XIRULA MIRULA: Badok hamalau<br />Xirula Mirulak DBHrako bideo-zintak kaleratu ditu

1998-12-01

Xirula Mirula taldea aski ezaguna da musika arloan egin duen eta egiten ari den lanagatik. Orain dela 22 urte sortu zen eta makina bat diska, liburu eta bideo-zinta jarri ditu guztion eskuetan. Bideo-zintei dagokienez, zortzi urte daramatza eskolan musika lantzeko bideo materialak kaleratzen. Orain arte Haur eta Lehen Hezkuntzako materiala argitaratu du, baina oraingoan DBHrako eskaintzarekin datorkigu: "Badok Hamalau".

 
 

"Badok Hamalau" izena jarri diote DBHrako argitaratu duten lehen bideo sortari. Lau bideoz osatutako bilduma da eta bi atal nagusi ditu: "Euskal kantariak" eta "Mugimendu eta dantza". Xirula Mirulako kideek azaldu digutenez, "euskal kantariei eskainitako bideoak dira lehen hirurak, eta laugarrena mugimendua eta dantzari eskaini diogu".

Haurraren heziketaren abiapuntu haurra bera eta bere ingurua dira, eta hori kontuan izanik, euskal kantarien historia labur bat egitea izan da Xirula Mirulakoen helburua. Euskal kantagintzaren historiako kantari guztiak aipatzea ezinezkoa da, eta abiapuntu bezala "Ez dok hamairu" edo "Euskal kantagintza berria" hartu dute. Garai hartako giroa eta egoera Xirula Mirulako kideek gogoratu digute: "Ez dok hamairu sortu aurretik herriak kantatzen zuen. Haur kantarien mugimendua martxan zegoen eta hainbat herri-abesbatza kantari zebiltzan ordurako. Eta nola ez, Nemesio Etxaniz lan izugarria egiten ari zen euskara eta euskal kulturaren alde".

Beraz, herriko kantariak eta Nemesio Etxaniz gogoratu nahi izan dituzte lehenengo eta behin bideo hauetan. Ondoren, Etxahun Iruri aurkezten zaigu, herriak hainbeste urtetan kantatu dituen abestien egilea, pastoral ugari egin zituena, bertsozalea eta abar luze bat. Jarraian Mixel Labeguerie aurkezten zaigu, nolabait esateko Euskal kantagintza berriaren aita izan zena. Ondoren, Julen Lekuona eta Benito Lertxundi aurkezten zaizkigu. Hauekin osatzen da lehen bideo-zinta.

Bigarrengoan, berriz, Mikel Laboa, Maite Idirin, Oskorri eta Gorka Knörr aurkezten zaizkigu. Eta hirugarrengoan Imanol Larzabal, Oskarbi taldea, Anje Duhalde eta Jose Inazio Ansorena.

Bideoaren mamia

Nola aurkezten zaizkigu kantari hauek bideoetan? Zer kontatzen zaigu beraietaz? "Kantari bakoitzari buruz hainbat datu biografiko eskaintzen ditugu" argitu digute Xirula Mirulakoek. "Gero, beraiei egindako elkarrizketa bat ikusi eta entzuten da. Eta bukatzeko, bakoitzaren kantaldi batean grabatutako irudiak eta zuzenean eskainitako kanta bat agertzen dira".

Kantari bakoitzaren ondoren galdeketa txiki bat egiten da ebaluaketa modura irakasleriari pista batzuk emateko.

Kantari hauei "Harriak" deitu diete Jorge Oteizak egindako Arantzazuko hamalau apostoluak oinarritzat harturik. Horregatik agertzen dira bideo zintaren azalean Arantzazuko hamalau apostoluren irudiak eta kantarienak.

Laugarren bideoa, lehen esan bezala, mugimendua eta dantzari eskainitakoa da. "Gure musika hezkuntzan beti garrantzia izan du atal honek eta hemen 14 dira proposatzen ditugun dantza eta mugimenduzko ariketak".

Beraz, bai abestiak eta bai dantzak ikasteko aukera ematen digute bideo hauek. DBHko lehenengo mailari zuzenduta daude eta ez dira bakarrak izango. Xirula Mirulako kideek jarraipena izango dutela iragarri digute. "Euskal pop, folk eta rock-a aurkeztu nahi ditugu alde batetik, eta musika klasikoa eta bere historia bestetik".