TINKO Euskara Elkartea: Euskara zine aretoetara
Zine aretoetan euskarak zuen hutsunea nabarmena zela ikusten genuen zine eta bikoizketa munduan genbiltzan batzuek. Kezka horri bueltak ematen hasi ginen. Telebista eta bideoan euskarazko filmak bazeudela ikusten genuen, eta zinean ez. Azken batean, kezka hori saiakera bat egiteko asmo bihurtu zen eta euskara maite dugun eta zine munduan gabiltzan talde bat bildurik sortu zen Tinko.
Helburu nahiko argiekin sortu zen, orduan.
Bai, euskarak gizarte honetan ez duela debekurik izan behar ikusten genuen. Bakoitzak bera mugitzen den lekuan ikusten du hutsunea eta gure kasuan, zinema munduan. Gure lanbideko hutsuneak konpontzen hasi ginen, alegia, zine areto komertzialetan euskararen presentzia ezari aurre egiten.
Zein izan zen bide horri ekiteko eman zenuten lehen urratsa?
Lehenengo urtea azterketa bat egiten eta zinea euskaraz jartzeko proiektu bat egiten pasa genuen. Azterketa horren ondorioz zailtasun handiak zeudela ikusi genuen, oso zaila zela, baina ez ezinezkoa, askok uste zuen bezala.
Gure helburura iristeko lehen pauso bat eman beharra zegoela konturatu ginen: ohitura sortzea. Eta horretarako, hoberena txikitatik hastea izaten da. Horrela bada, ikastetxeetan eta eskola-orduetan zinea euskaraz eskaintzeari ekin genion.
Nolako harrera izan zuen proiektuak?
Egia esan, proiektuarekin diru eske joan ginenean inork ez zuen sinesten eta inork ez zigun dirurik ematen. Baina gu setati-setati jarri ginen eta posible zela frogatzeko geure poltsikotik dirua jarri behar bagenuen, jarriko genuela erabaki genuen. Eta horrela hasi ginen azkenean.
Nola uztartu zenituzten zuen proiektuko hiru zutabeak, hots, zinea, eskola eta euskara?
Lehen esan bezala, zinea euskaraz ikusteko ohitura zabaltzea zela klabea ikusi genuen. Beraz, eskolatik hasi ginen. Haurrak eskolatik filmak ikustera joaten ziren, baina gaztelaniaz ikusten zituzten. Eta gero, gelara bueltatu ostean filmari buruzko lanak euskaraz egiten zituzten. Horrela, haurrek zera pentsa dezakete: gaztelania dela gauza dibertigarrietarako eta euskara, berriz, behartuta hitz egiteko eta eskolan lanak egiteko. Kaleko gauza atsegingarri eta dibertigarriak gaztelaniaz dira. Beraz, zein da hizkuntza polita eta dibertigarria? Gaztelania, eta ez euskara.
Horrekin nolabait bukatu behar zela ikusi genuen eta pelikulak ikusi nahi bazituzten, gutxienez euskaraz eskaini behar genizkiela.
Horrela, lehenengo gauza ikastetxez ikastetxe inkesta bat egitea izan zen.
Zer galdetu zenieten ikastetxeei inkestarekin?
Ea prest egongo ziren haurrak zinemara eramateko eta filmak euskaraz ikusteko, zenbat haur izango ziren... Eta erantzuna izugarria izan zen.
Erantzun horren ostean euskarazko filmak eskaintzeari ekin zenioten. Baina non eta nola?
Proiektu honen barruan zine aretoak dituzten hainbat udalekin harremanetan jarri ginen eta udal guztiei gauza bera eskatu genien: zine aretoko gastuak ordaintzea guk euskarazko film horiek eskaintzean. Guztira Euskal Herri osoko 41 herritan izan gara orain arte eta 275 ikastetxe izan dira zine areto horietan. Ikasle kopuruari dagokionez, 45.201 izan ziren 1997/98 ikasturtean.
Beraz, areto komertzialetan estreinatzen ditugu filmak. Hauetan bi edo hiru hilabetetan erabili eta gero, herriz herri eta eskolaz eskola eskaintzen ditugu bideoetan, horrela haur guztiek filmak euskaraz ikusteko aukera izan dezaten.
Zer lortu nahi duzue zehazki ikastetxeetako proiektuarekin?
Alde batetik, zinea euskaraz ikusteko ohitura sortzea. Eta bestetik, zinea euskaraz ikusteko duten eskubidea bermatzea. Izan ere, haur horiek euskaraz ikasten ari dira ikastetxeetan, eta nik uste dut gaztelaniaz errazago ikasiko luketela, esfortzu gutxiago egin beharko luketela, alegia. Baina euskaraz ikasteko esfortzu gehigarria eskatzen zaie. Irakasleek ere izugarrizko esfortzua egiten dute gero eta irakaskuntza hobea eskaintzeko eta euskaraz ondo ikasita atera daitezen.
Ikastetxeetan hori guztia egin ondoren kalean gaztelania ematen badiegu, iruzur egiten ari gara haur horiei. Iruzur izugarria, euskara ez dutelako ezertarako behar.
Beraz, gizarteko arloak euskalduntzeko erantzukizuna daukagu helduok haurrekiko errespetuz.
Bai, hala da. Nik uste dut helduon erantzukizuna kalea euskalduntzea dela. Ni dendaria banintz, dendarien elkartea sortuko nuke eta bertan bezero guztiei lehenengo hitza euskaraz egitea erabakiko nuke. Eta dendariek bezalaxe egin dezakete kartelak egiten dituztenek, autobus gidariek eta abar. Bakoitzak bere arloan egon behar du eta gure arloari dagokionez, nik uste dut haurrek merezi dutela egunen batean zine areto batera joan eta film bat euskaraz edo gaztelaniaz ikusteko aukera izatea. Helburua horixe da, haur horiei zor dieguna eskaintzea.
Bestalde, filmak euskaraz ikusteaz gain, gelara bueltatu eta film horiekin hainbat gai eta balore lantzeko aukera ere badago. Nola bideratu duzue jarraipen hori?
Unitate didaktiko batzuen bidez lantzen dira filmeko gaiak eta horrela filmaren ikusketa zenbait balore lantzeko aprobetxatzen da. Material didaktiko hau egiteko hasieran Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Berrikuntza Pedagogikoko Zuzendaritzarekin jarri ginen harremanetan. Ikastolen Elkarteko material pedagogikoa egiten duen taldearengana ere jo genuen eta haiek egin ziguten lehen materiala.
Orain, berriz, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Drogomenpekotasunen Prebentziorako Sailak egiten dizkigu unitateok. Aspalditik dabiltza haurrentzako prebentziorako unitate didaktikoak egiten eta guretzat euskaraz egiten dituzten materialok.
Nolako unitateak dira? Adinaren araberakoak? Filmaren araberakoak?
Film bakoitzak bere unitate didaktikoa izaten du. Baina kontuan hartu behar da film bat adin ezberdineko haurrek ikus dezaketela, bakoitzean balore ezberdinak lan daitezkeela eta bakoitzak bere etekina atera dakiokeela. Beraz, film batek unitate didaktiko bat baino gehiago eduki ditzake, bat lehenengo mailakoentzat, adibidez, eta beste bat 2. eta 3. ziklokoentzat.
Gainera, filmak eskola-orduetan ere eskaintzen ditugunez, gela edota adinen arabera sailkatu behar izaten ditugu. Horrela sailkapen hau daukagu egina: 3-4 urtetik 7-8 urtekoentzat, 7-8 urtetik 10 urtekoentzat, 10-12 urtekoentzat eta 12-14 urtekoentzat.
Eta zer gertatzen da 14 urtetik aurrerako ikasleekin?
Hortxe dago koxka eta erronka. Aurten "Errebelde baten egunkaria" filma euskaratu dugu eta hori 14-15 urteko gaztetxoentzat da. Izan ere, orain dela bost urte proiektu honetan gurekin hasi ziren ikasleek 14-15 urte dituzte eta beraiei dagozkien filmak eskaini behar zaizkie. Horretan datza gure saiakera.
15 urtetik aurrerako gazteentzat ez dago euskarazko filmik eta horiek ere badute eskubidea euskaraz ikusteko. Orain arte izan badute, zergatik ez hemendik aurrera?
Horrela bada, "Errebelde baten egunkaria" pelikularekin hasi gara aurten eta datorren urterako nerabeen arteko sexu harremanei buruz hitz egiten duen film bat eskatuta daukagu.
Eskola adinean ohiturak aldatzea lortzen bada, ondoren jarraipena izateak garrantzia du, dudarik gabe. Horretaz ohartuta zaudete. Baina gizartean ba al du islarik? Zer gertatzen da zine aretoetan?
Egindako lanak jarraipena izan behar du, ezin du moztuta gelditu. Horretan ez dago zalantzarik. Baina nik badakit ez dela egun batetik bestera aldatuko den gauza eta pixkanaka pixkanaka konbentzitu behar dugu jendea proiektu hau posible dela. Zine aretoetako jabeak ere konbentzitu behar dira eta hauek Madril eta Bartzelonako banatzaileak konbentzitu behar dituzte ondoren. Donostiako Zinema Jaialdian "Big" filma ikustera 15.000 ikusle hurbildu ziren 1997. urtean, adibidez, eta areto komertzialetako ikusleak 6.204 izan ziren guztira 97/98 ikasturtean.
Dena dela, prozesu honekin guztiarekin hasteko beharrezkoa den lehengaia filma edo pelikula da. Nondik eta nola eskuratzen dituzue?
Hasieran Warner, Columbia, Disney eta horrelako etxe handiekin hasi ginen, baina inongo interesik ez zutela konturatu ginen. Baina ez dira amerikarrak bakarrik pelikulak egiten dituztenak. Europan ere oso film onak daude eta hara jo genuen.
Kasualitatez, elkarteko bazkide baten lehengusua Suitzan bizi da. Hango unibertsitateko irakaslea da eta euskaldun porrokatua. Zine mundua ezagutzen du eta ekoizleak, banatzaileak... ere bai. Horrela, berak Europan zeuden filmak aztertzeari ekin zion eta gure proiekturako egokiak ziren filmak aukeratzen hasi zen. Alemania eta Suitzako haurren artean arrakasta eduki zuten pelikulak aukeratu zituen, han ere unitate didaktikoekin landutako filmak. Film dibertigarriak dira, oso politak eta atseginak eta eduki aldetik zenbait balore lantzeko aukera ematen dutenak. Adibidez, Charlie & Louise, Rudy txerri azkarra, AnnaannA, Jack Amazonasko errege, The Borrowers, Big...
Film hauen eskubideak erosi egiten al dituzue?
Bai, dauden hiru eskubideak. Hau da, zinerako, telebistarako eta bideorako. Zazpi urterako eskubideak izaten dira eta Euskal Herriko zazpi probintzietarako. Pelikula hauek bikoizten ditugunean, bi urtetan zine aretoetan erabiltzen ditugu eta gero, telebistari saldu edo bideoak ateratzen ditugu. Gainera, ikastetxeek bideoarekin pelikula hori hurrengo kurtsoetako haurrekin lantzeko aukera dute eta hori oso praktikoa da zentroentzat.
Zenbateko kostua du pelikula bat bikoiztu eta eskubideak erosteak?
Sei milioiko aurrekontua izaten du film bat bikoizteak eta momentuz Euskal Herrian diru hori berreskuratzea ezinezkoa da. Izan ere, kontuan hartu behar da euskarazko filmak gaztelaniazkoak baino jende gutxiagok ikusten dituela. Eta nahiz eta euskaraz dakiten guztiak joan euskarazko pelikulak ikustera, diru hori ez litzateke berreskuratuko. Hizkuntza batean edo bestean bikoiztea berdin kostatzen da, baina bezero potentziala ez da berdina Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean, adibidez.
Bikoizketa oso garrantzitsua dela esan daiteke. Zeri ematen diozue garrantzia pelikulak euskaratzerakoan? Zer da gehien zaintzen duzuena?
Alde batetik, bikoizketa bera. Zinerako eta telebista edo bideorako bikoiztea ez dela berdina aipatu behar da lehenengo eta behin. Zinemako pantailan irudiak hamar aldiz handiago ikusten dira eta akatsak askoz nabarmenago gelditzen dira. Adibidez, ahoa eta hitzak ez badira ondo egokitzen, zinean konturatu egiten zara, telebista eta bideoan ez bezala. Beraz, bikoizketa bera gehiago zaindu behar da.
Bestetik, euskara zaindu egin behar da. Gure proiektuaren helburua ez da irabaziak ateratzea, euskarari duintasuna ematea baizik. Horregatik, gaztelaniaz edo ingelesez egiten diren bikoizketak baino hobeto egitea lortu nahi izaten dugu. Jendea zinetik "zein hizkuntzatan entzun dut film hau?" galdetuz irtetea nahi dugu. Mezu eta hitz guztiak inolako esfortzurik egin gabe jasotzea lortu behar da, eta horretarako bikoizketa ona behar da.
Bikoizketa ona lortzeko itzulpenak ere ona izan beharko du .
Bai, itzulpenak ere landu eta zaindu egin behar dira. Elkarrizketek ez dute kortse batean sartuta gelditu behar. Askeak eta hizkera arruntekoak izan behar dute, inolako akatsik gabeak baina euskarak arrunta izateko ematen duen aukerarekin. Oso erraz ulertzeko bikoizketa egiteko modukoa izan behar du itzulpenak.
Eta bikoizleen mailak zenbateko garrantzia du?
Horrek ere badu bere garrantzia, noski. Pertsonaia bakoitzari hobekien dagokion ahotsa jartzea garrantzitsua da. Horregatik, guk ez daukagu plantillarik, Euskal Herri osoko bikoizleekin egiten dugu lan. Guztira 60-80 bikoizle egongo dira gutxi gorabehera. Eta horrela, aurpegi bakoitzarentzat egokiena den ahotsa aukeratzen dugu.
Zer iritzi duzu orain arteko bikoizketei buruz?
Egia esan, gure proiektuari ez diote inolako mesederik egin ETBko bikoizketek. Ezinezkoa zen bikoizketa horiek entzutea. Hain txarrak ziren, non jendeak nahiago zuen pelikulak gaztelaniaz ikusi.
Horregatik, euskarazko zinea egiten hasi ginenean, telebista abiapuntutzat ez hartzea erabaki genuen.
Zenbat film bikoiztu dituzue orain arte?
Guztira 20-22 pelikula euskaratu ditugu lanean dihardugun urteotan.
Nola ikusten duzu hemendik aurrerako egoera?
Bidea urratzen hasiak gaude eta hemendik aurrera horretan jarraituko dugu. Orain arte egindako lana bere emaitzak ematen ari da. Eskola-orduetan eta herrietako zine aretoetan euskarazko emanaldiak eskaintzea lortu dugu. Donostiako Zinema Jaialdian ere urtero film bat bikoizten dugu, bertan estreinatu ondoren bi urtetan zehar eskolaz eskola erabiltzen dugularik.
Bestalde, Donostiako Illunbeko Warnerren zinemetan euskarazko filmentzat areto bat egon dadin eskatzen ari gara. Hori oso pauso garrantzitsua izango litzateke, Warnerren filmak euskaraz bikoiztu ahal izango liratekeelako. Baina horretarako, lan egin behar da. Euskarazko aretoa lortzea ez da nahikoa, horri jaten eman beharko zaio.
Zinea eta Osasuna
Ikasgelan lan egiteko materiala
Tinko Euskara Elkarteak euskara zine aretoetara eramateaz gain, film horiek gelan lantzeko unitate didaktikoak eskaintzen ditu. Marian Galarragak aipatu bezala, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Drogomenpekotasunen prebentziorako Sailak prestatzen ditu unitateok. Horietako batzuen zatiak dituzue ondorengoak, nolakoak diren ikus dezazuen.
Borrowers
Jatorrizko izenburua : "The Borrowers"
Naziotasuna : Estatu Batuak
Urtea : 1998
Zuzendaria : Peter Hewitt
Aktoreak : John Goodman, Jim Broadabent, Mark Williams, Hugh Laurie
Ekoizlea : Working Title Production
Musika : Harry Gregson-Williams
Iraupena : 90 minutu
Sinopsia:
Zuhurrak, isilak eta ausartak dira; 6,5 cm neurtzen dute eta inork ez ditu sekula ikusi. Pocho Clock, Obdulia eta hauen seme-alaba Anita eta Pizquita Lender sendiaren etxeko zorupean bizi dira "apopilo". Egun batez, Anita ausartak abentura bila irtetea erabaki eta nork eta Peter Lender gazteak harrapatzen du. Laster egin ziren lagun biak, eta Peterrek kontatu zionez, euren izeko Mery hil berri zitzaien eta haren testamenturik ez zenez inondik eta inora azaltzen, etxea utzi beharrean aurkitzen ziren. Biek buru-belarri ekingo diote testamentua aurkitzearen abenturari, Ocius Potter abokatu maltzurrak etxea bota baino lehen.
Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. ziklorako unitate didaktikoa
- Maileguz hartzea
Borrowersdarrek behar duten guztia Lender familiaren etxetik hartzen dute. Eurak horri "maileguz hartzea" deritzote, baina benetan egiten ari direna lapurreta da:
* Maileguz hartzeak zera esan nahi du: beste pertsona bati bere oniritziz eta itzultzeko konpromezuz zerbait hartzea.
* Osteak zera esan nahi du: beste pertsona baten zerbait bere oniritzirik gabe hartzea eta itzultzeko asmorik gabe hartzea.
Ikusi ondorengo egoera
- Paula: Aizu, Julian, orain dela denboratxoa utzi nizun diskoa?
- Julian: Ah, bai! Ahaztuta neukan. Egia esan, Laurentziri utzi nion.
- Paula: Nik diskoa zuri utzi nizun eta ez beste bati. Itzuli egin beharko didazu, eskuetan behar dut eta.
- Julian: Eskatu egin zidaten eta...
- Paula: Bai, baina eskatu ezean hor gelditzen naiz diskorik gabe. Aurrerantzean, zerbait eskatzen didazunean ondo pentsatu beharko dut utzi edo ez.
Zure iritzia
1. Nola portatu da Julian Paularekin?
( ) Behar den moduan
( ) Gaizki
2. Erantzun hori merezi al zuen Julianek?
( ) Bai
( ) Ez
3. Ondo jokatu al du Julianek?
( ) Bai
( ) Ez
4. Uste dut Paulak gauza gehiago uzten jarraituko duela:
( ) Bai
( ) Ez
5. Nik Paularen lekuan zera esan edo egingo nioke: ..............................
6. Uste duzu, orokorrean, utzi al zaizkiola gauzak jendeari?
( ) Bai
( ) Ez
Zergatik? .......................................
- Taldean lan egitea
Borrowersdarrek elkar lagundu eta gauzak elkarbanatzeko lagunak aurkitzen dituzte. Garrantzizkoa da lagunak, auzolagunak... edukitzea, azken batean, une latzetan elkar laguntzeko jendea ondoan izatea.
Taldean ondo integratzen zaren edo zeure aldetik ibiltzea nahiago duzun jakiteko aukera duzu orain. Ikasgelan lanerako duzun taldean, futboleko taldean, koadrilan... pentsatuta egin zenezake ariketa.
a.- Ni taldean ...
1.- Ikusi ere egiten ez den horietakoa naiz.
2.- Ahal dudanean parte hartzen dut.
3.- Neu naiz jaun eta jabe.
b.- Taldean zerbait egin behar denean...
1.- Neuri tokatzen zait beti.
2.- "Neuretxoa" aportatzen dut.
3.- Besteak arduratzen dira horretaz.
c.- Taldean erabakiren bat hartu behar denean...
1.- Besteek erabakitzen dute nire partez.
2.- Atsegin dut erabakiak hartzea.
3.- Neuk diodana egiten da.
d.- Taldeak funtziona dezan iritziak eman eta informazioak ekartzea garrantzitsua da, horregatik nik...
1.- Gutxitan ematen dut iritzia.
2.- Nik diodanak ere balio du, ezta?
3.- Neu naiz informazio bakarra.
e.- Hauetako nor zara zu?
1.- Ia beti isil-isilik egoten naiz.
2.- Beti daukat ideia onen bat.
3.- Neure esana betetzea nahi izaten dut.
f.- Taldean arazoren bat dagoenean...
1.- Oso gutxitan enteratzen naiz.
2.- Besteei entzun eta irtenbideren bat proposatzen dut.
3.- Aurka egiten dut beti.
Errebelde baten egunkaria
Jatorrizko izenburua : The basketball diaries
Naziotasuna : Estatu Batuak
Urtea : 1997
Zuzendaria : Scott Kalvert
Aktoreak : Leonardo Di Caprio, Bruno Kirby, Lorraine Bracco
Ekoizlea : Liz Séller
Musika : Graeme Revell
Argazki zuzendaria : David Phillips
Banatzailea : New Line Cinema, Island Pictures
Iraupena : 102 minutu
Sinopsia
Jim (Leonardo Di Caprio), bere lagun Mickey, Pedro, Neutron eta Bobbyrekin batera, auzoko eskola katolikoko Aita McNultyren ikasgelako "mutil okerrak" dira. Uniforme zikinak janzten dituzte, okerkeriak egiten dituzte eta sekula ere ez dira damutzen. Garbitasunerako produktuak esnifatzen hasi eta apurka-apurka drogaren munduan zeharo sartuta bukatzen du Jimek. Bere onean mantentzen duten bakarrak bere diarioak dira. Amak ere etxeko ateak ixten dizkion garai latzetan, egunero-egunero aitormen erara idazten dituen orriak biziraupenerako ezinbesteko euskarri zaizkio.
Unitate didaktikoaren aurkibidea
Sarrera: Drogomenpekotasunen prebentzioa
A. Drogak :
1. Filmaren iruzkina
2. Alkoholak ezberdin egiten al gaitu?
3. Julio Albertoren kasua
4. Legeztatuko al zenituzke drogak?
B. Gizabanakoa
5. Nor naiz ni?
6. Autoestimua
7. Nola aurre egin nire arazoei?
8. Marisaren istorioa
C. Inguru soziala
9. Nola aurre egin talde presioari
10. Erabakiak hartzea
11. Nola osatzen dugun gure denbora librea
12. Aisialdi ezberdina
Filmean agertzen den gai nagusia drogomenpekotasuna da. Unitate honetan gai hori hiru elementutan aztertzen da: drogak, gizabanakoa eta inguru soziala. Bakoitzean kasu ezberdinak lantzen dira, aurkibidean ikus daitekeen bezala. Hona hemen elementu bakoitzeko adibide bana.
A. Drogak
Alkoholak ezberdin egiten al gaitu?
Mª Angelesen kasua
Mª Angelesek 12 urterekin hartu zuen bere lehenengo kopa. Hortik aurrera eta 15 urtera arte, astebururo edaten zuen auzoko neska-mutilekin batera, "eta gutxi gorabehera adin horretatik aurrera, arrastsaldero joaten ginen botillak bete-beteta bazterren batera, edo bolatokira, denbora pasatzera".
"Nik uste, 19 urterekin hasi nintzela menpekotasuna izaten. Gertatzen dena zera da, Alkoholiko Anonimoetara joan aurretik ez nekiela gaixotasun bat zenik ere".
Egia esan, Mª Angeles ez zen inora joan. Ezin zuen. "Etxera etorri zitzaizkidan bila, hortxe da egia", dio berak. Egun batez gehiegi edan zuen, bera ez da gogoratzen, "eta amak hain egoera negargarrian ikusi ninduen ze, negarrari ekin ziola. Nire gaztaroa guztiz zapuztuta zegoen, edatea baino ez neukan buruan. Argitasun une batean zentro batera joatea onartu nuen, hogei egun eman nituen bertan. Alferrikakoa izan zen, irten nintzenean berriz erori nintzen. Orduan, Elkarteko lagun bi bila etorri zitzaizkidan eta haiei esker lortu dut aurrera egitea".
Gazteak eta alkohola, arrisku handiko nahastea
Interviu astekaria
Ikasgelan komentatzeko
1. Errudunik balego, nor litzate-ke/nortzuk lirateke Mª Angelesi gertatutakoaren erantzule?
- Mª Angeles
- Lagunak
- Gurasoak
- Gizartea
- Iragarkiak
- Bitartekoak
- Bestelakoak...
2. Mª Angelesen lagunek zergatik ez zioten larrialdi hartatik ateratzen lagundu? Fida al daiteke inor lagun usteko horiekin?
B. Gizabanakoa
Nola aurre egin nire arazoei?
Filmean Jimek eta bere lagunek egoera zail bati egiten diote aurre: lagun baten heriotzari. Gertaturikoa ahaztu nahian, edariaren itzalean aurkitzen dute babesa une latza igarotzeko. Taldeka banatu eta erantzun ondorengo galderei:
1. Jimek eta bere lagunen samina baretzeko erarik onena dela uste al duzue? Zergatik?
2. Mozkortuta daudenean, zein eratakoa da lagunen arteko komunikazioa? Benetan sentitzen dutena esaten dute ala esaten dutena alkoholaren eraginpean dago?
3. Egoera horretan daudenean, laguntzen al diote elkarri?
4. Filmeko moduko egoeren aurrean nola joka daitekeen alternatibak proposatu.
C. Inguru soziala
Nola aurre egin talde presioari
Taldeetan sarritan izaten da TALDE PRESIOA izeneko fenomenoa, zeinak taldekideak era jakin eta bateratuan pentsatu eta ekitera "behartzen" dituen. Presioak norberaren ideia eta printzipioei uko egitera behartzen duenean, prozesu negatiboa bilakatzen da, gutxiagotasun eta taldeko partaide ez zareneko sentimenduak sortarazi baititzake.
Irakur itzazue jarraian aurkezten dizkizuegun talde presio egoerak eta talde txikietan batuta, erantzun ondorengo galderei:
1. Zer egin dezakete pertsona hauek gatazka horiek konpontzeko?
2. Aurkitu al zarete inoiz antzeko egoeraren batean edo ezagutzen al duzue antzeko egoeraren bat bizi izan duen norbait? Nola erantzun duzue?
3. Talde presioa drogen kontsumoan faktore garrantzitsua dela uste al duzue? Zergatik?
4. Zein motatako talde presioak ikusi dituzue filmean?
Asteburu osoan bakarrik zaude etxean. Hiru lagun etorri eta zure etxea erabili nahi dutela diotsue, gurasoak ez daudela aprobetxatuz, neska batzuk gonbidatu, likore botilla batzuk erosi eta festa bat antolatzeko. Zuk ez duzu nahi, gurasoek guztiz debekatua dizute horrelakorik egitea eta lagunek etxea haustuko ez ote duten beldur zara.
Iker koadrilako lagun bat da, osasun arazoak ditu eta ez du edaten. Jai batean, Anderrek (taldeko buruak) txepel bat dela eta edatera derrigortu nahi du Iker. Zuk ez dakizu nola jokatu.
Amaiak 16 urte ditu eta Andonirekin dabil. Andoni bera baino zaharragoa da. Amaia zeharo maiteminduta dago, baina ez daki zer pentsatu. Izan ere, joan den bi asteetan, asteburuetan animatzeko, enroilatuago egoteko eta askoz hobeto pasatzeko speed-a hartzeko esaka ari zaio Andoni.