sexualitatea?
Haurtzaroari buruz hitz egiten badugu, edo haurtzaroan izaten diren adierazpen edo bizipen sexualei buruz aritzen bagara, garbi dago plazerraren edo ludismoaren eta sentimenduen ereduan kokatu behar dugula sexu hezkuntza. Eta hori eredu borrokatzailea da.
Zergatik diozu eredu borrokatzailea dela?
Sarritan plazer edo ludismo hori konkistatu dugula uste dugulako, eta ez da egia. Transizio garaian gaude, baina oraindik ere kostatzen zaigu haurren eta gazteen sexualitatea onartzea. Eta euren sexualitatea ez da ugaltzea, noski.
Zer geratzen da haurtzaroan?
Sarritan ez dakigu haurtzaroan gertatzen dena irakurtzen. Bat-batean haurrak oso exhibizionistak direla ikusten dugu, biluzik ibili nahi dutela etxean, ikastetxean... eta ez dakigu oso ondo zergatik izaten dituzten jokaera hauek. Horrela bizitzen dute plazerra eta hori, jaiotzen diren unetik bizi behar dutela ohartu behar dugu. Beraien atal erogenoa ahoa da eta oso garrantzitsua da. Ahoarekin eta bularrarekin edukiko dute plazerraren bizipenaren lehenengo harremana. Eta plazer hori bizitzen utzi behar diegu. Ahoa eta gorputza estimulatu behar dira, beldurrik gabe. Besarkatuz, ahoaren bidez eta, oro har, gorputzaren kontaktuaz plazer hori ematen badiegu, haurrak seguruago sentituko dira eta ez diote plazerrari beldurrik izango.
Plazerrari beldurra diogu, orduan?
Bai. Paradoxikoa dirudien arren, beti kantitatearekin neurtzen jarraitzen dugu, eta ez dakigu plazerra kokatzen. Eta horixe da gure helburu orokorra, hain justu; plazerrari eta kontaktuari beldurrik ez izatea.
Haur batzuek, adibidez, ez dakite beste baten besarkadari erantzuten, blokeatuta gelditzen dira. Gorputz jarrera horretan plazerrarekiko eta kontaktuak ematen duen ludismo eta komunikazioarekiko zalantzak dauzkala behatzen dugu.
Dena dela, zerbait aurreratuko genuen urte hauetako lanarekin, ezta?
Egia da gauza batzuk gainditu ditugula. Haurrak masturbatzen ikusten ditugunean ez dugu esaten hori bekatua dela edo hori ez dela egiten. Baina behin eta berriro masturbatzen direnean...
Zer eskaintzen die masturbazioak haurrei?
Masturbazioaren praktikak bi helburu ditu. Batetik, plazerraren deskubritzea modu autonomo batez. 2 urtera arte guk ematen baitiegu plazerra, guk estimulatzen baititugu, baina 3 urtetik aurrera beraiek hasten dira, beraiek esperimentatzen dute beraien gorputzarekin.
Bestetik, gorputzak ematen dien plazerrari esker, euren autoestima era baikor batez lantzen dute, gorputza maitatzea autoestima sendotzeko eta garatzeko lehenengo urratsa baita.
Euren gorputzarekin esperimentatzen hasten diren garaian, zein garrantzi du helduoi buruz duten irudiak?
Garrantzi handia du, dudarik gabe, eta ikuspegi honetatik gauza handia lortu dugula esango nuke. Alegia, gurasoak biluzik egotea adin honetako haurren aurrean. Hori lorpen garrantzitsua da. Zeren mutilek aita ikusi behar baitute, aitaren organo genitalak ikusi behar baitituzte beraiek nolakoak edukiko dituzten jakiteko. Haurrei ikaragarri kostatzen zaie organo genitalak hor izango dituztela barneratzea. Zakila erori egingo zaiela pentsatzen dute, iraunkortasun sentimendua barneratzea kostatzen zaie.
Zer sentitzen dute besteen gorputzarekiko?
Besteen gorputzarekiko ere interesa sentitzen dute, hori bai. Izugarrizko interesa dago eta uzten bazaie, joko sexualak ikaragarriak eta maiztasun handikoak dira: batak bestea ipurdian jotzen du, pititoa ukitzen dio... Gainera, sexu arteko desberdintasunik ez dago, mutilak mutilekin eta neskak neskekin ikus ditzakegu haurtzaroan.
3 urtera arteko jokaerak dira horiek. Zer gertatzen da 3 urtetik aurrera?
Hiru urtetik aurrera gizarteratze prozesuan sartzen dira eta joko sexual horiek guztiak behatzen hasten gara. "Kontxo, nire semea beste mutil batekin ari da. Homosexuala izango ote da?" eta antzeko komentarioak entzuten hasten gara.
Hiru urterekin ez dira ez homosexualak, ez heterosexualak. Anbisexualitatea existitzen da eta anbisexualitatetik homosexualitatera edo heterosexualitatera bideratuko dira.
Adin honetan badago beste bizipen bat ere, oso garrantzitsua dena eta gurasoei barneratzea asko kostatzen zaiena: hiru urtetik aurrera neska-mutilek desio sexuala sentitzen dute. Energetikoki helduen berdina da, baina bizitzeko moduan desberdina. Maitemintze handiak daude, eta esklusibitate handiarekin. Normala izaten da gurasoak lehenengo objektu sexualak izatea. Gainera, berehala barneratzen dute gurasoen ohearen sinbologia. Gurasoen oheak izugarrizko erakarpena dauka.
Zer aurkitzen dute, bada, gurasoen ohean?
Gurasoen ohean egotea gustatzen zaie, aita eta amaren erdian, eta helburu batekin: aita eta amak elkar ez laztantzeko, elkar ez musukatzeko. Eurek izan nahi dute sexualitatearen protagonista.
Hau ulertzea garrantzitsua da, gure jokaerak beraien desio sexualean lagundu egin behar dielako. Beraien adinekoak desiatu behar dituzte, baina gurekiko desio horretatik pasa behar dutela jakin behar dugu. Beraz, utzi egin behar zaie erdian egoten, utzi egin behar zaie musuak puskatzen, baina integratuz. Guztiok elkarri musuak ematea lortu behar dugu.
Lehenengo gurasoak dira objektu sexualak, eta gero, berain adinekoekin bikoteak egiten hasten dira. Zer garrantzi dauka horrek?
Izugarria. Guri joko tonto bat dela iruditzen zaigu, baina lehenengo hautaketa da eta hautaketa horrek ikaragarri baldintzatuko ditu etorkizunean egingo dituen hautaketak.
Haurren lehenengo galderak hauek izaten dira normalean: "Nola jaiotzen dira haurrak? Nola sartzen da amaren barruan?" Zer diozu galdera hauei buruz?
Normalean hiru urtetik aurrera galdetzen digute hori, eta asko kostatzen zaigu erantzutea. Ba al dakizue zer kostatzen zaigun gehien bai guraso eta bai irakasleoi? Zakila baginaren barruan sartzen dela esatea. Bere hizkuntzan azaldu behar dugu, baina erresistentzia bat somatzen dugu.
Adierazpen eta bizipen hauek guztiak etxean eta ikastetxean ematen dira. Ez al daude nahiko urrun bata bestearengandik?
Bai, eta oztopo handia da hori. Urte asko daramagu Haur eta Lehen Hezkuntzan gurasoekiko ez-ulertze horrekin. Gurasoak ez dira irakasleekin biltzen. Eta irakasleek ez diete azaltzen gurasoei sexualitate programa bat aurrera eramango dutela. Ez dira ausartzen zenbait gauza egitera gurasoek esango dutenaren beldur direlako. Gurasoek, aldiz, sexualitatea eskolan irakatsiko dietela pentsatzen dute.
Zer esan nahi du horrek, kezkarik ez dagoela gurasoen aldetik seme-alaben sexu hezkuntzaz?
Nik uste dut kezkatzen den guraso kopurua ghetto batekoa dela. Begira zenbat hitzaldi, ikastaro eta osakuntza ikastaro ematen ditudan, eta 15, 30... etortzen dira leku gehienetan. Gurasoak ez dira asko kezkatzen euren seme-alaben hezkuntzaz, arazoak daudenean soilik, orduantxe.
Denok jakin behar dugu gurasoak izaten ikasi behar dugula. Gaur egun, gainera, inoiz baino garrantzitsuagoa da hori. Zergatik? Gizartearen konplexutasunagatik.
Gainera, orain zenbat seme-alaba eta noiz eduki aukera dezakegu eta hautatze horrek, modu batean beste ardura baten aurrean jartzen gaitu. Eta gurasoak horretan jarri behar dute.
Gurasoek eta irakasleak biltzea ezinbestekoa dela azpimarratu behar da, orduan.
Bai, nik beti hiruki bat marrazten dut: eskola, gurasoak eta haurrak. Eskolak eta gurasoek elkarren arteko komunikazio harremana eduki behar dute haurrengana mezu bateratuak irits daitezen. Gaur egun, oraindik ez dira bateratuak, ez daude adostasunean. Adibidez, eskolan masturbatzen uzten die eta etxean ez, edo etxean bai eta eskolan ez.
Nik uste dut hezkuntzaren erronkak hori izan behar duela: behingoz gurasoak bileretan elkartzea, irakasleok zenbait programa prestaturik edukitzea eta gurasoei zein helburugatik landu nahi diren esatea. Informazio hori edukiz gero, gurasoek askoz gehiago errespetatuko dute eskolako lana.
Sexualitateak haurtzaroan duen garrantzia azpimarratu duzu behin eta berriz. Gaur egun Haur Hezkuntzan sexualitatea lantzen dela uste al duzu?
Nik uste dut ezetz. Benetako gai serio bat bezala, ez. Adibidez, masturbatzen badira utzi egiten diegu, biluzten bada ez dakit zer egiten dugu... Baina programaketa bezala ez da lantzen.
Ba al dago Haur Hezkuntzan sexualitatea lantzeko programarik?
Bai, badaude, eta oso politak. Guk Harimaguada programaketarekin funtzionatzen dugu. La Laguna unibertsitateko programa da, zaharra, baina oso polita. Sexualitatearen barruan gai bakoitza lantzeko programaketa zehatza dago. Bakoitzean zertarako irakasten dugun, helburua, dimentsioak eta abar zehazten dira.
Azal iezaguzu programa bat, horren barruan egiten diren ekintza zehatzak.
Adibidez, identitate sexualarena. hiru urtetik aurrera lantzeko programa da eta ekintza hauek aipatzen ditu gelan egiteko:
- "Marraztu mutiko eta neskato bat dutxan eta azaldu marrazki bakoitza". Hemen norbaitek organo genitalak ez dituela marraztu konturatuko gara. Behaketa lana da irakaslearena. Haur desberdinen azalpenak ere kontrastatuko ditugu.
- "Haur guztiak lurrean jarri paper handi baten gainean eta bakoitzak bere gorputzaren zilueta marrazten du. Gero, organo edo atal guztiak ematen dizkiegu gorputzetan itsasteko. Ondoren, gelan jartzen da erakusketa moduan eta zilueten arteko desberdintasunak ikusten ditugu: bat altuagoa da, bestea gizenagoa, batek zakil handiagoa du...".
- "Gorputz pintaketa. Haurrak biluzik jartzen dira eta batak besteari gorputza kolore desberdinez margotzen dio. Ondoren denak dutxatu egiten dira". Ekintza honetan gatazkatsuena denak biluzik jartzea izaten da. Bestalde, eszitazio egoerak izango dira eta nola bizi dituzten behatu behar dugu.
Ekintza hauek nola ebaluatzen dira?
Ebaluatzeko eta kontrastatzeko beste ekintza batzuk egiten dira:
- Plastilinaz edo bustinez neska edo mutil baten gorputza egiten da. Ondoren, komentatu egiten dira zein atal egin dizkieten ikusiz eta aurretik ikasitakoa barneratu duten ala ez ikusiz.
- Psikomotrizitatea. Gehienbat mugimenduaren aldetik lantzen da, baina harreman psikomotrizitatea ere hor dago eta joko handiak egin daitezke.
- Abestiak abesten dira. Adibidez, badago gorputzaren ezagupena lantzeko oso egokia den abesti bat: "Begiak ikusteko, ahoa dastatzeko, belarriak entzuteko, eskuak ukitzeko..." Bada, abesti honetan organo genitalak ahaztu egiten dira, desagertu egiten dira. Ez zaigu inoiz bururatzen "zakiltxoa pixa egiteko edo gozatzeko, edo bulba ukitzeko edo laztantzeko" esatea. Hasieratik ahaztu egiten zaizkigu organo genitalak, eta daukaten garrantziarekin, gainera. Zeren organo genitalen aurkikuntzari esker osatuko baitugu gure gorputz irudia, eta gure gorputz irudirik gabe ez gara ezer.
Programaketak egonagatik, gela barruan egoera konkretuak sor daitezke. Zein da irakasleon funtzioa, zeregina kasu hauetan?
Lehenengo eta behin, behatzea, joko eta adierazpen horien guztien aurrean, lehenengo lasaitasuna agertu behar dugu, egoera baikoitza zergatik gertatzen den ulertu.
Bigarrenik, gauza askoren lanketa egin behar da, lanketa programatua. Etxean identitate sexualaren lanketa modu batean egiten da, eta eskolan beste batean. Adin bereko haur asko biltzen dira eta hori garrantzitsua da.
Gizarteratze prozesu bat gertatzen da adin honetan eta horren barruan sexuen arteko komunikazioa bultzatzeak, errespetuaren eta desberdintasunaren bizipenak bultzatzeak, ezagupenak indartzeak... garrantzi handia dute. Lehen aipatutako programekin elkarrenganako ezagutza bultzatzen ari dira beraiek, eta ezagutza horren barruan balore ezberdinak: errespetua, desberdintasuna, diskriminaziorik eza... Zeren, adin honetan, hizkuntza eskuratzen ari diren honetan, kaleko hizkuntza ekartzen dute eta berehala entzuten ditugu "cojones, puta, marica..." bezalako hitzak. Irakasleok txikitatik hiztegi hori guztia bideratzeko gaude diskriminaziorik gabeko bidearen barruan.
Sexu ezberdineko eta adin bereko haurrak ditugu gelan eta horrek ematen duen informazio iturri eta bizipen iturri guztia aprobetxatu behar da. Hori izango litzateke irakasleon lana.
Zein dira irakasleon kezka nagusiak?
Haur Hezkuntzan batez ere haurren jokaera noraino den normala. Bestetik, zenbait lanketa egiteko beldurra dago gurasoek esango dutenarengatik. Bi horiek dira kezka nagusienak.
Hirugarren bezala nola esku hartu ez jakitea aipatuko nuke. Adibidez, masturbaketarekin arazoak daudenean. Familian zerbait gertatzen ari denean haurren joera erregresiboa da eta askok marturbazioa erabiltzen dute erregresio horri forma emateko. Orduan, zer egin behar du irakasleak? Normalean haurrari zerbait esaten diogu eta hori ez da egin behar, haurrari ez esan ezer inoiz. Familian zer gertatzen den aztertu behar da eta familiarekin hitz egin.
Beste haurrak berarekin sartzen badira zer egin? Bada, gauza normala dela esan eta denok jolasten dugula gure organo genitalekin.
Zein laguntza mota eskaintzen duzu zuk ikastetxeetan, Amaia?
Nik bi funtzio betetzen ditut ikastetxeetan.
Alde batetik, nerabezarotik aurrera neu sartzen naiz gelan, hots, DBHko lehenengo mailatik aurrera, eta ikasleekin neu egoten naiz. Beti eskatzen dut tutorea egotea, baina batzuetan egoten da eta beste batzutan ez, ikastetxearen arabera. DBHko lau mailetan lan bat burutzen dut ikasleekin eta lan polita irteten da. Ikasturtea bukatu ostean, gurasoekin biltzen naiz eta zein momentutan gauden, zer ikusi dudan eta zer landu dugun komentatzen diet. Beti egiten dut balorazioa gurasoekin.
Bestetik, DBHtik beherako mailetan ez naiz gelan sartzen. Ni aholkulari bezala egoten naiz irakasleak osatuz, baina ez naiz gelan sartzen, hori irakasleari dagokio. Adin horietan ni gelara sartzea kaltegarria izango litzatekeela pentsatzen dut. Irakaslea da haurren erreferentzia.